Aberriberri bloga

Ixidroren iraultza mina

Read Time:2 Minute, 50 Second

Aitzol Pagoeta

Ixidro Esnaolak, Bilduren eskutik Gipuzkoako Aldundian Zerbitzu eta Zerga Hezkuntzako zuzendariak, artikulu bat argitaratu du Bigarren Gerrate Mundiala duela abiapuntu (“Normandiako lehorreratzea eta Ukrainako krisia”, Gara-Naiz). Bertan dio bere aitak, gaztetxo garaiko oroitzapenak kontatzean, ez duela Normandiako lehorreratzea aipatzen, baina bai ordea Stalingradoko gudua. Eta duda bat sortzen da nire arterako, ezin liteke horrelako oroimen selektiborik gertatu akaso Ixidroren aita joera politiko batekoa delako? Ez dakigu aitaren kontura izango zen baina badakigu Ixidro semea Mosku aldera joan zela Ekonomia ikastera 80garrengo hamarkada horretan. Orduan hara joatea ez zen gauza oso normala izango, obedientzia ideologiko esturik ez bazen behintzat. Ba Ixidrori nabari zaizkio ikastaldi horrek ekarritako zertzelada ideologiko bereziak.

Normandiako lehorreratzea, Ixidroren esanetan,

“erabakigarria izan zen: Ameriketako Estatu Batuek azken unean muturra sartu zuten Europako gerran, Armada Gorriak Pariseraino iristeko aukera zuelako, aurreko gerra batzuetan beste armada errusiar batzuek egin bezala. Azken orduko mugimendu horri esker, gaur arte Ameriketako Estatu Batuek Europako kanpo politika baldintzatzen jarraitzen dute, Europaren eta Errusiaren arteko edozein hurbilketa oztopatuz”.

Azken orduko erabakia Estatu Batuena? 1941ean sartu zen herrialde hau gerran. Oraindik beste hiru urte, gerra erdia baino gehiago, pasa beharko ziren hura amaitu arte. Eta Normandiarena baino lehenago Italian ari zen borrokan. Beste bi datu ekiditen dizkigu Ixidrok –horietan ere bere aitak akaso oroimen txarra badu-; lehena, Bretainia Handiak urte bete igaro zuela bakarrean nazi-faxistei aurre eginez. Hau ez al zen izan gauza erabakigarria? Eta bigarrena, Sobiet Batasunak Alemania naziarekin lerratuz egin zuela gerra hasieran; batasun horri esker bereganatu zuela Ukrainiaren parte handia, Poloniako zati bat, Letonia, Estonia eta Lituania barne eta baita Finlandia eraso ere, honi Karelia kenduaz. Aliatuak gerran sartu ziren Alemaniak Polonia eraso zuelako, hori ere ezkutatzen digu, eta herrialde hori konkistatu zuela Sobiet Batasunaren laguntza paregabeaz. Stalinek herrialde osoak jan zituen naziekin bat egin eta gero. Hau ez al zioten kontatu Moskuko txolarteetan? Molotov-Ribbentropp itunaren berririk ez al zuen izan bere aitatxo maitiak?

Ixidro kexu da, ba bere ustez “argi dago Bigarren Mundu Gerraren memoriak eta gertakarien dimentsioak ez dutela bat egiten egun saltzen den irudiarekin”. Halaxe gertatzen da Ixidro berak saltzen digun irudiarekin; bere aitatxok emandako memoriak eta gertakarien dimentsioak ez datoz bat, inolaz ere.

Goiko paragrafo mamitsu horrek Ixidroren desioetan argi gardenagoa botatzen du. Zeharo aihergarria iruditzen baitzaio Estatu Batuek Europan lortutako eragina; eta bide berean gauza polita eta desiragarria –antza denez, Errusia eta Europaren arteko harremanak hobetu arren- Stalinen tankeak Pariseraino iristea. Zaila da irudikatzea zer izango litzatekeen historiaz, Stalinek, hainbeste herrialde jan eta gero, ekialde Europa bereganatu eta gero, gainera mendebala harrapatu izan balu. Estatu poliziala, partidu bakarreko gidaritza, atxiloketa presondegi erraldoiak, miseriako ekonomia… Horiek al dira Ixidroren ameskeriak?

Ixidrok, halere, bere fedea egungo egunean mantentzen du, inolako tolesik gabe. Errusiarekiko NATOren mehatxua dakusa Barack Obamak Polonian egindako ekitaldian. Eta ez du mehatxurik ikusten Putinek –bere arbaso Leninek egin bezala- Georgia erasotzean ala Txetxenia kanposantu bihurtzean. Edota Ukrainiaren politikan egindako interbentzio ezin ukatuzkoetan. Eta Krimean egindako garbiketa? Ez al du ikusten? Garai batean bezala, mendebala da erasotzaile eta Stalinen ondorengoak pairatzaile zintzo.

Azkenik, gauza oso bidezkoa iruditu omen zaio Ixidrori Errusiak Ukrainiari egindako gasa mozketa. Ordea ez zaio batere ondo iruditzen Ukrainiak gasa faktura hori pagatzea baldin eta mendebaldeko botereen diruz pagatzen bada horrek suposatuko lukeelako… zer suposatuko luke? Ukrainiak mendebaldekoen antzeko sistema politiko demokratikoa edukitzea? Iraultza minak eragiten ditu Ixidroren gogoeta hauek. Stalinen azpiko Europaren utopia zoragarria du min. Akaso utopia hori erein nahiko du gaur egun Gipuzkoako herrialdean.

Salir de la versión móvil