Posteado por: aberriberri | abril 19, 2012

ENAMen balioak (1)

Imanol Lizarralde

Euskal Nazio Askapen Mugimendua deritzona bizi dugun gizarte moldearen aurrean eraikitako alternatiba globala da, bere politikak gizartearen alderdi guztiak bereganatu nahi ditu. ENAMen gizarte moldea, jeltzaleen gizarte moldearen kontrakoa da, ez politika desberdina duelako bakarrik; balio desberdinek ematen diote edukia politika horri. Hor dago desberdintasunaren kakoa. Andoni Olariaga filosofoaren artikulu luze eta mamitsuak (Elkarbizitza al da helburua?, Gara, 12-2) horretaz dihardu eta ENAMen balio definizioan kontzeptu bat aukeratu du oinarri bezala: hegemoniaren kontzeptua, Antonio Gramsci teoriko marxistak garatu zuena.

Zer da hegemonia? Olariagak hauxe dio:

“Hegemonia (…) kontzeptu edo gai unibertsalen inguruan esanahi partikular bat finkatzen duen prozesua da, indar sozial batek lidergo politiko, intelektual eta moralaren bidez lor dezakeena, Gramsciren aburuz. Behin indar sozial baten diskurtso eta praktika politiko bat hegemoniko bihurtzen denean, haren balio eta ikuskerak garai historiko oso baterako geratzen direla pentsatzen zuen sardiniarrak”.

“Indar politiko” delako hori ez da, noski, partidu politiko bakarra, indar politiko desberdinak dira, “gai unibertsal” batzuen arabera “esanahi partikular” jakin bat hedatu dutenak. “Giza eskubideak” dira indar politiko mordo horren ideologia bateratzailea eta gai unibertsala. Indar desberdin horiek guztiak Olariagak “ideologia humanista neoliberala”ren zakuan sartzen ditu eta bere ustez “hegemonia” ez da bakarrean eta hutsean ematen, hegemonia lortu nahi duten beste hainbeste indar eta mugimenduekin borrokan baizik. Horregatik, “elkarbizitza balio eta helburu gorena izanik (…) ideologia hori ezinbestean eskumako eta neoliberal bihurtzen da”. Horren kontrako indarrak Olariagak “disidentzia”ren hitz panpoxoaren barruan sartzen ditu.

Olariagak materialismo dialektikoak sortzen dituen hainbat paradoxa aurkezten dizkigu hemen: “elkarbizitza”ren kontzeptuak “zapalkuntzak eta injustiziak” estaltzeko balio omen du; “giza eskubideak” “biolentoak” omen dira (“kapitalismoaren aurrean, are gure gatazka politikoan dagoen korapilo politikoari begira, giza eskubideen diskurtso absolutu eta biolento bat egituratzen du”). Zergatik gertatzen da horrela? Bere esanetan:

“Humanismo horrek, errealitate politiko eta soziala edozein delarik ere, eskubideen defentsa absolutua predikatzen du, giza eskubide zibil eta kolektiboen alde borrokatu eta gizartean praktikan (eta ez teoria manikeo batean) absolutu egiten saiatu direnen kontra, paradoxikoa dirudien arren. Ideologia hau disidentziaren ahotsa isiltzeko instrumentu bilakatzen da, hortaz”.

Dialektikaren labana darabil humanitatea bitan banatzeko. Batetik giza-eskubideen aldeko humanismo teorikoaren aldekoak dira; bestetik “giza eskubide zibil eta kolektiboen alde borrokatu eta gizartean absolutu egiten saiatu” direnak. Banaketa hau era berean globala eta lokala da: munduan kapitalismoaren alde eta kontra direnen artean ematen da, Euskalerrian ENAM eta beste gainontzekoen artekoa da. Argi dago: giza-eskubide zaleak omen direnak ez dituzte giza-eskubideak errespetatzen; baina horien etsaiak “giza-eskubide zibil eta kolektiboak” defendatzen dituzte. Giza-eskubideen teoria, akaso, praktikan jarri nahi al dute disidentziaren zale horiek? Ikus dezagun, horretarako, Olariagak gizabanakoaz duen ikuspegia:

“Giza eskubideak absolutu etikotzat predikatuz, norbanakoa eskubide naturalen jabe eta gizartearen aurretiko subjektu gisa imajinatzen du; hau da, gizabanakoak beren botere erlazio eta erlazio sozialetatik, eta euren hizkuntza, kultura eta ekintza soziala posible egiten duten praktika guztietatik aske imajinatzen ditu, faktore guzti horietatik abstraituz (horregatik, hain zuzen, anti-marxista)”.

Olariagarentzat gizabanakoak ez du berezko baliorik, gizartean eta bere aparailuetan txertatua ez badago eta disidentziarekin bat egiten ez badu. Gizarteak eta bere harremanek ematen diote balioa horrela. Ez dago, ikuspegi honetan, gizabanakoen giza-eskubiderik; gizaki kolektiboek, subjektuek, ematen diote balioa gizabanakoari. Eskubide indibidualak, pertsonaren eskubideak, gizakiari zor zaizkionak, ez dira, hortaz, existitzen. Gizabanakoak eskubideak eduki ditzake lerratzen den bandoaren arabera. Gizaki bat iraultzaren heroia baldin bada, orduan bere biziak ikaragarrizko garrantzia du; baina gizaki hori hegemonia neoliberalaren aldekoa bada, bere biziak ez du ezer ere balio. Are gehiago, gizaki hori hiltzea gauza ona da. Eta hiltzailea, iraultzaren heroia da. Ikustea besterik ez dago ENAMen ETAko militanteek duten estatus mitikoa baieztapen hau egiaztatzeko.

Era berean, artikuluaren egileak ez du aipatzen demokraziaren moldea gure munduan ez dela taiu bakarrekoa; gizakia demokrazia jakobinoetan abstraitu egiten baita baina ez ordea demokrazia anglosaxoietan ez eta foruen euskal demokrazian. Demokrazia moldeak anitzak dira, neoliberalismoaren aurrekoak ere badira eta ehunka urtetako bideari jarraitzen diote. Zergatik ukatu horrelako egitate xinple eta agerikoa?

Esperientzia historikoak erakusten duenez, gizakia “botere erlazio eta erlazio sozial”en arabera soilik epaitzea gizakia gutxiestera garamatza: sarraski eta triskantza handien justifikazioa gertatzen da, Olariagak defendatzen duen disidentziaren arabera. Horretan dago bere paradoxa dialektikoa: giza-eskubide zaleak salatzen ditu, giza-eskubideak betetzen ez dituztelako baina ez du hain argi esaten ere giza-eskubideen kontra dagoela disidentzia sakratuaren ideologia hori (eta noski ere bere praktika). Engainuaren ipotx itsusia azaltzen da hemen burla eta iseka: giza-eskubideak errespetatu behar ez diren arren (gizakiak ez baitu berezko baliorik) giza-eskubide zaleen inkontsekuentzia salatu behar da, disidentziaren mesederako. Horrela hiltzaileak heroi bilakatuko dira, disidentziaren hegemoniaren borrokan.

Gizakia “botere erlazio eta erlazio sozial”en ondorioa dela esatea, egi erdia izanik, bere bakarrean gezur ustela gertatzen da gizakiak ez baitira botere erlazioen fruitu eta “erlazio sozial” delako horiek, gizakien arteko erlazioak direlako. Puntu honetan, filosofoak berak salatutako gizakiaren abstrakzioaren bekatu larrian erori da. Hizkuntzak, kulturak, ekintza sozialak ez dute berezko bizirik Gizakiaren biziaren ondorio direlako, gizarte bera bezala. “Botere erlazioak” ere gizakien artekoak dira. Gizaki konkretua aita-ama batzuen seme-alaba da eta Olariagaren marxismoak hegemoniaren borroka azpimarratzerakoan eta faktore nagusi bilakatzerakoan gizakiari gizatasuna kendu egiten dio. Borroka eta zapalkuntza guztien gainetik eta horien zeharka gizakia belaunaldiz belaunaldi jaio eta bizi izan da, zergatik? lurraren fruitu delako, natura ere delako, gizarte konplexuak sortu aurretik familiak eta etxeak existitzen zirelako.

Olariagak gizabanakoa subjektu kolektiboen eraikuntzaren morroi bihurtu nahi du. Gure arbasoek ez zuten horrela pentsatzen. Beraiek gizakiaren dimentsio kolektiboa “etxea”n ala “baserria”n ikusten zuten. Gizakia etxerako ala baserrirako egina zen; baina gizabanakoa askea zen etxetik eta baserritik aldegiteko. ENAMek ordea diziplina militarra eskatzen die bere militanteei, kolektibotik kanpora badoaz traidoreak dira. Eta filosofia horren arabera, batean gizakia eta euskaldunaren nortasuna ukatu egiten ditu Olariagak

About these ads

Responses

  1. Susmagarria goitik behera Olariagaren antzeko artikulu hau. Beste leku, giro edota garai batzuetan agian eremu intelektual ( xede ideologiko oso ageriko bat tarteko ere) oso zehatz baten baitatik sorturiko horietako bat izan zitekeen, gutxi-asko irizkide zuen publiko baterako ere eginik berau. Baina, ez gaitezen engaina, gatozen gurera, eta ikustagun nork, non eta zer inguruabarretik idazten duen, hau, honela eta orain. Eta honek ez luke inondik A. Olariaga bera ustekabean arrapatu behar, izan ere. bera baitugu klar bezain argi azpimarratzen subjetua teoriko eta ingurabarretik ateratakoaren salaketan. Subjektu abstraktu baten gainean erakitako edozein etika edota giza eskubideen gaineko diskurtsoa zeharo tranpati eta maltzurra dugula diosku; ederra hortaz beraren artikulo hau. Hor ere salatu nahi duen enaginu-estrategiaz (“ikuskera razionalista horietan baztertu egiten da, hain zuzen, subjektu demokratiko baten existentziaren baldintzak zeintzuk diren definitzeko auzia”) dago zeharo blaiturik bere diskurtsoa.
    Bere artikulo honek zer edo zer baldin badu ezaugarri, inondik ez idatzia dirudikeela da lehenengo itxura batean. Jakin, badakigu baina gurearen gainean ari dela ( aurrez Olariaga bera gutxi-asko ezaguturik, Gara egunkarian eta bake prozesuari auzpoa emate aldera dela idatzirik edo pentsatuta); Izan ere, gizarte-baldintzetatik kanponko delako aurretiazko subjetu hori ari baitzaigu hizketan Olariagaren ahotan. Olariagaren ibilbide biografikoa bazter utzirik ere, ez dago esaterik intelektualki bere kaxa eta nahierara ari zaigunik, denok baitakigu ondo jakin ere, zer zeraren bozeramale dugun, zer atzealde barnebiltzen duten bere aitorrek. Halere, bere artikuluaren nondik norakoari dagokionez, ez dugu, ez, Euskalerrian pairatu izan den etengabeko eskubideen urraketaren aipamen apur txikienik ikusten. Urraketak, hein batean, alde bietan aurki ditzakegunik ezin inork uka. Bera, dena den, ez da ezta gatazkaren alde bikotasun delako hori faltsuki orekatzen ahalegintzen ere. Bere parrakoiakoek ohi ez bezala, berorrek bortxa hori desitxuratze-ahalegin horretan eginahal txikienik ere ez du egiten; ausartki, inongo lotsarik gabe, estruktura-efektu errepresioei besteri ez dio kontu egiten. Nondik ari zaigu bada Olariaga jauna, hamarkadeetan herri honen kaleak gorriztatu duten odol-isuriketek ez al dute lekurik bere argazkian? Estruktura al dugu gure herri eta txokoetan bizi izan dugun kanposantuko bake madarikatuaren erantzule? Gazte dugu Olariaga jauna, bere oinetakoek ziuraskoan ez dute sekulan odol-zipriztinik ezagutu; halere, behar da gero lotsa falta, inguruabarretik ateratako subjetuaren etika salatzeko nondik eta inondikotasun ezatiko diskurtso honelako batetik.
    Estruktura-bortxari dagokionez, badakigu egungo eguneko gizarte-errealitatearen hutsune eta huts nabarmenei kontu egitea zilegia dela, areago oraindik ere, errotikako kritikak ere behar-beharrezkoak direla. Horretan dudarik ez; ideología ahul-ahuleko post-modernia honetan merkatu-sistema da askotan berenez gailentzen den ideología bakar eta soila; berorrek, lasai eta oztoporik gabe, egin ditzake bereak, maltzurki eta bihotzgabeki eta asko-askotan merkatu delako hori uholde natural eta berezkoa dugula, emendaezina dugula sinestarazten zaigu; hor ere, gutxi-gorabehera askok etor gaitezke bat. Baina estruktura? non, hortaz, politikarako abaguneak?. Badakigu denak egunetik egunera gero eta kolore bakarrekoagoa izatera jotzen duela, badakigu alderdien programak gero eta berdinagoak direla. Ezin ideologizatuagoa, baina, errealitatearen Olariagaren ikuskera; kolore bakarreko argazki honetan non soil-soil bere aldea (Euskalerrian, nonbait, iraganik izan ez duen alde ez-adierazitako bat) den salbatzen. Bere mugimenduaren izaera eta berori deskribatuko lukeen iraganeko praxiaren gaineko iluntasuna iraingarria bada ere, bortxazko iragan beltz hori eman izan ez balitz ere, egiten duen sistemaren argazki kolore bakarreko hori, non dena da estruktura, mugimendu zeharo ideologizatu baten baitatik soilik egin liteke, eta ez inolaz subjetu erreal eta aske helburu duen jarrera batetik.
    Gorago esan bezala, eman izan den bortxa berdin-berdinki bi aldetik eman izan dela sinestarazi nahi izan digute beti mundu honetatik: areago gaurko egunetan ere, amaiera-kontakizun edo errelato polit bat bilatu nahi den honetan, hamarkadetan borrero profesionalak izan ditugun horien asegarri. Olariaga, dena den, askoz ere ausartago dagerkigu bere diskurtsoan; bere engainuzko indondikotasun-eza ideologiko honek zerarako ematen dio bide, alegia, besteen etxea sostengatzen duten oinarriak gaitzesteko (estruktura kapitalista edo demokraziarena deritzona), eta bien bitartean, berak faltsuki subjetu erreal eta historikoaren duintasunaren alde egiten du . Sistema hau eta berau sostegatzen duen oinarria bidegabea da alderik alde, diosku, efektu errepresibo eta kriminalez beterik egonaz harago, beroiek zuzenarazteko borondaterik izan ez eta zeharbideko akziden sahiestezintzat jotzen ditu sistemak berak. Honi dagokionez, Olariaga linbotik ere zaigu mintzo, berau ere, Eskalerrian zeharo ideologizatua den mugimendu batetik ari ez bailitzaigun. Bere kontestutik, bere baldintzeetatik ez aterateko subjetu erreal baten alde eginez, gizarte-baldintzetatik ateko edozein giza-eskubideren absolutizazioaren kontra eginez, eman dezake Olaraiagak ez duela hitz egiten egiten dueneko mugimendutik. Honelako aldezpena baina, irigarria bezain iraingarria dugu mugimendu honen aldezle baten ahotik, honakoan Olariagarenean.

  2. Benetan farregarria, Olariagak “disidenteak” deitzen die ezker abertzalekoei, sobiet batasunan komunismoaren zapalketaren kontra altxa zirenen modura. Tipo hauek buelta ematen diote edozer gauzari.

  3. Oso bitxiak dira disidenten jokaerak: beraien buruei “disidente” deitu, baina disidentzia maite barik. Kurioso behintzat.

  4. Bai, egia Martin, kasu hontan disidentziaren disidenteak ez dira disidenteak.

  5. Oso artikulo ona, Imanol.
    Olariagaren ahotan, zera ikusten dugu: XX. Mendeko ieologia totalitario guzti-guztien hastapenentan erabili izan zuten amu-harria hastapenetako; hemen Olariagaren kasuan, ENAMeko bozeramaile teorizatzaile-eginkizunetan, hasiera batean gazte ondo trebatu, intelektual-bide harturiko eta, oro har, etorkizuneko justizia baten aldezle datorkigu bere hausnarketekin. Ez gaitu, baina, ezustean harrapatzen jada gaztetxo saiatuak. Imanolek ezin hobeki adierazita gero, alperrik berriz ere errepikatzen hastea, baina, hasteko eta bat, eta teorizazio hauetan galdu egiten, edota ohituratik ez duen ororentzako, gauza sinple-sinple eta goxo-goxo adierazi daiteke: nortzuen eta ENAMi oinarri eman nahi dientenen ahotik entzun behar izatea honelako etika-fineziak, “por los hechos bien que le conocemos”, zer hasi behar dira orain lekzio emanka?
    Edozeinetara ere, hemen zera ikusten dugu Olariagaren artikuloan, ideologia deuseztatzaile XX. Mendeko guztietan ikusirikoa, ezker zein eskuin muturrekoak izan, eta hau da hain justu: beraien uste/esanetan, norbanako bakoitzaren duintasuna, berorren gaineko aitorra, eta ondotik aitorturiko eskubide oinarrizko guziak ez dira bigarren estadioan erneak baino. Hiritarra zein gizabanakoa sistemaren baitatik eta berorren zer-nolakatik zer-nolakotzen da. Lehenik eta bat, sistema definitu eta hertsitu behar, aurrena markoa, aurrena taldea ondo definitu behar da eta beraien aurretiazko ideologiaz ondo koloreztatu. Gerora etorriko da sistemaren neurrira eginiko gizabanakoa.
    Giza-eskubide mendebaldarrak, berak kritikatzen dituen horiek, horiek ere ez dira naturalak, nork ukatuko. Marko iritsi baten baitatik jaioak baitira, baina delako marko ez da kolore bakarrekoa, berak hala ikusten tematzen bada ere (Imanolek ondo dio: berdinak al dira, bada, demokrazia guziak?). Baina askosaz ere inportanteagoa dena: Kulturalak, sortuak, eta gizarte-molde-marko batetikoak izanik ere, euren teorizazioan, sortuak izan direneko sitemari berari eginten diote gainezka, eta sistema berretsi edo gaitzetsi dezakete: esaterako, 48.eko giza-eskubideen aitorra, demokrazia molde batzuen baitatik jaio ziren, tradizio konkretu batetik alegia, baina erakutsian jarri da demokraziei beroiei gailentzen zaizkiela, hau da, giza-eskubide direlako horietako hainbat eta hainbat, honela edo halatsu, ez dira errespetatuak izaten ari; zer esan nahi du honek, bada?, ba, giza-ezkubide horiek, taldearen baitatik jaioak izanik ere, taldearen berenezko definizio eta egungo eguneko errealitatea superatuz, taldearen beraren aurretik jartzen dira eta kornologikoki ez bada ere, denok dakigula gure demokraziek huts egiten dutela; baina zergatik dakigu bada tronpatzen direla? Bada, oso presente dugulako norbanakoaren eta berorren duintasuna bermatzea taldearen aurretiko dela, nahiz ideia hori taldearen baitatik sortu den.


Deja un comentario

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s

Categorías

Seguir

Recibe cada nueva publicación en tu buzón de correo electrónico.

Únete a otros 35 seguidores

A %d blogueros les gusta esto: