Aberriberri bloga

Etika, politika eta borroka armatua

Read Time:7 Minute, 20 Second

Imanol Lizarralde

Benetan interesgarriak Andoni Olariaga  filosofoak Garan idazten dituen etika eta politikaren arteko harremanaz diharduten artikulu mamitsuak. Aurreko astean idatziakoari helduko diogu (Helburuak bitartekoak justifikatzen ditu?” Gara, 2012-VI-10) ez baita berea idei hausnarketa hutsa, errealitate politiko konkretu bati buruzko gogoeta ere bada. Horrela dio gaiaren kokatze gisa:

“Borroka armatuaren garaipen/porrotaren edo zilegitasunaren gai honen azpian aurresuposatzen diren galderak, etikaren eta politikaren arteko loturarenak, biolentziaren zilegitasunari buruzkoak, bitartekoen eta helburuei dagozkienak, eta abar, beharrezkoak dira gure dogmen azpian dauden suposizioak azaleratu eta galdera zaharrak kuestionatzeko”.

Ez dabil tentuz ala erdipurdika, berak esan bezala gaiaren gordintasunean murgilduta baizik. Estimatzekoa da horrelako jarrera, eztabaida honi ateak irekitzea komenigarria baita. ETAk ez du 30 urtez jardun borroka armatuan funtsezko arrazoirik gabe. Olariaga ez da batere kamutsa arazoa planteatzeko orduan:

“Biolentzia zilegi ote da? Bi aukera ditugu: 1) printzipio moraletatik ebatziko dugu galdera; edo, 2) arrakasta eta efikaziaren terrenotik (politikoa). Euskal Herrian lehen erantzuna demokratiko eta etikotzat kontsideratzen da, bigarrena inmorala eta biolentziaren apologia: kultura katoliko batean bizi garen seinale. Lehenak irizpide absolutu bat jartzen du ekinbide politiko bat zilegi den edo ez erabakitzeko: legea, giza eskubideak, demokrazia..”

“Kultura katolikoa”ren baitan kokatzen ditu Olariagak “demokrazia” eta “etika”. Baina mendebaldea deitzen zaionari buruz hitzegiten ari denez gero eta “legea, giza eskubideak, demokrazia” kultura horrekin identifikatzen dituenez gero, akaso aproposagoa da “kultura kristau” batean bizi garela esatea, orokorrean ikuspegi kristauak eraiki baitu giza eskubideen inguruko gizakiaren kontzepzioa. Bigarren aukera, gogorkeriaren arrakasta politikoaren ingurukoa, garatuko du ondoren:

“Esaterako, edozein biolentziaren zilegitasuna herriaren nahian oinarritzen da: herriak nahi badu, zilegi da; eta alderantziz. Baina zenbat gerra egin dira gutxiengo baten interesengatik? Nola adierazten du “libreki” gehiengoak zer nahi duen? Nola adierazten da biolentziaren inguruan herriak nahi duena? Iraultza guztiak gutxiengo batenak izan baitira, gutxi batzuek pentsatu eta abiaraziak. Aldiz, bigarren erantzunak, edozein ekinbide politikoren arrakasta edo porrot politikoa hark lortu nahi zuen helburuaren emaitzari erreparatuz neurtzen du. Eta helburuak lortu ezean, hura lortzeko baldintzak lortu ote diren ere begiratzen du. Bi irizpideak bata bestearen kontrakoak dira, hortaz”.

Paragrafo honetan zenbait pisuzko adierazpen ikusten ditugu; 1) “Biolentziaren zilegitasuna herriaren nahian oinarritzen da”; 2) munduan gerrak gertatu dira “gutxiengo baten interesagatik”; 3) Nola jakin gehiengoak-herriak benetan zer nahi duen eta zer iritzi duen biolentziari buruz?; 4) Iraultza guztiak gutxi batzuk pentsatu eta abiarazi dituzte; 5) ekinbide politiko baten garaipena bi gauzetan oinarritu daiteke: bere helburuak lortu dituelako; ala helburu horiek lortzeko baldintzak jarri dituelako. Lau lehen adierazpenen esanahi elkartua hau litzateke: biolentzia politikan beti aplikatu ohi da herriaren izenean herria askatzeko, herria ez baita bere buruaren jabe, sistemaren bitartekoek morroitua eta alienatua baitago; beraz gutxiengo batek bultzatu beharko du gogorkeriaren bidea, jakinda botereak ere gerrak bultzatzen dituela gutxiengo baten interesagatik. Botereak-sistemak hala egiten du, iraultzaileek gauza bera egiten dute, gogorkeriaren erabilerak suposatzen duen ekibalentzia morala azpimarratuz. Boskarren adierazpena gure egoera konkretuari zuzenago dagokio.

Iraultzaren ikuspegi klasikoa da hau: herria gehienetan botere nagusiengatik alienatua dago eta horren ondorioz beharrezkoa da gutxiengo baten argia herria behar den bidetik eramateko. Dostoyeskyren Inkisidore Handiak horrela pentsatzen zuen: munduan munduz gaineko gain baliorik ez dagoenez, eta gizakia engainurako bizi denez, gutxiengo ilustratu batek eraman behar du giza artaldea arrazoi mundutarraren bidetik… Ezker eta eskubiko tiranoek hala pentsatu dute: Alienazioa, gutxiengoak bultzatutako iraultza, herriaren ordezkapena… Pentsaera maila hauek ohiko ideologia marxistaren gakoak dira artikuluak berretsi egiten ditu ETAren gogorkeriaren kasurako:

“Hortaz, helburuek bitartekoak zuritzen ez dituztela, bakarrik moral bat aurresuposatuz esan daiteke. Morala politikaren aurretik jartzen denean (eta ez edozein moral, katolikoa baizik!), noski, gizakiaren kontzeptu bat ere suposatu egiten da, katolikoa bera. Beraz, afera honetan gertatzen dena da, edozein ekinbide politikoren zilegitasuna aldez aurretik batzuek erabaki duten gizakiaren kontzepzio eta moral batekin erabakitzen dela. Baina non dago gizakiaren kontzepzio hori? Non dago balio absolutu hori?”.

Moralaren mozorropeko politika gisa ikusten ditu mendebaldeko balio komunak. Baina etikak, mendebaldeko kultura ekoizpena izanda, bere baitako logika du: etikak politika juzkatu behar du, etika politika ez delako, balio unibertsal batzuen aurresuposapena baizik. Non dago gizakiaren balio absolutua? Gizakiaren ibilera hutsegitez betea egoteagatik, beharrezkoa da bere balio absolutuaren araua. Zergatik? Balio hori ukatzen dutenek, joan den mendeko totalitarismoak kasu, gizakia baliogabetzean, gizakia masiboki suntsitzeko aitzakia bihurtu zutelako. ETAren kasuan, zergatik egiten zion erakunde armatuak muzin etikari, zergatik jarri  ideologia partikular baten pare? Giza heriotzak ekoizteko bere bidean traba gertatzen zelako. Beraz, gizaki konkretua garbitu aurretik, traba hori garbitu behar zen. Horregatik esaten zuen Miren Alcedo Moneo soziologoak elkarrizketatutako ETAkide izandako batek: “Sartrek zioen gogoratzen ez naizen obra batean, burges txiki batek erahil baino lehenago hil nahiago duela”. Kristau-humanista usaineko etika burutik kendu behar izan zuten ETAkideek hiltzen hasi baino lehenago eta horregatik esaten zuen Troskyk, Errusiar Iraultza garaian, gainetik kendu behar genuela  “gizakiaren bizitzaren saindutasunari buruzko fartsa kuakero-papista”. Olariaga sentimendu moralen eremuan sartzen da ondoren:

“Batzuek bitartekoen zilegitasunaren muga biolentzia espresio baten aurrean barruan guztiok sentitzen omen dugun kommozioan jartzen dute. Baina sentimendu bat bada, ezin da morala izan. Are gehiago, ekintza baten aurrean denok berdina sentitzen ez dugunez (esaterako, Asturiaseko meatzarien eta guardia zibilen arteko enfrentamenduetan denok ez dugu berdin sentitzen zauritua guardia zibila izan edo meatzaria izan), ez digu baliozko irizpide bezala balio edozein biolentzia bidezko ekinbidea den edo ez deliberatzeko. Batzuen soluzioa honen aurrean hau izaten da: denok berdin sentitu behar dugu! Eta hala sentitzen ez badugu, ez daukagula gizatasunik, oraindik ibilbide demokratikoa egiteke daukagula, eta abar, esango digute. Gizatasuna moral katoliko-apostolikoaren onarpenak bakarrik emango balu bezala!”.

Gizakia konkretua da beti eta beti dago baldintzatua duen joera ala kokapenarengatik. Politikak gizaki konkretuaren interesak ditu abiapuntu eta horren moldera eginak dira alderdiak eta elkarteak. Baina gure sentimendu eta identifikazioen gainetik kapazak gara ikusteko bestelako gizakia gizaki dela, gizalegearen arrazoiez antzeman dezakegula gizaki batek beste baten adina balio duela, halakoa ala bestelakoa izan. Olariagaren molde politikoak, ordea, gizakien desberdintasun ontologikoa aldarrikatzen du, eta zatiketa politikoaren arabera juzkatzen ditu, Mao zaharraren “iraultzailearen heriotzak mendi baten pisua du, baina atzerakoiaren heriotzak luma bat baino gutxiago pisatzen du”. Kasu honetan, sentimenduak ideologiak sortutakoak dira, arazoa ez baita ama ala semearen heriotza gehiago sentitzen dugula ezezagunen baten heriotza baino, arazoa da bi ezezagunen artean bata bestearen gainetik jartzen dugula, ideologiak marra bat ezartzen duelako bien artean. Noski, ikuspegi hori ez da, ezin liteke, etikoa izan, etika unibertsala baita eta balio berdina ematen baitie gizaki guztiei. Sentimenduak desberdinak izan daitezke bata ala bestearekiko, baina epaiketa etikoak dio batak ala besteak balio berdina dutela. Gizatasuna gizalegearen ondorioa da, gizakia gizaki den heinean juzkatzea, ez polizia ala ETAkidea den heinean, azken hau egitea epaiketa politiko ez-etikoa egitea litzatekeelako.

Filosofoak galdera existentzial garrantzitsua egiten du gaiaren harira: “Izan ere, giza bizitza edo duintasuna non dira absolutuak? Paperean izango da segur aski, errealitatean ez baitira inon ikusten!”. Eta iraultza non da absolutua? Helburu horrek milioika gizaki bultzatu ditu bizia ematera eta beste gizakiak hiltzera. Horretan dago idealen koxka: modu absolutuaz ezin daitezke gorpuztu, baina modu absolutuan desiratzen dira. Giza bizitza eta duintasuna gure eguneroko bizitzaren alderdia dira, ez baikara ari etengabe giza bizitza eta duintasuna suntsitzen, alderantziz baizik, bestela gizon-emakumeak ez bailirateke maiteminduko, ez genituzke gure umetxoak maiteko, kaletik ibiltzean elkarri erasoka ibiliko ginateke, indartsuak etengabe ariko lirateke ahula menperatzen, aita-ama baino indartsuagoak diren seme-alabek aita-amak garbituko lituzkete. Baina Olariagaren adierazpenak badu egi erdi bat, eta hori da bizi dugun mundua, gizartea eta pertsonen arteko harremana ez dagoela beti giza duintasunaren parean. Hori hala izateagatik, errealitate erdi horrekin identifikatu behar al gara? Giza inperfekzio ala hutsekin bategin behar al dugu? Ez al da ikuspegi hau aitzakia nahi dugun tenorean giza eskubideen urraketa zuritzeko?

Azkenik, filosofoak dio bai helburuak eta bai bitartekoak erlatiboak direla. Dialektikaren joko hutsa da hau, zenbateraino erlatiboak diren jakiteko egoera konkretuari begiratu behar diogulako. Gure egoeran zertan dira erlatiboak ENAMen helburuak eta bere bitartekoak? Borroka armatuak helburuak lortzeko baldintzak jarri al ditu, 30 urtez jardun eta gero? Eta helburua –klase independentzia, “lege, giza eskubide eta demokrazia” molde honetatik deskonektaturik legokeen independentzia hori? Helburu “erlatiboa” al da? Eremu honetan ez du erantzunik ematen, bere erantzuna argi gelditu arren. Horrela bukatzen du:

“Printzipio etiko edo balio absolutuak ezin dira izan giza eskubide guztien aitortza edo justizia eraikitzeko printzipio moral eztabaidaezinak: aitzitik, haiekin batera lortu behar diren helburu (edo bitarteko, kasuan kasu) politikoak baizik”.

Olariagak ez du argitzen zertan datzan “giza eskubide guztien aitortza eta justizia”,  ez du “moral katolikoa” ukatzen, etika-humanista osoa baizik. Gizaki kolektiboan, subjektu kolektiboan du bere fedea. Eta honen politikak bere araberako etika bat behar du, etikaren subjektu bera, gizabanakoa, ukatzen duen etika, anti-etika bat, beraz. Euskal usadioko filosofian, gizabanakoa askea zen, baina etxerako ere zen: gizaki partikularraren askatasunak helburu kolektibo baten aukera suposatzen zuen. Askatasuna hori baita: gure mugak aukeratzea, beste gizakiekin bategiteko aukera pertsonala eta partikularra izateko gaitasuna edukitzea. Argi dago askatasun hau ukatua zaiola ENAMeko partaideari, mugimendua utziko balu “traidorea” eta hortaz hilgarria izango litzatekeelako. Hemen ez dago gizalegerik ez etikarik, alde bakarreko politika baizik, politika absolutua, momentuan momentuko helburu erlatiboekin mozorrotzen dena.

Salir de la versión móvil