Imanol Lizarralde
EHAK taldeko buru den Nekane Erauskinek zenbait adierazpen bota ditu kontsulta eta egoera politikoaren inguruan (Berria, Uztailak 2). Orain urte batzuk bezala, ezker erradikalak bere botoa bitan banatu du. Erauskinek argi dio zergatik:
“Guk ongi azaldu dugu ez garela oztopo izango galdeketa bat egiteko, nahiz eta galdeketa horren aurka gauden”. Lehen puntu hau ez da makala; kontra egon arren aldeko boto bat emateak, hain juxtu proposamenari gehiengoa ematen diona, prozesu oso bat jarri du martxan. Horretaz ohartua dagoela erakusten du esatean: “guk galdeketa bat ez dugula oztopatuko ere esan dugu, baitakigu debekatuko duena Auzitegi Konstituzionala izango dela”.
Erauskinek argi ikusten du Ibarretxeren proposamenak talka egingo duela espainiar legediaren kontra. Eta arrazoi hau ez aipatu arren, pentsatzekoa da ez dela makalena izango aldeko botoa erabakitzerako orduan.
Erauskinen ustetan, “Eragile politiko, sozial eta sindikal guztien akordio politikoa behar da (…) Ibarretxe justu kontrakoa egiten ari da”. Ez da lehen aldia eta ezta azkena izango ere Ezker Erradikaleko buru batek halako piura demokratikoak egiten dituena. Azpimarratu bakarrik aldeko botoa gora-behera Erauskinek argi dioela Ibarretxeren proposamena beren ustearen “justu kontrakoa” dela.
Baina halere badu bere balio taktikoa: “Horrek argi uzten du Konstituzioa muga bat dela, eta hori gainditu beharra dagoela”. Hausturaren mezua ateratzen du Erauskinek azti eta azkar mugimendu taktiko honen zorrotik. Eta gaineratzen du: “Hiruko gobernuko inork ez zuen azaldu zer egingo duen muga hori gainditzeko”. Beraiek, ezker erradikalekoek, antza, badakite zer egin gero.
Nekane Erauskinek, MLNVko beste hainbat buruen antzera, etengabe ari da esaten beren ekimena dela egoera honen sorburua: “Erabakitzeko eskubidearen ateak ez ditu 27ko osoko bilkurak ireki, Lizarra-Garazik baizik”. Eta horren ondorioz, “EAJ kontraesanean dago”. “Kontraesan” horretan egotea da Nekane Erauskin eta MLNVri interesatzen zaiona, beraiek ondutako “erabakitzeko eskubidea”ren bidea egiten eta indartzen ari den bitartean.
Erauskinen ustez arazoaren mamia PNV eta PSOEren arteko ustezko desadostasuna eta funtsezko adostasunean datza: “autogobernu gehiago lortzeko akordioa behar dela diote bai Zapaterok, bai Lopezek, baita Urkulluk ere. Sakonean gauza berbera ari dira esaten EAJ eta PSOE, itxurazko konfrontazioa eginez”. Beraz, eta ondorio elementala da faktore hau, Ezker erradikalari (ala halamoduzko siglez hornituriko bere edonalako erakundeari) PNVren “kontraesana” areagotzea dagokio, eta beren baiezko botoa pauso bat kontsideratu daiteke bide horretan.