Azala / Portada » Gizakitasuna

Joxan Rekondo Pyrenaeus-eko Talaian

humanismoOraindik oso hurbil dugun iraganean, gizakitasunaren aipamen hutsa irrigarria iruditzen zitzaion gure arteko jende askori. Alor ezberdinetatik eta kontzienteki oldartu zitzaien hauetako batzuek ikuspegi humanistei, pertsonaren alde egitea jarrera atzerakoia bezala mespretxatuz.

Gogora ditzagun erasoaren iturburuetako batzuek. Batetik, asmo politiko jakin bat (klase edo herri-zati baten izenean altxatakoa) gizakiaren gainetik jarri izan zuten indarkeriaren igarleek aiparazi behar ditugu. Bestetik, oparoaldiak sortu kiribilaren erdi-erdian harrapatuta geundela, gure inguruko gehienontzat gizakitasuna zokoratuta geratzen ari zen. Gure beharren asetzea estatua edo merkatuaren eskuetan utzita, bazirudien gure bizimolde berriarentzat gizakiaren duintasuna eta burujabetza garatzea baino emankorragoa zitzaigula gizabanako eskubide orodun izatea, sektore publikoak eta sustatzaile pribatuek gero eta bereago egiten ari ziren bezerotza-sistema baten baitan. Guzti horren eraginez, euskal gizartearen oinarrian betidanik indartsu agertu den elkarrekiko arduratzeak ez du oraingo belaunaldietako pentsamoldean historian izan duen balio bera.  Ez gara ohartzen galtzen ari garenaz. Munduan nekezago aurkituko da praxi komunitario hain aberats eta eraginkorrik dio Joseba Azkarragak.

Gauzak, baina, aldatzen hasiak omen dira. Ekintzetan gutxi sumatzen bada ere, hizkuntza bestelakoa erabiltzen ari gara. Krisian amildu ginenetik, inoiz baino gehiago aldarrikatzen dugu gizakiaren nagusitasuna eta gizarte zibilaren susperketa behar direla. Badirudi azken aro honetako zeinua dela humanismoa. Garaiko zuzentasun politikoak horrela eskatuta, dena, alor guztietan egiten den edo egin nahi den oro, gizakiarentzat egina bezala aurkezten zaigu. Hala eta guztiz ere, sarritan balirudike hizketa beraren azpian kontrajarritako esanahia duten ideiak erabiltzen ari garela. Kontuz Lewis Carroll idazlearen Humpty-Dumpty pertsonaiak adierazi zuen jokabidearekin: “Nik hitz bat erabiltzen dudanean, nahi dudan esanahia du”.  Hori izan baitaiteke elkarrekin egin behar ditugun gauzetarako gerta lekigukeen oztoporik gaindiezinena.

Oraindik batzuentzat, gizakia aipurik behar ez duen esan gabe doana bada ere, gero eta zailagoa egiten ari zaie pertsonaren erreferentzia jakinik gabeko diskurtsoa egitea. Ezin da giza izakia saihestu, gizarteaz ari garenean. Banakoa eta kolektiboa banaezinak dira, batera doaz. (Agian, hortxe dago gizartearen ordezkoa bihurtzen ari den jendartea hitzaren ahuldadea, beraren bidez ‘masa’ irudikatzen dugula eta ez gizabanakoa). Gizakiaren aipamenik eginda ere, batzuek modu batera eta besteek bestera definitzen dute. Esaterako, zer izan behar du gizakiak, politika eta ekonomiaren oinarria edo/eta helburua?  Oinarria izateak esan nahi du berebiziko garrantzia duela gizakiak duen egitekoa politika zein ekonomiarako. Oinarria ezin da ezabatu, eraikin guztiaren azpia jan eta egitura osoa eraitsi gabe. Gizakia ere helburu bezala ager daiteke, baina ez bere buruaren jabe, besteren eskuetan dauden erabakien objektu hutsa balitz bezala.

Ez dugu urrutiegi joan beharrik ikusteko zenbat ankerkeria egin diren gizakiaren askapena lortzeko aitzakipean. Eta nola zuritzen dituen Otegik orain gutxi Berria egunkariari emandako elkarrizketan, beraien printzipio etiko gisa borrokan ari den iraultzaile orok, aukeran, giza sufrikario gutxien sortuko duen bidearen alde egin behar duela aipatzen duenean. Bertatik bertara ikusita dugu zein eratako askapen iraultzailearen alde ari diren giza sufrikario dosiren bat ezinbestekoa dela aurreikusten duten hauek.  Adierazpen anti-humanista hauen ondoan, Xabier Lete zenak osteko hitzekin egin zuen iritzi eta jokaera hauen ukazio kategorikoa ere aipatzekoa da: “ez dezala nehork, etorkizuneko paradisu-jardinaren izenean, kale-bazterreko lore bat bakarra ere zanpatu. Guztion ongia ezin baita eraiki gizaki bakoitzarena alboratuta. Horrenbestez, ba al dago bi posizioen arteko transakzio politikoa lortzerik? Berriari egindako adierazpenekin, Otegik ateak itxi egin dizkio gure gizartearentzat oinarri etiko humanista bat partekatzeari.

Pertsona erdigunean jarri behar dela badiote ere, borroka-bideetan ezin direla gizakiaren gaineko kalte kolateralak ekidin esaten dutenek ez dira gizakia dagokion lekuan jartzen ari. Benetako gizakitasuna non dagoen eta non ez ezagutzeko, beraz, nahikoa da gogoratzea gizakiak oinarri eta helburu izan behar duela, eta bere gain, bere hurkoenen laguntzarekin, hartu behar duela etengabeko jomuga izan behar duen bere buruaren askabidea.

Partekatu sare sozalietan / Comparte en redes sociales

Gai honetako beste sarrerak / Otras entradas relacionadas

6 comentarios en «Gizakitasuna»

  1. Beti bezala Rekondo jauna bere lerro sektarioan, hura eta bereak munduko humanismoko elitea dira.Aurkari politikoak gaitzaren ardatza dira.
    Doktrina Tea Parthy euskalduna, Jainkoak bedeinkatuta, nola ez ba.
    Oso humanista Rekondo sentitzen du excelso , hutsik gabeko ibilbideko hura eta bereak , ez du inoiz egin faltarik edo irristarik autokritikarik minimoena merezi duen.
    Nik ere Xabier Lete-ren hitzak egiten ditu nireak baina ahalik eta zentzu zabalenean.
    Lorategia eraiki behar dugu guztien artean , behetik goian, herritar guztien gozamenerako, ez soilik herriaren zatiki pribilegiatu eta solidaritaterik gabekoko.
    Efektu kolateraletakoa erasoko politika gutxiesgarrikoa aurpegira bota behar diezu zuen bazkide espainolistei eta zuen lagun yankeeei, horretako asko dakitela.

  2. “Ez dezala nehork, etorkizuneko paradisu-jardinaren izenean, kale-bazterreko lore bat bakarra ere zanpatu”

    eta

    “Nik hitz bat erabiltzen dudanean, nahi dudan esanahia du”

    esaldien erlazioa gehiegitan jasan dugu gure herrian. «Askapena»ren, «demokrazia»ren edota «burujabetza»ren esanahia zokoratu, aldrebestu eta eraldatu da. «Etika iraultzailea» bertan «etika»ren eraldaketa tranpati eta gezurtia.

    Argi hitz egitea, konfidantza eta elkarlanaren lehen urratsa bedi.

  3. “oinarria edo/eta helburua?”

    Biak batera, baina kontuan arturik, oinarriak izatea gizakiaren jarrera aktiboa (elkarlana ta partehartzea) suposatzen duen bitartean, helburuak izatea jarrera pasibora daramagula.

    Gaurko gizartea oso konplexua denez, antolakuntza beharrean dago, eta hori goitik behera eta baita behetik gora egin daiteke. Goitik behera egindakoa gure gain dagoen poderetik dependentzia suposatzen duen bitartean, behetik gora eraikitako elkarbizitza gizakiaren benetako independentzia dakar. Ez dago zuri ala beltz erabatekorik, baino bien arteko borrokan gailentzen dena definituko du gure gizartea.

    “iraganean, gizakitasunaren aipamen hutsa irrigarria iruditzen zitzaion gure arteko jende askori.”

    Hori aldatzen hasi da, neurri handi batean aberriberritik egiten dezuten lan bikain eta konplexurik gabe humanismoaren alde . Gogoan daukat, orain dela gutxi , ezagun batek esan zidana: “Parece que estamos saliendo del armario. ” Eta nere ustez ez zaio arrazoirik falta.

  4. ikuskera politiko desberdinen arteko konponketarako bide txarra artikuluaren egilearen aurkezpena.
    onen ( hura eta bereak ) eta txarren ( Otegi eta EHBildu jendea ) arteko liskarra ez da.
    Zoritxarreko aurkezpen errepikakorra da , txip aldaketa, adimen politikoko beste mota bat, behar da.

  5. Oporraldi labur batetik bueltan, ikusten det ez dela adorerik galdu Aberriberrin. Kaleumerekin banator, hasitako garra berarekin eutsi behar diozute (eta diogu komentarioak egiten ari geranok ere).

    Tolosarraren usaia hartzen diot Aztertzaile eta baita zandunbideri. Tolosarrarena ez den estiloarekin idatzitako komentarioak dira, hala eta guztiz ere. Modu positiboan, eztabaidaren bila. Eta idazkeraz ere edertasunaren bila. Honek bai, honek beharko luke gure arteko diskusioaren tonua.

    Baina, ‘ikuskera politikoen arteko konponketa’ behar dela esaten duenean, argi dago ‘giza sufimendua’ ekidin ezinekoa dela eta ‘giza eskubideen’ absolutua planteatzen dutenen artean ez dagoela erdibitzerik, gizakiaren eskubide hauek galdu gabe.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *