Azala / Portada » Beste muga etikoa ere jaso dezagun

Ion Gaztañaga

Hauteskundeen emaitzen zurrumbiloan mugildurik gauden honetan ez da inongo sekretua EAJk PSEri zuzendutako eskaintzak nahikoa hauts harrotu dituela bai komunikabideetan eta baita alderdikideen artean ere. Eskaintza horretako gai nagusienetako bat «muga etikoa jasotzean» zetzan, indarkeriaren aurrean mesprezuaz harantzago joango zen jarrera baten alde, hain zuzen. Jarrera honen alde egon banago, baita indarkeria politikotik at dauden eremuetan ere, eta konkretuki abertzaletasunaren irudi berrituan ezinbestekoa den gai konkretu batean: ustelkerian eta iruzur ekonomikoan.

ENAMek darabilen indarkeriaren aurrean zenbait buruzagik izan duten estrategia gizartearen zati handi batek ulertu ez duela badakigu eta honek nolabaiteko eragina ere izan duela hauteslegoak alderdi abertzaleengan zuen konfidantzan. Beraz, ez da inongo sekretua azken boladan izan diren ustelkeria kasuek ere eragin zuzena izan dutela hauteskueen emaitzetan azken foru hauteskundeetako emaitzek zenbait lekutan erakutsi zuten bezala.

Beraz, EAJren muga etikoaren eskeintza hartuz, ez al litzateke logikoa eta onuragarria izango muga etiko hori ere hautagai, barne-kargu eta kargu publikoen portaeran islada araztea?

Think Gaur-eko emaitzak errepasatu ditut eta administrazioaren erabakien gardentasuna aipartzen badu ere ez du ustelkeriaren eta politikarien diru-sarreren gardentasunaren aldeko neurririk aipatzen. Administrazioen kasuan hor dugu Bilbo Estatuko udaletxe gardenena bezala, Udaletxeen Gardentasunaren Indizearen arabera, baina ez al ditugu hautagai bezala aurkeztu edota hainbat sozietateetarako izendatu behar ditugun pertsonen zuzentasuna bermatzeko bestelako neurririk hartu behar? Ezagunak dira hainbat herrietan hautagaiari egiten dizkieten ogasun eta bestelako ikerketak hautagai egokia dela bermatzeko.

Azken boladan ezagutu ditugun Irun, Jauregi, Balenziaga eta Guggenheim kasuek min egin diote abertzaletasunak zuen irudiari dudarik gabe. Eta konfidantza hau berreskuratzeko modu egokiena ez da «hau ez da berriro gertatuko» edo «gertaera puntualak dira» leloak errepikatzea, neurriak hartzea baizik. Nazioarteko Gardentasuna erakundearen arabera munduan ustelkeria gutxien duten herriak Finlandia, Islandia, Zelanda Berria, Danimarka, Singapur, Suedia, Suitza, Norvegia eta Australia dira eta ez litzateke gaizki etorriko azken hilabeteetako bidaien txostenari eranskin bat gehitzea, gure herrian aplikatzeko asmoz herri aurreratu horietan martxan dauden neurriak aztertzu ondoren.

Ez dezagun ahaztu ustelkeriaren aurkako borroka epe luzekoa dela,  administrazioan ez ezik baloreetan ere aldaketak behar dituelako. Egun tranpak egiten dituena heroitzat hartzen duen telezaborraren eta zintzotasuna inozokeriarekin identifikatzen duen jarrera «modernoa» zale gara eta.

Hiritarrek gobernuari gardentasuna eskatzen dioten neurrian ere ez dezagun ahaztu beste norantzan ere arazoak badaudela gure herrian: orain dela gutxi jakin dugu Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkitu duen BEZa eta Sozietate Zergaren inguruko iruzurraren kopuruaren berri. Nork darama zergen zati handienaren pisu astuna? Neurri konkreturik planteatuko al dugu honen aurrean hiritarren konfidantza berreskuratzeko?

Zorionez abertzaletasunak erantzunkizun instituzional garrantzitsuak ditu oraindik Foru Aldundi eta udaletxeetan eta hor erakusleku aparta du hobekuntzarako ideiarik eta ekintzarik balu. Berritu eta hiritarren konfidantza berreskuratzeko gogorik badago, badago egin eta ikastekorik ustelkeria eta gardentasunean zentraturiko Think Gaur-aren bis baten musikapean.

Partekatu sare sozalietan / Comparte en redes sociales

Gai honetako beste sarrerak / Otras entradas relacionadas

9 comentarios en «Beste muga etikoa ere jaso dezagun»

  1. Gaztañaga, agian oraindik instituzioetan dagoelako ez du neurririk hartuko. Aspaldi entzun ditugu bai PSOE eta PPren kanpainetan korrupzioaren kontrako neurriak hartuko zituztela, baina gero praktikan ez da horrela izan eta hor ditugu azken eskandaluak lekuko.

    Denok dakigu nola finantziatzen diren alderdiak baina «iturgin» bat Gipuzkoako Foru Aldundira aurkeztea marka guztiak hausteko apustua da. Baina tira, hemen inork ez du erantzunkizunik, ez Balentziaga, ez Irunen, ez inon.

    Ea zenbat denbora denbora behar duten sozialistek eskua poltsan sartzeko. Hor ere adi egon behar dugu.

  2. Guzti honek irtenbide bakarra du.

    Garbiketa.

    Aurpegi berriak, forma berriak eta diskurtso berritzaileak.

    Abertzaletasunaren marka gardentasunaren eta zintzotasunaren marka zen, eta jarraitu beharko du izaten, baldin eta gure Euskadi honetan agintzen jarraitu nahi badugu.

  3. Erabat ados nago Maribel. Baina berrikuntza oposizioan izaten da gutxigatik galdu denez eta oraindik foru aldundietan gaudenez ez da berrikuntzarik gertatuko. San Inazioren jarraitzaile asko dago politikarien artean.

  4. Aurpegien berrikuntza onuragarria da nire ustez baina ez du arazorik konpontzen. Gauza da, hainbat herrietan egiten den bezala, hautagaiek inspekzio fiskal sakon bat izan behar al duten eta beren ondasunak deklaratu behar ote dituzten.

    Bestalde, administrazioan bertan ere neurriak hartu daitezke, irungo kasuan gertatu zirenak horren aurkako neurririk ez zegoelako izan baitzen.

    Azken finean, nire proposamena sinplea da. Ikus dezagun zein neurri efektibo dauden munduan gardentasuna alde eta ustelkeriaren aurka eta proposa eta aplika ditzagun gobernuan gauden instituzioetan. Adibidea ematea izan ohi da konbentzitzeko erarik onena.

  5. Guztiok onartzen dugu EAJk bere mezua zabaltzeko eta jendearengana iristeko baliabide mugatuak dituela.Hau dela eta, ezinbestekoa da Irujok bere garaian esan zuen bezala, gauzak besteak baino hobeto egitea gizarteak abertzaletasunean sinetsi dezan.

    Lehen, alderdi gardena eta gestioan bikaintasuna bilatzen zuena ginen. Gaur egun, badirudi horietako zenbait gauza ahaztu ditugula eta besteen akatsetaz baliatzen garela gure hanka-sartzeak ez onartzeko.
    Zenbat alditan entzun dugu azkenaldi honetan «ellos también lo hacen» esaldia? Guggenheim,Irun, Balenziaga kasuak bizi ondoren, niri ez zait balio baieztapen hori.
    Beste batzuek horrelakoak egiten dituztela badakit,are okerragoak ere, baina berdin zait, ez nau lasaitzen.

    Nola da posible lehen aipatutakoak gertatuta, lehendakaritzako gure programan gardentasunari buruzko atalik ez egotea?

    JELtzale izatea, ez da EAJko afiliatua izateagatik lortzen dugun izendapena,askoz haratago doa; bizitzeko modua izan da (eta da) askorentzat, baina badirudi beste askorentzat erretorika kontu hutsa dela…

  6. Horren miresgarria zen alderdi-komunitate izatetik, partido-cotarro batean bilakatu izana leporatu digute eta kasu batzuetan arrazoiarekin.

    Hau aldatu beharra dago, eta gure hasierako espiritura bueltatu behar dugu nolanahi. Hontarako ilusioa behar dugu sortu.

    Egia da beste partiduak berdinak a la okerragoak direla, baino ¿zergatik izan behar dugu besteak bezalakoak? ¿Zergatik ezin gaitezke erabat desberdinak izan?

  7. Batzutan potereak gauzak ahaztarazten dizkigu. Pentsetan dugu gauzak beren bideak jarraituko dituztela, onak zein txarrak. Gure proiektuak finkatuta zegoela uste genuen, ta arrazoi geneukan, noski. Baian ez zen guk uste genuen bezain finkatuta.

    Irun, Zumaia ala Diputaziñoko problemak miñ asko eiten dizkigute. Batez ere, ia-ia hedabide guztiak gure kontra daudelako, ta horiek dira gure iritziak sortzen dituztenak, besteak beste.

    Inor baino gardenagoak izan beharra daukagu.

  8. Benetan pozten naiz gai hau ateratzeaz, eta hain autokritika sakona egiteaz. Autokritika hau derrigorrezkoa da EAJrentzat.

    Hainbeste urtez agintzen egoteak, bizio eta jarrera negatiboak ekarri ditu instituzioetara. Betirako agintzen egongo balira bezela agindu da,(ez kasu guztietan noski) azkenean nahi dena egiten eta zintzotasuna bigarren planoa utziz. Eta hau onartezina da, eta jendea horretaz konturatzen dihoan heinean, nazionalismoarekiko konfidantzak behera egin du, baita EAJak euki duen kudeaketa bikaintasunaren fama hori.

    Horregatik, NOLA DA POSIBLE, THINK GAUR PROZESUAN, GAI HONEK HAIN GARRANTZIA GUTXI IZATEA?? NOLA DA POSIBLE, EUSKO LEGEBILTZARRERAKO PROGRAMAN, EZER EZ JARTZEA GAI HONI BURUZ???

    Euskadi Herri garatua dela argi dago, baina argi eduki dezagun, gardentasun mailan Euskadi Españako mailatik oso gertu dago, eta herri garatuetatik oso urrun. Gure Herriko antolaketa administratiboak (Eusko Jaurlaritza, Diputazioa,Udaletxeak) neurri batean zaildu egiten du transparentzia neurriak ezartzea. Boterea gune indartsu ugari izanda, bakoitzak bere partzela zaintzea bilatu izan da, bestea ikutu gabe.

    Nere ustez hartu behar diren neurriak:

    1-Ionek esan duen bezela, karguen ondasunen informazio gardena eman.

    2-Praktika egokien katalogo moduko bat plazaratu eta betetzera behartu, arau hauek bete ezean, alderditik kanporatzearen mehatxupean.

    3-Subentzioak eta erakunde publikoen kontu guztiak AUDITATU.

    Nere ustez, EAJak duen erronka nagusienetakoa da honi buelta ematea hurrengo urteetan konfidantza berreskuratzeko.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *