Azala / Portada » Indarkeria iraultzailearen bide ideologikoak

Indarkeria iraultzailearen bide ideologikoak

Imanol Lizarralde

Eskerrak eman beharko dizkiogu Josu Iraeta HASIko burukide eta HBko mahaikide ohiari bortxakeria ala indarkeriaren arazoa mahai gainean jartzen duelako. Jakinda ETAk ez duela etsiko, azken Aberri Eguneko komunikatuak adierazten duen bezala, aztertu beharko dira bidebatez bere gogorkeriaren arrazoiak. Josu Iraetaren artikulutxoa mesedegarri gertatzen da hein horretan («Biolentziak –ETA desagertzean zer?» Berria, 6-4).  Lehen lehenik azpimarratu behar da nolabaiteko euskaldun eta abertzaleei egiten dien aipamena:

“Ekonomismoan oinarritutako abertzaletasun ahul bezain nagia (…) Hori aski dute hilero sakela betetzeko. Egiten duten kalteagatik ez balitz, nazka ere emango lukete, baina beste zerbait da merezi dutena”.

Iraetak ez digu argitzen abertzale-euskaldun horiek mereziko luketen “beste zerbait” hori. Pertsona horiek zuzenean identifikatu egiten ditu Madrileko gobernuarekin (“euskal abertzale ahul bezain nagi horiek  zer nahi dute, zertan lagundu nahi diote Madrilgo gobernuari? Zuzen esanda, zer nahi du konpondu Madrilgo gobernuak: euskal arazoa edo ETAren arazoa?”). Lehen eta bigarren galderak sinonimotzat dauzka, bigarrenaren aitzakitan lehen galdera ez baitu erantzuten nahiz eta (agerian dago) bi galdera desberdinak izan. Nahaste borrastetsua ageri da lantxoan zehar Iraeta. Borondatezkoa da jokabide hau, abertzaletasun betikoari dion gorroto bizia bezala, akaso Aberri Eguneko Hendaiako haizeek abertzale horien kontrako herra sortu nahi duelako.

Iraetarentzat gogorkeria terrorismoarekin identifikatu egiten da eta horrek balio omen du hor nonbait diren beste hainbat arazo estaltzeko:

“Badakizue; krisi ekonomikorik ez dago, langabezia ez da sumatzen. Ez dago elebitasun arazorik. Ez dago ezer. Terrorismoa besterik ez dago. Terrorismoa zer ote da? Terrorismoa bestearen biolentzia da beti: Eta jakina, terrorismoa ETA da. Biolentzia ETA da. Hori da, behin eta berriro plazaratzen dutena, baina biolentzia ez du ETAk asmatu”.

Terrorismoa, Iraetak dioen bezala, “bestearen biolentzia da beti” baina terroreak baditu ere “biolentzia iraultzailean” (hala deitzen dio ETAren gogorkeriari) erro sakonak. Orain une hauetan ez da batere popularra, baina bazen garaia non eta ETAko kideek harrokiro errebindikatzen zuten heriotz bakoitzaren hilketa, beharrezkoa eta sanoa zelako. Terrorea ona zen, klase nagusiaren boterea ideologiko zein instituzionala zapuzteko balio baitzuen. Terrorea beharrezkioa zen.  Izan ere erro ideologiko hau sakona da: boltxebikeek beti aldarrikatu baizuten “terrorea” iskilu gisa, etsaia garbitzeko eta gizartea iraultzaren bidetik eramateko. Beraz Iraetak “biolentzia iraultzailea” aipatu arren, ez du aipatzen boltxebikeek eta ETAkide beraiek terroreaz zegioten aldarrikapena. Hori baita “biolentzia iraultzailea”ren funtsa.

Bestalde, Iraetak langabezia, elebitasun eza eta krisi ekonomikoak ETAren gogorkeriarekin konparatzen ditu eta esaten du arazo grabeago horiek estaltzeko balio duela ETAren aitzakia. Hanna Arendt-ek komentatzen du totalitarioen logikaren erabilera zikoitza, gizalegea hautsi egiten duena; eta Iraetak hemen biribilki darabil logika hori: krisi ekonomikoa, langabezia, elebitasun eza arazo dira, noski, eta arazo izango dira ETA izan ala ez, ETAk irabazi ala ez. Edota zer uste al du Iraetak? ENAM boterean egongo balitz ez litzatekeela langabezirik, elebitasun ezarik eta krisi ekonomikorik izango? Gizarte kapitalistaren egiturazko izaeran dagoela munduko gaitz guztia? Edota bere kirakoek boterea edukita munduan arazorik ez litzatekeela izango? Eta hau dio ere: “biolentzia ez du ETAk asmatu”. Honek balio du arazoaren mamira abiatu gaitezen:

“Euskaldunok, biolentziaren eztabaida nahi dugu ikusi, alferrikakoak diren gaitzespenetan ibili gabe. Eta eztabaidak bi parte argi ditu: biolentziaren kausak, eta irtenbideak. Kausak: begi bistan dago, analisien objektua biolentzia iraultzailea dela. Zuzenean eta lehenik begien aurrean duguna, analisien objektu zuzena, ETA da. Honen kausak azaltzerakoan bakarrik aipatzen dira, deribazio eta ondorio gisa beste biolentziak, instituzionala eta errepresiboa. Baina hori ez da egia osoa, Estatu-biolentzia baita eta ez besterik, azterketarako perspektiba hori inposatzen diguna, nahiz eta, dirudienez, inork ez duen ikusten. Beraz, eztabaida guztiak, aldez aurretik biolentzia bat sufritzen du, eta ez da ETArena”.

Lehen lehenik Iraetak euskaldun guztion ordezkaritza hartu nahi du eta euskaldunon borondatearen azalpen gisa botatzen du soilki berea eta beretarrena den iritzia. Berak dio, eta justuki gainera, gogorkeriak bi alde dituela, ez bakarrik ETArena. ETAk gogorkeri espiral bat proposatzen baitu bere estrategia gisa, ekintza-errepresio-ekintzaren espirala, non eta ETA eta Estaduaren biolentziak elkar-trabatu egiten diren, gehiagora doan prozesu baten bitartez. Prozesu hontan, Askapen Mugimenduaren aldetik, bitartekoak ez dira bakarrik  militarrak, ideologikoak, sozialak, politikoak ere badira. Beraz Iraetak estaduari egozten dio ENAMek esplizituki egiten duena. Hontan ere sumatu dezakegu Arendt-ek bereizten duen logika totalitario zikoitza.

Nahi ala ez, ikuspegi iraultzailearentzat klase nagusiaren biolentzia orokor eta anitza leheneko biolentzia izan arren (Iraetak “biolentzia errepresiboa eta egiturazkoa”z mintzo baita), ETAk sortu du eta bai askatu ere gogorkeri espirala. Estaduaren aldetik erantzun errepresibo eta ez legezkoak eragin izan al ditu, hori delako bere borondatea. Maila batean, hori guztia planifikatua dagoelako, ETA ere badelako Estaduaren ez-legezkotasunaren bilatzaile, ez-legezkotasun hori bilatzen duelako. Eta erantzun horri iniziatiba eramatea deitzen dio gainera, hainbat komunikatuetan esaten baitu errepresioak iniziatiba daramala demostratzen duela. Estaduaren biolentzia, beraz, “egiturazkoa” da, sistemaren izaeratik datorrena. Euskalerriaren arazoari dagokionez “egiturazko” biolentzia horri “biolentzia historikoa” deitzen dio Iraetak. Zertan datza biolentzia historiko hori?

“Biolentzia historikoa ez da noizbait izandakoa, orain ere bizirik dirau, gogorki gainera. Biolentzia historikoaren presio da zenbait egitasmo eta helburu ezberdinetan kokatzen gaituena: Autodeterminazioa? Nafarroa eta Baskongadetako estatutuak? Gure nahi eta egitasmoak, beste indartsuago baten planteamenduaren barruan egin behar izatea. Hark toleratzen dituen planteamenduak bakarrik egin ahal izatea, edo bestela biolentzia iraultzailea erabili behar izatea, terrorista bihurtuz. Une latzenean ere, guk beharko dugu legitimazio eta eskubide bila, ez Estatu espainiarrak”.

Eta horrek bultzatu egiten du “biolentzia iraultzailea erabili behar” izatera. Ikuspegi iraultzaile batetik munduan bada zapaltzaile eta zapalduen arteko kontraesan nagusia. Kontraesan horrek Euskalerrian borroka nazionalaren itxura prezisoa hartzen du, ETAren esaldi famatuan. Kontraesana benetakoa da, iraultzaileek benetako arazoak ustiatzen dituztelako (langabezia, euskararen arazoa, etb). Baina kontraesanaren kudeaketa ideologikoa da, Iraetarentzat Estaduaren ukazioak gogorkeria merezi baituelako eta bere ustez gogorkeria hori berrituko duten militante berriak etengabe sortuko direlako.

Biolentzia iraultzailearen logikari jarraituz, biolentzia ez da sekula bukatuko, nahiz eta iraultzak irabazi, kontraesana baita gizakia eta gizartearen betiko egoera. Eta kontraesanik gelditzen den bitartean (gizarterik eta gizakirik dagoen bitartean) biolentziaren erabilera ohartua gertatuko da. Iraetak aipatzen duen biolentzia iraultzaile hori ideologikoa da, mundu ikuskera baten araberakoa. ENAMen ideologian txertatuta dago eta ENAM horrengatik sortu zen gainera ETA erakunde armatuaren eskutik.

Bizi izan ditugun hiru bake prozesuek zeredozer demostratu badute hauxe da: zaila dela gogorkeriarekin bukatzea, gogorkeri baten eramaileek beren izaeran txertatua dutelako gogorkeriaren erabilera, beren zeinu ideologikoa delako. Horrengatik beren “bake prozesuak” borroka eremu berri bat izan dira eta gogorkeria luzatzeko bitartekoak suertatu dira.

Partekatu sare sozalietan / Comparte en redes sociales

Gai honetako beste sarrerak / Otras entradas relacionadas

4 comentarios en «Indarkeria iraultzailearen bide ideologikoak»

  1. Benetan tamalgarria ze kaso gutxi egiten zaion horrelako arrazoipideei ze noski naturalak baitira zenbait lekuetan eta balio dute ba jendea, gazteak batipat, gogorkeri taldeetan engantxatzeko.

    Gainera argi gelditzen da ba MLNVren sakoneko ideologia. Gogorkeria iraultzaren parte oso garrantzitsua da, iraultza berarekin konfunditzeraino.

    Gauzak errotik aldatu nahi badira -eta aldaketa beti da xeheketa, gauzak hauts bihurtzea- biolentzia ezinbestekoa da. Zergaitik? Ba potere politikoa duten pertsona oso gaiztoak ez direlako beren despatxuetatik eskuak gora ateratzen eta subjeto iraultzaile berriaren menpean jartzen.

    Eta orduan ere errendi eginda ere ba agian ez da pakerik izango, gizarte komunistek erakutsi bezala atzerakoi piloa kunetetara bidali behar delako gizartea purifikatzeko. Eta Josu Iraeta noski purifikatzaileekin dago.

  2. Eske ikusten da klaro ETAkoen eskeman ez dagoela inondik ere armak uzterik baina bai pakearen ideiaren bitartez ba txotxongilo bihurtu politiko profesional asko, partido askotakoak, ba zaku horretan juntu juntu Eguiguren eta Egibar ditugun.
    Josu Iraetaren analisia ba klasikoa da eta etengabekoa Iñaki Gil de San Vicentek gauza beretsuak esaten ditu eta horretan ETAren justifikazioa errepikatu egiten du eta klaro eskema horretan estatuak armak uzten ditu edo bestela ba klaro segi dezagun metralladora astintzen beste hogeitamar urtez.
    Argi dago MLNVkoak txintxo piurak jarri nahi dituztela datozen denboretako ba hauteskundeetara aurkeztu nahi dute eta biktimaren imajina eman.
    Okerrena da MLNVko «pazifikoak» eskema honekin erabat ados daudela, baita Aralarkoak ere, zeintzuk ba oso inpartzialak diren gogorkerien aurrean eta noski beti lehentasuna aitortuko diote, erantzunkizun mailan ba estatuaren gogorkeriari.
    Estatuaren gogorkeria ETAren gogorkeriaren ondorena da eta nola ETAkoak ba estatuko jefeak baina azkarragoak diren ba egia da ere iniziatiba eramaten dutela gehienetan.
    Orain pake itxuraren momentuan gaude, nahiz eta atzo hogeitamar sabotai koordinatu gertatu diren AHTren obretan. Baina noski dagoen iskanbilakin ez gara konturatzen. Hilotz berri bat gertatzen den arte. Ai, biolentzia iraultzailea, ze efikaza den! (eta hori ez du Josu Iraetak aluditzen).

  3. Parrafo honek ni harri eta zur utzi nau:

    “Euskaldunok, biolentziaren eztabaida nahi dugu ikusi, alferrikakoak diren gaitzespenetan ibili gabe. Eta eztabaidak bi parte argi ditu: biolentziaren kausak, eta irtenbideak. Kausak: begi bistan dago, analisien objektua biolentzia iraultzailea dela. Zuzenean eta lehenik begien aurrean duguna, analisien objektu zuzena, ETA da. Honen kausak azaltzerakoan bakarrik aipatzen dira, deribazio eta ondorio gisa beste biolentziak, instituzionala eta errepresiboa. Baina hori ez da egia osoa, Estatu-biolentzia baita eta ez besterik, azterketarako perspektiba hori inposatzen diguna, nahiz eta, dirudienez, inork ez duen ikusten. Beraz, eztabaida guztiak, aldez aurretik biolentzia bat sufritzen du, eta ez da ETArena”.

    «Estatu» eta «ETA» hitzen lekuak elkartrukatu… eta ETAren logika totalitarioa deskribatzen du.

    Hori da hain juxtu iruzur iraultzailea, norberaren nahi totalitarioak izkutatzea etsaiaren nahi totalitarioan (errala edo balizkoa) jarriz atentzioa.

  4. Imanol,

    Zorionak aurkeztutako analisiagatik.

    ENAM en estrategia, gero eta argiago ulertu dezake.

    Gustatuko litzaidake Isuntza eta Eakide ren iritziak ezagutzera.

    Kasualitatez ez dira inondik agertzen?

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *