Azala / Portada » Gorka Etxeberriaren artikuluari egindako xehetesunak

Gorka Etxeberriaren artikuluari egindako xehetesunak

Jon Inchaurraga / Nerea Alonso

Oso interesgarria iruditu zait Gorka Etxeberriak “Epaileei, EAri eta Batasunari esker, Lopez lehendakari” (2009/08/07/) izenpean Deian idatzitako artikulua. Hala ere, zenbait puntu ñabartu nahiko nituzke.

1-     EAren jokabidea:

Etxeberria jaunak oso ondo azaltzen du nola EAk bere interesa abertzaleok herri gisa dauzkagun interesen gainetik ipini dituen. Normala da EAJren irenste hipotetikoari dion beldurra eta ulergarria liteke, beste testuinguru batean, bi alderdiak batera ez joatea (adibidez, idazleak aipatzen duenez, udal hauteskundeetan). Etxeberriak EAren argudioak azpimarratzen ditu, baina EAJrenak ahaztu ditu. Badakit EAren erabakia ulertzen saiatu dela, baina uste dut EAJk egin duen ahalegina aipagarria dela. Ezin dugu ahaztu zein izan den EAk izan duen jarrera bai udal mailan eta baita Jaurlaritza mailan ere. Desadostasunak egon dira, baina desleialtasunak ere bai. Hasteko, EAren buruen aldetik EBBko azken bi presidenteek jasan dituzten irainak. Bazirudien Errazti, Ziarreta eta abarrek Otegiren papera hartu zutela, EAJn negozioen jagolean jokatuz. Segitzeko, ezin dugu ahaztu ere zelan EA saiatu zen Ibarretxeren itxuraz jabetzen. Nola bere gazte erakundeak “Ibarretxe” domeinua erosi zuten Interneten eta nola, “EAJren anbiguotasunaren aurrean”, Lehendakariak egindako proposamena berea balitz bezala aurkezten zuten. Hemerotekak hor daude.

Bestalde, udal mailan, EAren jarrera batzuk oso kritikagarriak dira. Adibidez, Azpeitiako affaire hori, non EAk EAJrekin zeukan akordioa hautsi zuen. Akordio horrek bozkatutako zerrenda errespetatuko zuela argitzen zuen. Eta EAk, Azpeitian zein beste herrietan, ez zuen hitza errespetatu. Badakit herri bakoitza mundu bat dela, baina akordioak errespetatu behar dira.

2-     Batasunaren jarrera:

Oso ados nago Etxeberriak honakoa esaten duenean: “garrantzitsuena haientzat ez zen hurrengo lehendakaria euskalduna ala espainola izatea, baizik eta alderdi moduan indarra erakustea, ilegalizatuta egonda ere, boto asko batzeko gaitasuna zuela”. Salaketa hori funtsezkoa da Batasunaren jarrera ulertzeko. Are gehiago: ENAMak abertzaleak instituzioetatik at ikusi nahi ditu; komenigarria zaie. PSE-EE eta PPrekin bere jarrera biktimista indar dezakeelako, espiralari gogor eusten. Horrek etekin asko ekarriko dizkio, besteak beste, militante berriak. ENAMak aprobetxatuko du garai hau bere jarrerak indartzeko. Gobernu berriaren ahuleziak eta bidegabekeriak hartuz eta jendearen haserreen bidez, bere diskurtso bortitzari zilegitasuna ematen saiatuko dira. Une gordinak oso ondo datozkie.

Hala ere, hurrengo esaldian argudio horri ia indar guztia kendu egin dio, nire ustez, Batasunak (“ENAM” esatea egokiago dela uste dut) EAJri aurpegiratzen dion jarrera berekoia bermatzen duenean. Ez dut esango EAJ ez dela hainbatetan berekoia izan, gizakiok gizaki izaten garen heinean, baina ez dut uste Batasunak, eta ENAMak orokorrean, luzatzen duen kritika zuzena denik. EAJk gauza asko egin ditu herri honen alde, Etxeberriak puntu hori ere aipatzen du; eta eskuzabalegi eta inozoegi jokatu du, gainera. Ekonomian, gizarte ala kultura mailan lortu ditugun aurrerapenak ia isilpean gorde ditugu. Jendeak ez ditu etekinak eta Euzko Jaurlaritzak batzuk bestearekin lotzen. Ez dugu gure lorpenak saltzen jakin, jende askok hori kontuan hartu duen arren.

Horretaz aparte, kritika horri babesa emanez ENAMan argudio demagogikoen jokoan sartzea da. Demokrazia etorri zenetik, ENAMak euskal instituzioen rola desitxuratu nahi izan ditu; batzuetan iruzurtzat hartzen, bestetan buruen duintasuna eta zintzotasuna dudan jartzen.

ENAMak  joko hori abertzaletasunari indarra kentzeko astintzen du. EAJk etsaitzat hartuta eta jomugan, bere lekua hartu nahi izan dute, betidanik. Gobernu berriaren laguntzarekin, EAJn dagoen eremu, nolabait esateko, “independentistagoa”ren desilusioa piztuz jende hori erakartzen ahalegingo da. EAJ autonomista dela argudiatuz, hain zuzen ere. Betiko lez. ENAMak, EArekin egin duen moduan, EAJ bitan zatitu nahi du. EArekin Gipuzkoako militanteei egurra emanez, burukideei keinuek egiten zizkieten bitartean aritu zen. EAJrekin aldrebes arituko dira, ordea. Horregatik, ezin dugu ENAM laguntzat hartu, ezin ditugu iraganean egindako akatsak errepikatu.

3-     Autokritika falta:

Artikulu honetan autokritika pitin bat falta da. Etxeberriak, zehaztu gabe, EAJ-k ta Gobernuak akatsak egin dituela esan du. Aldi berean, badakit artikulu honen helburua ez dela azken gobernuaren checkpoint-a egitea. Hala eta guztiz ere, kritikatxo bat egitea komenigarria litzateke. Ezin diogu bakarrik EA eta Batasunari errua bota. Guk ere, jeltzaleok, erruaren zati bat daukagu.

Nik uste dut, lehen esan dudanez, ez dakigula gure etekinak saltzen. Zenbakiak aztertu eta gero, EAEn Espainian baino egoeran hobean bizi garela argi dago. Ez bakarrik ekonomia edo lanpostu mailan, baizik eta orokorrean. Oso ondo kudeatu dugu dagokiguna (edo utzi digutena) eta horrek boto asko ekarri ditu. Hala ere, nik uste dut beranduegi izan dela. Agian, lehenago aipatu behar genuen, jendeak ez dakielako zeinek eragin duen gaur bizi dugun bizi kalitate hori. Herriak ez du kontuan hartu gure Jaurlaritzek egin duten lana. Hedabideek hori estali egin dute, baina guk ez dugu argiago jokatu. Beharbada, gobernua betiko izango genuela uste genuelako edo harroputz samarrak izan ez garelako.

Dena den, egon den akats nagusia Estatu berriaren estrategia izan da. Ibarretxek egin zuen proposamena oso zuzena zen. Estatu berri bat behar dugu, geurea zahar eta elbarria delako. Gainera, Lehendakariak ederto planteatu zuen. Berak elkarrizketaren aldeko apustu zintzoa egin zuen eta halaxe jokatu zuen. Ahal zen guztietan bere proposamena ondo plazaratzen saiatu zen eta, gainera, oso gizalegetsu izan zen. Hala ere, ez zuen, nire ustez, denbora ondo neurtzen jakin. Plana ezin zen Jaurlaritzaren karta bakarra izan eta denbora luze batean horixe bera izan zen: egunero planaz hitz egiten eta kontsultari bueltaka. Jarrera horrek errealitatetik kanpo zegoela itxura ematen zion, baina ez zen horrela.

Nik uste, proposamena bigarren plano batera pasatu behar izan zuen. Hozkailuan gorde behar izan zuen, edo behintzat, beste proposamenekin nahastu. Ni Estatutu berriaren aldekoa naiz, baina beste batzuk ez dira nire modukoak.

Halaber, jarrera horrek ekarri duen arrasto gaiztoena zera da: lehen EAJ ia alderdi guztiekin akordioetara heldu zitekeen. Gaur egun, soilik alderdi abertzaleekin pakturen bat lor zezakeen. “Zentralitatetik” kanpo geratu gara jeltzaleok. Leku hori PSE-EE-k hartu du, nahiz eta sozialki horrela ez den horrela gertatzen. Baina Lópezek helarazi zuen itxura hori zen eta hedabideen laguntzarekin lortu zuen.

4-     “Euskal koalizio” hori

Eta azken zehaztasunaren ildoari eusten, ez nago ados Etxeberriak proposatzen duenarekin: “Euskal Koalizioa” ez zait batere gustatzen. Arrazoia dauka 4 alderdi daudela esatean, baina nik uste dut alderdi abertzale bakoitzak bere hautesleak dituela. Egia da Alkarbide, EA eta EAJ batera joan litezkeela, baina Aralarrekin zelan lotu? NaBai ondo ibili da, baina Nafarroa beste kontu bat da. Gainera, nik uste dut datozen hauteskundeetan bi eskaintza abertzale ezinbestekoak direla. Bata ezkerrekoa eta bestea gainontzeko eremuak hartzen dituena. Abertzale askok ez dute Aralar edo EAJ bozkatu nahi (ideologiaren arabera).

Bestalde, ezin dugu ahaztu abertzaleen botoak abertzaleak direla eta boto horiek baditugula (bozkatzen duten ala ez duten arren). Baina boto horietaz aparte, asko geratzen dira gureganatzeko. Boto transversal (bai, berba famatu hori) edo vasquista pilo bat dago, eta boto horiek abertzaletasunaren poltsikoetara joan behar dute, ezinbestekoak dira gehiengo izateko. Boto horiek barik ez da EAEn edo Nafarroan aldaketa abertzalerik egongo. Orduan, boto horiek zelan ekar ditzakegu “euskal koalizio” batekin? Uste duzu jendea bueltaka dagoela “erabakitze eskubidearekin”? Nik uste, aldaketa garaia dela eta, jendeak “eguneroko problemak” buruan dituela, euskal gatazkaz nazkatuta edo etsita baitaude (ez dute irtenbiderik ikusten).

Burutzapena:

Guk aire fresko hori ekarri behar dugu. Geu izan behar gara Estatu eta ENAMaren artean burua altxatzen dutenak, diferentea dena. Gu gaude bi molde horien gainetik, gu pertsonei begira gaude (historiak erakutsi duen bezala). Gu giltza izan behar gara. Baina horretarako boto gehiago behar dira. Epaileen erabakiak gure kontra doaz eta baita gure egitura elektorala ere. Ahalegin handiagoa egin behar dugu. Arrazoia duzu, erlojua atzerantz doa eta prest egon behar gara datozen hauteskundeetarako. Denok batera tira egin behar dugu proiektu honen alde. Erabakitze eskubidea berandu baino lehenago helduko da eta euzkotarrok geure etorkizuna idatziko dugu nahi dugun izate politikoarekin. Baina ederto dakiguna egin dezagun: herri hau egunero eraiki.

Geu gara Agirreren baita beste hainbesteren oinordekoak!

Partekatu sare sozalietan / Comparte en redes sociales

Gai honetako beste sarrerak / Otras entradas relacionadas

4 comentarios en «Gorka Etxeberriaren artikuluari egindako xehetesunak»

  1. Gustatu iat artikulua. Etxeberriarena irakurri ez badot be, zeuona bide artzezetik doiala esango neuke nik. Oso gitxik onartzen dabe oindiño abertzaletasunak (bere ordezkari behinenak, EAJk, lelengo) ba dauela autokritikarako ziorik.

    Zuek esandakoagaz ados egonik be, nik beste gai hau aitatuko neuke: Abertzaletasunak gobernuan 30 urte egin dauz, baina ez dau lortu Euskadiren nazio izaera, nazionalisten esparrutik kanpo, gizarteratzea behar dan bezela. Zer jazo ete da? Hori da nazionalismoak bere buruari iegin behar dautson lelengo itauna?

  2. Ados nago orokorrean artikuluan esandakoarekin. Baino betiko akatsa ikusten dut. Non daude EAjren akatsak? Non EAJren desleialtasunak? Eske inoiz ez dira azaltzen. Egia da EA askotan ez dela batere leiala izan. Eta desleialtasunak ordaindu egin behar dira. Ados. Baino zer gertatu zen Gipuzkoan sozietate zergarekin? Eta Jaurlaritzan euskal kurrikulumarekin? Ez dut oroitzen orain zein den eta ulertzen dut horrek sinesgarritasuna kentzen didala, baino EAtik ere entzun ditugu kezak EAJ zerrenda bozkatuena errespetatu ez zuelako, EArekin akordio hori izanda.
    Hortaz, nik ongi deritzot, eta gainera uste dut beharrezkoa dela, EAri kritika egitea bere akatsengatik baino kontxo, agian besteek ere zerbait gaizki egingo zenuten PSE gobernuan egoteko ezta??

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *