Posteado por: aberriberri | julio 8, 2011

Krutwig-en Vasconia. Euskal esentziaren erabateko perbertsio erabatekoa (1)

Igor Goitia

Egun, ENAMek  inoizkorik indar-metaketarik handiena lortu duen honetan, eta orain, (aldezleen kopuru berebiziko hori burutan)  Euskalerriaren askapen nazionalerako praxi zehatz eta errealista batetik inoizkorik gertuen gaudela sinestarazi nahi diguten honetan, badugu nazionalistok ere ustezko delako askapen hori zertan datzan argi izateko inoiz baino premia handiagorik. Hauen delako nazio-askapenak eta nazionalista batek izan deezakeen nazioaren eraikitze-egitasmoak  ondoegi elkar hartzen ez dutelako irudipena beharko genuke orok gutxienez. Halere, irudipen hori ezin susmo lauso modukopean bestetan eduki; areagora egin behar eta,  uste horrek sendo-sendoa izatera ailegatu behar du. Zeregin horretan bi ditugu hartu beharreko bideak; bateko, ENAMen diskurtso tranpaz beterikoaz harago joan, eta hotz-hotzean bere ekinbide historikoaren zer-nolakoari erreparatu; besteko (ez baina aurrekoarekin lehian), euren doktrina eta ideario aitortua bere osoan eta bere berean hartu eta, beldurrik gabe, sakon aztertu. Bigarren egiteko horretan lagungarri izan daitekeelakoan idazten dut artikulu hau.

Eta zeregin horretan, eta artikulu honetarako, oso aproposa iritzi diot ENAMen iturrietara jotzeari. Badakigu ENAMek ETA barnebiltzen badu ere, berau honen ondotik jaioa izan zela (ETA bera berorren zutabetako bat bilakatuaz, zutabe militarra). Baina, hori horrela ere, eta kontuan hartuta  ENAM ETAren zerbitzura jaio zela eta betiere berorren segida jarraiko historiko baten baitan, haren jatorrizko idearioari kontu egite aldera,  ETAk berak (hamarkada patsatxo lehenago) bere sorbururako bere egin zituen ideia eta idazki berak hartuko ditut aintzat. Eta jakin badakigu Krutwig-en Vasconia-estudio dialéctico de una nacionalidad izan zela ETAren sorbururako ideiak eta oinarria hobekien eta osokien biltzen dituen obra nagusia. Horrekin batera, esan, idazlan horretan aurki ditzakegula ezin argiago, egun ere, ENAMen inguruko hainbat korapilo eta susmo askatzeko gakoak. Artikulu honek gerora segida izan dezaketen hurrengo batzuen atarikoa izatea baino ez du lortuko, baina, halere, doala honako honetan hasieraren hasiera, EMAMen engainu dialektikoaren hasieraren hasiera-artikulua.

Lehenengo eta bat esan, obra honetan hartzen dutela oin ETAko sortzaileen ideia gehienek; gerora etorriko ziren barne agiriak, komunikatuak eta asanblada-adierazpenak. Berau, formalki, ETAz kanpoko idazlan bat dugu,  Krutwigek (eta hartaz bere idazlan hau ere bai), bere jardun idelektuala aurrera eramanez eginiko lan bat dugu; baina, halere, esan behar da berau, izatez, ETAren barne-muinean egon dela, bai bere sorburuan, bai gaurdainoko bere ibilbidean. ENAMen barne eta muninean iraultza marxista dagoela diogunean, bere ekinbidea gurean dialektika marxista  zertzea dela diogunean, tarteko dokumentu inportanteak egon direla pentsatu behar dugu,  materialismo dialektikoaren dokumentu abstraktu eta beren ageriko jardunbidearen artean tarteko oinarrizko idazlanak egon direla pentsatu behar dugu. Zubi-lana egingo zuen lan bat behar zen, euskal praxirako, dialektika gurera egokitutako ikuspegia emango zuen azterketa bat behar zen. Euskalerrian,  Vasconia idazlana, Marxen Kapitalaren bertakotze beharrezko bat baino ez zuten.   Eta hein horretan hain justu, izan zen Vasconia zinez premiazko zein oinarri eta funtsezko, berak islatzen duelako lehendabizikoz (eta orain artean ere) Euskalerriaren azterketa dialektikorik osatu eta trinkoena – bere izenburupekoan bertan dugu ikusten ezinago argi eta klar: “estudio dialéctico de una nacionalidad”.

Idazlanaren hasi-hasierako xedeari dagokionez, Krutwigek berak luzatzen digu argi, estalbide txikienik ere gabe, honoko hau esanez:

no hemos hecho este estudio del Pueblo de Vasconia, sólo porque esté oprimido…por ningún sentimiento romántico de querer conservar alguna supervivencia histórica condenada a la muerte; nos ha guiado en nuestro trabajo la firme convicción de que el vasquismo y el pueblo vascón representan en la ideología y en la economía europeas una fuerza real, con sentido progresista y afirmativo…”

Ideia hauek, gerora, ondorengo artikuluetan ikusi ahal izango dugu sakon eta era argudiatuago batean, baina, honezkero, lerro apur hauetan jada, ikus dezakegu argi eta klar bere asmoaren bultzagarria ez dela nazio sentipen bat, ez dela euskal nazioa iraunarazte alderako azterketa bat, baizik eta Euskalerriaren esentzian aurkitutako ezaugarri oso berezi batzuk azpimarratzea, helmen eta proiekzio unibertsala zeuzkaten ezaugarri oso zehatz batzuk ikustaraztea:

El problema vascón, el vasquismo y la realidad del Pueblo Vasco, considerados desde un punto de vista histórico, y examinándolos por un análisis dialéctico, nos ofrece tal interés, no sólo porque seamos parte de la realidad vasca, sino, porque este problema desborda los límites  de su propia existencia y se convierte de esta forma en una fuerza supra-nacional.

 

Hartaz, euskal auziaz baliaturik,  ez du inongo estalbideren beharrik sumatzen, berehalakoan mahaigaineratzen baitizkigu kartak, segi-segituan ikustaratazten digulako bere xede internazionalista. Baina areago ere, honekin batera ere, zeraxe dugu azpimarratzeko oso modukoa: kultura/etnia eta ideología/ekonomia kontzeptuak nahasten eta are berdintzen ere ditu; badirudi, nonbait, geurearen azterketaren ondorio zuzenaz, herri honen zer-nolakoan eta berezko ezaugarrietan topatzen dituela ideologia oso konkretu baterako beharrezkoak ziren osagaiak (ikusi ahal izango dugu nola euskal izaeran ikusiko duen marxismorako ezin primeragokoak diren ezaugarriak ).

Azken alde honetatik, eta gaur egun arte ENAMek hurratu duen ibilbide teoriko-praktikoa ikusirik, esan dezakegu Krutwigen lan honek egun ere aurrea hartzen diola ENAMek emandakoari, ENAMek gaur arte garatu duen estrategiari; izan ere, hauek nazio-kontradikzioa ondo askoan profitatu dute  klase- eta sitema-kontradikzioaren borroka aurrera eramateko. Itxurazko ageriko kontradikzioaren estalpean (euskal nazio auziarena) beren muin eta benetako kontradikzioa den klaserena ondo baino hobeto kudeatzen jakin izan dute. Halere, Vasconian aurre-pausu bat dakusagu ENAMen estrategian zein diskurtsoan ikusi ez duguna: iraultza internazionalista aipamen eta praxi baterako aldezpen argi bat (ENAMek antzo) eginez gain, horrekin bat-batera ere, edota hori argudiatze aldera ere, euskal etnografian bertan oin hartuko lukeen oinarriztapen bat (Etnografia, mitologia, antropologia eta hizkuntzalaritza estraineko aldiz iraultza internazionalistaren mesede eta zerbitzura). Hein honetan, badakigu ENAMek ere bere estrategian euskal unibertsopeko kultura zein eduki guztiaren berinterpretazio dialektikoa egin duela, baina honek ez du Krutwigenaren helmenik izan.

Nazionalismo eta internazionalismo ezin uztartuzkoak, uztartu daitezkeela sinestarazi nahi digu Krutwigek. Vasconiak  (ENAMek gerora egin duen baino harago eramanez)  euskal tradizioa, kultura, hizkuntza zein historia hartuko ditu bere osoan, eta, esango digu euskal zera honen guztiaren bizirauteak iraultza internazionalistaren estadioan beharko duela izan. Vasconiak zein ENAMen ondorengo estrategiak iraultza-bultzagarria nazio-bultzagarriaz estali nahi izan badute ere, esan bezala, badago Krutwigen planteamenduan ñabardura bat: berean, agerian jartze nabarmenago bat aurkitzen dugu; klase iraultza internazionalista lehenbiziko momentutik puntutik eta are nabarmenago ere aipatzen da eta, hori defendatze aldera, sinestarazi nahi digu klase-iraultza hau euskal nazioaren esentziaren zer-nolakotik bertatik dela ernetzen. Bere obraren egiteko nagusia zera da: sinestaraztea  euskal izaerak berak bide egiten diola proiektu marxistari, alegia, euskal izamoldezko komunitarismo bera dela aurrekari ezin aproposago bat marxismoak bere- bereak dituen baldintzetarako.

Hurrengo artikuluetan joango naiz garatzen eta oinarritzen honezkero aurreratu ditudan ideia nagusi hauek . Orain, labur beharrez esan, Krutwigen irudiko, Euskalerriak, aurreistoria, erresuma-aroa, foru-aroa eta nazionalismo-aroa hurratu eta gero, orain duela unea marxismo-aroan murgiltzeko, marxismoan aurkitzeko orain, esentziaz, dagokion segida.  Artilulu hau bukatze aldera, batek baino gehiagok esango du ea zertara diodan horren garrantzizko irizten obra honi, baldin eta ENAMek idazlan honen bere egite eta egokitze bat aspaldiskoan egina badu. Eta nik orain, labur-labur, hau baino ez dut aurretuko: deskribaturiko Krutwigen ikuspegi hau, materialismoren ikuspegitik, oso aintzindari eta aurreratua da; alegia, horretan klase-iraultzaren aipamen argi eta publiko bat ematen da, estalkirik gabe, eta, horregatik, hain justu, iraultza-egitasmo hori euskal nazioaren esentziaren barne-brane muinean sustraitu beharra du. Alde horretatik, iruditzen zait Vasconiak oraindik ere zer esana izan dezakeela ENAMen etorkizuneko engainu dialektikoaren ibilbidean


Responses

  1. Gogoan dut nire aitaren Vasconiaren kopia xaharra. Lehenengo edizioa izango zen, apendizeak baitzeuden bertan.

    Gogoan dut irakurri nuenean eman zidan inpresioa. Garai horietan ni abertzale soil bat nintzen, frankismoaren bukaeran gerraurreko abertzaletasunaren berri zeukana. Eta noski ikastola giroan istoriak eta kontuak entzuten ziren, familian bezala.

    Inpresioa eman zidan Vasconiak zuen herra Jose Antonio Agirre eta Sabin Aranarekiko. Niretzat hori birao hutsa zen, halakoak bakarrik autoritate frankisten aldetik entzuten baitziren. Baina Vasconiak errotik puskatu zuen abertzaleen artean egon zitekeen barne akordioa. Nolabait esateko, gerra ikurra izan zen garai horietan hasten ziren ETAkide edota ezker abertzalekideentzako.

    Ondo dakar artikuluaren egileak lehenengo zita. Izan ere, ez da ideologia erromantikoa ETAkideen lehen arnas ideologikoa ala arimakoa, baizik eta konzeptuaren, ideologiaren faszinazioa, marxismoak zeukana, irudi baitzuen mundua jatera zijoala bai hirugarren munduan ematen ari ziren erreboluzioen aldetik eta bai Sobiet Batasunak erakusten zuen indarrarengatik.

    Berriz diot: Vasconiak adierazten du nola ETAren sorrerak apurtu egin zuen abertzaleen artean ziren anaiarteko harremanak. Horrezkeroz, ETAko gazteek beren gurasoen ondarea eta izana hautsi nahi zutela ikusiko genduen.

    Vasconiaren tonua zekena da, bortitza zentzurik nazkagarrienean. Krutwig tipo azkarra eta jakituna zen baina harropuztukeriaren azia zeraman, erabat marxismoaren iskilu ideologiko eta itzal geopolitikoaz fidatuta. Hortatik sortu dira berriak eta ikusi ditugu nolakoak diren, erro horren parekoak.

  2. Aunitz esker egindako hausnarketagatik.

    Hoberena hala ere ene ustez, Vasconia liburua irakurtzea eta norberak ateratzea bere ondorioak.

    Liburua bere garaian kokatu beharko genuke, 1964an eta ondoren aztertu 20 urte beranduago idazle berak idatzitako Computer Shock liburuarekin.

    Computer Shock-ak ere mereziko luke irakurketa bat eta ondoren bere azterketa.

    Federicoren liburuak oraindik eskuragarri daude, irakurri nahi dituenarentzat:

    http://www.euskadi.net/katalogobateratua -> Bilaketa aurreratua-> Egilea: Krutwig ->Bilatu Bilatu: Krutwig

    http://www.elkar.com/en/liburu_fitxa/vasconia/sarrailh-de-ihartza-fernando/a000000108630

    http://www.uniliber.com/resultados.php?pc=krutwig&lb=miqueleiz&orden=PA&max=25

    http://www.krutwig.org/

  3. Arrazoi duzu, Anonimoa. Krutwig-en pentsaera ez da bere etapa marxistara mugatzen. Berak ukatu zion marxismoari ikusi zuenean ez zuela naturaren zientziekin bategiten.

    Euskal Burujabetzari buruz eta zientziei buruz azterketa argigarriak egin zituen. Eta euskaltzale eta abertzale izaten jarraitu zuen, MLNVren ideologia ukatu egin zuenean. Ez da merito kaskarra, beste askoen eboluzioak ikusiez gero.

    Gabriel Arestik Sabin Aranari buruz esan bezala Krutwig-ekin gertatu daiteke: pertsona bat hil egiten denean bere bertuteak ehorzten direla berarekin eta bere tatxak bakarrik gogoratu. Hori Krutwig-ekiko injustizia larria litzateke.

    Garai hartako kontestua ulertuta, halaere, iraunkortasun bat da nabari Vasconia eta gaurko MLNVkoen teoria eta praktikaren artean. Goitiaren artikuluan ikusten da, era berean, Jon Juaristik eta bere kirakoek egindako “erromantizismo” ala “melancolia”ren teoria erabat oinarri gabea dela.

  4. Panpox, zure hitzak nere egiten ditut, hori bera esan nahi nuen 2.komentarioan.

    Krutwig ezin dugu marxismora mugatu, bere Computer Shock Vasconia 2001 liburua eta bere azken urtetako artikuluak irakurri besterik ez daude.

    Ene ustez, digeritu beharko genituzke bere lanak eta etorkizunerako balioko dizkiguten ideiak identifikatu eta praktikara pasatzen saiatu.

  5. Hemen nik aritululo honen bidez ez dut inolaz Krutwig-i soilki begiratu nahi izan, nire azterketa kritikoa ez da bere pertsonara mugatu nahi izan, ez eta berak horrela pentsatzen jarraitu zuenik ere. Ildo horreatik, oso ongi etorriak zuen puntualizazioak.

    Nik artiluloan bere obrari besteri ez diot errparatu nahi izan. Bere-berean (eta bere kontextuan ere bai, noski) erreparatu, besteak beste ETA eta MLNVkoen asmo zein sinismenetan nola edo hala egon delako presente bai hastapenetan bai egundainoko ibilbidean (era lausoagoan tarteka ere batzuean), Obra honi garrantzizko deritzot, besteak beste, MLNVko zenbaiten pentsakeran erabakiorra izan delako, ez Krutwigen berarengan presente egon zelako bere bizialdian. Bestetik, esaten duzuenarekin erabat bat. Eskerrik asko.

  6. […] Krutwig-en Vasconiari buruzko segidari etenalditxo bat egin, honako honetan intereseko  deritzodan auzigai honi azalbide emate aldera: ENAM, nazionalista al da? Seguruenera, Aberriberri foro honen ibilibide luzetxoan, bere ehunka artikulu zein posten artean, oso litekeena da, zuzen-zuzenean, edota, nolabait edo beste, zeharbidez,  jada auzi honi behin baino gehiagotan ekin izana. Alabaina, berorri berriz ere ekitea ez deritzot inolaz soberan. Izan ere, azken hilabeteotako zenbait post-etan sortu izan da eztabaida hori, eta, egia aitor, ez da batere harritzekoa, bizi dugun momentu konkretua kontuan izanda, indar batuketarako (delako poloa) Bildu izenpean sortu den frente hori kontuan izanda. […]


Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

Conectando a %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Categorías

A %d blogueros les gusta esto: