Azala / Portada » Mila euro, gutxiegi ala gehiegi? (eta 2)

Ion Gaztañaga

Aurreko kapituluan esandakoari jarraiki, oinarrizko errentaren inguruan azken urteotan bizi den eztabaidari heltzeko aitzakia ederra iruditzen zait mila euroko laguntzaren leloa. Izan ere, medioetan dantzan dabil Oinarrizko Errenta Unibertsala delakoari buruzko eztabaida, adibidez, Noticias taldeak eta Garak orain dela pare bat hilabete argitaratutako «Una renta básica contrario al sentido común» / «Zentzuaren-kontra doan oinarrizko errenta» artikulua.

Errenta unibertsal hau 18 urteko gazte babestuei zuzenduriko laguntzatik askoz harantzago doa: pertsona guztiek, hiritar izateagatik, bizirauteko diru kopuru bat jasotzeko eskubidea dutela defendatzen baitute. Aberats edo txiroek, denek jasoko lukete oinarrizko soldata hau, gizakiak baitira. Zapateroren 400 euroen bertsio indartu honen aldeko argumentuak aipatutako artikuluan aurki ditzakegu:

Thomas Painek hurrengo behaketarekin ematen dio hasiera bere «Agrarian Justice» panfletoari: «Bizitza zibilizatuaren onurak babestea eta, aldi berean, sortu dituen kalteak konpontzea, horiek izan beharko lirateke legeria moderno baten helburu nagusiak». (…) Klasikoak ez dira klasiko zahartzen ez direlako, ondo zahartzen direlako baizik. Izan ere, Paineren diskurtsoa egungo arazoak konpontzeko baliagarria izan daitekeela pentsatzen dugu.

Paineren iritzian, zibilizazio prozesuak ekarri duen kalterik latzena jabetza pribatuaren sistema da. Edo beste era batera esanda, oinordetza komunez jasotako lurraren desjabetzea. Abiapuntu horretatik, pobreen egoera hobetzeko argumentua honela jarraitzen du Painek: lantze lanen hobekuntzen balioa soilik da jabetza pribatuzkoa, eta ez lurra bera. Beraz, jabe pribatu bakoitzak lurrarengatik errenta bat zor dio komunitateari. Diru-sartze horiekin fondo nazional bat eraiki beharko litzateke. Azkenik, fondo horren bitartez, hiritar bakoitzak, txiro edo aberats, diru sarrera bat jasoko luke lurren desjabetzeek eragindako kalte-ordainak konpentsatzeko.

Bizirauteko pertsona guztiek soldata bat jasotzeak ez du itxura txarrik, alderdi ekonomikoari so egiten ez badiogu behintzat: eukal erkidegoko persona bakoitzak 600€ jasotzen baditu hilean (7.200 € urtero) orduan 1,5 milloi pertsona helduentzako 10.800 M€ beharko lirateke urtean, hain zuzen erkidegoko aurrekontu osoa. Dirutza hori nondik aterako den izango da gakoa, eta aukerak ez dira ugariak: zergak bikoiztu beharko lirateke edota populazioaren gehiengoak diru hori zerga bidez bueltatu beharko luke. Baina alderdi ekonomikoa ez da argumentu bakarra, argumentu etiko-politikoa baita errenta unibertsalaren gakoa:

Ikuspegi errepublikar batetik, eskubide sozialak ezin dira karitate publiko zein pribatuarekin nahastu. (…) kontzeptu errepublikar batekin bateraezina da, jasotzen duenaren duintasuna laidotzen baitu. Pobrea izateagatik edo gaixo izateagatik laguntza behar izanez gero, nahiago dut laguntza hori hiritar bezala dudan eskubidearen aitorpenaren ondorioz etortzea lagun batek Jesukristori dion amorearengandik baino. (…) Horrenbestez, hiritarren laguntza sozialaz arduratzea eta zeregin hori instituzio pribatuen esku ez uztea Estatu errepublikar baten zeregina da.»

Patxi Lopezen hiritargoaren kontzeptuaz harantzago doan ezkerreko «ikuspegi errepublikar» honek, beraz, Estatuaren gain jartzen du hiritargoaren jan eta bizitza baldintzak zuzenean ordaintzea, hiritar horrek lan egiten duen ala ez begiratu gabe. Bestela neoliberalismoaren hatzaparretan egongo baikinateke, inkisizio santuaren eraginpean edota Sasetaurrenak bere blogean aipatutako «parasito sozial» eta alperrak dakuskien gizarte polizial batean:

Hala ere, (…) San Pablo Apostoluaren printzipioa -«lana egiten ez duenak ez luke jan behar» dioena- guztiz berresten du Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko onartu berri den Legeak. Langabezia tasa altuagatik eta lan baldintzen prekarizazio prozesuarengatik bereizten den garai honetan, 2008ko Legeak gizarteratzeko tresna nagusiena lana dela kontsideratzen jarraitzen du. (…) ikuspegi errepublikar batetik behartsuei emandako laguntza pertsona guztien duintasunaren onarpenean oinarrituta eman eta eskubide sozialen izenean jasotzen den bitartean, eskema neoliberal batean laguntza hori karitatez eman eta San Pabloren izenean jasotzen da.

Benetan parrafo mamitsuak dira korronte intelektual honetatik idatzitako hauek. Hala ere, lurraren propietate publikoaren adibide honen inguruan badugu euskaldunok zer esana, tradizio asko izan baitugu gure historian zehar lur komunalen inguruan. Lurra guztiona zen, bai, baina ez zitzaion bakoitzari bere barazki saskia ate parean jartzen, baizik eta lur publikoan lan egiteko eskaera luzatu eta bakoitzak egin behar zuen lan etekina ateratzeko. Beraz, euskal sistema tradizionalaren filosofia lanaren garrantzia azpimarratzen duen eredu publikoa da, eta ez lan egin gabe ere barazki-saskia bermatuko duen subentzionismo «errepublikatarra».

Nik ez dakit zeintzuk ote den «errepublikanismoak» eskaini ditzazkeen abantailak, baina krisi honen aurretik erkidegoan langabezia tasa baxuak eta etorkinen beharra genuen garaia pasa denean, aberastasunaren banaketa praktikoena lana dela argi gelditu zait eta uste dut berdin pentsatzen duela hiriatarren gehiengoak. Hori ongi ulertu dute Alemanian eta horregatik hartu dituzte lana mantentzeko neurri arrakastatsuak: ekonomia gure inguruan baina gehiago jaitsi arren, langabezia ez da igo, eta hemen 400 euro banatu eta espaloiak zulatzen genituen bitartean, gure familien aberastasuna lanaren galeraren zulotik nola joan den sufritu dugu.

Ez dut lotsik esateko Pauloren printzipiotik gertuago nagoela subentzionismo unibertsaletik baino. Errenta unibertsalaren moduko aberastasunaren banakuntza jasateko, aberastasuna sortzearen betebeharra batzuen gain jarri beharko genuke besteen nagikeriarako eskubidea bermatzeko. horixe bai besteek irabazitakoa gastatzeko eskubidearen modernitate aurrerakoia. Instituzioek berma bezate aukera berdintasuna, baita ikasketa eta lanerako gizarte integrazioa. Antza berdinkeria moda honen defendantzaileak oraindik ez baitira konturatu aberastasuna elkarlan kolektiboaren ondorio dela eta ez «hiritargoa», «aldaketa» eta «errepublikanismoaren» hitz ederrekin jantzitako amaigabeko mana iturria.

Partekatu sare sozalietan / Comparte en redes sociales

Gai honetako beste sarrerak / Otras entradas relacionadas

4 comentarios en «Mila euro, gutxiegi ala gehiegi? (eta 2)»

  1. Funtsean arrazoi osoa duzu, Ion.

    Baina, zintzilikatu duzun artikulu-egile horren errepublikar ikuspegia oso xelebrea da. Errepublikanismoaren nundik-norakoa ezagutzeko, idea errepublikarrak jarraitu duen bilakaera jakiteko, irakur ditzakegu Skinner edo Pettit (azken honen ‘Republicanismo, una teoría sobre la libertad y el gobierno’ oso sonatua izan da Zapatero beraren gida-liburua bezela saldu izan delako).

    Errepublikanismoaren goiburua, Pettiten esanetara, ‘menpekotasunik gabeko askatasuna’ da. Estatuen ‘imperium’aren aldeko joerari aurre egiteaz aparte, aberatsen ‘dominium’a ere mugatu behar dela aldarrikatzen du. Bi-biei etengabe burrukatu behar omen zaie askatasunaren benetako dimentsioa zaitzeko.

    Horrexegatik, ba, Estatuko burokraziaren bidez garatu behar den eta Estatuaren menpe legokeen ‘errenta unibertsala’ nekez ezkon daiteke, Estatuek agintekerian (‘imperium’ean) erortzeko duten tentazioa ekiditzeko administrazioaren jarduera eremua mugatu egin behar dela, erresistentzia bitartekoak sortu behar direla, dioen ideologiarekin, errepublikanismoarekin hain justu ere.

    Ezkerraren barruti zabalean ere, asko izan dira ‘errenta unibertsalaren’ kritika zorrotza egiten dutenak. Batzuren ustez, lanaren kulturaren arabera antolatzen dan gizartean, lanik gabe bizitzea ez da inoiz inorentzat gizarte aukera duina izango. Beste askok, aldiz, ‘errenta unibertsal’ hori indarrean jartzetik ekonomiaren desregulazioa ere haunditu egin litekela diote ezkutuko ekonomía pizkorraraziz. Estatuak bermatutako errenta seguruaz aparte, deklaratu gabeko lanei eutsiko lieteke errentaren onuradun askok.

  2. Errenta unibertsalarekin lotuta, interesgarria da ARGIA aldizkarian argitaratutako artikulu hau (http://www.argia.com/argia-astekaria/2044/lana-ez-litzateke-beharra-izango).

    Ideia batzuk azpimarratuko ditut:

    1- Diru emate hutsak (herritar bakoitzari hilean 600 edo 1.000 € emate soilak) pobrezia larriena ezabatzeko balioko luke, baina inondik inora ere ez bazterketa soziala amaitzeko. Langabeziak berez dakar bazterketa hori, batez ere ingurukoak lana dutenean langabea baztertuta senti daiteke. Zentzu horretan, lan bat edukitzea (gizarteari baliogarri zatzaizkiola sentitzea) ezinbestekoa da oreka sozial sanoa izateko.

    2- Lan motaren arabera irabazia aldatu egiten da. Ez du soldata bera jasotzen komunak garbitzen dituen emakume batek eta ospitale garrantzitsu bateko mediku ospetsu batek. Lanaren kalitatea, iraunkortasuna eta soldata maila gehienetan elkarrekin doaz, eta hau, ondo pentsatuta, nahiko bidegabea iruditzen zait. Arrazoi batzuengatik:

    a) Jendearen arabera, lanpostu on bat aurkitu duenak urte luzeetako prestakuntza handiaren ondorioz lortu du: karrera luze eta gogor bat ikasi du, azterketa serioak pasatu behar izan ditu, praktika eta bestelakoetan hainbeste urte eman ditu… Horrekin ados. Gustuko lana izateko eskubidea du. Baina zergatik izan behar dute gustuko lanean daudenek lan «kaxkarragoetan» daudenak baino soldata hobea? Ez al dute beraiek «bokazioz» lan egiten? Komunak garbitzeko inork ez du bokaziorik, baina mediku izateko bai. Ondorioz, gogo gutxiagorekin egiten den lana bokazioz egiten dena baino gehiago saritu beharko litzateke (soldataren kasuan, adibidez).

    b) Lanpostu seguruagoa dutenek (hau da, langabezian gelditzeko arrisku askoz txikiagoa dutenek) soldata handiagoak ere irabazten dituzte (salbuespenak salbuespen). Hori are bidegabeagoa iruditzen zait. Justuagoa izango litzateke bestera: lan fijo bat nahi baduzu, ondo, hemen lana ia seguru izango duzu (guztiz seguru ez dago ezer gaur egun) baina besteak lan arriskutsuagoa hartzen badu (edozein momentutan lanik gabe geratzeko arriskua badu) lanean dirauen artean soldata handiagoa izango du zuk baino. Hau da, segurtasuna bilatzen duenari segurtasuna eman, baina soldata txikiagoarekin. Soldata handiagoa lehenesten duenak, aldiz, soldata handiagoa izan dezala baina kontratu laburragoarekin.

    3- Inork uste al du gizarte kontsumista honetan hilean 600€ jasota jendeak lan egiteari (hau da, beste soldata bat irabazteari) uko egingo dionik? Kasuak egon daitezke, apal-apal bizi den jendeak aurrera egingo du horrekin, baina ez dut uste lan adinean eta osasun egoera onean daudenen artean gehiegik bide hori hartuko luketenik. Gerta litekeena da, errenta horrekin epe bat hartzea prestakuntzan sakontzeko, eguneratzeko, etab. Gaur egun zail zaizkigun gauza asko, lanean daudenek denborarik ez dutelako eta langabezian daudenek ikastaro eta abarrekoak ordaintzeko baliabiderik ez dutelako.

    Beno, ideia horiek izan dira artikulua irakurrita bururatu zaizkidanak.

  3. Eskerrik asko iritziengatik Alkarkide eta Xabier, puntuz puntu erantzuten saiatuko naiz. Post honetan Alkarkideri eta hurrengoan Xabierri.

    «Baina, zintzilikatu duzun artikulu-egile horren errepublikar ikuspegia oso xelebrea da. Errepublikanismoaren nundik-norakoa ezagutzeko, idea errepublikarrak jarraitu duen bilakaera jakiteko, irakur ditzakegu Skinner edo Pettit (azken honen ‘Republicanismo, una teoría sobre la libertad y el gobierno’ oso sonatua izan da Zapatero beraren gida-liburua bezela saldu izan delako).»

    Guztiz ados, egilearen «errepublikanismo» hori ez da errepublikanismoa nire ustez, batzuk «legea», «demokrazia» eta «eskubideak» hainbat modutan darabiltzaten bezala. Horregatik saiatu naiz komatxo artean jartzen, Lopez-ek «hiritartasunaz» hitz egiten duenean bezala. Saiatuko naiz erreferentzia horiek irakurtzen.

    «Estatuen ‘imperium’aren aldeko joerari aurre egiteaz aparte, aberatsen ‘dominium’a ere mugatu behar dela aldarrikatzen du. Bi-biei etengabe burrukatu behar omen zaie askatasunaren benetako dimentsioa zaitzeko.»

    Ideia interesgarria, oreka ezengokorra askatasunaren zainketa.

    «Ezkerraren barruti zabalean ere, asko izan dira ‘errenta unibertsalaren’ kritika zorrotza egiten dutenak. Batzuren ustez, lanaren kulturaren arabera antolatzen dan gizartean, lanik gabe bizitzea ez da inoiz inorentzat gizarte aukera duina izango.»

    Irakurri dut bai. Ezkertiar erradikalenek ere «errenta unibertsala» beste iraultza baterako tresna kontsideratzen dute (zer ez ote dute horretarako kontsideratzen?), adibidez honakoan:

    LA RENTA BASICA GARANTIZADA. UN DERECHO FUNDAMENTAL

    http://www.sodepaz.net/modules.php?name=News&file=article&sid=1311

    Bestalde Izquierda Unidak eta ERC gai hau mugitu dute azkenaldian:

    http://www.lukor.com/not-esp/nacional/0505/04191503.htm

    Pluraltasuna badago, baina «paraiso fiskaleko diruarekin» eta «autoen erosketarako subentziokin» ordainduko litzatekeen argumentuekin ez dut uste inora joango direnik. Espainian 500€ x 12 x 36 milioi persona 216.000 milioi euro dira eta 2010rako onartutako gastu maximoa 182.439 milioi eurokoa da. Adreilua urre bihurtzea da hori sostengatzeko bide bakarra edo gehiengo zabalak diru hori zerga bidez bueltatzea (beraz, non dago «unibertsala» izatea?).

    «Beste askok, aldiz, ‘errenta unibertsal’ hori indarrean jartzetik ekonomiaren desregulazioa ere haunditu egin litekela diote ezkutuko ekonomía pizkorraraziz. Estatuak bermatutako errenta seguruaz aparte, deklaratu gabeko lanei eutsiko lieteke errentaren onuradun askok.»

    Nik ez dakit ekonomia ezkutua indartuko lukeen ala ez. Errenta unibertsalaren defendatzaile batzuek ala diote, baina nik faktore bat kontuan hartu ez dela diot: ezkutuko ekonomia egiteko bi alde daude: langilea eta enpresaria. Errenta unibertsala jasotzen duenari interesatzen al zaio deklaratzea? Ez dut inongo arrazoirik ikusten hori gerta dadin eta are gutxiago emplegatzailearen aldetik. Etxeak garbitu, gaisoak zaindu, tabernatan festetan lan egin, etb. egiten dutenek, bai langileak bai nagusiek, ez dut uste egoera hori aldatzeko arrazoirik izango dutenik.

  4. Barkatu atzerapena Xabier, hona nire erantzuna:

    «1- Diru emate hutsak (herritar bakoitzari hilean 600 edo 1.000 € emate soilak) pobrezia larriena ezabatzeko balioko luke, baina inondik inora ere ez bazterketa soziala amaitzeko.»

    Guztiz ados.

    «Jendearen arabera, lanpostu on bat aurkitu duenak urte luzeetako prestakuntza handiaren ondorioz lortu du: karrera luze eta gogor bat ikasi du, azterketa serioak pasatu behar izan ditu, praktika eta bestelakoetan hainbeste urte eman ditu… Horrekin ados. Gustuko lana izateko eskubidea du. Baina zergatik izan behar dute gustuko lanean daudenek lan “kaxkarragoetan” daudenak baino soldata hobea? Ez al dute beraiek “bokazioz” lan egiten? Komunak garbitzeko inork ez du bokaziorik, baina mediku izateko bai. Ondorioz, gogo gutxiagorekin egiten den lana bokazioz egiten dena baino gehiago saritu beharko litzateke (soldataren kasuan, adibidez).»

    Ez da bokazio kontua bakarrik. ezin duzu kontrolatu nork egiten duen bokazioz ala behartuta. Egun batetik bestera gustura zauden toki batean egoera aldatu daiteke (lan ingurunea, lankideak, etb.). Gauza da prestakuntza asko behar duten lanak lan gogorrak direla, prestakuntza lana lortzeko aurrebaldintza delako. Erratza pasatzeagatik medikua izatearen berdin kobratzen baduzu, orduan ez da medikurik ia egongo. Nork hartuko luke bere gain pertsonen biziaren erantzule izatea, ordutegiak, guardiak, etb? Inortxok ere ez. Inork ez luke prestakuntza behar duten lanarik egingo, apur batzuk baizik, eta hor arazoak.

    Eskaintza eta eskariak ematen du soldataren kontua askotan baina Estatuak berak bultzatzen du postu baterako beharrak aurreikusten baditu. Adibidez, orain dela 15 urte medikuak soberan zeuden, orain berriz faltan. Soldata tartean sartzen ez bada, ea non aurkituko genituzkeen medikuak. Eta batek bokazioz egin dezake baina ondokoak ez, hori ezin da kontrolatu.

    «b) Lanpostu seguruagoa dutenek (hau da, langabezian gelditzeko arrisku askoz txikiagoa dutenek) soldata handiagoak ere irabazten dituzte (salbuespenak salbuespen). Hori are bidegabeagoa iruditzen zait.»

    Orduan funtzionari guztien soldata mila eurokoa beharko litzateke. Ez dezatela sindikatuek hori entzun!

    «Soldata handiagoa lehenesten duenak, aldiz, soldata handiagoa izan dezala baina kontratu laburragoarekin.»

    Iraunkortasunak ere badu enpresarentzat abantaila. Hainbat laneta, prestakuntza behar denetan, langilea formatzea eta mantentzea oso garrantzitsua da enpresaren martxarentzat. Eta langile horiek mantentzeko (azken finean langile horiek ematen diote enpresari abantaila) bai iraunkortasuna (enpresari interesatzen zaiona) eta soldata (langileari interesatzen zaiona) bermatzen ditu. Ez da abstraktuki langileari interesatzen zaionari bidez neurtzen, enpresak kontratatzen baititu. Komunak garbitzeagatik asko kobratzen bada, eta lan horrek prestakuntza gehiegirik behar ez duenez, kandidatu asko lirateke eta ondorioz, kandidatuak soberan daudenez, soldatak jaitsiko lirateke.

    «3- Inork uste al du gizarte kontsumista honetan hilean 600€ jasota jendeak lan egiteari (hau da, beste soldata bat irabazteari) uko egingo dionik?»

    Ez dut uste. Zapateroren 400€ak azkar hartu genituen, baina gauza da hori ezinezkoa dela. Batzuk 600€ jasotzeko besteek eman egin behar dituzte, populazioaren gehiengoarentzat 600€ak baina gehiago segituan joango lirateke zergetan. Beraz ez luke diru gehiago edukiko eskuartean.

    «Gerta litekeena da, errenta horrekin epe bat hartzea prestakuntzan sakontzeko, eguneratzeko, etab.»

    Bi urteko langabezia hor dago, hain zuzen horretarako. Noski, ezin dugun 10 urteko eszedentzia ordaindu, batez ere formakuntza horretan emaitzarik eskatzen ez dugulako. Herri nordikoetan oso arrazoa da langabeziaren azkenera iristea, aldiz gure inguruan nik kasu bat baina gehiago ezagutzen ditut oporrak bailiran erabiltzen direla eta erdia pasatzen denean hasten direla lan bila. Hor ere kultura kontua izango da gakoa.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *