Azala / Portada » Erresuma Batutik Eskoziarako trenean demokrazia eta independentziaz idatzitako gutuna Euskal Herriarentzat (IV. atala)

Erresuma Batutik Eskoziarako trenean demokrazia eta independentziaz idatzitako gutuna Euskal Herriarentzat (IV. atala)

Igor Calzada

scotland-yesEdinburgh-en usaia duela astebete izan nuen. Meadows parkean, ETBko taldea, Jaime Otamendi eta hirurok, berdegunean egon ginen, eguzki lotsati, konstante eta epel baten azpian. Aurretik Euskadi Irratia, Radio Euskadi eta Berria-n apur bat, neuronak astinduarazi nituen.

Trena hartu eta bidean naiz: Birmingham, Oxford eta orain Bristol-en Policy & Politics 2014 Conference[1]-ean, ‘PostIndependentzia’[2] Eskozia, Katalunia eta Euskal Herria parez-pare jartzera, komunitate zientifiko eta kudeatzaileen artera. Trena ez da gelditu. Trena ez da geldituko, YES edo NO izan. Azken bidaia Bristol-etik Glasgow-Edinburgh-ra bi egun barru eginen dut. Dena gelditu da. Informazioak errepikatzen dira. Trena ez da geldituko. Trena entzuten dut. Gau eta egunez.

Eskoziak irabazi du. Eta guk irabazten hasiko gara, Eskozian EZ edo BAI ateratzen bada ere, ikasten hasten bagara, gure inertziek oztopatu dutela (Estatu espainiar eta frantsesen joera berzentralizatzaileaz gainera), bidea borrokan baino demokrazia, konbentzimendu, hiritartasun, aniztasun, elkarrizketan, alegia, ikasketa prozesu jarrai baten moduan ulertzen badugu. Esan dezadan ere, xalotasun handienaren kontrara, mespretxea sortzen didala, Euskal Herrian dagoen aukonplazentzia eta ‘zilborrismoak’. Gure eskuetan badago zerbait baina prozesu honetan, erabakitzea zer, noiz, nola, norekin eta zertzelada guztiak ‘aurretiaz’ aurreikusi behar dira. Prestaketa lana, sukaldatze-lan jarrai eta mantsoa.

Eskoziak irabazi du eta guk ere, azken aldian ikasi duguna ondo barneratu badugu, kanpora ardura botatzen ibili beharrean. Mundua dagokiguna, seguruenik leku bat bada, baina ez da eskubide soil bat. Munduan leku bat irabazi egin behar dugu, beste gainontzeko ezberdinekin batera, maila berean, ez gehiago eta ezta ere gutxiago. Hankasartze asko egin ditu Euskal Herriak orohar, normaltzat eman ditugu jarrera asko. Ikas dezagun guztiok.

Trenera igo aurretik – amak bidalitako ikurriña maleta barruan jadanik, ahaztu gabe, bazpa – , lerro hauek idatzi, gutun hau osatu, gutunazala itxi eta postaz helarazten dut honakoa:

1.- Estatu-nazioak eta hiri-eskualdetze nazio-txikiak, joera atzeraezinean:

Estatu-nazioen egituraketak gaindituak izaten ari dira objektiboki jadanik hiri-eskualde lurralde-dinamika faktoreen amalgamatze baten gailentze bat jazotzen ari delako. Eskozia, Katalunia eta Euskal Herriko kasuek seguruenik badituzte ezberdintasun asko. Hala ere, are nabariagoak dira ezberdintasunak, Erresuma Batua eta Espainiako Estatu-nazioei dagokionean. Europako XXI. mendean, berreskalatze prozesuek zein maila demokratiko ezberdinduarekin jorratzen diren sakonki aztertzen baditugu bederen. Independentziaren debatea Europara geratzeko etorri da, nahiz eta Estatu-nazioan inertzia, pensamendu eta paradigmak status quo-aren defentsa argumentu bakoarekin defendaraztera garamatzan. Jadanik onartezina europar kontestu anitz eta erregionalean. Debatea eta argumentazioei bidea ematea, demokrazia aplikatzea da, politiken berrasmatze bat ekarri behar du halabeharrez.

2.- 51 vs 49:

Eta zer gertatuko da. Irudikatzen dut Donostiako kaiatik, txipironera bat hartzen dudala nere lagun H.rekin. Berak 51 eta nik 49 hartzen ditut. Nik galdu eta berak irabazi. Ñabardura bat, Estatugintzaren eraketarako? Eta honetarako hainbeste lan? Ez, independentziaren debatea, ez da soilik zeinik irabazi eta hori honela ulertu duenak, ez du ezer ulertu. Helburua erabakitze-eskubide bat inplementatzea izan da. Eta noski, kanpainaren eta estrategiaren aldetik, dudarik ez dago, YES-ek mila bider bideratu duela orainartekoa. Salmond-ek 51 txipi arrantzatuko ote ditu? Zorionak YES-en eduki eta formak modu eredugarri eta pragmatiko batean bideratu duten gizabanako guztiei. Eskozian, YES-a ez da Bildu eta PNVren batura soila, sarri entzun dudan paralelismoa. YES-a mugimendu bat da, ez da alderdi bat izan. Horretan gure ikuspuntua aldatu beharko genukeela uste dut.

3.- #EuskadiSpain:

Eta YES-ak irabazten badu, Estatu bat eratuko da. [Maleta irekitzen dut eta White Paper eta The Wee Blue Book-a hartzen dut eskutan. Zenbat kontsigna eta zenbat aldarri jarraitzen ditugu, zenbat lerratze eta zein eztabaida sakon, kritiko eta desoroso gutxi, berriro diot, gure kontraesanetatik ikasteko. Bai desoroso esan dut. Eskozian, baita ere Erresuma Batuan, deserotasuna maite dute, adimen-deserosotasuna alegia. Gauzak garatzeko balio duen bakarra. Eta bai hemen ere, Spain jomugan jarriko dut. Izan ere, Euskal Herrian oso Spanish baikara. Ez ordea, Estatu batek (edo bik) kolonizatu gaituelako, baizik gure paradigma jadanik #EuskadiSpain delako. Zertarako nahiko genuke Euskal Estatu bat? Estatu espainiar edo frantsesaren egituraketa zurrun, astun eta atzerakoia birgaitzeko? Ez-abertzale edo autonomisten argudiori helduz: Federalismoa eta subiranotza-partekatua hain irtenbidea egokia bada, zergatik ez da gauzatu Estatu espainiarrarekin oraindino?

Independentziaren debatea hauspotzeko, ezinbestekoa deritzot, erabakitze-eskubideaz gain, jadanik politika eta edukietaz hitzegiten hastea. Edo agian bildurra diogu? Edo agian lan gehiegi da. Edo agian ez dakigu. Zerrenda: Lurralde Historikoen Legea, eredu sozio-ekonomikoa, funtzio publikoa, ongizate-estatuko politikak (hezkuntza, osasuna,…), inmigrazioa, nazioartekotzea, hizkuntza, baliabide energetikoak, lurralde-antolamendu politikak, beste estatuekin harreman eredua,…Nondik hasi zirriborratzen eszenario postindependentista? BAIezkoa ala EZezkoaren aukerak soslaitzeko. Ah…baina EZ-ezkoak ere lan egin behar dute? Bai jakina. Hori da agian nobedadea. Zein eroso dauden batzuk ukatuz, erabakiak hartu daitezkeela, eta ezpadute proposamen bat nahi, berauren EZ-ezko aukera ere prestatu behar dutela. DEMO-KRAZIA.

4.- #Indyref Independentziarako Erreferenduma Ez-Abertzaleentzat:

Jakina hemen lana eta ardurak denentzat daude. Ez da posible independentzia inposaketa bidez eta ezta ere ez kontrakoa, independentzia-eza dekretuz. Kontua da, indar-metaketa eta antzerako kontzeptu hortodoxoak, bestelako dinamika malgu, saretu eta heterodoxoetara igaro beharko genituzkeela, aro postindependentista batean. Eskozian, gizabanakoak erabaki dut, gizabanakoak jaso du informazioa, gizabanakoa izan da, debatearen erdigunea. Inolaz ere ez, alderdia, tribua, komunitatea, masa! Utikan. Demokrazian sinisten badugu, gizabanakoak erabaki dezala gauza bakoitzean bere ezagutza, sentsibilitate eta balioen arabera, bere erreferentziazkoa komunitaeekin (edo ez) zer nahi duen bere lurralde/nazioan inplementatzeko.

Abertzaletasun eta ez-abertzaletasuna, nortasunaren araberako banaketa, gaindituko litzateke gure politiken edukia, formak eta kultura, maila altuago batera eramango bagenitu, hiritarrak-gizabanakoak, banan-bana, trebatuko bagenitu, aniztasunean, erabakitze-eskubidean, balizko independentzia batean, alegia demokrazian.

5.- Alderdikeriarik Ez, Eskerrik asko:

Postindependentziak, BAIezkoak eta EZezkoak, pertsona emanzipatuak behar ditu, lurralde/nazio emanzipatu bat eratzeko. Komunitate/gizarte-konpromezu bolondresean oinarritutako borondate pertsonal batean gidatua dagoena. Lau bloke ideologiko ditu gutxienez azaltzen dira orohar, hiru euskal geografietan: EAE, NFE eta Iparraldean. Posible al litzateke, barruko lau sentsibilitate horien barruan, gutxieneko roadmap postindependentista bat adostea? Abertzale eta ez-abertzaleek posible lukete adostea? Hori ezinezkoa izanda PNV top-down eta EHBildu bottom-up kultura politikoen uztarketa bat gerta liteke, proposamen bakarra adostu, gizarteari orohar eta ez-abertzaleei konkretuki proposatzeko?

6.- Roadmap Postindependentista:

Lan ederra egin dute GureEskuDago-koek. Hasiera baino ez eta beste eremu batzuetatik ere koordinatu behar estrategia eta urratsak. Honelako prozesua hiru epizentruetatik sortu liteke:

Batetik, erakunde eta establishment-etik parlamentua eta gobernutik.

Eta bestetik, gizarte zibiletik.

Azken egun hauetan entzuten ari naiz lerratze bat badirudi hemen ere aukera behar dela. Zergatik? Biak eta bien uztarketa behar ditugu!

Hiru funtzio bermatzeko:

1) Parte hartzea (sareketa/grassroots),

2) Prozesua (erritmoak eta estrategia) eta

3) Edukiak (politikak).

Bestalde, dinamikak garatzeko Euskal Herrian izugarri ikasi beharko genuke, gizarte-zibileko dinamika ‘klasikoetatik’ haratago. Alegia, erabakitze-eskubidea gizabanakoaren errealitatera jeistean soilik izango da ‘garrantzitsu’ bere bizitzan. Euskal Herrian, nazionalismo eta abertzaletasun ‘eroso’ eta aldi berean sustantibo baten oinordekotzan, ez gaude gaituak politiken diseinu eta kudeaketetan. Eskozian, masterclass-ak izan dira, Erresuma Batuan diren moduan bestalde ere. Denbora beharko dugu jauzi hau emateko. Prestatu egin behar gara. Independentzia ezpaita (batzuk uste duten moduan, moda moduko bat, kalentura difuntzional edo apetatsu bat).

Policy advice moduan, uste dut komenigarria izango litzaigukeela, sektorialki eta modu transbertsal batean lanean hastea.

7.- Lurraldetasuna:

Eskoziak eta Kataluniak ez bezela, gure erronka lurraldetasuna begiak estali gabe kudeatzen hastea da. Gure kasua atzerritar akademikoei aurkeztean harrituta geratzen dira, alderdi politikoen programen barruan lurraldetasunak duen trataera exkaxagatik. Lurraldetasunaren oso politikagintza makurra dugu, alderdien inertzia eta politiketan oso berrikuntza gutxi egin delako. (#EuskadiSpain influentzia ote?).

Gure hiru euskal geografiak, oso bestelakoak dira, oso egoera ezberdinetan daudenak. Harritzekoa, egunotan, Eskozia eta Katalunia ahotan dugunean guztiok, alderdi-politikariak, ez egitea inongo erreferentziarik EAE, NFK edo Iparraldeaz ari diren azaltzeko.

Gure lurraldetasuna, asimetrikoa eta konplexua dela, gure alderi-politikariak barneratu eta horrekin politiken diseinu/implementaziora jauzi egiten ez duten bitartean, jai dugu. Gure lurraldetasunaren politikagintzaren eraginkortasuna oso maila baxuan dago beste lurraldeen egoerarekin alderatuz. Eta hemendik hasiko bagina? Eta esijentziak hemendik hasiko balira hiritarren partetik?

8.- Borroka, odola borborka eta ‘gehiegi sufritu dugu’: Utzi belaunaldi postindependentistari bidea egiten.

Treneko lehioa une batez ixten dut. Gaurko Berrian[3], Andoni Egañaren bigarren parrafoetan iltzatuak ditut begiak. Hiru aldiz irakurri dut, segidan geratu gabe:

Gure buru-eskemetan nekez kabitzen da politika kontuetan inor beste norbaitengandik banandu nahi eta natural-natural banantze hori. Odola gerturik zeukaten haiengandik hurbilekoegiak gara. Latz hartu gintuzten eta latz irudikatu dugu, derrigor, askatasun bidea. Borroka hitzak bete du gure hiztegia eta borrokatu gabe ezer ez dela lortzen hitzetik hortzera entzungo diozu baloi baten atzetik dabilenari ere. Izugarri sufritu dugu. Izugarria irudikatu askatasun eguna. Izugarriak behar zuketeen ondorioz, lorpenerako egin beharreko urratsek. Eta izugarrikeriarik ez bazen tartean ez ginen fio. Betiko blaga zen. Jardun eta jardun ezertara ez iristeko. Bizkar-zorro horrekin gabiltza, atseden hartzeko tarteka kentzen ahalegindu arren, gure belaunaldikoak. Eskoziarren ezezkoak are gehiago kargatuko liguke lehen aski zamatutako bizkar-zorroa. Taberna-zuloko berriketaldietan nagusi litzateke eskoziarrenaren ondoren Katalunian azken orduan atzera egingo dutela eta tokitan gabiltzala gu eta horrelakoak ardoa mindua balitz bezala ezpain muzinduz liokeena. Askok ikasi dugu etsipenak, errezeloak eta fidagaiztasunak ez garamatzala inora. Ikasi dugu gure esku dagoela esaten ere. Ezpainestuka ordea. Aldi berean bizkar-zorroko mamutxoak irrigaizto egiten digu eta «ez duk hain erraza izango» esaten. Eta « bai, bai, baina noren aurka ari zaretela uste duzue?». Eta «hain samurra izan balitz lehengoek ere lortuko zitean zerbait». «Guk ez diagu horrelakorik ikusiko» zital batekin amaituko du jarduna.

Odola borborka. Eta mutu geratu naiz. Ados Andoni, diozunarekin. Eta sarritan Euskal Herrira nihoanean, belaunaldi sabaia somatzen dut jende askoren kokotearen gainean. Hain espreski, ekarpen handiena egin diezaioketenak Euskal Herriaren biziberritzeari ez daude leku estrategikoetan, ez dute botererik, ez dituzte bitartekoak. Eta aldiz, sistema bere horretan mantentzen nahi dutenak segitzen dute hori, erakundetze-enpatxoan, baliabideen kudeaketa partikularra egiten; mundua hor kanpoan, Euskal Herriaren koordenadetan egongo ezbalitz bezala. Euskal Herria linbo batean dago askotan, zoritxarrez. Izugarrizko energia duen sabai batek estalita irauten duen lurralde itzel bat. Baina bestelakoa izan zitekeela irudikatuz, beste lekuak ikusiz, bere lekua egokituko lukeena. Eskoziak egin duen moduan.

Ikusi, ikusi eta ikusi. Ikasi, ikasi eta ikasi.

PD:

Ilusioa eta ardura. YES-ak irabaziko ote du? Baina barruan beste gauza bat, ixilpean hor tripetan bueltaka dut duela hilabete eta urte asko: Une honetara eta errealitate ‘biki’ honetara helduta, behingoz Euskal Herriak besarkatu oteko dut aho-batez, ezberdinatasun eta aniztasunak aintzat harturik, ikastea, emaitza bera baino.

BAIetz pentsatu nahi dut. Eta BAI izango da, gure bide baketsu, zabal, demokratiko, humil, errespetuzko, sendoa, estrategikoa eta postindependentistak ere ez du atzera bueltarik.

[Ikurrina, amak bilduta eman didan zorrotik, atera eta treneko lehiotik haizatzen dut Eskoziara bidean. Segundu batez, aitarekin dut gogoa. Aita la última vez que celebramos el final de algo, estábamos juntos. Esta vez lo haremos con el inicio de algo más importante, #EstandoAllíEstásAquí #Aurrera!]

2014ko Irailaren 16an

Bristol-etik (England) Glasgow-Edinburgh-era (Scotland)

[1] http://www.bristol.ac.uk/sps/policypolitcs/policyandpolitics2014/index.html

[2] http://www.igorcalzada.com/2014/07/post-independence-comparing-city-regional-devolution-strategic-scenarios-in-scotland-catalonia-and-the-basque-country-paper-that-will-be-given-at-the-policy-politics-conference-2014-at-the-univer

[3] http://www.berria.eus/paperekoa/1973/027/002/2014-09-14/kataluniarragoak.htm

Partekatu sare sozalietan / Comparte en redes sociales

Gai honetako beste sarrerak / Otras entradas relacionadas

10 comentarios en «Erresuma Batutik Eskoziarako trenean demokrazia eta independentziaz idatzitako gutuna Euskal Herriarentzat (IV. atala)»

  1. Eskerrik asko Igor artikuluarengatik eta Eskoziako prozesuaz ematen duzun lehen eskuko testigantzarengatik.

    Nik esango nuke Britainia Handiko estatua eta Espainiakoaren aldetik diren desberdintasunak haundiak izan arren, haundiagoak direla oraindik Euskal Herria eta Eskoziaren artekoak, gure herriaren baitari begiratzen badiogu behintzat.

    Eskozian ezkerra ezker britaniarra da, Labour Party delakoa bereziki. Euskal Herrian, ezkerra Ezker Abertzalea da. Eta aldiz «eskuineko» alderdi nagusiak Scottish National Party eta Eusko Alderdi Jeltzaleak ditugu. Hauen artean analogiak handiak dira, bi alderdi horiek egituratu baitute gehienbat beren herriak.

    Gure ezker «abertzaleak», ordea, ez du egituraketarik ekarri, desegituraketa baizik. Eta euskaldunen arteko barne borroka. Hauxe da, nik uste, Eskoziatik bereizten gaituena, barruko har batek jaten du gure herriaren indarra eta hori ezker abertzalea da.

    Ikustea besterik ez dago ezker abertzale berak egiten duen eskaintza politikoa (eta soziala ere, LABek gauza berdina egiten baitu): gu poterean bagara pakea izango da, ez da herrian ala fabrikan istilurik izango; baina gu poterean ez bagara, orduan gerra, herrian, fabrikan gure herriko kaleetan. Gure herriaren baitan euskaldunon arteko elkar bizitza bermerik izan gabe, nola bideratu ildo bakarrean indarrak?

    Oinarri hau kontuan izan gabe, kanpoko ereduak eta goi-goiko helburuak ez dute errorik gure gizartearen lurzoruan. Zauriek odola botatzen dute gure herrian oraindik. Eta hori ez da bideratuko elkarren arteko esku estukada batekin, horrek eraldaketa sakonak eskatzen ditu ezker abertzalearen barruan.

    Baina ezker abertzaleak ez du hori nahi, bere eredu gatazkatsu gerrazibilista aurrera eraman nahi duelako. Eta oso ondo etortzen zaizkio kanpo mugimendu hauek berak gure herrian, herri eta hirietan, zabaltzen ari den kudeaketa desgrazia eta borroka soziopolitikoaren hotsak eta malurak estaltzeko.

  2. Bihar Eskozia , etzi gu estatu faxista espainiarra gorabehera, EAJren nenazasak gorabehera.
    Historiaren haizeak , Kantauri itsasoko enbata haserrea gisa , suntsituko zaituzte.
    Epelak izan zaretelako aitaren etxearen defentsan, jendeak uko egingo dizue.

  3. Nenazasak, hau bai adjetibo sexista.

    Zuek Ikusle ezker iraultzaileko baturroak ez duzute ezer eraiki eta ezer lortu eta orain gutxiago.

    Zuen presoak ziegetan ari dira usteltzen. Hoiek ezin atera eta orain zerua proposatu? Ez anka ez bururik horrelako promesarik.

    Kriminal batzuk izan zaretelako, aitaren etxea suntsitu duzutelako eta suntsitzen ari zareteelako, jendeak uko egingo dizue.

  4. Igor,

    Hunkigarria gutuna eta zenbait komentario dakarzkit burura. Lehenik Eskozioako kasua adibide delako nire ustez Euskal kasurako:

    1) Akordioa: Adostutako erabakia bermatu da emaitza kontuan izan gabe: Britainia Handiak erakutsi du beste herrialdeak baina demokratikoagoa dela, baldintzak adostu dira (galdera kopurua, zein galdera, etb) eta debate zabala izan da. Nik gure herrirako nahiko nukeena. Orain arte askok Ipar Irland jarri nahi zuten adibide eta hori bai zela tamalgarria.

    2) Historiarekin eta errealitatearekin bateragarria: Eskoziak ez dio uko egin traktoari. Act of Union-ari Devolution Act-a planteatu dio, erresuma mantenduko du eskoziarrek beste moduko estatu burua erabakitzen duten arte, CommonWealth eta Libran mantentzeko intentzioa. Euskal kasuan oraindik kontzeptu ez-politiko batekin gabiltza: Euskalerria. Euskaltzaindiak dioen bezala hau kontzeptu kulturala izanik kontzeptu politiko jakobino bihurtarazi nahi da, historikoki sujetu politiko bezala inoiz existitu ez dena (ez da Nafar Erresuma batzuk konbentzitu nahi gaituzten bezala). Gainera Euskalerria errealitate politikoaarekin ez dator bat Nafarroa eta Iparraldeak sujetu bereiztuak nahi dutelako izan. Eskozioaren kasuan ez dago arazo hori baina Catalunyako adibidea argi dago: ez da Paisos Catalans-en erabakitzeko eskubidea praktikan jartzen, Catalunyarena baizik. Historia eta errealitea uztartuz, bide egokiena nire ustez. Independentzia bermatzeko epea 2016 da akordioz (UKarekin, EBarekin, NBekin)…) beteriko bidea itxiz. Patsadaz eta ondo diseinatutakoa.

    3) Europar Batasuna: YES-ak irabazten badu, europar batasun barruan gertatuko litzatekeen kasu esanguratsua izango litzateke, barne zatiketa, eta hori aintzindari izango da bai Catalunya, Flandes eta Euskadirentzat. Birnegoziaketa egongo da, botereen birnegoziazioa eta adibide garbia izango da hurrengoentzat.

    4) Herri Mugimendua: Eskoziako kasuak erakusten du alderdikerietatik kanpo herri mugimenduan txertatu dela prozesua, baina errespetuz beterikoa, eta ez Catalunya vs. Spain modukoa. Arrazoi ekonomikoak izan dira garrantzitsuenak, nahiz eta nire ustez kultura-arrazoiak maila baxuegian geratu (Gaelikoaren egoera ez aipatzeagatik).

    Umorean eta edukazioan, ezin alderatu British eta Spanish moduak. Espero dut gure kasuan Scottish eredua ere jarraitzea. Horretarako, jarrera eraikitzaileak behar dira, historiarekin eta errealitatearekin bateragarriak eta batez ere, joko garbia.

  5. https://fbcdn-sphotos-g-a.akamaihd.net/hphotos-ak-xaf1/v/t1.0-9/p180x540/10698459_10152757092170152_5496994712615413934_n.jpg?oh=65915d11ad24d8787495be3983b56dd3&oe=548718A7&__gda__=1422532946_623ac4658dc02a600d8288ad25b8158b

    “Scottish National Party alderdiari gure solidariotasun osoa adierazi nahi diogu, eta Eskozia independentea Europar Batasunaren barruan subjektu politiko bilakatzeko proposamena Batasuneko Erakunde guztiek eta Estatu Kideek errespetatu beharko luketela uste dugu, europar eraikuntzaren izpirituarekin bat datorrelako eta Batasunaren Hitzarmenaren 2. artikuluan ezarritako baloreak betetzen dituelako (gizakien duintasuna,askatasuna eta demokrazia errespetatzea).”

    GORA ESKOZIA ASKATUTA

  6. Eskerrik asko Axenxio, Ikusle, Bastero, Ion eta Joxemertin: Sentitzen dut baina ezin izan dut lehenago begiratu zuen komentarioak. Bristol-etik Glagow-ra delay mordoak eta azkenan ekilibrismoa eginez trenbideetatik salto eginez, ordu erdi barru Glasgow-ra iristen ari naiz, gure kasua Policy & Politics 2014 aurkeztu ostean: http://www.igorcalzada.com/2014/07/post-independence-comparing-city-regional-devolution-strategic-scenarios-in-scotland-catalonia-and-the-basque-country-paper-that-will-be-given-at-the-policy-politics-conference-2014-at-the-univer/

    Ados nago esan dituzuen guztiekin.

    Baina eskatu badezaket, eskatu dut ok?
    ‘Alderdikeriarik ez eskerrik asko’ hori apur bat egunero aplikatzen hasiko bagina modu mailakatu batean? Alderdiak bai noski, beraien historia eta lorpen/akatsekin jakina.

    Baina orain gu gaude, orain gu gara, eta mundua hemen dago.

    Mesede handi egingo genioke norberari eta ‘besteari’ honela pentsatzen hasiko bagina. Eta kontua ez da, denak ados egotea, hori ez errela, ez da ona eta ez da inoiz gertatuko.

    Baina denak hain txundituta egonik Eskoziarekin, uste dut obligazioa dudala eta dugula, hau praktikan jartzeko. Bestela denak ziniko eta irrealak ginateke.

    Ni konbentzituta nago, egunen batean, beste tren batean eta hau Euskal Herrian, gureak diren trenbide zamatsu horien gainetik, kulunkari, baina iritsiko garela, bihar Eskoziak eta munduak duen abagune historikora.

    Prestatu behar gara, apurka, presik gabe, baina sakon eta aurpegira begiratu banan-bana, ez taldeka. Ene iritzi xumean aberrikideok.

    Slàinte!

    Bidean gara

    Train arriving at Glasgow 23:27 17th Sept 2014
    I.

  7. Gobernu Britaniarrek Eskoziako naziotasuna ezagutzen du, ez dio uko egiten. Eta Britaniarrak askatasun zibileen auzitan izan dira aitzindariak gehienetan zein eskubide horiek gordetzen: esklabotza deuseztatzea, emakumeen botoa, habeas corpus (zure gorputzaren jabe izan zaitez), parlamentarismoa. Gainera Erregeari ebaki zioten burua Prantzian baino ehun urte lehenego.

    Erresuma Batuko hiritarrak libreak eta igoalak izateaz bestalde, onartua da Estatuak osatzen dituen Herrien burujabetza eta erabakimena. Beraz, bi aldeak uztargarri dira. Ozenki esan!

  8. Zorionak a todos los escoceses que han apostado por una visión del mundo alejada de las estrecheces que caracterizan a todos los nacionalismos Es mejor apostar por la unión de diferentes en un mundo global frente a los retos de la mundializacion Un mundo mejor entre todos sin fronteras que dividan a los ciudadanos en intereses egoístas

  9. Zorionak a los escoceses y los británicos que al contrario que los españoles-aljazaeeranoso han permitido un proceso institucional donde nadie ponía en duda que los escoceses eran los que tenían que decidir la naturaleza de su estatus dentro de Gran Bretaña. Una gran lección al jacobinismo-corralino de los Aljazeera y compañía.

  10. Los gibraltareños también eligen ser británicos. La otra opción era tan mala y sigue siendo poco buena…

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *