Joxan Rekondo Pyrenaeus-eko Talaian
1. ETAren armak uzteari buruz Egiaztatze Batzordeak orain egun batzuk egin zuen azalpenaren ondoren, atarramentu askorik atera ez bagenuen ere, badira behintzat bi gauza argi eta garbi gelditu direnak. Aurrenekoa, egiaztapen lanaren emaitzekiko zalantzak zeharo haunditu direla jende artean. Bigarrena, Madrilgo gobernua ez datorrela bat hemengo eragile nagusiek ados etorri diren desarmearen eskemarekin.
Gertaera historikoaren haunditasunarekin iragarri ziguten egiaztatzaileen otsaileko agerpen hori. Historikoaz ezer izatekotan, hala baina, desengainu historikotzat har genezake. Ondoren, armagabetzearen auzia gero eta nahaspilatuagoa gertatzen ari da. Aldebakarrekoa edo bitarikoa izan behar duenik ebaztea ere oso gai zaila egiten ari zaigu. ETA berari, bere ondoko eledunei, edo Currinen taldeko bitartekariei gauza bat eta bere aurkakoa ere entzuten ohitu garelako, batez ere. Adierazpen ezbaikorrak diruditen arren (edo akaso horregatik), amarrukeriaren (zerbait gordea badagoenaren) usaina ere badariote.
Armek desagertu daitezen egin behar denaren inguruko adostasunik ere ez dago. Honen aurrean, hiru ikuspegi ezberdin suma daitezke. Batzuentzat armagabetzea eta egindako kaltearen zuzengabekeria aitortzea egin beharko litzateke (lehendakariak esan ohi duena); beste batzuentzat armak zigilatze hutsa egokiago litzateke aldebiko desmilitarizatze prozesuaren bidean (ezker abertzaleak dioena); eta azkenik, ETA garaitu eta desagertzeko, poliziaren ekimenez armak kendu edo atzematea bezelakorik ez dagoela aldezten dute Madrilgo gobernuko erantzuleak. Hiruon arteko harremanak fidagarriagoak egiteko asmoarekin abiatu bada desarmea, nabari geratu da aldiz, egindako lehengo urrats horrek gaiztotu egin dituela. Gauzak horrela ikusita, bidezkoa da galdetzea ia ezer onik atera ote daitekeen nahasbide honetatik atera gabe.
2. Hau guztia gutxi balitz, ETAk, bere usadioari jarraituz, gauzak okerrago utzi ditu lehengo asteko agiriarekin. Ez da batere normala egiaztatzaileen lana zein den jakin nahi duen euskotar soilenak, Jaurlaritzaren uste on osoaz babestuta izanik ere, ETAren oharrak irakurtzera beharturik izatea. Erakunde armadunak dioenez, Manikkalingam eta egiaztatzaile taldekoek berarekin adostutako “mandatua” ari dira garatzen, bien artean armak zigilatzeko “metodo bat finkatu delarik”. Era honetara, arma horiek baliorik gabe uzteko baldintzak lotu dituenarentzat seguru dela eginbide fidagarria, baina arrazoi beragatik gauza logikoa da beste zenbaitzuek prozesu horren aurrean guztiz fidagaitz agertzea .
‘Historian ez dela parekorik izan’ diote, eta halaxe da. Jarri edozein guda edo gatazka, gerla edo borroka, iraganeko edo orainaldikoa, eta ziur egon ezinezkoa dela ETAk egin nahi duena egin ahal izan duenik aurkitzea. Hona hemen desafioa: ia non gertatu den indarkeria nahierara erabili ondoren, biktima eta sufrimendua barra-barra zabaldu eta gero arma bidezko estrategiak porrot eginik, armategia baliogabetzeko orduan ere bere gustu hutsera egitea lortu duenik, ordurarte arerio gisa hartu dituenen doako laguntza eskatuz. Sekula guztian ikusi ez den eredu honen arabera, egiaztatzaileen lana ez da ETAk armak zigilatzean hartutako ‘auto-mandatua’ betetzen duen frogatze hutsean gelditzen. Halaber, badirudi gobernuek ageri duten jarrera lagungarria den edo ez ikuskatzea ere beren gain hartu duten eginbeharra dela, noren edo zeren agindupean oraindik argitu ez bazaigu ere.
3. ETAren bukaera egokiena erabakitzekotan, armak uztea, desegitea edo bere jardun historikoaren zuzengabekeria onartzea, hautabide bezela jarri eta begiz zeinen alde joko nukeen galdetuko balidate, hiruak aukeratzea izango litzateke nire lehenengo hautua. Baina, terrore-aldiari erabateko amaiera emateko, ETAk egindako kaltea zuzengabea dela aitortzea izan daiteke niretzat hiruetatik erabakigarriena (zoru etikoa). Hau da, iraganaren berrikuspen kritikoa egitea etorkizunaren mesederako. Indar gutxiena lukeena, berriz, armak baliogabetzea litzateke.
Hala ere, desarmearen auzia zentrala bihurtu da pakeratze lanean. Gaia nahaspila baten erdian irten ezinik daukagula, nekez aurreratu dezakegu mataza hori askatu gabe. Tajuzko armagabetze prozesu bat burutzeko oraindik ez dagoen konfiantza ikusita, lehendakariak esan berri du gobernuen artean elkarrizketa bidea iriki behar dela, ‘estatu politika’ egitea eskatuz eta desarmearentzat legezko babesgune bat eraikitzeko. Egin litekeena da, denon artean borondate pixka jarriz orain estuegi dagoen erdibideko tartea zabaltzeko gauza bagara.
ETAk armak baliogabetzeko (zigilatzeko) prest azaldu da bere agirietan. Inoren ordainik behar ez duen alde bakarreko erabakia dela esan du, euskal gizartearen alde hartu duena. Baina, ezinezkoa da euskal gizartearen mesederako lan egitea, gizartea berak desarmeari buruz duen nahimen zehatzari jaramonik egin gabe edo konfiantzazkoak dituen erakundeen esku-hartzerik onartu gabe. Armak erabiltezin bihurtzearen eginbide jakin honetan, Irlandako eredua lagungarri izango litzaiguke, agian. Haren irudira, euskal erakundeei legokioke egiaztapen lana egiteko adituen izendatzea, bete beharreko mandatua mugatzea eta armak baliogabetzeko arauak finkatzea. Hori litzateke ‘euskal bidea’ egitea.
Falta den konfiantza hura sortzeko erabil daiteke Euskal Bidea. Alde batetik, euskal gizartearentzat onuratsua litzateke. Azpijokorik gabe ariko balitz ETA, horrelako bidetik abiatzea ez lioke arazorik sortu beharko. Madrilgoek, berriz, lehendakariak eskatutako ‘estatu politika’ horren itzalpeko ekimena izatera iritsiko balitz, ezin eduki lezakete errezelo gaindiezinik. Halako politika baten pean egindako desarmeak, berebat ETAren desegite praktikoa lekarkiguke, herri-erakundeen aurrean makurturik eta aukerarik gabe legitimotasun alternatiborik altxatzeko.
4. Bistan da gauden momentuan egonik -lehendakariak berak nazioarteko Egiaztapen Taldeari babes osoa eskaini dionean euskal gizartearen izenean egin duela ere esan daiteke-, gauzak bere horretatik aldatzea ez dela erreza. Baina, armagabetze prozesua puntu oso arriskutsuan dago. Inolako mugimendurik gabe, lehendakariak badaki eskatu duen legezko babes hori gabe geratuko garela. Eta, konfiantzarik sortzen ez duen formula honekin jarraitzea Madrilekiko lubakia sakonagoa egitea dela, ETArentzat gustokoa den gatazka zatikatzailea islatuz. Ahaztu gabe euskal gizarte zibilaren sail haundi batek ere parregarri edo zentzugabe ikusi duela Toulouseko ekintza eta egiaztatzaileen ondorengo prentsaurrekoa. Badugu, beraz, zertaz gogoetatzea.
Hala eta guztiz ere, orain arte egindakoa zakarrontzira bota gabe, ezer egin al daiteke ETAren armak baliogabetzeko prozesu honetan euskal erakundeen lidergoa eta parte-hartze zuzena bermatzeko? Helburu hori lortzea erakunde beraien esku dagoela dirudi. Alegia, Jaurlaritzaren eta Legebiltzarraren borondatearen arabera eragin daiteke, gutxiago edo gehiago, aipatutako prozesuan, ETAk bere alde baliatzen duenaren ustea errotik moztea lortzeko.
Herri-erakundeek esku-hartze aktiboagoa izatea erabakiz gero, aurrenekoa litzateke ETAren armak baliogabetzeko prozesua inolako ordainik gabea izango dela ziurtatzea. Hortik aurrera, gure erakundeek Nazioarteko Batzordearenganako begiramena agertzera behartuta egonda ere, batzordearen mandatua eta zeregina zabaldu eta zehazteko eskubidea herri-ordezkariena ere badela aldarrika beharko lukete. Berdin, armak erabiltezin bihurtzeko jarraitu behar den protokoloa arautzeko ahalmena ere. Azkenik, Egiaztatze Batzorde berean euskal erakundeetako ordezkaritza teknikoa sartuz gero, gauza segurua da ETAren armagabetze prozesuaren sinisgarritasuna askoz altuagoa izango litzatekeela oraintxe fidagaitz ageri diren gizarte-talde edo herri-erakundeen aurrean.
Nik argi daukat, ezker abertzaleko infiltratu eta kolegak ari dira EAJren burukideen belarriak zulatzen mezu bakarrarekin: egin zeozer ze bestela ETAk berriz ere armak hartuko ditu. Noski, hauek isilean esandakoak dira, gero Hasier Arrazi azaltzen baita komunikabideen aurrean esanez ez ETAn ez dagoela zatiketarik eta ez dagoela borroka armatuaren arriskurik. Ezker abertzalekoak maisuak dira horrelako manejuetan, isil-gordeka belarrira diotena gero publikoari begira ezeztatzen. Eta beldur naiz EAJ tranpa horretan ez den berriz ere erori.
Gure herriaren alderdi eta instituzio nagusiak baiezkoa ematea artekari koadrilla horri, ETAren esanetara dagoena, eta gainera ETAk ez diola inolako legitimitaterik aitortzen (eta ikustekoak gara erakunde armatuak beste) adar jotze baten mendean egotea da eta gainera min egingo dion operazio politiko baten sartzea. ETAkoek armak eman nahi badituzte eman dezaiotela Eusko Jaurlaritzari, horrelako inposturetan ibili beharrik gabe.
ETAren armak baliogabetze prozesuan euskal erakundeek izan dezaketen pisua ez dakit benetan garrantzitsua den ala ez. Armagabetze prozesua publizitate kontuan bihurtu da espainiako gobernuak horren truke ezer emango ez duela argi geratu ostean. Pausoka eta nazioarteko sasi-adituen antzerkigintza medio indar metaketaren azken ahaleginean gaude, baina metaketa honen mugak ikusiak ditugu azken hauteskundeetan.
Armagabetzea nun eta norekin egiten den garrantzia du. Euskal instituzioen aurrean egiteak Espainiako estatua ez dela borroka armatuari hasera eta amaiera emateko arrazoia izan , ETAk bere gain hartzen duela borroka armatuaren ardura bakarra eta indarra legitimatzeko duen herritarren arduradunen eskuetan jartzen duela armategia adierazi nahiko luke.
Benetan tamalgarria desarme honek ekarri dituen okurrentziak. Egia da mediadore hoiek galdu dutela kreditu osoa. Eta krediturik badute izango da armak hartzearen arrixkua aitatzen delako, alegia, erakunde armatuak berak ematen dien kreditua da, eta ez beste inorena. Horrela zaila izango noski inongo gobernuak aintzakotzat hartzea horrelako komeria. Komeria delako ez dut dudik egiten armak erakutsi eta gero etxera eramatea ekarri dituzten pertsona beraiek. Nola liteke sinesgarritasunik horrelakoak eginda gero? Ezkerrak beharko du beste zeozer inbentatu atentzioa deitzeko.
Praktikoak izatea ongi dago, baina abertzale humanistak ez genioke edozein armagabetzeari zilegitasunik eman behar, edozein entrega edo kenketa beraien eskuetan geratzea baino hobea dela adieraziz. Euskal gizarteari, bere izenean jardun baita, sor dio armagabetzea. Eta gaur egun Eusko Jaurlaritza da gizarte horrek duen erakunderik gorena.
Presoen egoerari buruzko «iniziatiba» armagabetzeren zain egon gabe jarri beharko litzateke martxan. Prozesua biktimei atxikitu behar zaio. ez du esan nahi biktimek dutenik azken hitza, baina bai beraiekin egin behar dela neurri berriak adosteko lehen saiakera.