Aberriberri bloga

Zaharrak berri

Read Time:3 Minute, 20 Second

Jon Inchaurraga

Egoera berri bat sortzeko, baldintza berriak ere asmatu behar dira: berba berriak, egitura berriak edota kontu zaharrei tinte berria emanez, zaharrak berri bihur daitezela. Hori da, Adierazi Euskal Herriaren ekarpena: datorren fase politikoaren salmenta. Bestela, Amaia Esnalen eskaera ezin da ulertu. Adierazi EH-ko kideak “inork ez dezala esperantza zapuztu” eskatzen baitu Gara egunkarian, bertan, ENAM-ek erabiltzen dituen tresna guztiak mahai gainean jartzen ditu Esnal-ek. Esate baterako, ENAM-ari dagozkion eskubideak zenbatzea (“Euskal persoak Euskal herrira, kondena bete dutenak kalera; inkomunikazioa eta tortura gelditu […] Alderdi eta erakundeen legalizazioa”) eta ENAM-ek ostuten dituenak zehaztu ez eta betiko erretorika erabiliz mugimendu honen ardura izkutatzea (“Eskubide zibil eta politikoak, giza eskubideak […] bizitza ta askatasuna”). Tresna hau ETAk hiltzen duenean eta Estatuak eskubideak urratzen dituenean ere bai erabiltzen du mugimendu iraultzaileak; bai ENAM-en bortizkeri politikoaren biktimei izena kenduz eta bere auzia “euskal gatazkan” nahastuz, bai Estatuak bortizki jokatzen duenean biktimaren izena eta pertsona goraipatuz.

Baina hori ez da Esnalek erabiltzen duen arma retoriko bakarra. Beste ekimenetan bezala, Adierazi EH-a mugimendu anitz eta garden dela erakusteko ahalegina egiten du. Esnalek, Urizarrek Ezenarrori leporatu zionez, mugimendiak argitaratzen dituen edukiak eta aldarrikapenak “batazarretan adosturikoak dira” eta batzar hauen osaera plurala dela azpimarratzen du. Era berean, aldarrikapen honen taula eskeintzen du. Eskaera hauek, idazleak argitzen duenez, “Adierazi EH-n parte hartzen dugunon arteko adostasunaz gain” beste eragile politiko eta sindikalaren babesa jaso dute. Hala ere, Esnalek ez ditu kritikak ondo hartzen eta “zenbaitzuk” eztabaida hau beste “eremu batzuetara” eraman nahi dutela esaten digu. Horren ondorioz, bere ustez, “adostaun, konpromiso eta ekimenak elkarrekin lantzeko girotik urrunduz” eta “alderdizkeriazko lehia usaina duen eztabaidetan murgilduz” egiten dira kritika hauek. Nik ez daukat horren garbi. Bilbaon irakurri zen manifestua Adierazi EH-ren webean begiratu ezkero, alderdizkeriak zer esan nahi duen Esnal andrearentzat zalantzan jartzen dut. Ez dakit oso argi ez daukan kontzeptu bat den, edo geuri barre egiten digun. Ramon Agirre eta Eider Rodríguez-ek eman zuten hitzaldiak, non “Presoekiko eta urrunduekiko elkartasun mugimendua”-ri ematen dieten besarkada edota Estatuari eskubide urraketa guztiak leporatzen dioten, ez du EAk edo Aralarrek ematen dituzten hitzaldien tankera, baizik eta Batasunak ematen dituenen antza dauka. Hori ezin du ukatu Esnal andereak.

Era berean, ETA-ren arazoa baztertuz (ez da hitz hori inon agertzen), ezin gara eske ari diren “demokrazi beteko” egoerara heldu. Hasteko, demokrazia egunero jokoan dago, denborarekin eraiki egiten da. Segitzeko, marxistak oso ondo dakiten bezala, gauza guztiak kontraesanak dituztelako eta dinamikan ari dira, elkarren kontra. Gu ere halakoak gara. Hori dela eta, ezin gara demokrata “oso-osorik” izan. Geure barnean ona eta txarra dauzkagu eta biak geure pertsonan eragina daukate. Guk erabaki behar dugu zein bultzatu. Bukatzeko, teoria alde batera utzita, ETAk euskaldunon eskubide politiko eta zibilak ukatzen ditu eta ezin dugu ahantzi. ETA-k eta ENAM-ek orokorrean euskaldunon eskubideak bahitu dituzte 50 urtez. Benetako demokraziarantza joan ahal izateko, biolentzi hori guztiak desgartu behar du. Su-etenak ez du balio eta kale borroka, zerga iraultzailea edota irainak ere bai behin-betiko eten behar dira. Hori, ENAM-en esku dago eta berak bete ez duena ahaz dezagula ezin digu eskatu besteoi. Birkatzainak egongo diren heinean, ezin izango dugu sinistu benetako urratsak ematen ari dela ENAM-a. Bai aurrerapauso bat izan liteke. Jente askok lasaiago egingo du loa, baina noiz arte askatasun hau?

Argi dago “Adierazi Euskal Herria” ekimenak prosezu berria saltzeko sortu duela ENAM-ek. Bere betiko topiko eta diskurtsoa erabiltzen ditu erakundeak. Alde batetik, eskubide guztien aldarrikapena eta bestaldetik Estatua eta ekimenatik at dauden erakundeei eskaera zehatzak eta kritikak. Horretarako, denok eskatzen ditugun eskubideak eta denok aldarrikatzen ditugun eskaerak erabili dituzte, berba politeekin hornituz (“askatasun osoko egoera berri bat egiazko egiteko iniziatiba hartu dugu”). Era berean, asko direla (“45. 000 herritarrek emandako pauso garrantzitsua”) eta anitzak ere badirela gogorarazi nahi izan digute. “Inork ez gaitzala berdinetan jarraitzera kondenatu” eskatzen du Esnalek apokaliptikoki. Ados nago, bai, ea geure esperantzak zapuzten dituen erakundeak bihar bertan isiltzen den. Betiko. Oso berri zoriontsua izango litzateke Euskalerriarentzat, “eztabaida postibo eta eraikitzailetik” aldenduko gintuzkeen eskaera dela susmatu dudan arren.

Salir de la versión móvil