Azala / Portada » Herrigintzaren ubide zentralaz (3)

Joxan Rekondo

team-collaboration4. UBIDEGINTZA EDO LUBAKIGINTZA. Etor gaitezen berriro gaurko egunera. Izurritea guztion kalterako etorri zaigu. Agian horregatik utzi dizkigun irakaspenak ere probetxugarriak izan dira denontzat. Ikusi ahal izan dugu zenbateraino garen kalteberak. Aita Barandiaranekin batera konkluitu genezake esanaz ez garela guztiz gure baitakoak. Esan ohi denez, baina, ez da gaitzik onik ez dakarrenik.

Guztion kaltea ikusita, krisia guztion ongia bermatzeko dauzkagun baliabideen sendotasunaz gogoetatzeko aukera bezala baliatu ahal izan dugu. Ondorenez, komunean partekatzen ditugun eraketa eta baliabide guztiak indartu behar ditugunean bat gatozela dirudi. Komunikabide publikoetan, komunitatea bihurtu da hizketagai nagusia. ‘Komuna’ dugunaren bilaketa marko partekatua izatera iritsi da. Beste gauza bat da hitzak esan nahi duenaz zenbaterainoko bat etortzea dagoen. Askotan, hitz berberak erabiliagatik ere, hitz horiei ematen diegun esanahi kontrajarrietan lubakitzen gara.

Pizkunde komunitarioa nahi bada, ikusita dago ezin dela ertzetatik sostengatu. Komunitatea ezin eraiki edo eutsi daiteke ertz horietako bakar batean (ezkerrekoa edo eskubikoa dela) oina hartuta, ezpada lur-zoru komunean zimendatzen den zentralitate zabal (‘ubide zentral’) batetik. Ubidegintzak tinka dezake komunitatea, lubakigintzak ordea makaldu. Horretarako, lur-zoruaren finkamendua klabea da. Eta zoruaren garrantzia azpimarratzen dugunean, gutxienez bi kako nabarmendu beharko lirateke. Aurrenekoa, nekez jarri daitekeela ezer komunean gutxieneko zoru etiko-moral (zentzumen) komunik partekatzen ez denean. Bigarrena, gizartearen egitura komunak berrindartu beharrez arkitzen garenean, gizakiari dagokiona dela egunero bizi dituen elkarteetatik (etxea, lantegia, auzoa) hastea.

Elkarte horietan, elkarkide garela egiaztatzeko era bakarra elkarrekiko konpromisuak hartu eta betetzea da. Ardurak hartu eta elkarlanean aritu gabe ezin topa daiteke bilatzen ari garen guztion ongia. Gogora dezagun ubide zentralaren ezaugarrietako behinena lankidetza izan dela, auzo-herrietatik eta lantegietatik hasi dena.

Orainaldiko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko gai izango litzatekeen herrigintza antzeko oinarrietan sostengatu beharko litzateke. Munduaren bilakaerari begira, prospektiba askotarikoak asma daitezke, estrategia ezberdinen arabera heda daitezkeenak. Baina, lehia estrategikoaz aparte, zaila da jakitea ematen ari den desafio antropologikoari aurre egiteko gertu ote garen. Beti izan den bezala, giza kondizioaren itaun nagusien erantzuna  dago jokoan. Pako Garmendiak esango lukeen bezala, zertatik eta zertarako bizi eta nola elkarbizi.

Egunerokoan eta hurbilenekoan bizi dugu desafio hori. “Egun bakoitzak baitakar bere zeregina, ekintzetan gauzatzen da bizitzaren grina”, kantatzen zion Euskal Herriari gure adiskide Letek. Aholkurik egokiena hori da. Behar larrienei, esfortzurik apalenetik hasita, egunerokoan erantzutearen emaitzaz lortu baititugu garaipenik haundienak. Urratsez urrats, baina denbora luzearen ikuspegiarekin. Euskal herrigintzan, hortaz, ekinbide horietatik ikasitakoan jarri behar genuke arretarik nagusiena.

Partekatu sare sozalietan / Comparte en redes sociales

Gai honetako beste sarrerak / Otras entradas relacionadas

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *