Azala / Portada » Ukrainiako Gerra eta Ezker Abertzalearen estrategia mediatikoa

Ukrainiako Gerra eta Ezker Abertzalearen estrategia mediatikoa

Julen Gartzia

Gogora dezagun historia piska bat. 80 hamarkadaren bukaeran, Berlingo Harresia erori zenean, hamaika herrialdeek independentzia aldarrikatu eta lortu zuten. Sobiet Batasuneko hainbat errepubliken kasua izan zen, tartean Ukrainia zela. Komunismoaren ustezko erorketak irudi zuen herrien askatasuna ekarriko zuela. Ba une horretan ezker abertzaleak bere historian jasandako krisirik larriena pairatu zuen. 1989-1992ko garaia zen hura. Argeleko negoziaketaren ostea, Leizarango Autobidearen borrokaldia, Bidart-eko erorketa, atzerapausu elektorala, katastrofe geopolitikoa…

Honekin zera esan nahiko nuke. Espezialista historiko gehienek ezker abertzalearen kondaira euskal abertzaletasunarekin lotzen dute. Aldiz, historiaren mugarriek erakusten digute nazioarteko haizeek baldintzatzen dutela bereziki bere ildoa eta bere indarra. ETAren ildo politiko-militarra 68an sortu zen, munduko ezkerrak orain arruntak diren subjektu-iraultzaile, ala iraultzarako sektore berriak, bilatzen zituenean. Garai horietan, ofentsiban ziren alderdi komunista klasikoak eta alderdi iraultzaile berriak, erakunde armatu iraultzaileak barne. Hauek guztiek porrot egitean, ezker abertzaleak berdinki porrot egin zuen.

Mundu ezkerraren krisialdi baten ondorioz egin zen Ukrainia bere buruaren jabe. Krisi horrek ezker abertzalea kolpatu zuen. Ukrainiako independentziaren kausa jatorriz ezker abertzalearen joeren kontrakoa gertatu da. Horregatik, arazo horren aurrean, ezinezkoa zaio abertzale itxura bat gordetzea. Ezinezkoa zaio xinpleki esatea: euskal abertzale gisa gure herriaren buru jabetzaren alde garen bezala, Ukrainiako herriaren buru jabetzaren alde gara ere.

Marxek zioen kontraesanak gordinki elkarri joka ari direnean, orduan agerian gelditzen direla talde desberdinen benetako interesak. Hori gertatu zaio ezker abertzaleari. Errusiak Ukrainia inbaditu duenean, bere sakoneko ideologia azaldu behar izan duela. Baina itxura abertzalea gorde behar duenez gero, estrategia mediatiko berezi bat jarri du martxan, itxura hori egoera berrian beztitu arren. Hiru dira dituen ildo nagusiak: 1) Pakezaletasuna; 2) Ekidistantzia; 3) Objetibotasun mediatikoaren beharra.

Pakezaletasuna

Arnaldo Otegi errepikatzen ari da mezu berdina: Bildu inbasioaren kontra dago baina Ukrainiari armak ematearen kontra, honek suposatuko lukeelako «konflagrazio nuklearra»-ren arriskua. Bilduko bozeramaileak indarra ematen dio Putinek egindako mehatxu-xantaiari eta, era berean, Ukrainiako herria inbasioaren aurrean defentsarik gabe utzi nahi du. Inbasioaren kontra egotea, inbasio honi kontra egitea suposatzen duelako, eta ez, berak proposatu bezala, Ukrainiako herria Putinen tankeen menpe uztea.

Ezker abertzaleak ETAren ekintza «erresistentzia» eta «herri erantzuna» bezala justifikatu du, baina Ukrainiako herriak, egoera larriagoan, ez du ETAri aitortzen dion eskubiderik. Erakunde armatu batek bai baina herri eta gobernu batek ez. Horren guztiaren ondorioz, oraingo egoeran, ezker abertzalearen betiko interes geopolitikoak babeste arren, «pakezaletasuna» da bere bandera. Putinek gerra sortu du eta hark sortu eta gero ezker abertzaleak «pakea» nahiko luke, bi aldeak berdinki tratatuz.

Floren Aoiz, Iratzar fundazioaren presidentea, areago doa. Hipokrita deitzen die «gogorkeriaz defendatzen den guztia zilegitasun gabe gelditzen da» esan eta era berean Ukrainiako herriari armak eman nahi duten horiei. Antza denez, Aoizek ez du kontuan hartu nahi gogorkeriaren aurrean edozeinek -berak eta beretarrek ez beste- antzeman dezakeela defentsarako eskubidea. Eskubide hori ukatu egiten dio Ukrainiako herriari, «eskalada» bat gertatu daitekelaren aitzakiaz eta esanez Ukrainiaren aldeko elkartasuna «aldarrikapen eraldatzaileak» kriminalizatzeko trikimailua direla.

Ezker abertzaleko bozeramaileek garai batean ETAk zuen toki berdinean jarri dute Putin: hor dago hiltzeko makina eta berari men egin behar zaio, bestela, malo! Putinen Errusiak botatako erasoaren itzalaren aurrean, Bilduk eta Otegik Troia zaldiaren papera betetzen ari dira. ETAren kasuan bezala diote: mamuari ezin zaio aurre egin, etsi behar da, berari amore eman.

Ekidistantzia

Asier Azpilikuetak, LAB sindikatuko kazetariak, zera dio:

Putin purifikazioaz hizketan entzuten dut, eta Ukrainaren alde jartzen naiz. Ukrainak hamaika alderdi legez kanpo uzten ditu, eta Errusiaren alde jartzen naiz. Errusiak hango eta hemengo herriguneak bonbardatzen ditu, eta Ukrainaren alde jartzen naiz. Ukrainako naziek kale erdian egiten dituzten torturak saioak ikusten ditut, eta Errusiaren alde jartzen naiz.

Ekidistantziarekin gertatu daiteke gauza desberdinak balantza berdinean jartzea eta Azpilikuetak gauza horiek balantzan jartzean, pixu berdinekotzat juzkatzen ditu. Baina ez da pisu berdinekoa lau katu diren Ukrainiako nazi batzuen itxurakeriak eta Errusiako tankeek egiten ari diren sarraskiak. Ez da berdina gerra garaiean Errusiaren alde diren alderdiak legez kanpora jartzea, eta Putinek aspaldidanik egiten ari den garbiketa mediatiko zein politikoa, Errusiaren barnean.

Iosu Perales kazetariari gauza beretsua gertatzen zaio, balantza berdinean jartzen baititu Tchaikovsky konpositore errusoak ez dakigu non jasandako debekua eta Putinen inbasioa. Eta gainera ez du Europar Batasuna handitzerik nahi, Ukrainia sartzean «eskubirako joera» markatuko lukeelako. Umeak sarraskituak dira, miloika errefuxiatu iheska dabiltza eta Peralesek eskubia eta ezkerra aipatzen dizkigu, mamu irrealaz mamu erreala orekatzeko asmoz.

Ekidistantziaren joku honek borreroa eta pairatzailea maila eta ardura berdinean jarri nahi ditu eta hori aberrazio politiko-etikoa da zinez. Balio du estrategia mediatiko bat tajutzeko baina errealitatearen erabateko desitxura dakar. Mozorro abertzaleari orain mozorro ekidistantea gaineratzen zaio, gauzak garbi izan behar direnean dena lanbrotuz.

Objetibotasun mediatikoa

Pakezale, ekidistanteak eta objetibotasun mediatikoren aldeko gisa ageri nahi zaizkigu bozeramaile hauek. «Gerra honetan bi parteak ari dira gezurrak esaten», dio Peralesek. Gauzak zehatz mehatz argitzen ez badira, horrelako adierazpen batek izango luke sineskortasun kutsurik. Arazoa da jakin badakigula Putinen beste interbentzioen nondik-norakoa eta martxan jarri duen «Gerra Hibridoa»n, informazio mezuek garrantzi handia dutela. Normalizatua duela desinformazio aparailu oso bat.

Aparailu horrek, Gerra Hotzetik eta Sobiet Batasunaren garaitik funtzionatzen duena, bere osagarri ditu Putinek mendebaldean dauzkan ohiko txotxongiloak eta aliatuak. Ezker muturreko alderdi askok, ezker abertzalea barne, horren funtzioa betetzen dute, Errusiak eraso armatu bat egin bakoitzean martxan jartzen dena zehaztasun osoz.

Esan gabe doa Putinek Errusian sekulako itxidura mediatikoa inposatu duela. Bere etxean aldebakarreko mezua ezarri duela. Aldiz, gu, hemen, mendebaldeko demokrazia kaxkarretan, mezu asko ditugu, tartean Azpilikueta, Perales eta aztertzera goazen Txema Ramírez de la Piscina-rena. Objetibotasun mediatikoaren araua bi lurzoru erabat desberdinetan aplikatu beharko litzateke. Eta gure hiru hauek ez dute hori egiten. Ez dute esaten, leku batean askatasuna dago eta bestean ez (Putinen Errusian). Ez dute esaten, leku batean mezuak anitzak eta kontrajarriak izan daitezke eta bestean ez.

Txema Ramírez de la Piscinak esaten du «orain gerra garaian, alde bateko zein besteko, ia infinituraino biderkatu dira zentsurak, gezurrak eta desinformazioak». Maila berdinean jartzen ditu Putinen desinformazio gerra-makina eta hemen mendebaldean dugun iritzi eta prentsa askatasuna. Berak dio «kazetaritza asketzat hartzen dut, iturriak kontrastatu ondoren, herritarrei errealitatearen kontakizun minimoki koherentea eskaintzen saiatzen den jardun profesionala». Eta gero esaten du, Ukrainiaren inbasioaren aurreko «Donbasseko gerra» delakoari buruz: «Bertan izandako gertaera larriak apenas agertu diren gure agendan. Han, Ukrainako armada izan da eskolak, ospitaleak eta zibilak bonbardatu dituena, baina irudiok gutxitan iritsi zaizkigu». Horrelako baieztapen gordina bermatzeko ez du iturri kontrastaturik ipintzen. Orduan, Txemari sinistu beharko diogu itsu-itsu? Gerraren bi liderretaz hauxe dio:

Gerraren protagonistak: Volodimir Zelenski eta Vladimir Putin. Oso estilo, janzkera eta komunikatzeko modu desberdinak erabiltzen dituzte (…). Gertukoa eta zuzena lehena, hotza eta gogorra bigarrena. Volodimirri nabari zaio interpretazio mundua menperatzen duela. Ederki kudeatzen du zirraren zaldiko-maldikoa. Vladimirren zehar begirunea, ordea, arimaren plegurik ñimiñoena ere izozteko gai da. Heroi eta bilau perfektu hauen errepresentazioa ezin hobeto egokitu zaio ikuskizunaren dinamikan instalatuta dagoen egungo sistema komunikatiboari.

Ikuspegi honek noski deliberatu nahi gaitu ondorio batetara. Zelensky eta Putinen arteko estereotipoen banaketa (bata gaztea eta modernoa, bestea zaharkitua eta hotza) axalekoak direla, manikeismo hutsaren adierazgarri. Baina Oscar Wildek arteari eta biziari buruz mintzo zenean bezala, batzutan errealitateak klitxe mediatikoak imitatzen ditu. Horri justizia poetikoa deitzen zaio. Zelenskyk ez du Putinek bezala Errusiar armadaren indar militarrik, baina bai irudi mediatikoa.

Mendebaldeko hedabide nagusiek batzutan errealitatea desitxuratu dezakete baina, hein honi dagokionez, egia hutsa ari dira islatzen. Zelensky bere herriaren zortea partekatu nahi izan duen gizona delako, eta Putin ordea bazkari batean hiru dastatzaile profesional dauzkan paranoiko gerra sortzailea, bere aurreko Stalin mirestuaren antzekoa.

Gauzak argi direnean ez ditugu konplikatu behar nahiz eta errealitateak beti konplexutasunik eduki. Konplexutasunaren izenean, errealitatea nahastea, hori da ezker abertzalearen estrategia mediatikoaren ondorio nagusia. Lau bozeramaile mediatiko hauek, Arnaldo Otegiren bideari jarraituz, esku batekin ematen dute eta bestearekin kendu. Hori ez da pakezale izatea, ez benetan.

Partekatu sare sozalietan / Comparte en redes sociales

Gai honetako beste sarrerak / Otras entradas relacionadas

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *