Aberriberri bloga

Zorrak

Read Time:2 Minute, 20 Second

Martin Agirrezabal

Aspalditik ibili naiz “relatoa”-ri buruz idatzi nahian. Baina ez naiz ausartu. Hala ere, Imanol Lizarraldek idatzitako artikuluak indarberritu nau, bide batez, euskal kultura aipatzen duen atalak. Martxelo Otamendik euskal kulturak ETAri zenbait gauza zor dizkiola diosku Berrian baina Imanolek, zorionez, Berriako zuzendariak ematen dituen argudio nagusiak errefusatu ditu.

Egia esan, Argian egin zioten elkarrizketa batean, Xabier Letek berak “inoiz ez zela iraultzailea izan” argi erraten du. Era berean, iraultza aldaketa bortitza gisa ulertzen duela azaldu eta gero, “ez tenperamentuz, ezta arrazoi etikoengatik” ez zuela hartu argitzeko eta era berean, erresistentzia gisa ez zutela kultura sortzen ere adierazten du. Garai hartan politika zeharka zegoela onartzen du, besterik ez. Beraz, ETAri zor diogunaz argibiderik ez.

Baliteke ETAkide batzuekin zorrik izatea. Ez dut ukatuko Txillardegik ala Sarrionaindiak egindako lanen garrantzia, ezta Mikel Antzaren eleberriena ere, baina erakundea armatuarekin ez daukagu inongo zorrarik, oro har. Are gehiago esango nuke, ETA-k eta ENAM-ek asko zor digute euskaldunoi. Haiek erabilitako indarkeria euskalduntzeke zegoen jende asko baztertzea lortu du. Erabilitako modu totalitarioak anti-euskaldunen motorra izan eta leku askotan bere fruituak eman ditu, “Euskarari beldurra” fenomenoa potolotuz Nafarroan.

Ez horixe bakarrik, euskal kultura politizatuz, kutsatu egin dute. Benetan nazkagarria da, edozein euskal jaira joatea eta pankarta politikoak ikustea edonon, erabat baztertuta sentiarazten naute. Durangoko azokara joaten naizen bakoitzean, ez dut gustoko guztiz politizaturik dagoen eremu batean sartzea. Bakoitzak bere postua eta bere liburuak saltzea ederki dago, baina eremu publikoak lausotzea ez da onargarria. Totalitarioaren ikurrak dira hoiek, leku publikoak politizatzen dituztenak, alegia, Frankismoak egiten zuela bezala.

Jarrera horiek egokitzea ENAM-ek daukan erronka handiena da. Berehala trebatu beharko dira, bestela “prozesu demokratikoa” esaten zaion horren itxura ez hausteko. Joan den astean argi ikusi genuen txakur askoren muturrak haginka ibiltzeko prest daudela Deiak eta Oñatiko Batzokiak pairatu dituzten eraso totalitarioak adierazi zigutenez. Urte askotan ereindako hazia da eta ikusi beharko zer egiten duten aurtengo uztarekin. Jasoko ote dute?

Bukatu baino lehenago, zorraren kontua itxi nahi nuen. Martxelo Otamendi ETAri zor diogunaz mintzo da. Baina, EAJ-ri zor diogunaz? Euskal Pizkundeko kide asko jeltzaleak eta jelkideak ziren, Esteban Urkiaga “Lauxeta”, adibidez. Euskararen egunaren harira, Mungiako udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Joseba Zubimendi eta Ander Arzelus omendu zituzten. EGI-ren sostenguarekin, euskaraz gauzatu zen lehen irratisaioa haiek zuzendu eta aireratu zuten.

Jeltzaleok orain daukagun erronka nagusia geure memoria ezagutzera ematera da. Besteak aspaldidanik euskal historia berridazten ari dira, bai Saseta, Lauaxeta edo Nafarroako banderea berenganatzeko ahalegin guztiekin. Geure memoria azaleratzeko garaia heldu da, etorkizunera begira daukagun armarik handiena geure ondearean ostontzen baita: Euskadiren alde egin dugun lanean, hain zuzen.

Nik ez dut esango ikastolak edo kooperatibak jeltzaleok soilik bultzatu ditugunik, ekarpenak anitzak izan baitira baina lasai esan dezket EAJ barik herri hau oso bestelakoa izango litzateekela. Batzuk mokoka ari dira geure uztan eta arazo horri aurre egin beharreko momentua heldu da. Mugi gaitezen.

Salir de la versión móvil