Joxan Rekondo
1. Hauteskundeen garaia hurreratzen ari dela, eztabaida elektorala markatuko duen agendaren inguruko lehenengo tira-birak hasi ere ez direnean, batzuk berehala hasi zaizkigu distrakzio maniobrekin, euskal giro politikoa nahaspilatzeko asmo argiz. Hori besterik ez baita Gorrotxategi ezkerreko fronteari etengabe egiten ari zaion konjurua. Programa-arrastorik gabe agertzen ari den proposizioa, marka edo etiketa hutsa dela esan daiteke gainera. Eta distrakziorako gaia, hauteskundeen atarian ohiz agertzen direnak, eta funtseko eztabaidak desbideratzeko intentzio gordearekin.
Balizko ezkerreko frontea egina bezala aurkezteak edo egingarria dela zabaltzeak, eztabaida elektoralaren markoari eragin nahi dio zuzen-zuzenean. Dirudienez, podemitek hori besterik ez dute nahi, beraien zerbitzura sortutako markoa delako, eta Madrilgo polarizazioa inportatu nahiko luketeelako Euskadira. Hortik dator gure arteko askoren gogoanbeharra, Madrilgo liskartegia sukalderaino sartu nahi digutenaren ustetik.
Halabaina, sozialistek ukatu egin dute frontearen proposizioa, behin eta berriz. Jaurlaritzan egindakoarekin haustea litzateke, etiketa huts baten arabera sortuko litzatekeen aliantzaren mesederako. Eta hori gutxi balitz, ezker abertzalearen disziplinako lehendakaria babestuko dutenik uste izatea zentzugabea da. Hala eta guztiz, ezin daiteke pentsatu sozialistek beren Madrilgo sozioei utziko dietenik ezkerraren hizkuntza eta ikurraren monopolioa; ez halajaina! Ezker abertzalearentzat, azkenik, ez da posible estatusa lehenetsiko ez duen fronte iraunkorrik egitea. Baina, Sorturi ez datorkio gaizki Gorrotxategik ezkerreko frontearen sokatik tiratzea, EAJ euskal eskubiaren ordezkaria bezala irudikatzeko lagundu dezakeen neurrian.
Beraz, ez dugu inolako motiborik ezkerreko frontea osatuko denarekin arduratuta egoteko. Gaurko ingurumari politikoan, lerrokadura polarizatzaileak ez dirateke ametigarriak, ez ezkerreko ezta eskubikoa ere. Ez noski, euskal soziologiaren ardatz zentrala sendo dagoen bitartean. Baina, tentelkeria hutsa denari oihartzun ematen badiogu, frontekeriaren atzaparretatik babestu nahi dugun zentralitatearen kaltetan ere gerta baitaiteke.
2. Gogora dezagun diskurtso-markoei buruz Lakoff hizkuntzalariak landutako tesia. ‘Ez pentsatu elefante batengan’ liburuxkan, hizkuntza eta eztabaida politikoaren gainean urte askotan egin izan dituen ikerketa-lanak laburbiltzen ditu. Tesiaren sintesia egiteagatik, Lakoffek dioena da aurkariaren eztabaida-markoa onartzen bada, aurkariari oparitzen zaiola abantaila osoa. Eztabaida-markoaren ukapen zuzena egin ezkero ere, ukatu nahi den markoari ematen omen zaio oihartzuna. Liburuxkaren muinean Estatu Batuetako demokratei bideratutako aholkua azaltzen du. Hortik dator liburuaren izenburua: “Ez pentsatu elefante batengan”. Hargatik, Lakoffen iritziz, demokratek ez dute pentsatu behar, ezta ukatu behar ere, errepublikanoek sortutako diskurtso-markoa. Demokratek iniziatiba politikoa nahi badute, esaten diena da beren diskurtsoa eta eztabaida-marko propioak garatu behar dituztela.
Lakoff adituari jarraituz, EAJ eta bere jarraitzaile garenek ez genuke fronteetan pentsa behar. Agirrek erakutsietatik abiatzea dugu gure pentsabidea. Lehendakari izan aurretik, Gorteetako diputatu zenean (1931ko abuztuan), Agirrek argi utzi zuen euskal abertzaletasunaren markoa ezin konpreni zitekeela eskubia eta ezkerraren arteko dialektika etengabearen arabera. Gizakia eta giza-komunitatea ardatz hartuta, Agirreren belaunaldikoek abiatu zuten oraindik indarrean dagoen euskalerrigintzaren paradigma. Beraiek markatutako uberatik jarraitu izan duen jende askoren aportazioarekin gauzatu zen ‘ubide zentrala’, indarkeriaren katastrofearen aurrean ere bere izaera zentralari irmotasunez eutsi diona. Hori da gure marko propioa, aipatu ubidearen sakonera eta zabalera haundiagoa egin nahi duena, gizarte-integrazioaren egoera sendoagoa eginaz. Orain arte, EAJ izan da euskal erdigunearen ardatza, alde batera zein bestera irikitzeko gauza izan den indar sozio-politiko bakarra.
3. Distrakzioetatik aparte, berreraikuntza da agenda politiko berriaren kakoa. Birusak eszenario politikoa aldatu egin du, eta bizitzaren alor guztietan utzi digu zer eraikia. Badakigu ez dagoela luzaroko ezer eraikitzerik zoruaren tinkotasun bermerik gabe. Hargatik, indarkeriari desafioa irabazi ondoren, eta ateratako irakaspen etikoak zoruaren sendogarritzat hartuta, auzolana areagotzeko aukera guztiak baliatu behar ditugu. Memoria ez baita zamagarria eginbehar horrentzako, lagungarria baizik.
Komunitatea berregiteko aukera baten aurrean jarri digu bizi izan dugun krisialdi honek. Auzo eta etxaldeetan, elkarkidetasun sena birsortu denaren zantzuak agertu dira. Sen hori sendotzera jo beharko genuke, elkarrekiko ditugun erantzukizunez hobeto jabetu gaitezen, auzolanean egindako jarduerek ongi komunarentzat mesedegarriagoak direlako.
Eraikuntzaren aro berrian, Erakunde politikoak elkarrekin jarri behar dira lanean, ekonomia suspertu eta gizarte-indarrak berrantolatu behar ditugu. Herritar denek partekatutako zoruaren erdigunean zutik, Agirreren bidetik, agindua zintzo betetzeko hitza emango duen lehendakaria behar dugu orain. Herri honek behar duen lidertza politikoa ezin delako euskal zoruaren zentralitatetik deskokatuta dauden opzioen eskutan utzi, gutxiago elkarlana nagusitu behar den aro berrian. Ezin baita gizartearen ertzeetatik, ‘eskubi/ezkerra’ erdibiketa polarizagarritik, inolako pizkunde komunitariorik abiatu.
“Ez pentsatu elefante batengan”. Hau da Lakoffen mezua alderdi demokratarentzat.
Lakoffi jarraituz, hemengo marko propioak eraikitzeko asmotan, ezer baino lehen, gure kalterako den ezker-eskubi “marko borroka” antagonikotik irten beharra daukagu. Eta gurea izan den ikuspegitik abiatuta, pertsona eta ondasunen arteko harreman “marko berri bat” berreskuratu beharko genuke.
Garrantzitsuena ez da ondasunak pribatuak edo publikoak diren, baizik eta beren erabilera egokiena, komunitatearen ongizaterako.
Lan bikaina Rekondo.
Badira aurrera egiteko modu bakarra etsaien arteko konfrontazioa delakoan, hori teorizatzen eta praktikatzen pasatzen dutenak denbora guztia.
Horretaz jakitun gara, baina horrek ez du esan nahi beraiek proposatzen diguten logikaz, berreraiki behar dugunik gure herria. Horiek ere, eta bati bat beren pean dagoen jendea, bide eraikitzailean sartu behar ditugu.
Hori lortzeko gaur daukagun tresnarik egokienetako bat, alderdi guztien onespenarekin, EAEko eta Nafarroko parlamentuak onartu duten enpresa partekatua martxan jartzea da.
Egun ere, … , bat bitan banatzen da estratejia erabiltzen bait da gure aberrian.
Alde batean dago Ahal Dugu eta bestaldean Sortu – EHBildu.
Klaseko diktadura lortu nahian.
Ortakotz euren elburu nagusia da EAJ apurtzea.
Beraz jarraitu behar dugu auzolana gainditzen baster eta mail guzietan.
Artikulu honen izen buruak bidea erakusten dauku, «zentralitatetik, herri pizkundearen bila».