Azala / Portada » Gogorkeriaren eraginkortasuna

Imanol Lizarralde

Teoriko marxistek far egin diote beti “gizarte kapitalista” ala mendebaldeko demokrazietan bizirik dagoen gogorkeriari buruzko ikuspegiari. Marxek kritika gogorra egin zien XIXgarren mendeko iraultzaile frantziarreri gogorkeria modu ez zientifikoan tratatzeagatik. Leninek eta Trotskyk, Errusiako Iraultza aurrera zijoala, esaten zuten ez zegoela zertan negar egin beharrik iraultzak ekarritako sarraskiengatik. Trostky berak zera zioen:  “Errotik ukatu behar dugu giza bizitzaren saindutasunari buruzko fartsa kuakero-papista guztia”.

Garai horietan, XXgarren mende haseran, halakoak esatea gauza arrunta zen, gertakariak ildo horretatik zijoaztelako. Komunistek eta nazi-fatxistek bategiten zuten Darwinismoa politikan ezartze horretan. Gizaki partikularraren biziak ez zuen ezer ere balio miloika jende hil egiten zelako munduko gudu zelai guztietan. Eraikuntza kolektibo-politiko erraldoiek ematen zuten, garai horretan mundu gehienean, segurtasun piska bat. Horregatik alderdi komunista eta nazi-fatxistek lortu zuten arrakasta. Hiltzeko makina paregabe gisa agertzen zirelako. Zer babes hobeagorik gizaki txikientzat hiltzeko-makina baten arrimuan jartzea baino?

Historiak bere paradoxak baditu eta horietako bat da ikustea, izan ere, nazi-komunistek “demokrazia burgesa” zeritzoten eredu politiko zaharkitu eta melenga horrek garaitu egingo zituela bi mamu horiek, bata lehen eta gero bestea. Superbibentzia eta supergizonaren aldarrikatzaileak lurreratuak izan dira ideologia kristau-humanistaz oinarritutako gizarte eredu askeengatik. Horrek ematen dio Andoni Olariaga euskal filosofoari parada gogorkeriari buruzko gogoeta egiteko (Berria, 14-12, Pazifismoaren eraginkortasun eza).

Olariagarentzat gogorkeriak ekarri ditu munduko aurrerapenak eta lorpen politikoak. Lenin bezainbeste sinestuta dago gogorkeria dela “Historiaren erditzailea”:

“Biolentziarekin ezer ez dela lortzen sinestea historia eta historiaurrea (eta errealitatea!) bera ukatzea da, geroz eta erlijiosoago (absolutuago) predikatzeagatik eta ozenago oihukatzeagatik egiago bihurtzen ez dena. Zeren eta, nola izan da Espainia eraikia? Zenbat “demokrazia” daude munduan bortxarekin lortuak izan ez direnak? Zenbat giza eskubide lortu dira gizakiaren historian biolentzia erabili gabe? Zenbat?!”.

Gure filosofoak absolutoa bihurtzen du gogorkeriari buruzko kontsiderazioa. Gizarteak ez dira bakarrik polizia eta gudarostearen bidez osaturik mantentzen. Familiak ez dira bakarrik autoritate patriarkalaren bidez gobernatzen. Giza-harremanetan gogorkeria eta bortxaz gainerako hainbat alderdi gertatzen da. E. P. Thompson marxista-humanista ingelesak zera esaten zien estrukturalista frantsesei: “hezkuntza sistema kontrol mekanismo bat da eta beste bi edo hiru gauzetarako balio du ere”. Gizakiek beraien artean sortu dituzten eraikuntza soziopolitikoak gogorkeriaz haratagoko desioa erakusten dute, gizakiak gizakien konstelazioen fruitu baitira, hau da, egitura egonkor eta iraunkorren barruan sortu dira, maitasuna, sakrifizioa eta isileko lanaren bidez. Hau ere bada gure munduan, bestela ez bailirateke haurrak sortuko eta miloika langilek ez lukete lanik egingo horien alde.

Mundu hontan eremu fribolo asko dago non eta gizakia bizi den gogorkeri itxurarik egin behar gabe. Komunismoa ez zen bakarrik erori Ronald Reagan-ek Galaxietako Gudaren eredua mamitu zuelako; aldiz, Europako Ekialdeko gizarteko biztanleek munduak bizi izan duen pakezko iraultzarik haundienaren bitartez bota zituzten lurrera beren gaineko erregimen itogarriak. Gizarteak eta gizakiak aurrera doaz garapen etengabean. Baina Olariagarentzat ez dago, gogorkeriari dagokionez, inongo aurrerapenik. Fatxismoa eta komunismoa sortu zituenetako gizarte itxietan bizi omen gara, non eta polizia bakoitzaren atzean kontrol dispositibo oso bat dagoen. Baina batzuetan, Europako Ekialdeko ereduak erakusten duen bezala, poterea inpotentea da gizartearen borondatearen aurrean. Indar eraikitzaile hori ukatu egiten dutenek (Olariaga kasu) gogorkeriaren fetitxeari kandelak jartzen dizkiote mundua erabat aldrebestuko duen kolapso haundiaren zain. Beraientzat miloika hildakoen ikuspegia gauza arrunta da eta kontua hartu ez beharrekoa baldin eta hiltzaileak bere bandokoak badira. Horregatik mintzo da Estatuak eragiten duen torturari buruz baina ez du txintik ere esaten erakunde armatuek eragindako hilketetaz. Gogorkeria errealitate gisa defendatzen du eta etsaiaren gogorkeria kondenatzen du, bere kirakoen gogorkeria apenas aipatu gabe.

Olariagak ez du hutsean egiten bere hausnarketa. Euskalerriko egoera politikoa du abialeku eta itzulpuntu:

“Kultura dogmatiko-katoliko arnastezin batean bizi gara. Afera, bere garaian bezala orain, kontzientzian sartzen den Estatu artxikatolikoaren eta haren guardako aingeruen autoritarismoa da. Izan ere, noiz arte errepikatu beharko dugu estatuak bizitza soziala soilik arautu dezakeela, baina inolaz ere ez kontzientzia?! Eta, noiz ulertuko dugu inork pentsa eta arrazoitu dezakeela herri batek defentsarako eskubidea duela (armekin, adibidez), baina orain agian ez dela eraginkorra (eta horregatik errefusatzen duela politikoki, baina ez moralki -hori txorakeria baita-), eta abar, eta hori ez dela kondenagarria?! Hau da, pentsatu, edozer pentsa daiteke, baita biolentzia zilegi dela ere, eta hori inork ezin epaitu dezake politikoki, gutxiago moral elizkoi batetik, eta are gutxiago baldintza bezala jarri instituzioetan parte hartzeko”.

Gogorkeriaren kondenaren beharra “kontzientziaren bortxa frankista inposatzea”dela uste du Olariagak. Gauza kuriosoa gertatzen da hemen nola gizakiaren kontzientzi partikularraren askatasuna aipatzen duen arrazoi gisa. Gaurregungo marxista iraultzaileek darabilten existentzialismo-estrukturalismo egokiketa teorikoa erakusten du horrela. Gizakia askea da, bere askatasun ahalmena sakratua da (Sartre). Baina subjektu kolektiboen mundu batean bizi gara non eta gizakia bati ala besteari itsasten zaion (Althusser). Gizaki partikularraren kontzientzian ezin sartu daiteke Estatua; baina sartu al daiteke, akaso, ENAM ala ETA? ETAko ala ENAMeko kideak askatasunik du bere mugimenduak jartzen dizkion mandatuak ukatzeko? Ez horixe. Estatuarekiko askeak izan behar gara baina subjektu politiko iraultzailearen aurrean obedientzia erlijioso eta sekta modukoa besterik ez da gelditzen.

Olariagak ohiko arrazoiak aipatzen ditu ere: adibidez “herri batek defentsarako” duen “eskubidea”. ETA, orduan, herria al da? Herriaren ordezkaria al da? Bai horixe, Olariagaren ustetan. Beraz ETAren gogorkeria, koartel batetako haurren sarraskia ekartzen badu, ez da inolaz ere moralizatu behar, aurretik Estatuaren biolentzia existitzen delako. Estatua izango da beti errudun, eskaera justuei jaramonik egiten ez dielako. ETAren gogorkeriaren errudun izango da ere horrela. Olariagak ENAMek sakratua duen araua aldarrikatu nahi du hemen: “orain ez dela eraginkorra” gogorkeria eta horrengatik “politikoki” huts hutsik errefusatu egiten dela. Baina gogorkeria berriz ere etorri daiteke.

Pakezko bideak bide gezurrezkoak direla esanda gero, aspalditik entzun eta irakurri dugun pakeari buruzko gogoeta ekartzen du honera:

“Bestelakoa da, ordea, bakea tresna efikaz izateko baldintzak eraiki nahi izatea. Baina egungo gizartean ez daude horretarako baldintzak sortuak, hori da problema. Hori eta bakea ez dela berariaz eta ezinbestean egon behar duen zerbait (batzuek haizea bezala egon behar den zerbaiten gisara predikatzen digute-eta!), bakea egin egin behar da, eta bakea -ergo justizia- izateko baldintzak sortu egin behar dira. Hau da, bakea ez predikatu, baizik eta egin, eraiki egin behar da. Eta, beraz, bakea ez da egiten bortxa oro ez zilegitzat kontsideratzen duen etika elizkoi bat predikatuz (…). Aldiz, baldintzak sortu behar dira indarkeriarik gabeko politikek eragina izan dezaten, eta horrela, inork indarkeria zilegitzat har ez dezan”.

Pakea “efikaza” izan behar da, ez du berezko balorerik. Efikaza zertarako? “Indarkeriarik gabeko politikek eragina izan dezaten”. Eta gogorkeriarik gabeko politika horiek huts egiten badute? Olariagak argi du: “egungo gizartean” ez dagoela benetako pakea ekartzeko baldintzarik. Gizartea eraldatu behar da goitik beheraino hori lortu izateko. Eta noski gizartea eraldatzeko gogorkeria da funtsezko tresna, historiaren egilea, aurrerapen eta eskubideen lortzailea, Olariagaren lumak esaten duenez. Egoera politikoak eskatzen duen momentuko geldiunea da ETAren suetenaren ondorioz orain bizi dugun pakea. Bide politikoek ala prozesu demokratikoak porrot egiten dutenean, orduan gertatuko da gogorkeriaren okasio berria. Olariagak ezinobe erakusten du ENAMen bizitzaren konzepzioaren ondorio dela ETAren gogorkeria. Ikuspegi honek porrot egiten ez duen bitartean, sortuko dira besteak, ikuspegi hori modu odoltsuan egiaztatu dadin.

Partekatu sare sozalietan / Comparte en redes sociales

Gai honetako beste sarrerak / Otras entradas relacionadas

7 comentarios en «Gogorkeriaren eraginkortasuna»

  1. Efikazia etikaren gainetik kokatzen dute mugimendu totalitarioek. Horrelaxe egiten du ENAM-ek. Mugimendu honentzat, bakea bere estrategian aurrerapausoak emateko tresna da. Horretarako beharrezkoak diren baldintzak sortzen ari dira egun; bide armatua eraginkorra ez delako, biolentziari etekinik ateratzen diolako. Ez dezagun siñistu bakea datorrela; baizik eta «ustezko bakea» etorriko dela gudu zelai hontan atsedena hartzeko; indarrak errekuperatzeko.

    ENAM-ek predikatzen duen bakea, Francoren bakea bezalakoa da; «La paz de los cementerios» edo kanposantuen pakea, alegia.

  2. Olagariaren artikuluak ENAM-en esentzia oso ondo islatzen dute. Orain dela 4 egun argituriko artikuluan earki erakusten du askatasuna eta independentzia zer diren ENAM-erako. Artikulua horretan azaldutakoarekin bat etorri gintezke (Euskadi libre izateko nahia arrazoi istorikoen gainetik dagoela ere uste dut), azken parrafoa izan ezik.

    Olagariak Euskalerriaren askatasuna «askapenerako mugimendu»-ekin batzen du («Askapen subjektua osatzen dugun askapen mugimendutik egituratu behar dugu herriaren independentziarako borondatea») eta istoriarekin haustura planteatzen du («eta horretarako (eta libre izateko) ez dugu behar antzinako erreinurik.»). Lehengo esaldiak abertzaleok eta euskaldunok edergaiak garela erakusten du, «askapenerako» mugimendutik kanpo gaudelako. Era berean, askatasuna mugimendu hontatik kanpo ikusten ez duelako. Hori da, EAJ-k EA-k edo Euskal gizarteak ezingo lukeela , ENAM-en baimen paternalismoa barik, «Euskalerriaren askapena» lortu. Era berean, Euskalerrian gertatu diren gertaerak ez dutela pisu handirik Olariagarentzat. Baliteke, borondatea istoria baino garrantzi handiagoa izatea, halere, ezin da ukatu istoriak duen garrantzia Euskalerrian. Istoria iparrorratzatzat hartu behar dugu; iraganeko akatsa errepikatzeko.

    «Izan zirelako gara, eta garelako, izango dira».

    PD: http://basque.criticalstew.org/?p=4710

  3. Zur eta lur geratu naiz.

    Zentzuzkoa al da kontzientzia askatasuna modu absolutuan aldarrikatzea, aldi berean gizakia sujetu kontziente izan dadin oinarrizko eta beharrezko baldintza (hots, bizitza) erlatibizatzen den bitartean?

    Hau da, pertsonen kontzientzia manipulatzea ez da zilegi, baina pertsonak hiltzea bai?

    Andoni Olariaga honi merkealditan erosiko zizkioten neuronak, beste esplikaziorik etzait okurritzen.

  4. Hiritarren egungo borondatea eta historia ezin daitezke bereizi. Oraina historia da ere eta Lehenaren fruitu ezinbestekoa da. Gaurko politika historia bizia da, lehenagoko historiatik datorrena. Olariagak haustura bat markatu nahi du lehenagoko euskalduna eta egungo militante iraultzailearen artean. Horregatik bereizi egiten ditu historia eta egungo gizaki historikoen borondate historikoa.

    Olariagarentzat lehenagoko historiak akats nabarmen bat du, Txomin: «askapen mugimendu»rik ez zegoela. ETA eta ENAM sortu arte euskaldunok ez genuen piperrik balio. Hori da Olariaga eta ENAMeko teorikoen konklusioa. Euskal historiak molde erretroaktiboz balio du, ETA eta ENAM sortu direlako. Hori ikaragarrizko astakeria da gure izatearen gehiena (ENAMekin zerikusirik gabekoa) ukatu egiten duelako.

    Ezin daitezke herritarren nahia eta historia bereizi. Hori ENAMek egiten duen truko dialektiko bat da gure izate eta nortasuna edukiz hustutzeko. ENAMek gure herriko azala behar du, bere azpian daraman otsoa mozorrotzeko.

  5. Antismabere, zuk aipatutakoa marxistek onartzen dute; Engels eta Marx-entzat bigarren mailako «herri zapaldua» izan ginen euskaldunok. Antza, Mikel Antza eta abarrekontzat ere bai.

  6. Artikulu aunitz interesgarria.
    Ezker Iraultzaile-españolaren tradizio politikoa laburbiltzen duena (Mario Onaindiatik Mikel Antzara). Era berean gogoratzen due zein puntutaraino lotura dagoen Sartre, Althusser eta Foucault bezalako pentsalari eta ETAko figura historikoen artean Etxebarrieta, Pertur, Argala edo gaur egungo ETArena.
    Olariaga onen ikuspuntua beste aldetik unibertsiate guztietan aztertu beharko litzateke ikusteko zein urrun aurkitzen den gaur egungo mendabaldeko gizarte modernuetatik.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *