Aberriberri bloga

Catalunyako Estatut-a: lurrin jakobinoa

Read Time:3 Minute, 5 Second

Ion Gaztañaga

(Jakobinoen klubaren atea, Saint-Honoré kalean, Parisen)

Auzitegi konstituzionalak Estatut berriari emandako epaiak hainbat irakaskizun ditu eta zer esanik ez eman eta emango diren erantzunek. Montilla president-ak nazio bat direla esan eta seyneraren atzean manifestazio egiteko deia luzatu du, Zapaterori estatutuaren akordioa berregin behar dutela esanez. Urkulluk espainia pluralaren amaiera iragarri du eta CiUk 78ko itun konstituzionala hautsi dela.

Espainiako tesi jakobinoen defendatzaileen argumentuak ezagunak dira baina interesgarria da gaur Javier Tajadura-k El Correo-n bere argumentuak indartuko dituelaren ustean, egiten dizkigun konfidentziak. EHUko zuzenbide konstituzionaleko irakasleak dioenez ez dugu atentzioa inkonstituzional bezala aitortu diren artikuluetan bakarrik jarri behar, baizik eta interpretazio jakin bat inposatu dizkioten berrogehi gorakotiko artikuluei: “El autogobierno de Cataluña se fundamenta también en los derechos históricos del pueblo catalán” jartzen duen lekuan Catalunyaren autogobernua Konstituziotik soilik datorrela interpretatu behar da, “la inversión del Estado en Cataluña en infraestructuras se equiparará a la participación relativa del PIB de Cataluña con relación al PIB del Estado para un periodo de siete años” jartzen duen lekuan Estatuak hori betetzeko inongo beharrik ez duela interpretatu behar da. Eta horrelaxe, 117 artikulutatik 41 Auzitegi konstituzionalak dioen erara irakurri behar dira, benetan hor jartzen ez duena irakurtzera behartuz. Ba al dago espainiako “Champions League” txapuza maila hura ekonomiatik at auzitegietan ere badagoela erakusteko froga argiagorik?

Honekin loturik dugu botazioetan gakoa zen Manuel Aragón zuzenbide konstituzionaleko katedradunaren jarrera. Estatutuari ezezko borobila ez emateko sententzian “espainiaren batasun hautsezina” jarri baitzuen behin eta berriro eta Maria Emilia Casas presidentak, sententzia aurrera eramateko intentzioarekin zortzi aldiz aipatu du batasun hautsezin hori bere zirriborroan, nazionalismo sutsu eta fanatikoaren adierazgarri ikaragarria. Horixe da, jaun-andreok, Espainian dagoen epaimahien formazioa, Canadako auzitegi gorenak Quebec-eko kasuan gehiengo zabal baten aurrean (gogora dezagun Estatut-ak alderdien %90ko onarpena zuela) izan beharko litzatekeen jarrerarekin konparatzeko. Jakobinismoa eta federalismoa, horra bai kontzepzio kontrajarriak.

Hementxe, orain dela 171 urte indarraren bitartez inposatutako batasun konstituzionalaren kapitulu berria bizi dugu euskaldunok. Izan ere, hori baita espainiako eraikuntza juridikoan, efizientzia, autonomia, edo beste arrazoien gainetik salbatu beharrekoa, Miguel Sanz-ek bere modu zuzenean aitortu bezala: “el sentido de la unidad constitucional, que es el que define la Carta Magna, se ha mantenido afortunadamente”.

Catalunyatik ere efektua hasi da espainiako jakobinismoak mantsotzat dituen hainbat autonomiatan. Valentziak bere xedapen gehigarrian jasotakoa bete arazi nahi du eta beste edozein autonomiak lortutako eskumenak automatikoki lortu nahi ditu. Eta noski, PPk bultzatu eta onartutako hainbat estatutu berrietan Catalunyan moldatu edo interpretatu diren artikulu berdintsuak dituztenez (hau eromena, Catalunyakoa denean kontra egin, eta berdina dioen bestea onartu), estatuto hauek berriro aztertu beharko dira. PP izan baita, nire ustetan, irabazle garbia joko honetan, eta horrexegatik, espainiako batasun sakrosantua salbatu denez, akordio eta elkarlanerako deia luzatzeko gai ere bada Rajoy jauna, PP izan baita, bere ustetan “katalanen ziurtasun juridikoa hobetzera eta bere eskubideak konstituzioaren barruan bermatzera lagundu duena”. Espainia salbu da, otoi dezagun guztiok esker onez.

Sententzia honek bi eragin izango ditu Euskadin. Lehenik, epe motzekoa, Zapaterok kontuak aurrera ateratzeko izango dituen zailtasunetan, Catalunyako alderdi guztiak kanpainian baitaude. Zaila izango da CiUk Zapaterori laguntzarik ematea eta beraz EAJren indarra areagotu egingo da Patxi Lopezen izumenerako. Bigarrena, epe luzeagokoa, Espainiako eredu autonomikoaren itxiera da seguruenik, eta hau iritzia besterik ez da, norantza aldatu eta UPD eta PPk dioten bezala, zentralismora bidean jarri eta Estatuak erkidegoen eskumenak errekuperatu eta oinarrizko legeen bitartez de-facto autonomia murrizteko.

Abertzaleok erantzun bat eman beharra daukagu, ondo pentsatua eta batez ere,  praktikoa. Ez dut uste nortasunerako deialdiek, nazio-talkek eta bestelakoek, hiritarren atentziorik erakarriko dutenik. Gizarte sarean oinarritutako, euskal naziogintza positibo, gainerakor eta sendo batek bakarrik emango luke, nire ustez, beharrezko erantzun aproposa. Baina noski, honek deklarazio handi eta helmuga disdiratsuak baino eguneroko lan partekatua beharko du euskal gizarte plural eta desaktibatu honetan.

Salir de la versión móvil