Azala / Portada » Bake oroimendunaren errelatua eta Bizikidetza

Bake oroimendunaren errelatua eta Bizikidetza

Joxan Rekondo Pyrenaeus-eko Talaian

BizikidetzaBizikidetzaren garrantzia. Krisia eta ustelkeria dira iritzi publikoarentzat garai hauetako gai nabarmenenak. Ikerketa demoskopikoen arabera, bakea eta bizikidetzaren arloan aurrera egiteari, ordea, herritarrek ez omen diote beharko lukeen jaramonik egiten. Gezurra dirudi! Hain errez ahaztu al ditugu ba, iragan hurbilean bizitako neke eta sufrimenduak?

Egia da ekonomiaren gorabeherak bizitzaren nolakotasunean eragiten dutela zuzen-zuzenean. Primum vivere. Baina, bizitza bera lehenetsita ere, zertatik bizi galderari erantzutea bezain garrantzizkoa da elkarrekin bizitzeko oinarriak tinkotzea. Bizikidetza orainaldiari eta etorkizunari dagokion egitekoa dela iruditzen zaigu gehien bat. Baina, iraganaldian elkarrekin igarotako bizipen pozgarri edo lazgarriez osaturiko oroimenean errotzen da elkarbizitza sanoa. Halbwaschs soziologoaren iritziz, jazoera ukigarriek dudagabeko eragina dute gizataldearen balio sistemaren osaeran. Oroimenaren bitartez, gertakari hauek gizartearen ezaugarria eta belaunaldi berrientzat ikasbidea ere bihurtzen direla adierazi zuen.

Parlamentuko Lantaldea. Aburu honen arabera jokatu nahi izan zuen lehengo legegintzaldiko Parlamentuak. Aralarrek aurkeztutako ekimen baten bidez sortu zen Bake eta Bizikidetza Lantaldea. Iazko uztailerako adiskidetze sozialari buruzko zenbait printzipio adostu zituzten, lantaldea osatu zuten politikoek. Lantaldea itxi aurretik partekatu zuten aitormenean, bizikidetzarako oso inportanteak diren burubideak ikus daitezke. Bake oroimenduna, oroimen ez neutrala eta aktiboa, indarkeriaren bidegabekeria, bakoitzari dagokion erantzukizunaren ezarpena, egia partekatua,…

Indarkeriaren bidegabekeriak behartuta, oroimena ezin da neutrala izan, erantzukizunen ezarpen zehatza egitera behartuta dagoelarik. Indarkeriaren injustizia jakinaraziko duen oroimen aktibo hau egituratu gabe, ez da bakerik osatuko gure herrian. Bakearen errelatua, beraz, oroimenduna behar du izan, egia partekatuaren baldintza bezala.

Talde berria. Urkullu lehendakariak hartu dituen aurreneko erabakietan azaltzen denez, datozen urteetan Bakea eta Elkarbizitza ajola haundieneko  gaiak izango dira, premialdi ekonomikoei aurre egitearen maila ia beretsuan. Aurrerantzean, Lehendakaritzaren gidaritzape zuzenean arituko den taldearen jende aurreko aurkezpena, Iñigo Urkullu beraren eskutik egin zen. Ekintza honen bitartez, lehendakariak bakea eta bizikidetza eraikitzeko egin beharrekoa gertutik jarraituko duela aditzera emateaz gain, ekipoa osatzen duten hiruak bere babes osoa dutela esan nahi zuela dirudi.

Jonan Fernandez, taldeburua. Bakearen garapenean, oroimenari eman garrantzia ikusita, askori zail egin zaie gizonaren historiaren gaineko oroimena burutik kentzea. Jonan, hala ere, bere ardura berri horren izenean esan eta egiten dituenak ikustea eta epaitzea hobe da, bere iragan paradojikoarekin zamatu gabe.

Jonanen adierazpenak. Nolanahi ere, bere lehenengo adierazpenetan gauza interesgarriak esan ditu. Baita eztabaidagarriak ere. Deigarrienak joan den ostiraleko El Diario Vasco egunkarian esan zituen. Iraganaren berrikuspen kritikoa egitearen alde azaldu bazen ere, berrikuspen kritiko horri muga estuegiak jarri zizkion. Autokritika indibiduala dela, esan zuen. Bizikidetzaren sendotzeak, baino, taldekako erantzukizun politikoak ere azalarazi beharko lituzkeelakoan nago. Borroka molde guztien uztarketa estrategikoaren (estrategia politiko-militarraren) bidezkotasuna aldarrikatu dutenen erresponsabilitatea, esaterako. Setien gotzaiak esan zuenaren antzera, el problema de la falta de paz y de la injusticia de las violencias, no se abordará adecuadamente si se deja de lado o se ignora la decision radical de ETA de recurrir a la violencia.

Periodistak gertatu denaren errelatu bakarra lortu ote zitekeen galdetu zionean, Jonanek hiru kontzeptu ezberdindu behar zirela erantzun zion. Bata, “el relato de hechos objetivos… todo lo ocurrido debe estar en ese relato”. Bigarrena, “luego están las interpretaciones… habrá interpretaciones diferentes de lo ocurrido y hay que aceptarlo… hoy todavía no tenemos una interpretación compartida de la dictadura”. Eta hirugarrena, bi aurrekoak esaldi bakarrean bilduz, “hay que aspirar a una conclusión compartida del relato de hechos, aceptando que habrá interpretaciones diferentes”.

Bere hastapeneko azalpen hauek ez dute lehen aipatu lantalde parlamentarioak sortutako itxaropenak modu nahikoan asetzen. Errelatuaren lehenengo adieraren esanahia (‘el relato de hechos objetivos’) egokiago adieraziko litzateke, ‘kalteen inbentarioa’ egitea esango balitzaio. Kalteen zerrenda hori egiteko prest agertu da ezker abertzalea bera, ez baitio inolako konpromiso politikorik  sortzen. Gaia ez da kalteak ezaugarrituko dituen adostasun bat lortzea, kalte horiek bidegabeki egin direla aitortzea baizik. Hori da bizikidetzaren eginkizunean kudeatzen jakin behar den benetako desafioa.

Errelatu amankomuna eta diktadura. Urteetako indarkeriaren historia modu askotara, interpretazio ezberdinekin, zabalduko dela argi dago. Baina, kalteez haruntzagoko errelatu amankomuna posible dela ere bai. Herria altxa delako iritsi dela indarkeriaren amaiera esan ohi dugu denok. Herriak egin duen ukazio hori errelatu laburra gerta daiteke, baina gure izaera etikoki moldeztatu du. Egia osatu eta hedatzerakoan, indarkeria erabiltzeko zenbaitzuk hartu zuten erabakia bidegabea zela eta herriaren erabateko errefusamendua jaso zuela ukatzen duenaren interpretazioa onar al daiteke, orduan? Ezin da, jakina, errelatu bat dekretuz ezarri. Eta ukazioaren errelatuak hotxe jarraituko du, bere horretan. Baina, hau borroka ideologikoa da. Horren arabera, gizarteak definituko du zein errelatu nagusitzen den. Hau horrela, erakunde publikoek ezin dute, borroka horren aurrean, ikuspegi eta jarrera neutralik eduki.

Hoy no tenemos una interpretación compartida de la dictadura” esan zuen Jonanek ostiralean. Baina, ezin esan liteke Euskalerria memoria demokratikorik gabeko herria denik, edo Francoren diktaduraren aurreko epairik egin ez duenik. Badira oraindik diktadura zuritzen dutenak edo argi kondenatzen ez dutenak, bai. Hala eta guztiz ere, bertan badugu diktadura gaitzesten duen errelatua, gure artean nagusitu egin dena.

Azken hamarkadetako indarkeriaren aurrean, gauza berdina lortu behar dugu: indarkeriaren bidegabekeria eta erantzukizunak (banakako naiz taldekakoak, bietakoak daude eta) finkatuko dituen egia partekatua izatea, eta euskal jendearen arteko gehienak egia horri dagokion errelatua bere egitea.

2013-02-04

Partekatu sare sozalietan / Comparte en redes sociales

Gai honetako beste sarrerak / Otras entradas relacionadas

3 comentarios en «Bake oroimendunaren errelatua eta Bizikidetza»

  1. Niretzat berri oso txarra izan zen Jonan Fernandezen izendapena.

    Ezagutu izan dut Elkarrik egiten zituen hitzaldietan eta beti defendatu izan du ENAMen ildoa, modu batean ala besteean.

    Zenbat denbora gehio nazionalistok pagatu eta goratu behar ditugu gure etsaiak, gure kontra ari direnak? Horrelakoa baita Jonan Fernandez jauna.

    Ikusten da, gainera, taktikeri hutsa dela hau, alegia, 90 hamarkadan bezala, pentsatzea horrelako maniobrak eginez ezker iraultzaileko jendea erakarriko dugula gure eta pake aldera. Horrek ez du sekula funtzionatu.

    Oso urrats txarra Eusko Jaurlaritzak egin duena tipo hau izendatuz. Eta ikusiko dugu bere eragina beti kaltezkoa izango dela.

  2. Egi konpartitua ez da sozialki ezinezkoa. Glencre-ko agiria sinatu zutenak demostratu dute argi asko. Beste gauza bat da alderkeriengatik, egia nahi ez izatea.

    Ia Urkulluren eta PNVren planteamendua aldatzen den. Orain arte defendatu dutenetik J. Fernandezek esaten duenera.

    Bide okerretik abiatu garela iruditzen zait.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *