Igor Goitia
1) Sarrera
Arnaldok Udako Euskal Herriko Unibertsitatean emandako ordubete pasatxoko hitzaldiaren gainean hausnarbidea ireki asmo dut lerro hauen bidez. ENAMen estrategia zein berorren atzealdeko oinarri-diskurtsoari erreparatu ohi diogunok, badakigu, ondo jakin ere, delako diskurtso hori betiere bi mailatan, bi planotan, garatu izan dela. Bateko, zin-zinez euskarri eta eragile izan dituzten txosten/agiriak sortuz joan dira, koherentzia handiz, eta betiere artikulatuz bat bestearen segidan, beren erakundearen jarduna zedarritzeko historiaren joan-harian; Agiri horiek ENAMen estrategiaren nondik-norakoaren gida izan dira, erakundearen goi erpineko buruzagi gutxik erdi isil-gordean hausnartu-diseinatuak eta gerora mugimendu osoari zabalduko zaizkionak. Besteko, bigarren maila batean, aurreratu moduan, aipatu lehenbiziko diskurtso-agiri horien euren jendartearentzako egokitzapena izan dugu, ulergarri, baina, batez ere, gauzagarri eta finean eta zinez estrategia burutua izan dadin.
Bi diskurtso hortaz, elkarren osagarriak, bigarrena lehenengoaren koherenteki menpeko, baina biak ezinbestekoak; lehenengoa, estrategia aldez edo moldezekoa izan ez dadin eta bai, aldiz, globala eta ondo neurtua iraganadiarekiko zein geroaldiarekiko; bigarrena, aldiz, segi-segituantxe euren jende-masak beretu ahal izan dezan eta martxan jarriko duena. Lehenengoa, elitearen ohiko mintzamolde jaso eta oso ideologizatuaren erasanez, lehen begiratuan ilunagoa eta gehienetan edo eskuarki iritzi publikoak behar beste aintzat hartu ohi ez duena, baina finean euren norantzaren zein ibilbide-zerumuga argitzeko gakoak luzatzen dizkiguna. Bigarrena ordea beti izan ohi dugu hizpidera ekartzen duguna edo ekarri nahi izaten duguna, nonbait, bertantxe erakutsian, eta ezin argiago, gako guzti-guztiak baikenituzkeen.
Honakoan, orain hausnargai dakardan Arnaldoren udako hitzaldi honetan, erdi-bide batekin egingo dugu topo. Ez dugu egia-egiatan lehen-mailako diskurtso horien baitako hitzaldi hau; izan ere, ezin publikoagoa izan genuen, intereseko izan zezakeen oro entzule joan zitekeen-eta; baina bai, bestetik, lehen-mailako horien zantzu zenbait izan zitzakeena: behe-mailako diskurtsoarekiko distantzia-tartea, iluntasun- edota ulergaiztasun-kutsu aipatu hori, publikoki orduantxe, eta egun ere, plazaratu ez dituzten hainbat asmo/egitasmo (bere-berean bederen ez) zerabiltzana. Erdi bidean, bi diskurtso plano horien artean, hortaz geratzen zaizkigu Arnaldoren orduko esanak. Benetan intereseko derizkiot, akaso bere “erdi-bideko” izate horetan, aipatu bi diskurtso-mailetako elementuak barnebiltzen dituelako, eta bietako elementuak, erakundearen barne-baitakoak bateko, eta, kanpora begira, Sortu edo Bildu koalizioarenak, besteko, agertuz joango zaizkigulako hitzaldian zehar.
Intereseko iritzi ere deritzot, ENAMen egungo eta azken urteotako egoera berezia dela eta. ENAMek berrogei urteko borroka armatuaren ostean aparteko egoera batera egingo zuela ez zukeen inortxok ere jarriko zalantzan bere garaian. Errealitatea baina, suertaturiko gerkariak baina, hasiera batean eurek begiztatu uste zuten oso bestelako bidetik joan egin dira: PP PSOEren ordez Madrilgo gobernuan egon izana, presoen auzia, gatazkaren ondoriengatiko erantzunkizunak, eta, batik bat, krisi ekonomikoaren jipoia zein horren ondotiko Podemosen agerpen berria. Arnaldok berak garbiro aitortuko digu hitzaldian. Inolaz ere espero ez zituzten gertakari hauek guztiek nolabait edo beste jokoz kanpo utzi du ENAM. Bestalde, eta esandako hori aintzat harturik, denetariko jarrerak eta mintzamoldeen lekuko izan gara azken urteotan, kanpainan eta horren aurretikoetan, zein egungo egunetan, ENAMi dagokionez.
Pertsona, eskenatoki eta unearen arabera oso diskurtso eta sintonia ezberdinen lekuko izan gara; gehienetan lasai antzean agertu izan zaizkigu, onbera itxura eman asmotan, areago ere kanpainan, non gehientsuenetan Urkullu gailendu izan deneko zentralidade horretan euren leku/lekutxoa bilatu nahian-edo bailebiltzan jardun baituten; baina, horren kontrast, betidaniko Ezker Abertzaleko diskurtso ohikoari eutsi diotenak ere agerian izan ditugu, betiko gogortasunez, tono mehatxatiz eta borroka-gogoz. Anbibalente jardun zaizkigu, anbibalentzia ez ohikoaz, eta oso bat egin duena jada beraiengana pilatua genuen mesfidantza historikoarekin. Interes handiko beraz, nire ustetan, eskuarteko Arnaldoren hitzaldi honako hau, gutxienez zertan dabilen edo ibil daitekeen ENAM zertxobait argitze aldera. Hel diezaiodan hartaz berorren mamiari.
2) Hitzaldia
Hitzaldia entzuten badugu, zerak, zera ez-ohikoak, harrituko gaitu hasteko eta behin, Arnaldok darabilen errealismo hutsa. Hasieran zeharo harriagarria izan dakiguke hein horretan. Ohiko diagnosi triunfalistatik ez zaio zantzu txikienik ere oraingoan somatzen bere hasierako diagnosian. Izan ere, hor, “porrotean”, bere literal-literalean aitortzen ez badu ere, baina “huts egite” nolabait aitortu delakoan oin hartuko du gerora bere diskurtsoaren asmo-proposamenak. Arnaldoaren sei urte eta erdiko kartzela-egonaldia, errealitate politikotik absente egon deneko denbora-tarte hori, oso adierazgarria egin dakiguke ikusteko nola zeuden gauzak bera kartzelan sartu aurrez -eta zer-nolakoa zen ENAMen epe orduko ertainera begirako estrategia-, alde batetik, eta, bestetik, zer ezin aurre-pentsatuzko egoera topatu zuen Arnaldok irtendakoan. Halatsuko irudipena luzatu digute bere hitzek. Ezker Abertzaleak borroka armatuari etena ematearen aldeko hautu egin zuen motibo ezberdin, politikoak, etikoak eta beste, tartean zeudelarik, baina, lehenengo eta bat, eta oroz gain, gatazka areagotzeko asmoz egin zuen bakearen alde.
Aitorraren mamian sartu aurrez, aurrena eta labur-labur, erabakiaren sujetoaren gaineko anbigotasunari erreparatuko nioke nik; bere hitzetan ez da ETA inondik ere agertzen, izan ere, Ezker Abertzaleak egin zuen delako hautua (izan zitekeen ETAri eginiko eskaera moduan, ezin esan baina susmagarri samarra ez dirudikeenik). Orain hori alde bat utzirik, “gatazka areagotzeko” asmo horretan jarriko dut azpimarra. Izan ere, gerora, bere kartzela-egonalditik aterata, zeharo bestelako errealitatearekin egiten du topo. Bere esanetan, gatazka areagotu ez, hurrik eman ere, areagotu ez, lasaitu hanbesteraino non gatazka kasik desaktibatua, kasik desagertua zegoelako irudipena hartu baitzuen Arnaldok kartzelatik irtendakoan. Halaxe hauteman zuen berak egoera. Kontraesankor samarra izan liteke, dena den, bere balioespen hau neurri batean; izan ere, desagertu hurren den gatazka hori aitortzearkin batera, zera ere diosku, frustrazio handi batek bizi gaituela, frustrazio sakona bizi duela euskal jendeak, kasik existentziala. Gatazka izan edo ez, ukatzen ez duena zera da, diseinaturiko estrategia gainbeheran ez zegoenik, ez dagoenik. Gauzak ez ziren inolaz aurrez pentsatu moduan irten, hori argi eta klar aitortzen digu.
Segidan, bere ustetan, porrot horren zergatikoak azaltzera animatzen da. ENAM erantzunkizun gabe uzten ez badigu ere, berehalakoan bizitako inguruabarrean arkituko ditu behar dituen desenkusak. Krisialdian malgutasuna falta izan zaie, aitortzen du. Baina horrekin batera zera gehituko du, ez dela batere samurra zeukaten gida-orriari malgutsuna ematea, noiz, eta urte horietarako berrogei urteko borroka armatuari eman beharreko aterrizajea buruan zutenean. Hori zuten buruan, eskenatokia ezin bereziagoa, historikoa, inoiz berriz ere errepikatuko ez zena. Hori horrela, esan behar da errealitatearen nondik-norakoa ez zutela batere aldeko izan; izan ere, gogor jo zuen krisialdiak bere jendearen zati handi baten lehentasunak errotik aldarazi zituen.
Eurek, aurrez diseinaturiko gida-orriarekin agian tematurik aritu ziren eta, bestetik, gizarte-egoerak oso bestelako behar-eskakizunak izan zituen. Ez zuten jakin egoeraren kontradikzioak euren alde kudeatzen, iragan eskenatokietan ohi zutenez. Hori gutxi ez, eta Ezker Abertzaleak inoizkorik botere instituzionalik handiena lortu, aurrez espero gabe gainera lortu, eta eskazizun ustekabetsu horiei erantzuna ematen jakin ez. Horrekin batera ere, Arnaldok zamatsu derizkio presoen auziari eta gatazkaren ondiorioengatiko erantzunkizuna soilki euren bizkar jartzeari. Faktore horiek aipatzen baditu ere, hitzaldian ondo sarturik dagoenean baina, beste zergatiko bat ikusarazten du: Ezker Abertzaleak proiekturik ez eduki izana, independentziarako proiektu konkreturik mahaigaineratu ez izana azken urte hauetan.
Honaino dena nahiko normala. Diagnosi bat, diagnosi onargarri bat. Saltoa dena den horren ondotik etorriko da. Aipatu azken sei urteetako eskenatoki hori momentukoa eman zezakeen, iragandakoa jada, berriz ere bere horretan emango ez zela eta hortaz, behin igarota, ENAMek lehengo nazio-estrategia antzeratsukoetara bueltatzerik izango zuela. Ez dirudi baina Arnaldok hala dakusanik. Eman den, eta deskribatu duen eskenatoki horri egonkor baiteritzo, aro zeharo berri batekin lotzen du eta. Hor datza zin-zinez, gutxienez lehenengo itxura batean, Arnaldoren esanen berritasuna eta artikulo honetara erakarri nauena. “Orain arteko bat eta hemendik aurrerako bat”en aurrean gaudela deritzo Arnaldok. ENAMen gaurdainokoa erresistentzia-estrategia izan dela diosku; berrogei urte hauetan gaindi ENAMk estatuari aurre egiteko erresistentzia-estrategia bat gauzatu behar izan du. Hemendik hara, badirudi, egoera berriak hala beharturik, estrategiak orainokoa guztiz ez bezalakoa izan behar duela; orain, erresistentziatik “estatu-proiektura” igarobidea egin behar dugula berandu baino lehen esaten digu Arnaldok. Orain artean esandakoetan ez dirudi aldaketa handiegiaren aurrez aurre gaudenik. Berritasuna baina ez datza hainbeste independentziarako estrategia argi eta irmoaren alde egite horretan, berritasuna “estatu-proiektu” horren zer-nolakoan datza.
Horren harira, nazionalistoi ulergaitz samar egin dakigukeen zerbaitekin egingo dugu topo oraingoan. Arnaldo guretzat anbibalente diren usteen artean mugituko zaigu. Alde batetik, estatuen beharra, eta berori eraikitzearen aldeko apostua, entzun eta esan ohi denaren kontra, zeharo baliagarria dela, zeharo gaurko, eta, menpekotsunak menpekotasun, beroiei nolabait aurre egiteko forma bakarra estatu propio bat izatea dela azpimarratuko digu irmokiro. Baina, bestalde, eta hortxe datza hain justu guretzat zailskoa dena konprenitzeko, zera aldezten digu ezin argiago: estatu horrek eraiki beharreko identitate berri bat izango duela ardatz. Ezin argiago adierazten du. Identitate berri delako hori ez da izango abertzale batek orain artean burutan hartzen duen horrekin loturikoa, ez. Guztiz eraiki beharrekoa da. “Denon artean”, esango digu behin eta berriz. Denon artean eta aldarri askok eta identitate denetarikoek harantz bultzaturik. Identitate berri delako horren inguruan, oraindik existitzen ez denez eta eraikitzeke dagoen aldetik, ez digu ezer aitortzen. Eduki gabeko eman lezake.
Beste anbibalentzia bat azalarazten digu honakoan ere; izan ere, “identitate epikoa” deritzon hori (ENAMek ibili ohi duen eta euren borroka-ibilbidearekin lotuta dagoen identitate historikoa, uste izatekoa da) barne-hartuko du identitate berriak; Arnaldoren beste adierazpen batzuetan, aldiz, eta horratx anbibalentzia, ematen du identitate epiko delakoa gidaria izango dela, beste identitateen gaineko “izar-identitatea”, nonbait. Edonola ere, atzeraxeago eginez, identitate eraiki beharreko horrek dakarkigu berritasuna.
Identitate berri horretaranzko eraikibidera zerak bestek ez gaitu erakarriko: estatu propioaren beharrak. Zer-nolakoa izango den berdin dio, erabakitzear eta eraikikizun. Identitateen estatu bat izango da, identitateen arteko estatu bat. Berorretara, estatu-beharrak, instrumento gisa, erakarriko ditu ezin zenbatu ahala tokitik eta asmotik etorritako jendea, ekologiatik dela, femenismotik dela, euskal nazioduna izatetik dela…Honen harira, zedarri argi bat nahi du erakutsian jarri Arnaldok, independentzia zin-zinez aldarrikatzeak zedarritzen dituela euren prozesuan parte-hartuko dutenak eta kanpo geratu beharrekoak. Hor jada irizpidea ez da izango euskal abertzalea izatea edo ez, hor independentziaren aldekoa izateak edo ez hartzen du inportantzia.
Izan ere, errespetu handiz, estraineko aldiz apika, hitz egiten du independentzia berehalakoan bilatzen ez duen abertzaletasunari buruz, baina esanez argiro berori ez dagoela beren trenera deitua. Honen kontrast, zeraxe ere diosku, estatu-proiektu delakoan are Espainiako Estatuarekin gustora ez diren espainolak ere daudela deituak; bere esanetan, identitateak identitate, eta aldarriak aldarri, Espainiako Estatua sekulan ez dela demokratizatuko uste duen oro dago deitua “identitate-proiektu” deituriko honetara. Berori, behin eraikita, zerotik eraikitako identitate berri hori, “identitate txapela” (Arnaldoren hitz berberetan) izango da eta, berorren pean, beste anitz idetitatez osaturiko gizarte bat izango dugu.
3) Hausnarketa
Orain artekoan bere hitzaldiaren mamia aurkeztera bestera ez naiz mugatu, norbakoitzak bere ondorioak atera ditzan. Jarraian, lerro urri-gutxi batzuetan nire balorazio labur-laburra.
Dimentsio sozialari, sozioekonomikoari, eman nahiriko garrantzia erdi-somatzen da atzealdeko asmo-intentziotetan. Independentziarekikoan (Arnaldok zerbait oso konkretu eta praktikotzat jotzen badu ere, oraingoz utopiko izateari ezin utzi dion hori), haranzko bide nahasiari dagokionez, ez du amore eman nahi ENAMek, berrorren lorbideari darion energia anti-sistemari ez deritzo gutxiesgarri oraingoan ere Arnaldok. Gauzak ikuspegi horretatik ez dira hainbeste aldatu, zahar-berri nolabait, nahiz eta Arnaldok berritzat azaldu nahi digun. Podemosen parte-hartze berriak panorama zeharo aldatu dio Ezker Abertzaleari. Hor dago koska, hor azaltzen da lenguai-kategoria berri hauen gutzien zergatia. Gaurdainokoan bere parrokianoak ziren ezker muturreko ez-abertzale zenbaitek, egun, Podemosen eskaintzan ikus dezake gogobetea bere nahi politikoa. Arnaldok, hitzaldian ere zenbaitentan argi adierazirik, zeraren beharra aldarrikatu nahi du: ez dagoela deusik lortzerik, sozial-arlotik soilik borrokatzen bada (Podemosi hori leporaturik), ez dagoela ezer burutzerik Espainiako Estatuaren jokaleku anti-demokratikoan. Ondo daudela Podemosen asmo onak, esango digu, baina ez daudela lurzoru egonkorretatik planteatuak.
Arnaldoren hitzaldiko esanen berritasunaren gainean azpimarra jarriaz aurreratzen nuen artikulo honek eragin lezakeen interesa. Honaino ailegatuta baina, jantzi ezberdinez, baina muin-muinean lehengo beretsuan ikusten dugu diskurtso hau ere. Podemosen agerpena, ezin uka, da berez panorama aldarazi diona ENAMi. Arnaldok alde horretatik ilun dihardu hitzaldi honetan, ilun, ezen eskenatoki berri bati buruz ari zaigunean, bere soilean aurkezten batigu, bere soilean, eta zin-zinetan zer dela medio eman den eta benetan zertan den eskenatoki berri hori esan gabe. Badirudi ezkenatoki berri horrek, nahi adina berri izanik ere, ENAMek Podemosekin duen lehiarekin duela zerikusi handia. Hor, lehendabiziko aldiz, ENAMi itsasontzian ezkerretik, sozialarenetik, agertzen ari zaio ur-isuria; orain ideologia-frente bitan jardun beharrean daude ezinbestean; bateko, ohi dutenez, EAJ nahasi nahian ibili beharko dira naziogintza dela eta ez dela; besteko, euskal nazio eta identitatea oztopo izan dadin sahiestu nahian-edo, estatugintza arraro berri bat saldu beharrean jardun ere beharko dute, horrela ezkerretik pairatu duten isuriari hesi jarri asmoz. Betiere, eta beti ohi dutenez, independentziaren aldarrikapenean, haranzko bidean edota bide-itxurapean, hor oraingoan forma-janzkera aldatuxepean bada ere, hor lehengo berean darraite. Hausturan edo hausturara bidean izugarrizko iraultzarako energia ikusten dute, beti ohi dutenez.
Halabeharra izan da Podemosen agerpena ENAMentzat, baina baita aukera berri bat ere. Podemosen esku-hartze berriak makaldu dituela eman dezake. Baina horretaz gain, aukera berri bat ireki die. Halabeharra eta aukera da hortaz eurentzat egoera berri hau. Aukera, beren barne-muineko proiektu iraultzailea inoiz ez bezala agerian eta ikusgai jartzeko. Podemosek nolabait egungo instituzioetiko askapenaren gaineko diskurtsoa mahigaineratu du, politikoki zuzena bihurtu du. Horrek ENAMi bere agenda iraultzaileaz argiro hitz egiteko aukera ireki dio. Orain darabiltzan bi identitate horiek, epikoa (bere borroka historikoak eraiki eta pilatu duena) eta eraiki beharrekoa (haustura jomugan duena, eta bere buruari inongo aurrebaldintzapen identitariorik jartzen ez diona), balio handiagoa hartzen dute egoera berri honetan.
Hasteko eta behin, oso interesgarria euren parrokianoei euren forma anti-sistema behingoagatik ezin argiago erakutsian jartzeko aukera historikoarekin egin dutelako topo. Bestetik, oso interesgarria ere, Podemosek irekitako bidean leku polit bat ikusten dutelako. Podemosek diskurtso berri baterako bidea ireki dio ENAMi. Oraindik Euskal Herrian Podemos lehiakide izanik ere, baita etrategia-bidelaguna ere, ENAMek, kikildu ez, eta hausturarako identitate eraikuntzan bere eskarmentu historiko guztiaz gailentzea espero duela iruditzen zait niri. Bukatzeko esango nuke guretzat ere aukera ezin hobea dela hau; izan ere, orain ezin agerikoago agertu zaigu ENAMen benetako izaera, batzuok urteetan eta urteetan esana bagenuen ere.
Oso artikulu argigarria.
Egia esan entzuna nuen lehendik Arnaldoren hitzaldi hau baina nire ustez artikulu egileak oso ondo laburbildu du bere mamia.
Lehenik eta behin Arnaldok bere masei botatzen dien errieta: ni gartzelan egon naizen bitartean eta ETAk bere ibilbide armatuari utzi egin dionean ez da bete mugimenduak burutu nahi zuen asmoa: gatazka areagotzea, liskarra zabaltzea.
Bestalde, ezker iraultzailearentzat, Arnaldoren ahotan, euskal nortasuna Groucho Marxentzat printzipioak bezalako gauza bat dira; ez bazaizu euskal nortasuna gustatzen beste bat aterako du Arnaldok bere sonbrerutik.
Azken finean, bi ardatz ideologikoak, etengabeko borrokarena, liskarra goi helburu bezala duena. Bestetik, euskal nortasuna ibilbide gatazkatsu horren bigarren mailako faktore, itxuratu eta desitxuratu daitekeena ezker iraultzaileko buruzagien mandatuz.
Artikulo honen harira (hitzaldiaren harira), bi gauza dira nire ustez azpimagarriak:
1) Nola ENAMentzat “Euskal zera” interesgarraia izan den eta den haustura instituzionalerako bidea irekitzen duen heinean.
2) Nolatan, haustura delakoa behin borroka-gako bilakatu dela, era egokorrean, haustura bera dela “Zera guztia”, zerizan, izaera nazionala bera zeharo ahaztua edo bazter utzita.
Ados Geyme, gainera, orain, artikulogielak dioen moduan, haustura instrumentotik balorera (edo horizontera) pasa da ez bakarrik motibo estrategiokoengatiktatik (edo konbikzioengatiktatik), baizik eta Podemosek iraultza-frente ireki berriak hala behartuta.
Inoiz baino ageriago ikusi zaie orain ipurdia ENAMeko hauei.
Argi dago Podemosen arrakastak ezker iraultzailea bere belarri espainola agertzera deliberatu duela.
Garai batean ezkutuan ala goi mailan esaten zirenak orain ohiko diskurtsoa bihurtu nahi dute, ea joan zaien artaldea beren kortara itzularaziko duten.
Era berean, Podemos da beren aliatua eta bertatik lortu dezakete ezetza eta zaputzaren frontea.
Problema zen Espaina, orain ez omen. Argi adierazten du Arnaldok hitzaldian. Entzuterik baduzue, ikusiko duzue nola momentu batean zeraxe dioen: identitate berri horren barruan, «euskal» edo euskararekin loturiko identitatea batzuok ez dute konpartituko, baina hori ezin da problema bat izan. Estatu-beharrak batzen gaitu, motibo oso ezberdin tarteko. Zera ere esaten du, euskara eta zera hori bestela ikustera irakatsi beharko diegu gure historikoei, pedagogía egin beharko dutela.
Oso artikulu interesantea.
«Hi etxeako», «hi aberrirako», «hi euskerarako»…., ez horiek hiretzako. Hori da ENAMek apurtu nahi izan digun izaera. Bere xedea: guztia, erabat frakasatu duen, iraultzarako.
Ni oso lasai nago. Gure politikariek gu zaintzen gaituzte .
¡¡ Cuerpo a tierra !!