Azala / Portada » Ekonomiaren txokoa: Ondasunekiko harremanak Euskal Herrian

Ekonomiaren txokoa: Ondasunekiko harremanak Euskal Herrian

Patxi Juaristi (*) Ekoberrin

Anthony Giddens soziologoaren arabera (2000), demokrazia osasuntsuak lortzeko kultura zibiko sendoak behar dira; alegia, gizarte hori osatzen duten kideek erakundeekiko, herrigintzarekiko eta, oro har, gizartea osatzen duten beste herritarrekiko ardurazko jarrera izan behar dute.

Nire ustez, demokrazia sendoak lortzeko, ezinbestekoa ere bada ondasun iraunkorrekiko harreman egokiak izatea. Izan ere, etxeak, basoak, mendiak… arduragabekeriarekin erabiltzen direnean, gizarte horretako kideen arteko desberdintasunak areagotzen dira eta kohesio soziala kaltetzen. Are gehiago, hurrengo belaunaldiek ondasun horiek erabiltzeko duten eskubidea ukatzen da, eta gizarteek bizi kalitatea galtzen dute. Aldiz, ondasun iraunkorrak arduraz erabiltzen direnean, gizarte kohesioa sendotzen da, eta, oro har, gizarte justuagoak lortzen dira.

Hainbat ikerketek erakutsi duten bezala (berbarako, Pako Garmendiaren lanek), euskaldunek ondasun iraunkorrekiko harreman bereziak izan dituzte tradizioz. Etxea, lurrak, basoak… elkartekoak izan dira nagusiki, etxekoak edo herrikoak, eta gizartekideek horien ardura edo erantzukizuna izan ohi dute bakarrik. Ondasun iraunkorren helburua belaunaldiz belaunaldi etxean edo herrian bizi direnei zerbitzua ematea izanik, etxeko edo herriko atal zatiezinak izan dira tradizioz.

Zuzenbide Erromatarrak eskubide guztiak ematen dizkio lurraren propietarioari; ius utendi, fruendi et abutendi direlakoak. Propietarioak nahi duena egin dezake bere ondasunarekin. Euskal tradizioan, aldiz, mugak jartzen zaizkio jabeari, etxekoen eta herritarren onerako. Gizabanakoek baserriaz, basoez edo soroez gozatzeko (ius utendi) eta gozamen horren ondorioz lortzen dituzten fruituak jasotzeko (ius fruendi) eskubideak badituzte ere, ezin dituzte ardurabakokeriaz erabili, ezta etxearen eta etxekoen nahi eta interesen aurka jarri ere (ius abutendi). Burubide honetan, salmenta bera ere txarto ikusten da, eta bakarrik muturreko egoeretan onartzen. Izan ere, axolagabekeriak edo zatiketak ekarriko lituzkeen minifundismoak etxearen burujabetza ekonomikoa apurtu eta bizibide guztia jarriko luke arriskuan.

Etxekoek zein herritarrek, baserria edota herri-lurrak behar bezala zaintzeko konpromisoa hartzen dute, beraz, aurreko belaunaldiengandik. Horretarako, garai bakoitzean etxeko edo herriko direnek, ardura hori egokiro betetzeko gai izango den gizartekide bakar bat aukeratzea onartuko dute: herriaren kasuan, alkatea eta etxearen kasuan, berezitasun onenak dituen seme-alaba. Etxerako edo herriko buruzagitzarako aukeratua den gizabanakoak eskubideak hartu beharrean, gizarte funtzio bat ondo betetzearen erantzukizuna hartzen du.

Esan beharrik ere ez dago gaur egun indarrean dagoen gizarte filosofia oso bestelakoa dela. Ondasunekiko harremanetan, gero eta garrantzi gutxiago du ardurak, eta gero eta gehiago Zuzenbide Erromatarraren araberako mentalitateek: ondarea hartzea ondasunekin nahi dena egiteko eskubide giza bizi dugu gehiago, aurreko eta osteko belaunaldiekiko ardura bete behar bat bezala baino.

Aldaketak direnak direla, ez dago zalantzarik euskal tradizioan bizi izan den ondasunekiko harreman hau gure egunetaraino heldu dela. Euskal Herrian mugimendu kooperatibista hain indartsua izatea mundu ikuskera horren adierazle bat da, nire ustez. Han eta hemen ondasun iraunkorrekiko harreman bereziak dituzten auzo-elkarte, kofradia, ermandade eta partzuergoak edota herri-lur eta herri-basoak erabiltzerakoan toki askotan gorde diren araudi eta ohiturak ere mundu ikuskera honen adierazletzat jo ditzakegu.

Esandakoak esan ostean, iruditzen zait oso interesgarria izan daitekeela euskaldunok tradizioz izan dugun mundu ikuskera hau berreskuratzea, eguneratzea eta hedatzea. Ondasun publikoen, energiaren, natur baliabideen edo aurrezki kutxen elkartzearen inguruan eztabaidatzen ari garen honetan, euskaldunon gizarte filosofia honek irizpide egokiak eman diezaguke. Beste berba batzuekin esanda, arduran oinarritutako mentalitate hau oso baliagarria izan daiteke gure gizartearen aurrerabide orekatua lortzeko, baita gure demokrazia, ekonomia edota gizarte kohesioa sendotzeko ere.

(*) Soziologoa eta UPV/EHU-ko irakaslea

Partekatu sare sozalietan / Comparte en redes sociales

Gai honetako beste sarrerak / Otras entradas relacionadas

10 comentarios en «Ekonomiaren txokoa: Ondasunekiko harremanak Euskal Herrian»

  1. Aparteko artikulua. Egun bizi dugun krisi ekonomikoa balioen krisia dela argi dago. Ondasunekiko jarrera, etxearekikoa, adibidez, gure tradiziotik kanpo kokatu dugu. Euskaldunentzat etxea ondasun preziatua zen, eta etxearekin ez zen espekulaziorako biderik. Egun aldiz, ikusi dugu zer gertatu den etxeen prezio, ustelkeri eta kredituz kreditu ustezko aberats bihurtzearekin.

    Ondasunekiko jarrera hori ez dakit berreskuragarria den ere. Egungo mundu-globalizazioak pentsamoldeak aldatu ditu gure herrian eta uholde horri aurre egitea ez da xamurra.

  2. Egun galdera ez da lehen zer zegoen bakarrik galdetzea. Adibidez, zeintzu dira gure «komunal berriak»? Ez al ziren gure Aurrezki Kutxak komunalak? Zer egin behar dugu hauekin, banketxe bihurtu eta kanpo-kapitalaren menpe jarri? Edo gure eredua aurrezki-kutxek komunal bezala funtziona dezaten eskatu, ekintza sozial, komisio baxuago eta gobernantza partekatuagoarekin?

    Horretarako profesionalizazio bat beharrezkoa da, dudarik gabe, egun teknikoki prestatut ez dauden hainbat zuzendari eta alderdiak finantziatzeko balio duten kargu sinbolikoekin. Baina alternatiba ez da inolaz ere, Caja Navarrak hartu duen bidea. Ados al gaude honekin?

  3. Ez aurrezki kutxak ez dira komunalak, zuk diozun bezela, empresa kapitalistak dira, eta nik bere obra soziala, erabat kendu egingo nuke, zergak pagatu dezaten denak bezelaxe, eta gobernuak administratu edozein empresa bezela.

    Kutxetan ba daude teknikari honak, pentsatzen det, beinipin ez dituzte eraman amildegira, jakin eta operazo inmobiliari batzuk, oker atera direla jakinda.

  4. Barkatu arrano, baina euskal kutxek erakunde publikoek egin dituzte, hain zuzen udaletxe eta aldundiak. Eta denok gara aldundikoak, ezta? Guztiona zen. Orain kapital pribatua hortxe sartzea erabat kaltegarria da, euskal kutxen kasuan bezala, osasun ekonomiko ona badute. Euskal Kutxek ez dute bakarrik dirua egiteko eginbeharra, euskal enpresa eta langileak languntzea ere bai, helburu soziala dute, ez hori ahaztu. Eta hori niretzat komunal moderno bezala definitzea da: denona da, basoa bezala, eta dugu basorik inori saldu behar, diruz larri gabiltzalako. Hori egitea gure oinordekoen etorkizuna zapuztea da.

    Eta euskal senaren baitan ez dago oinordekoei edozer uztea, baserria familiaren baitan mantentzen da, basoa herriaren baitan eta Kutxek herritarrek hautatutako instituzioen baitan jarraitu behar dute. Hala bedi.

  5. Eske nik ez det ikusten desderdintasunik, bbk eta BANCIARENARTEAN, edo eta BBV zanarekin.

    Hipoteka, interes berdinak ematen dute, eta prestamo personalak berdin, ordaintzen ez dutenei embargatu egiten die, edozei banku bezela, biek bankuek eta kutxak eman diztuzte krixton prejubilazioak, txartela edukitzeagatik kobratu egiten dute, besteak bezela, berdin errezibioak domiziliatzen.

    Kutxa ez da komunala, nola ez ta ere CAJAMURCIA, o CAJATOLEDO.

    Gainera nik usten det, erakunde publikoek, ez dutela parte artu behar NEGOZIO FINANZIEROAN, hortarako daude partikularrak, cajalaboral, bezela, edo bancogipuzkoano bezela.Gainera gehiegikeri bat iruditu zait beti, publizitatean kutxen gastatzen duten dirua, ikaragarria, betidanik.

    Euskaldunak beti egin degu negozioa bankuekin Espiniako aundienak, emengoak ziren, eta orain egiten dute negozioa MEJIKO edo VENEZUELAN.

    Eske, jendearen eragina negozio eta empresetan, gobernuarena bainan rentableagoa da, nahiago ditut, empresario pribatuak, publikoak baino, eta diru negozioan berdin.

    Saludos.

  6. Arrano jauna, desberdintasunak badaude. Onkologikoa egitea edo proiektu kulturalak laguntzea ekintza soziala da. Interes beraren aurrean herritarrek irabaziak nola kudeatzen diren jakin nahi dute.

    Kutxek hau edo bestea finantzia dezakete baina kriterio jakin bat behar dute eduki finantziatzen dutenak aberastasuna eduki dezan gure herrian. Hori da beren funtzio soziala, oso garrantzitsua dudarik gabe. Eta horri eutsi behar diogula uste dut, eta ez boltsara atera eta irabazi horiek beste nonbaitera bideratu. Lana dute egiteko gure herrian.

  7. Oncolijikoa, osakidetzak egin behar zuen nere ustez, eta burtsa ez da soluzio txarra, Euskalerriko empresak bertan daude, ez IBESen bakarrik, baita ere burtsa internazioanletan, munduan dauden empresa garranzitsuenak BURTSAN DAUDE.

    Gogorazi nahi nizuke, kutxen negozioa borobila hipotekak izan direla, beak ere elikatu zuten burbuja, eta diru askomkolokatu, a zer nolako balantzeak, eta usten zieten dirua euskaldunei, europakoa ze, ez Euskalerrikoa.

    Errepikatzen dizut, gobernua ez dagoela NEGOZIO FINANZIEROan lana egiteko, eta etekinak ateratzeko.Euskaldunak bankero onak izan gera, banka pribatuan, orain porrot egin degu.

    Kutxetan politika geihegi dago.

  8. Adiskideak:

    Ez zaitezte formetan geratu, funtsan baizik.

    BBK,Kutxa eta Vital nahiz noizbait Kutxa izateari uko egingo bazuten ere, eta EUSKADIKO BANKOA sotuko balute, EUSKOBANK honek FUNDAZIO bat sor zezakeen, eta FUNDAZIO honek gauza asko egin ditzazke Euskadiren alde eta euskaditarren alde

    Egia da bai kontrol publikoa KUTXA batzuen bitartez, egon, hobe bermatua dagoela.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *