Aberriberri bloga

Estatutu berriak eta mutazio konstituzionala

Ion Gaztañaga

(“Sociedades Plurinacionales y Cambio Constitucional”-en programatik hartutako FEDHAV-en irudia)

Berrietan oihartzun apur bat izan duen arren, gutxik izango zuten Euskal Herriko Zuzenbide Historiko eta Autonomikoa Aztertzeko Fundazioak (FEDHAV) antolatu zuen “Sociedades Plurinacionales y Cambio Constitucional” sinposiumaren berri. Donostiako Zorroagagaineko ekitaldi aretoan bi egun osoz hainbat gai interesgarri jorratu ziren, Kataluña, Flandria, Quebec, Sizilia, Eskozia eta nola ez, Euskal Herriko autogobernu sistemen inguruan (ikus hemen programa).

Sinposio honetako atal txiki baina mamitsu batera joan eta bi hitzaldi interesgarri entzuteko aukera izan nuen. Lehenengoa, Santiago Larrazabal Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuaren zuzendariak eskainitako “Propuestas de cambio del marco normativo en la Comunidad Autónoma Vasca” eta bigarrena, Juan Cruz Alli Nafarroako presidente ohia eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslearen “Propuesta de cambio del marco normativo en Navarra”.

Artikulu honetan lehen hitzaldiaren berri eman nahiko nuke. Santiago Larrazabalek, Euskal Gaien Institutua zuzentzeaz gain, beste ezaugarri esanguratsu bat ere badu, Foru sistemako zuzenbide publikoari buruzko liburu bakarretakoa idatzi duen pertsona baita (“Derecho Público de los territorios forales. De los orígenes a la abolición foral”) hain zuzen.

Larrazabalek sinposio honetan euskal erkidegoko Estatutuaren erreforma baterako iradokizun eta proposamen batzuk luzatu zizkigun, azken 30 urteetako bilakaerak eta zailtasunak ikusirik. Ez zen oso proposamen erraza, ez eta denek partekatu beharrekoa, baina eztabaida publikotik at dauden hainbat gai ukitu zituen heinean, ikuspegi ezberdin bat eskaini zuen. Proposamena hiru ataletan banatu zuen solasaldi honetan: Erkidegoa eta Estatuaren arteko erlazioak, Erkidegoan ad-intra erlazioak (Jaurlaritza, Aldundiak eta udalerriak) eta Erkidegoa eta beste euskal lurraldeen artekoak.

Lehen atalean (Erkidegoa eta Estatua), egun ez dagoen kontsentsu baten beharra dagoela zeritzon Larrazabalek, Estatutu Berriarekin gertatu dena ikusirik. Hala ere, egoerak politikan ustekabean aldatzen dira eta Estatutu Berriak inoren buruan ez zeuden beste estatutuak aldatzeko atea ireki zuen heinean, haize berriak noiz etorri zain behar dugula egon aipatu zuen, gauzak ondo prestatuta beti ere.

Bere ustez, egunotan dugun egoera baina latzagoak pasatu ditugu Euskal Herrian eta ziurgabetasun egoerez gain frustrazioa ere kudeatzen ikasi behar dugula aitortu zuen. Ezin dugula geure burua aise engainatu behar zailtasunak handiak direlako: egungo marko legala onartzen ez duten eta onartuko ez duten sektoreak daude, Estatuaren legitimitatea zalantzan jartzen duen abertzale asko dago, Gernikako estatutuaren sostengua ahuldu egin da, eta beste sektore espainazaleek aldiz ez dute egungo egoera aldatu nahi, aldaketa txiki eta kosmetikoak bakarrik onartuz edota gobernu zentrala indartuz.

Euskal arazoa ez da juridikoa, politikoa baizik, kontsentsu politiko eza konponduko duen legerik gabe ez baitago. Galdera, hizlariaren hitzetan, honakoa da: ba al dago erkidegoko euskal gizartearen gehiengo zabala jasoko duen akordio minimorik? Proposamen honi jarraiki, lehen baldintza indarkeria eta inongo ideiaren bazterketa eza izango litzateke eta honetatik abiatuz, matematikako multzoen teoriaren metafora erabiliz, hainbat multzoen arteko intersekzio txiki hori aurkitu beharko litzateke. Indar “konstituzionalista” eta abertzaleen arteko intersekzio bi puntu posible  egon litezke Larrazabalen ustez: Konstituzioaren  eta Estatutuaren xedapen gehigarriak, nahiz eta alde bakoitzak bere erara ulertu.

Izan ere, Konstituzioak hainbat artikulu lanbrotsu dituela aitortu ondoren, hauek forma ezberdinetan interpretatu izan dira urteen poderioz. Adibidez, Nafarroak autonomiara egin zuen bidea guztiz atipikoa izan zen eta Konstituzioa era literalean hartuta ezinezkoa litzateke. Berdin esango genuke hainbat autonomia estatutuek izan duten bilakaeraren gainean, adibidez, Andaluzia, Kanarias… Zer esanik ez oraintsuko estatutuen erreformatan (Valentzia, Katalunia, Extremadura) agertzen diren konpetentzia berrietan, Konstituzioan autonomia jakin batzuetarako bakarrik onartuta zeudenak.

Hizlariaren ustez “deskonstituzionalizazio” bat gertatu da prozesu autonomikoan, estatutuak testu konstituzionala aldatu gabe haren esanahia aldatzen ari direlako. Adibide garbia Estatuaren esklusibo bezala aipatzen zuren hainbat konpetentzia autonomia estatutuen bidez erkidegotara bideratu izana da. Hau ez da negatiboa, ez eta kezkatzekoa ikuspegi juridiko batetik, “deskonstituzionalizazioa” ez baita inkonstituzionala,  Auzitegi Konstituzionalak onartu bezala autonomia-estatutuak bloke konstituzionalaren zati direlako. Honez gain, urteen poderioz agertu diren eta Konstituzioak aipatzen ez dituen hainbat materia eta konpetentzia estatutuek erregulatu dituzte, konstituzioa aldatzeko behar diren gehiengo latzik eta prozedura luzeetara jo gabe, “mutazio konstituzionala” deritzon fenomeno honen bidez.

Noski, malgutasun konstituzional honek muga bat du, eta hau sarritan hitzaurreen talketan bistaratzen da, Kataluniako estatutuaren kasuan bezala. Aldiz, juridikoki erkidegoaren eta estatuaren arteko aldebikotasuna indartzea posiblea da konstituzioa aldatu gabe eta mutazio mekanismo hau erabiliz, egunen batean testua eta praxia zeharo ezberdinak izan arte: justizia-boterearen deszentralizazioa eta autonomiek europan izan dezaketen ahotsa ala kanpo-erlazioetako guneak edo delegazioak mutazio honen gai posibleak izaki.

Mutazio hauek bermatzeko, adostasunaren baitan (eta esperientzia kontuan izanda) gehiegizko interpretazioen aurka blindai mota egoki bat bermatzea beharrezkoa litzateke, Kontzertu ekonomikoaren auzia edo LOAPAren historia errepikatzea nahi ez badugu. Eta estatutu berri honetatik at, senatuaren eta auzitegi konstituzionalaren birmoldaketa leudeke aztertzeke.

Erkidegoaren barruko erlazioei begira, Larrazabalek argi zuen barne-egituraren arazoari ekiteko momentua zela, eta ez litzatekeela onargarria izango parlamentuak aldundien oniritzirik gabe barne-egitura hau aldatzeko eskumena lortuko balu. Foru-garaietan bezala, udalerrien papera indartu beharko litzateke baina beti ongizate gizarte sostengarri baten irizpideei begira, efizientzia eta bikoizketa pisutsurik gerta ez dadin.

Azkenik, Nafarroa eta Iparraldeari begira, bakoitzak nahi duena izateko eskubidea bermaturik, euskal lurraldeen arteko anaitasuna bultzatzeko momentua dela uste zuen hizlariak, azken urteetako bizkar emateak zentzurik ez duelako. Nafarroarekin kooperaziorako mekanismo konstituzionalak posible diren heinean, iparraldearekin aukera zuzenena Euro-eskualdea litzateke, euskaldunok elkar ezagutzen dugula esan bai, baina errealitatean folkolretik at sakoneko elkarlanik bultzatzen ez dugulako.

Hasierako logikara itzuliz eta nire iritzia pertsonalera joaz, xedapen gehigarriak, mutazio konstituzionalak eta estatutu berri batek ekar litzakeen onurak eta aukerak erraz ikusi litezke paper gainean. Hala ere, Estatutu Berriak erakutsi digun bezala, ezer adosteko prest ez dagoen Estatu baten eta Gernikako estatutuak jasaten duen blokeo onartezinaren aurrean euskal gizarteak ulertu eta bultzatuko duen irtenbide zuhur eta errealista zein izango den da galdera. Eta horretarako, nire aburu xumean, ezinbestekoa izango da abertzaletasunaren lidergo instituzionalaren berreskuraketa.

Salir de la versión móvil