Joxan Rekondo
1. ESTATUSA. Euskal Autonomi Elkartearen estatus politikoa berritzeko prozesua fase erabakigarrian sartua da Gasteizko Parlamentuan. Aurrera egiteko erabateko gehiengoa behar denez, oraingoz ez da ikusten proposamen bat aurrera ateratzeko baterapen politiko nahikorik. Aurrera begira, alderdi bakoitzak mahai gainean jarri dituen minimoekin, argi dago legebiltzarkideei oso zaila egingo zaiela behar den adostasun zabal hori lortzea.
Aginte publiko gehiago nahi dugu eta etorkizuneko estatusa erabakitzeko ahalmen politiko osoa. Baina, indar politikoen posizioak malgutzen ez badira, estatus berriaren bidea Gasteizen bertan gera daiteke moztuta. Eta horrela gertatuko ez balitz ere, aitor dezagun ez direla garai onenak Madrilekin itun berria egiteko. Gerta litekeenaren aurrean, tentuz jokatu beharko dugu prozesu instituzionalak huts egiten badu, antagonizazio-egoera batean kiribildu ez gaitezen. Indarkeriaren bukaera bizitzen ari garenean, lubaki zatikatzaile berriak ireki nahi dituztenei jaramonik egin gabe.
Baina, halako jarrera batek ez ote digu gutxituko garai honetako herrigintzak behar duen gizarte sostengua eta zabalpena? Zer egin daiteke, orduan?
2. OBANOSKO INFANTZOIEN GOIBURUA. Herrigintzaren adierazpen zehatz baten bila, ezin izan dut hobeagorik aurkitu Obanosko infantzoien biltzarreko goiburua baino: «Pro libertate patria gens libera state”. Latinezko esamolde horren esanahia egungo hitzetara ekartzerakoan, Agirre lehendakariarena iruditzen zait borobilena: “Aberri burujabea izateko, eutsi egin behar diogu jende, herri eta gizaki burujabeak izateari”.
Azken boladan, Aberria egitea estatu(s)gintzaren kudeaketa hutsarekin ezaugarritu da, funtzio honen sinisgarritasuna behea jotzen ari den une berean. Gizarteak politikaren kudeatzaileekiko duen desafekzioa nabarmena dela adierazten baitute garaiko azterketa soziologiko guztiak. Hala ere, eremu politikoaren baitakoak dira gure artean aipabide haundiena duten herri-eskaerak.
Ezin da ukatu Estatus berria behar dugunik. Baina, gure etorkizuneko premiak ezin ditugu bakarrik prozesu horrek leukaken gora-beheren menpe utzi. Horrela jokatuko bagenu, herrigintzaren potentzialitate guztiak botere publikoaren inguruko apustu itxi batean xahutu genitzake. Izan ere, herrigintzaren bueltan egin daitekeen gogoeta ezin da politikagintzaren barrutira mugatu. Gizakia aritzen den esparru denetan egiten baita herrigintza. Gainera, politikaz besteko alor horietako bizitasunik gabe, sustrai faltan geldituko litzateke erakunde publikoen eginkizuna bera ere.
3. ERRESILIENTZIA. Agirreren antzera, alderantziz egin beharko genuke galdera nagusia: ba al dago herri burujabetzaren baratza ongarritzeko herritar burujabeen eguneroko jarduera baino hazi hobeago eta trinkoagorik? Premiarik behinena Frankoren diktadura kolpetik eraistea zela esaten zutenen aurrean, “garaipen haundienak eginahal txiki asko koordinatuta lortu ohi dira”, kontrajartzen zuen aurreneko lehendakariak, euskal herritarren ahalmen guztiak herria berreraikitzeko lanetara eskeini behar zirela aldarrikatuz. Urteetako perspektibarekin ikusi ahal izan dugu bide bakoitzetik lortu dena.
Ez dezagun zalantzan jarri aginte publiko sendoa, eta menpekotasunik gabekoa, behar dugunik. 79an berreskuratu genuen boterea erabakigarria izan da oso denbora gutxian hizkuntzak eta hezkuntzak behar zuten lege-zoladura bermatzeko eta gure produkzio-sistema modernizatu eta Europako ekonomia aurreratuenen mailan jartzeko. Baina, argi finkatzea dugu oraingo premiarik nagusiena zein den. Administrazioa, diru publikoa, burokrazia,… hauetatik guztietatik unerik txarrenetan amestutakoa baino gehiago edukita ere, herrilanerako oso garrantzizkoak diren zenbait talde erreminduta edo adoregabetuta ikustera iritsi gara.
Iraganalditik ikasi dezakeguna da, aginte esparruetatik erabat bazterturik egon izan garenean ere, txiki eta pobreak izanik, bizirik irautea lortu dugula. Diktadurapean, esaterako, lana sortzeko gauza izan ginen, ikastolak antolatu genituen, kulturaren pizkunde indartsua bultzatu genuen. Gure esku zegoena eginez, gehien bat auzolanean, ekimen herritarren bitartez egin genuen hori guztia. Gure historia luzean zehar, erresilienteak izan gara. Une gogor eta larrienetan apurtu gabe geureari eusteko gaitasuna azaldu dugu, maila ezberdinetako integrazio esparruetan sortutako elkarlan sareak baliatuz.
4. ERROAK ETA HEGALAK.Oraingo errealitateari erreparatzen badiogu, gizakia eta herria, subjektu politikoaren -hiritarra eta demosa- funts banaezina badira ere, batik bat politikagintzaz aparteko esparruetako eragileak dira. Hori horrela, elkartegintzan, gizarte-enpresagintzan eta gainerako herri-gizartegintzaren atal guztietan ere, euskal tradizio burujabea islatzen duten adierazpenak izanda, aurki daiteke aberrigintza tinkotzeko daukagun faktorerik indargarriena. Erakunde publikoen jarduera egonkortu edo moteltzen denean ere, gizakien konpromisuan eta gizarte-ekinbidean dagoke gure herriaren dinamismoaren gakoa.
Gure historiaren orrialderik aipagarrienak, Agirre lehendakariaren iritziz, barruko historiakoak izan omen dira. Ba, barrura begirako eskakizunekin datorkigu herrigintzaren aro berria. Ezaguna den lemak dioen bezala, txikiak haundia bentzi nahi izanez gero, asmoz eta jakitez jokatu beharrekoa. Horregatik, herri bezala aurrera egiteko Kulturaren Erroak eta berrikuntzaren Hegalak behar ditugu, Ibarretxe lehendakariak asmatu duen zorioneko metaforaren arabera.
Gure tradizioaren baliorik ezagunenak oraindik eragingarriak direla iruditzen zait: lana eta ekimena, elkarrekikotasuna, belaun berriekiko erantzukizuna, … Balio horiekin, gizartea bizigarritu behar badugu, erroetara jo beharko dugu ezinbestean. Etxetik hasita, politikagintza, enpresagintza eta gizartegintzaren maila denetan hedatu behar diren balioak dira. Arlo guztietan, elkarlana eta ekintzailetza sustatu behar dugu, erroetako oinarriak zaindu eta ongarrituz eta bide berriak urratuz herriaren alde; baina, sortutako giza-energiaren apurrik ere galdu ez dadin gutxi batzuk nahi duten gatazka hutsal edo autosuntsigarrietan.
Rekondo jauna, hau da azken urtetan irakurri dudan artikulurik hoberenetakoa, osorik jartzeko modukoa da, baina esaldi batzuk hautatu dituk:
“(…) Azken boladan, Aberria egitea estatu(s)gintzaren kudeaketa hutsarekin ezaugarritu da, ..”
(…) Horrela -jokatzeakin- herrigintzaren potentzialitate guztiak botere publikoaren inguruko apustu itxi batean xahutu genitzake.
(…) herri burujabetzaren baratza ongarritzeko herritar burujabeen jarduera baino hazi- hobeagorik eta trinkoagorik ez dago-
(…) Ez dezagun zalantzan jarri aginte publiko sendoa, eta menpekotasunik gabekoa, behar dugunik. (….) Baina, argi finkatzear dugu oraingo premiarik nagusiena zein den.
(…) geureari eusteko gaitasuna azaldu dugu, maila ezberdinetako integrazio esparruetan sortutako elkarlan sareak baliatuz.
(…) Arlo guztietan, elkarlana eta ekintzailetza sustatu behar dugu, erroetako oinarriak zaindu eta ongarrituz eta bide berriak urratuz, sortutako giza-energiaren apurrik ere galdu ez dadin gatazka hutsal edo autosuntsigarrietan.”