Azala / Portada » Galarreta ispilu

Iñaki Galdos Amentzerauta blogean (2018ko otsailaren 20an Berria egunkarian argitaratutako artikulua)

Erremontearen Eguna ospatu zen pasa den ostiralean Hernaniko Galarretan, batik bat euskal pilotaren modalitate hau ezagutarazi eta suspertzeko helburuarekin, baina baita aldarrikapen puntu batekin ere, izan ere erakundeen partetik beste senideek (eskuak, xisterak, palak) jasotzen dutena baino askoz ere laguntza txikiagoa jasotzen baitu erremonteak, Oriamendi 2010 enpresako arduradunek salatzen dutenez.

Juanito Moya nafarrak 1904an lehen urratsa eman zuenetik ez dira makalak izan erremonteak bizi izan dituen gorabeherak: Urrezko garaia Euskal Herrian eta atzerrian, krisiak, susperraldiak… eta aspaldion agonia luze samarra, bizirauteaz at helburu berririk ezarri ezinik, Jose Mari Barrenetxeak berriki aitortu duenez. Fundazio bat eta enpresa bat tresna gisa, sekulakoa da pilotarietatik hasita erremontearen familia egiten ari den ahalegina. Galarreta da euren gotorleku ia bakarra, 1970an Orioko erromantiko batzuek sortutako pilotaleku ederra, beste pilotaleku askok bezala Jai-Alai abizena duena, nahiz eta jaia eta alaitasuna oso noizbehinka agertzen diren gonbidatuak izan. 500.000 euroko aurrekontua dute urtero, euskal futbolariren batzuek urtean kobratzen omen dutenaren hamarretik bat!

Iruditzen zait erremontearena (edo euskal pilotako gainerako modalitateena, edo herri kirolena) Euskal Herrian oro har bizi dugun egoeraren ispilu ederra dela, gure gabeziak eta miseriak agerian uzten dituena. Eusko Legebiltzarreko autogobernuaren inguruko lantalderako aurkeztu berriak dituzte proposamenak alderdi politikoek. Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako proposamenak. Nafarroan eta Iparraldean ere gogoeta franko ikusten ari gara etorkizunera begira. Ez dira gutxi aspaldion hainbat eragile politikoren txosten, ponentzia eta etorkizunerako proposamenak, arretaz irakurtzen ari garenak. Baina aitortu beharra daukat, gero eta etsipen puntu handiagoarekin jarraitzen ditudala, ez ekarpen interesgarriak ez direlako, denboran urrutiegi ikusten ditudalako baizik, eta ni bitartean gertatzen ari denak kezkatzen nauelako bereziki.

Bitartean. Ustez gure etorkizuna bermatuko duten eta gaitz guztietatik sendatuko gaituzten independentzia, estatus politiko berria(k), nazio forala edo dena delakoak iritsi bitartean, zantzu kezkagarriak ikusten ditugu batzuok. Eta ez, dena ez da gure erakundeen errua, ezta Madril eta Parisikoena ere. Inork ez digu galarazten euskal prentsaren harpidedun, erosle edota laguntzaile izatea; inork ere ez hainbat esparrutako euskal sortzaileen jarraitzaile eta kontsumitzaile izatea. Inork ez die herritarrei esan oso kolokan egon den Baztandarren Biltzarraren antolakuntzan (edo beste hainbat ekimenetan) parte hartu ezin dutenik. Inork ez du jarri 150 pertsonatan astero Galarretara joan daitekeen pilotazaleen kupoa, Euskal Herrian goza daitekeen ikuskizun ederrenetako bat ikustera portzierto. Ponentzia, estrategia, prozesu eta testu mamitsuei buruzko eztabaida amaigabeetan murgiltzen garen bitartean, eguneroko herrigintzatik gero eta urrunago ikusten dut nik jendea oro har.

Eta ados, hizkuntzarekin batera, ekonomia, berdintasuna, lana, ingurumena, hezkuntza… dira benetako zutabeak biharko Euskal Herria eraikitzeko orduan. Gure kirolak naziogintzarekin nahastea urrutitxo joatea dela esango didate askok, edo identitarioa izatea. Identitatea, horra hor deabru berria, azkenean gure arteko askok ere deabrutzat hartu(ko) dutena, garaipen berri bat betikoentzat. Baina gure identitatea aldarrikatzeko lotsarik ez dudanez, hona hemen nire kezka adibide baten bidez, ispilu gisa aurkeztua. Jar beza irakurleak nahi duena, nik Galarreta eta erremontea jarri dudan tokian, beste adibide asko aurkituko ditu eta.

Partekatu sare sozalietan / Comparte en redes sociales

Gai honetako beste sarrerak / Otras entradas relacionadas

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *