Azala / Portada » Urrezko Domina eta euskara batua

Iñaki Galdos Amentzerauta blogean (2016ko azaroaren 17an Noticias de Gipuzkoan argitara emana)

gipuzkoako_urrezko_dominaRamon Saizarbitoriak jasoko du aurtengo Gipuzkoako Urrrezko Domina, bertako Foru Aldundiak ematen duena. Berriki Imanol Lasa diputatu eta bozeramaileak jakinarazi digunez, bi alorretan egindako merezimenduak aitortu nahi zaizkio idazle donostiarrari sari honen bidez: euskal literatura modernoari egindako ekarpena eta euskara batua eredu estandar gisa gizarte bizitzaren alor guztietan finkatzeko egindako lana.

Saizarbitoria idazlearen irakurlea naiz, bere lanekin izugarri gozatzen duena. Ez naiz literaturan aditua, baina Joseba Gabilondo eta enparauek diotenari jaramon egiten badiogu, ondo merezitakoa da, zalantzarik gabe, dominaren erdia. Baina ni beste erdiak –hau ere oso merezia- ekarri nau lerro hauetara, saria emateko Foru Aldundiak erabilitako arrazoiak guztiz baliagarriak iruditzen zaizkidalako aspalditxotik bueltaka dabilzkidan kezkak azaleratzeko.

Sarituaren izena ezagutu eta hurrengo egunean egunkari honetan Juan G. Andrés kazetariak egin zion elkarrizketa interesgarrian, kezkaz haratago, beldurra aipatu zuen Saizarbitoriak gaur egun euskara batuaren inguruan gertatzen denarekin. Duela hiru urte inguru Xabier Euzkitzek ere gordin adierazi zigun egunkari honetan bertan bere ardura, Batuaren makurrak izeneko zutabean. Eta beste gauza askoren artean, EiTBk gai honen inguruan zuen jokabideak kezkatzen zuela onartu zigun, ordutik hona biziki areagotu dena, gehituko nuke nik.

Ez dakit gure irrati eta telebista publikoan euskalkiak eta azpieuskalkiak euren fonetismo bereizgarri eta guzti erabiltzeko joera hau erakundeak berak -zuzendaritzak, administrazio kontseiluak- hartutako erabaki baten ondorioa izan den edo utzikeria hutsa den, gainezka egin duena. Halaber, ez dakit Euskaltzaindiak adierazpen berririk kaleratu duen, gai honen inguruan 2004. urtean irakaskuntzan, administrazioan eta hedabideetan euskalkien erabileraz 137 araua izenekoa ezagutarazi zuenetik. Baina kontua da gero eta gehiago entzuten diegula etxe horretako hainbat esatari eta kazetariri in deu edo in ddou bezelakoak egin dugu entzun beharrean, adibide soil bat jartzearren. Jatorkeria deritzot nik horri, euskara batua gutxietsi eta euren txokoko euskara hedabide publiko eta nazionalera eramateko moda triste horri. Gaitz erdi sikiera horietako askok euren herrietako euskara ondo hitz egingo balute…

Etxe horretako hainbat esatariri buruz ari naiz oro har. Ulergarria da elkarrizketatu, gonbidatu eta entzule askok eta askok euskara batuan hitz egiteko gaitasunik ez izatea eta beraz dakitena erabiltzea. Baina hemen ere badugu zertan kezkatu. Aipatu zutabean, Euskal Filologia ikasten ari zen eta hedabideetan bere herriko euskara erabiltzen zuen kirolariaren kasua aipatu zuen Euzkitzek, “herri euskeria” goraipatu eta batua mespretxatzen sumatu zuena, bere euskalkiaren eremutik kanpo bere adierazpenak ia inork ulertzen ez zituela ohartu gabe. Gero eta gehiago dira euskara batua menderatu arren, izatez jatorkeria besterik ez den jatortasunaren izenean aipatu joerari heldu dioten kirolari (eta ez kirolari) gazteak.

Zalantzarik gabe, gogoeta sakonak egin behar dira euskara batuaren inguruan. Eztabaidak ere bai. Eta agian erabakiak hartu, hartu behar diren tokian. Ez dut gai hau gehiegi jarraitu, baina Ibon Sarasolaren Euskara Batuaren ajeak(Alberdania, 1997) eta Xabier Amurizaren Euskara Batuaren bigarren jaiotza (Lanku, 2010) liburuak dira agian azken hamarkadetan bazterrak gehien astindu dituztenak. Baita bi idazle hauek idatzi eta esandako beste hainbat gauza ere. Baina gogoeta horren beharrak ez du inolaz ere zuritzen gaur egun gertatzen ari dena, Saizarbitoriaren hitza berreskuratuz, beldurra ere sortzen duena.

Argi dezadan lehenbailehen: euskalkien maitale amorratua naiz, euskalkiak maitatzerik badago. Euskalkiak zaindu, erabili eta sustatzearen aldekoa naiz. Izugarri gustatzen zait nire Oñatiko euskara bizkaitarrean (mendebaldekoan,Koldo Zuazoren nomenklatura berria jarraitzen badugu) berba egitea. Euskalkiek euren tokia behar dute, baita eskola, hedabide eta administrazioan ere. Baina ez badaukagu garbi gure hedabide publiko eta nazionaletan zein den erabili behar den euskara eta, are gehiago, niretzat behintzat jasanezina den joera honekin jarraitzen badugu, porrot handi baten aurrean gaude.

Hau guztia utzikeriagatik gertatzen ari bada, zuzen dezatela, arren. Erabaki baten ondorio bada, azal diezagutela noiz, non, nork eta zergatik hartu duen erabakia. Agian konbentzituko naute, baina etxuat uste.

Partekatu sare sozalietan / Comparte en redes sociales

Gai honetako beste sarrerak / Otras entradas relacionadas

14 comentarios en «Urrezko Domina eta euskara batua»

  1. Barkatu dit idazleak baina ez nago berak esandakoarekin batere ados.

    Eskola publikoan ematen dut klasean bizkaieraz egiten den zonalde batean. Bertan mairuak, txinatarrak, latin amerikarrak eta horrelakoak ditut inguruan euskaraz ikasten. Beraietako guztiek euskalkian mintzo zaizkit euskaraz zuzentzen zaizkidanean. Euskararen benetako irabazpena euskalkietatik dator eta bestela amildegira goaz. Beste gauza da zonalde ez euskaldunetan egin behar dena. Hor bai euskara batua izan beharko luke erreferentzia. Baina ezagutzen ditut Nafarraldeko bailarek non eta nahiz eta euskalkia galdu duten euskalkia berreskuratu nahi duten.

    Ni ez dut uste euskara batua eredu jakobino baten moduan inposatu behar denik. Azken batean, onartu dezagun, euskara batua gipuzkera osotu bat besterik ez da. Konstrukzio honen izaera ulertzen ez badugu ez dago euskalki eta euskara batuaren arteko harreman eraginkorrik gauzatzerik.

    Beraz, euskalkiaren susman ibiltzea ETBren ekoizpenak direla-eta, hauek gorputz estrainio bat izango balira bezala edota esplikazioak eman beharko balira «dot» esateagatik (eta potrotik ateratzen bazaio tertuliakideari bere euskalkian hitzegitea zer? norbaitek obligatu behar al du berak nahi ez badu?), jarrera guztiz inkisitoriala eta baztergarria iruditzen zait.

    Euskalkiak dira benetako euskara, belaunaldiz belaunaldien katetik datozkigunak. Ezin ibili gaitezke beraien kontra garai batean kastillanoek euskararen kontra egiten zuten bezala.

  2. Sí, sí,Mr Xemen todo el mundo está en contra del euskera. Nadie lo habla.

    Fdo.
    Benito Perez Galdos.

  3. «Beste gauza da zonalde ez euskaldunetan egin behar dena. Hor bai euskara batua izan beharko luke erreferentzia»

    Bai, Bilbon adibidez, euskal herriko gehiengo biztanleria bizi den lekuan eta «ez euskalduna», non ez bizkaieraz ez batuaeraz ezinezkoa egiten da ia inorekin euskeraz hitz egitea.

  4. Iñaki, zuk arazo asko izango dituzu edozeinekin edozein lekutan euskaraz hitzegiteko oso gaizki egiten duzu eta. Ni Bilbokoa naiz eta Bilbon jaioa eta ez dut euskaraz hitzegiteko inongo arazorik.

  5. Noski baietz!!! Olabeagatik la Peñara, errekaldetik otxarkoagara, egunero den dena euskeraz!!!

    Ametsak amets…

  6. Ulertzen dut esan nahi duzuna. Ni jaio nintzenean Bilbon ez zegoen euskal gunerik. Gaur, nire lagun gehienak euskaldunak direnez gero, ez dut inongo arazorik euskaraz hitzegiteko. Zu espainol monlinguez inguratua egongo zara edota ez zaizu interesatuko euskaraz hitzegitera. Errespetatzen dut zure aukera.

  7. Bia, bai, noski baietz! Oraintxe bertan, adibidez, Garcia Rivero kalean nago, euskaldun peto petoaz beteta.

    Eta pasadn igandean san mamesen, zelako bertso politak bota genituen!

    Dena den, gaztelerara pasa gaitez, idazten ari zaren hizkuntzan, ez euskera ez gaztelera, ulertezina eta barregarria bait da.

    Onura baino, mina egiten bait dio euskera hain kaxkarra erabiltzea euskera ulergarria balitz bezala.

    Apaltasun pixka, mesedez.

  8. Euskal dialektoak mantendu behar dira , euskal hizkuntzaren ondasuneko parte garrantzitsua dira
    Ezin da izan batua euskarara kanpotar bat izango balitz bezala ,
    hizkuntzako garbitasuna kendu duen kanpotarra
    Jatorren eta akademikoren arteko desadostasun tipikoa izan daiteke

  9. Iñaki, nire hizkuntza erabat ulergarria da eta zu ni erantzuten ari zara, nahiz eta zure euskara aski kaxkarrean. Ikusten da nekez eta desgogoz idazten duzula. Euskara ez bazaizu gustatzen inork ez zaitu behartzen hain modu aldrebesean idaztera.

  10. Euskara batua eta euskalkiak elkarren osagarriak izan behar dute, beraz eta horren ondorioz pentsa liteke ikastetxeetan ere euskalkiaren gaia modu hausnartuagoan tratatu behar dela, gai hori ere ez da ikastetxetatik kanpo utzi behar, beste ikasgai frankoren trataera ber bera izan behar du tokiko euskerak.

  11. No hay más tontolaba que el BoBo de la BaBa el BaBua de BB.

    Esta opinión es más interesante que las sandeces de BB:

    «vista la visión socialdemócrata que recoge el acuerdo entre PNV y PSE –cercana a un keynesianismo 2.0 con apuros presupuestarios–, pensé cómo se habían adaptado los partidos, especialmente el PNV, a los postulados que históricamente Larreina y los suyos han defendido en el Parlamento. Cómo habían virado sus posturas democristianas y reaccionarias hacia demandas y perspectivas que son mayoritarias en una sociedad vasca que, guste o no, es bien socialdemócrata.»(Iñaki Soto- director de Gara)

    Según el autor el que ha cambiado a posiciones de Larreina es el PNV, ¿qué hace entonces Larreina defendiendo la posiciones populistas del nuevo socialismo (comunismo) de SORTU.?

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *