Imanol Lizarralde
Marxismo iraultzaileak badu eskakizun demokratikoak eskatzeko modu berezia. Horretarako injustizia dena injustizia larriagoa bilakatu behar da. Eta txarra izan litekeen egoera txarragoa izango balitz bezala saldu behar da. Federiko Krutwig-ek halaxe zioen ETAkoen ideologia iturburu bihurtu zen Vasconia liburuan: «el propagandista deberá como decía Marx hacer parecer la opresión más real y dura al añadir la conciencia de la opresión y hacer el deshonor más deshonroso haciéndolo público».
Nik ez dut jakintza zientifikorik ez soziolinguistikan ez hizkuntza minorizatuen garapenaren arloan. Baina berehala ikusi dut Inazio Agirre, «ezker abertzaleko kidea», Gara-n idatzitako artikuluan («Herria da gorputza, hizkuntza bihotza», Uztailak 22) euskararen egoera gaitzat edukita modu horretako propaganda politiko zuzena egiten ari dela.
Zergatik diot hau? Lehen lehenik ia soluziorik gabeko egoera bat planteatu nahi duelako: «esan liteke euskara bizirik egotetik baino heriotzatik hurbilago dela». Horrelako esanak kasu hontan helburu bat du, modu zikoitzez etsai politikoa seinalatzea salakuntzaren behatzez.
Inazio Agirrek alderdi batzuen kontra eta beste batzuen alde egiten duelako eta hori duelako gai nagusia eta gogoetaren muina. Ezker iraultzailearen ohiko ildoari jarraituz, euskal nortasunari dagokion zeinu garrantzitsuenetakoa (euskara) iskilu bilakaturik, Inazio Agirrek berehala utziko ditu alde batean euskararen etsai zuzenak, PPkoak, PSOEkoak edota txobinista frantsesak direla, EAJ osoki errudun bilakatu nahiez: «azken 30 urteotan EAJk du egindakoaren eta egin gabekoaren ardura. Espainiaren estrategian sartu, eta Autonomia Estatutuarekin Euskal Herriaren ukazioa, lurralde zatiketa, menpeko hizkuntza politika eta legeria onartu baititu». Beraz EAJ da euskararen heriotzako egoeraren erantzule nagusia.
Eta euskarari buruz oso kezkatua dagoenaren itxura egin nahi arren, aipatu gabe uzten ditu euskarazko telebista, administrazio publikoaren euskalduntzea, hezkuntza sistema euskaldun baten ezartzea, euskararen erabilerak zenbait leku eta arloetan emandako aurrerakada… Hainbat madarikatzen duen Estatutu berak euskarari ekarritako onurak isiltzen ditu. Ez al da hori joko zikina egitea? Ez al da hori euskararen benetako etsaia izatea? Lortu ditugun gauzak ezereztu egiten dituelako eta urrutiko intxaurren izaerarik gabeko mundura eraman nahi gaituelako, agenda politiko jakin bat beteki irentsi dezagun euskararen larritasunaren aitzakiaz.
Paradoxa hau behin eta berriz egiaztatzen da artikuluan zehar. Berak dio «EAJren politika» ez dela «fidagarria». Zergatik? «Euskalgintzaren aurka gogor jokatu duelako: AEK, Egunkaria, Kontseilua». Batetik, esan dezagun Inazio Agirrek «euskalgintza» konzeptua MLNVk sortutako erakundeekin nahasi egiten duela, eta, beraz, «euskalgintza» hitzaren esanahia erabat bere interesetara moldatzen duela. Bestetik, Inazio Agirrek ez du aipatzen EAJk erakunde delako horiei egiten dizkien «erasoak» eta aipatu gabe uzten du, berriz ere, hain madarikatzen dituen EAJ eta Estatutuaren eskutik datozela erakunde horiek ezinbestez bizitzeko behar dituzten diru iturriak.
Artikuluan murgiltzen garen arabera ikusten da gero eta gehiago Inazio Agirrek MLNVk abertzaletasunari egiten dizkion kritikak errepikatu egiten dituela, euskara aitzakia bilakaturik EAJk PSOErekin duen «aliantza» seinalatuz eta, batez ere, hau esanez: «Euskararen garapen iraunkorra bermatzeko, Euskal Herriak aldaketa politikoa behar du». Inazio Agirrek ez du inondik inora pentsatu nahi hizkuntza politika eta MLNVren politika banatu daitezkeenik. Berak egindako propagandak dio MLNVren politika izango dela euskara salbatu dezakeen bide bakarra.
Irlandako kasua begiratzea besterik ez dago ikusi al izateko estatu independente baten osaketa ez dagoela derrigorrez hizkuntza berreskurapenarekin lotua. Eta Euskalerriko kasua ikusita antzeman genezake estatu ala autonomi-elkargo izan aurretik pausoak eman direla gure hizkuntza heriotzaren atakatik libratzeko. Baina, noski, Agirreri interesatzen zaio euskararen kausa MLNVren kausarekin lotzea, eta MLNVren agindu politikoak jarraitzen ez baditugu euskara desagertuko dela esatea.
Berak dio «euskal Estatuaren indar derrigortzaile demokratikoa» beharrezkoa dela «euskararen nagusitasuna bermatzeko». Eta estatu hori ez dagoen bitarte horretan, zer egingo dugu? Ez al da Eusko Jaurlaritza estatu aski «indar derrigortzaile demokratikoa» euskal soziologi elektoral eta politikoaren arabera, euskaldunen arteko akordioak ezartzeko? Hori egin baitu, hain zuzen, hizkuntzaren inguruko kontsentsu bat lortu du eta bertan espainiarrak busti ditu eta, beraz, maila batean saihestu ere euskarak duen arriskurik handienetakoa, zatiketa soziala eta politikoaren ikurra izatea. Baina, noski, Inazio Agirre bere ideologia politikoak irudikatzen duen estatu diktatorial batez mintzo da, eta euskara beste aitzaki bat gehiago izango da diktadura hori justifikatzeko. Horretarako balio baitie MLNVkoei euskara: beren asmo totalitarioak zuriduraz hornitzeko.
Hanna Arendt-ek, pentsamendu eta propaganda modu totalitarioaren zeinua guregan larritasuna eta premia sortzea zela zioen, gizakiaren hizpidea konsignen marruen erdian itoa gertatu zedin. Halakoxea da Inazio Agirreren helburua: euskararekiko kezka azpimarratzea horren harira bere ideia politikoak irentsi ditzagun.
Azkenik esan dezagun Espainia aldetik euskararen kontrako erasoak datozenean (ditxosozko Manifiesto-a dela eta) MLNVkoek orduan EAJ eta euskal instituzioak erasotzen dituztela. Bai, euskararen arazoan ere, MLNV da euskaldunok dugun Troiako zaldia.
Badazpada hauren Gara erdaraz ta euskeraz argitaratzen daure…
Nire ustez Inazio Agirre eta antzekoak es dira euskararen etsaiak baizik eta euren kuadrillakoak bezala pentsatzen ez dugunen askatasunaren etsaiak.
Artikulu horren helburua instituzioak gobernatu dituzten alderdi abertzaleek eginiko lorpenak eta ekarpenak txikiagotzea dela nabaria da. Haatik, MLNVek sortuta, kontrolatuta edo erdian sartutako erakundeen eraginak handiagotzen ditu. Badaude beste erakundeak artikulugile honek aintzat hartzen ez dituenak: Elhuyar, Labaien, EIZIE, Eusko Ikaskuntza, ZIO, Klasikoak, eta abar (Euskaltzaindia barne). Dirudienez, erakunde hauei Instituzioek emandako (diru) laguntza bertan behera uzten du Inazio Agirreren argudioketa.
Zoritxarrez, aderdi demokratikoen aurkako hitzontzikeri hauek eragina daukate despistatu askorengan. Gutxiago gustatu zitzaidana izenburuko «berdintza organikoa» da, hots: «Herria da gorputza, hizkuntza da bihotza». Nortzu dira herri-gorputza horrek? Isaias Carrasco azal zokoragarri txiki bat besterik ez zen? Jetzale esku eskuin ustelarik gabe bizitza euskaldunagoa izango du herri-gorputza horrek?
Oso egokia Lizarralderen partetik Hanna Arendt gogora ekartzea. «Eichman in Jerusalem» euskaraz ISBN 84-96455-25-4 Eichmann Jesusalemen (Klasikoak)
70 hamarkadan saiakera ugari argitaratua ziren, gehienak marxismoaren inguru (Iralarena soilik gazteleraz berrargitaratu dira). Egun, euskarazko saiakera ugari argitaratzen ari dira: (ez)jainkoaz, abertzaleez, euskaltzaleez, españolez, nafarrez, etikaz, bioaniztasunez,e.a. Ez dakit ea euskararen (edo askatasunaren) lagunak edo etsaiak izago diren egile horiek. Baina, aukera daukagu gai gehienak euskaraz iritzi/eztabai/ebazteko. Denon esker, elkar txikitu arren.
Ene Kepa Igea:
Etsaiak direla diot euskararen aurrerapenak eta bere kirako ez diren erakundeak aipatzen ez dituztelako eta, beraz, beren estrategia politikoaren menpean jartzen dutelako euskara. Euskara beraientzat haustura ikurra da eta borroka tresna.
Noski badirela MLNVkoen artean euskararen lagunak eta bultzatzaile sutsuak. Baina MLNVren estrategiari mesede egiten dioten heienean euskararen morrointza politiko horren sustatzaile izan daitezke. Beraz kontraesanean dira, MLNV barruko hainbat abertzaleen gisa.
Inazio Agirrek aipatu erakundeak ere bizi dira diru iturri instituzionalari esker, bestera ez bailirateke existituko. ¿Ez al da hori aurpegi gogorra edukitzea, ene laguna?
Eta inazio Agirreren artikuluaren izenburua aipatu duzunez gero, jakina da «herria da gorputza, hizkuntza bihotza» Xabaldor haundiak idatzitako ahapaldiak direla. Hor noski Xalbadorrek izpiritu bati buruz ari da, bihotz bati buruz, eta izpiritua euskara litzateke, euskal estilo eta euskal izaeraren berezitasun guztiekin. Zoritxarrez ezker radikaleko kideek hizkuntza bihotzgabetu eta gorputza deserritu nahi izan dute bere historian zehar ez baitago ezer urrunagorik Xabaldorren pentsakeratik ezker radikalekoek euskal gauzekin egiten duten instrumentalizazio merkea.
Gazteleraz irakurri nuen Arendt-en liburua eta biziki pozten nau ikustea euskaraz agertu dela. Klasikoen saila ikaragarri ona da, eta egokia euskara idatzia eta pentsakera batean landu nahi dutenentzat.
Euskarazko kulturak inoiz izan duen loraldirik ederrenetakoa du gaurregun arlo eta leku askotan. ¿Zeinek esango zukeen Nafarroa euskal idazlez bete zitekeela? Hor ditugu Perurena, Epalza, Gil Bera eta abar. Eta sekula ez du izan euskal literaturak Bernardo Atxagaren pareko enbaxadorerik. Nik biziki gomendatzen dizut Manu Ertzilla bizkaitarraren «Obligazione bat» nobela, euskal gerra zibilari buruzkoa. Azken aldi hontan irakurri dudan gauzarik bikainenetakoa.
Besterik gabe, Kepa, agur bero bat.
Imanol,
Mil esker zure iruzkin argitzaileengatik