Azala / Portada » Lasaitu gaitezen eta hausnartu dezagun

Lasaitu gaitezen eta hausnartu dezagun

Mikel Aizpuru

Bukatu dira Eusko Legebiltzarra aukeratzeko hauteskundeak eta ohizkoa denez irakurketa ugari egin dira emaitzei buruz. Zaila da gauza berriak esatea, baina hainbat ordu eman ditudanez batzuek eta besteak esandakoak eta idatzitakoak mihatzen, neuk ateratako hainbat ondorio plazaratu nahi nituzke.

Lehen ondorioak lotura zuzena dauka hauteskundeen balizko legitimitatearekin. Ezker Abertzale «ofiziala»ren ilegalizazioak jokoz-kanpo utzi zuen lehiakide garrantzitsu bat, bestalde, hauteskunde-legeak gehiegizko tokia ematen dio Arabari Legebiltzarrean eta D´Hondt sistemak alderdi handiak saritzen ditu txikien kaltetan. Hori guztia egia da eta ezaguna zen hauteskunde-kanpaina hasi aurretik. Parte hartu duten guztiek zuten arauen berri eta jokatzea erabaki zuten, baita Ezker Abertzale ilegalizatuak ere boto nuloa eskatu zuenean. Ezin da, «galdu» ondoren, errua arauei bota.

PSEk, bigarren indarra izan arren, hauteskundeen gauean bertan azaldu zuen, ahobero, lehendakaritza hartzeko asmoa. Modu ia bakarra dago hori gertatzeko, PPren babesa izatea, hain zuzen. Erabaki horrek hitz gogorrak ekarri dizkio EAJren aldetik, kolpe instituzionala aipatu zuen, besteak beste, Iñigo Urkulluk agerraldi batean. Bide okerra hartu dute, bai EAJk, baita sozialistek ere. EAJk ezin dio bigarren indarrari zilegitasun falta leporatu, Araban eta Gipuzkoan aldundien jabe denean, hirugarren eta bigarren alderdia izanik, hurrenez hurren. Sozialistek, aldiz, nekez justifika dezakete gobernu frentista bat osatzea, kanpaina osoa transbertsalitatearen alde eta frentismoaren aurka egin ondoren eta. Edozein modutan, boterean dagoenak kritikak errazago jasaten ditu eta, ezusteko handirik gertatzen ez bada, Patxi izango dugu lehendakaria hurrengo lau urteetan.

Errealitate hori gustatu ez arren, horrela izango dela iruditzen zait. Kontu larria da, are gehiago PSEk ez badu gobernu-hitzarmen egonkorra lortzen beste alderdi handi batekin, baina gizartearen gehiengoa, diputazioak eta gehiengo sindikala izango ditu aurrez aurre, politika errebantxista egiten saiatzen bada lehendakari berria. Madrilen nahasketa ugari sortuko dira Zapaterok ere gehiengo falta duelako, eta hainbat erabaki PPrekin batera hartzea komeni dela hasi dira esaten hainbat iritzi-emaile. Ikusiko dugu nori egiten dion mesede sozialisten erabakiak epe ertainera, beraiei, abertzaleei edota PPri.

Hiru dira, une honetan, EAEko gizartearen gehiengoak 1979an ontzat eman zituen joko-arauak errespetatzen dituzten indar-abertzaleak. Ezer gutxi esan dezaket Aralarri buruz. Izan duen hazkundeak erakusten du posible dela beste politika bat egitea, ezkerrekoa eta abertzalea dela, erreparorik gabe, errebindikatuz. Batasunak babes handiagoa izan arren, inoizko emaitzarik txarrenak lortu ditu. Edozein modutan, geroz eta nabariagoa da ezker abertzaleko kideek ez dutela ontzat ematen ETAk finkatzen duen estrategia. Ez da gutxi.

EAren kasuan, jasotako jipoiak azalpen gutxi behar du. Bakarrik aurkezteak, esistitzen ez den polo soberanista baten alde egiteak eta ñabardurarik gabe eta topikoz betetako ezkerreko diskurtsoa erabiltzeak bere ohizko boto emaileak uxatu ditu eta ez die boto bakar bat ere erakarri. 1986an lortutako 181.000 botoak 37.000 dira 2009an. Ezin da gehiago azaldu hain hitz gutxi erabilita. Egoera are kezkagarriagoa da, ordea, EAren zuzendaritzaren eta hainbat kideen jarrera ikusita. Ziarretak komunikabideei eta herritarrei leporatu baldin bazien porrotaren errua, EAren blogetan egindako iruzkinek sektore kritikoaren bizkar uzten dute boto-galeraren zama eta politika soberanistarekin jarraitzeko eskaera egiten diote Ziarretak ez bezala, dimititu ez duen zuzendaritzari. Politika hori aldatu ezean apirilaren 4tik aurrera jende gehiago urrunduko da EAren ondotik.

EAJ makina bat hausnarketa egin beharrean dago. Badauzka, noski, pozteko arrazoiak: 30 eserleku lortu ditu, EAEko lehen alderdia da eta ez du jasan askok iragartzen zioten higadura. Horrek ez du esan nahi arazorik ez duenik, hauteskunde-kanpainak barne-diferentziak isilarazi ditu, baina bertan diraute; abertzaletasunaren erreferente nagusiak izanik, gero eta toki handiagoa betetzen du eremu horretan, beste alderdien kaltetan. Fenomeno horrek, ordea, lankiderik gabe utzi du hauteskunde osteko koalizioak gauzatzeko orduan. Alde horretatik jarrera ulerkorra izan beharko luke, gutxienez EArekin, alderdi horrek estrategia aldatuz gero, ezinbestean PSE edo PPren laguntza beharrean egongo baita gobernatzeko orduan.

EAJren 28 urtetako gobernuak erremin asko sortu du hainbat esparrutan eta horren lekuko dugu Patxi Lópezek kemena martxoaren 1eko gauean ez ziola uko egiten lehendakari izateari iragarri zuenean. EAJk beste paradoxa bat ere bizi du, Ibarretxerekin irabazi ditu hauteskundeak, baina azaldu duen programak bizkarra eman die oraingo lehendakariaren agintaldiko kezka nagusi izan diren kontsulta eta planei. Ibarretxek boto asko eman dizkio EAJri, baina koalizioak egiteko aukera kendu dizkio, eta ziur aski jeltzaleek Lakua utzi beharko dute lau urterako gutxienez. EAJk ezin du Ibarretxe alde batera utzi, baina aldi berean galga da hainbat hitzarmen lortu ahal izateko. Ez da erraza izango aldagai horiek guztiak biltzea eta bide zuzenetik eramatea.

Hauteskunde hauek bi ikasgai eman dizkigute, ororen gainetik. Lehenengoa abertzaleek nagusi izaten jarraitzen dutela bototan, nahiz eta gutxiengoa izan Legebiltzarrean. Gainera, aspalditik datorren fenomeno bat berretsi dute: boto abertzaleak gero eta gutxiago dira, bai kopuru absolutoei erreparatuz gero, baita proportzioari so eginez gero ere. Bigarrena, euskal gizarteak jarrera moderatuenak babestu ditu, batetik igandera arte frentismoaren aurka azaldu zen Patxi López eta, bestetik, kudeaketarako gaitasuna azpimarratu duen EAJ. Hanka sartze itzela izango litzake lehendakari sozialista bat hartzea aitzaki moduan jarrera erradikalagoak bultzatzeko, jeltzale batzuek beraien blogetan iradokitzen duten moduan. Indar abertzaleek, EAk eta EAJk, bederen, egoera honetara nola heldu garen hausnartu beharko lukete eta bide berriak urratu beharko lituzkete, indar-metaketaren ideia eta poloak baztertuta, errealitateari muzin egin gabe, aberri bideari indar berriarekin ekiteko. Ez da erraza izango.

Partekatu sare sozalietan / Comparte en redes sociales

Gai honetako beste sarrerak / Otras entradas relacionadas

10 comentarios en «Lasaitu gaitezen eta hausnartu dezagun»

  1. artikulu oso ona, mikel.
    Zorionak eta eskerrik asko.
    Orain urte bete aldarrikatzen nuen gune hontan bertan eta gaur, posible bada, indar handiagorekin eskatzen dut: HAUSNARKETA, ERRESPONSABILITATEA ETA ALDAKETA!

  2. Hogeita hamar urteetan zutabe bakar baten inguaruan osatu da Eusko Jaurlaritza, Euzko Alderdi Jeltzalea. Orain beste zutabe bat sortu da PSE. Gobernua osatzeko gaitasuna alderdi bakarra izatetik bira pasatzea ez da txarra.

    Abertzaletasunak (EAJ-EA) egoera hau normaltasunez hartu behar du. Eusko Jaurlaritzatik kanpo geratzeak ezin gaitu burua galtzera eraman behar.

    Hausnarketa garaia da eta hausnarketa, beti, beti eta beti, buruarekin egin behar da. Ze bestela, gureak egin du.

  3. Erabat ados Mikel zuk idatzitakoarekin. Nik halako kezka izan dut azken urteotan.

    PP marginala zen. 3 biltzarkide zituen. Guk PP hazi arazi egin dugu. Hor dugu gure erronka.

    EAJk ez ditu urte hauetan bere baloreak behar bezala azaldu, baloreak azaltzea baloreak saltzen aritzea da politikan eta horrek bere garrantzia badu.

    Abertzale soil gisa aritu egin gara azkeneko urteotan eta hori ezin dugu errepikatu.

    Abertzale ez zen botu asko jaso egiten genituen gure zintzotasunean konfidantza zuen jende askorengandik, etika, ordena eta legea defentzen genuela ikusi eta apreziatzen zuen jende askorengandik, empresa gizon askok ematen zizkiguten botoak eta guzti hau berreskuratu egin behar dugu.

    Zentralitatearen esparrua esklusiboki EAJ-PNVk zuen, gaur egun EAJ zentralitaean badago ere, ez dago bera soilik, PSE ere badago bertan. Zergatik? Gu hari utzi egin diogulako.

    Galera hone arrazoia bi hitzetan:

    1º.- Gure diskurtso abertzalea behar baino gogorragoa egin dugulako.
    2º.- Gure diskurtso ideologikoa behar baino malguagoa egin dugulako.

    Ni JELtzalean naiz, eta jarraituko dut izaten: Jaingoikoa eta Lege Zarra da, alegia honen irakurketa hau: Balore Gorenak eta Euskaldunon Demokrazia guk guretzat emandakoa orain dela hainbat mende. Ordea batzuk JEL desagertzea nahi lukete. Baloreak dira gure giltza, eta baloreak berreskuratu behar ditugu nolanahi.

    Gu,
    Gurea,
    Guk gurera
    Guk gure erara,

    JEL beti gogoan dugula, beste bat arte Mikel

  4. EAJ/PNV-k arazo bat dauka, haundiena behintzat, independentisten eta errejionalisten arteko barne liskarrak. Hori iskutatzeak ez du sentzurik.
    Nire ustetan EAJ/PNVk soberania lortzeko apustu garbia egin beharko luke, agian zentralitatea galdu gabe baina bere azken helburuari uko egin gabe (Euzkadiren soberania).

    EAk ere arazo asko ditu, estrategia arazoak batez ere, baina soberaniaren inguruan ez daukagu istilurik.

    ¡¡Nacionalismo es libertad!!

  5. Iker Hidalgori,

    Eztabaida EAJren barruan bakarrik dagoela uste baduzu, nik bitan pentsatuko nuke. EAren barruan, batez ere Gipuzkoan eta Nafarroan, EAk indar gehiena izan duen lurraldeetan hain zuzen, polo soberanista deritzonak ez du indarrik ez jarraipenik. NaBairen diskurtsoa erabat transbersala eta akordioaren aldekoa da eta nik dakidala EA NaBairen zutabeetako bat da. Gipuzkoan zer esanik ez, ikusi ditugu zein emaitzak dituen diskurtso batekin (foru hauteskundeak) eta bestearekin (EAEkoak).

    Bestalde, helburuak garbi edukitzea ona da baina alderdiak helburuak posible egin arazteko daude, eta egindako bideak helburua aldendu besterik egiten ez badu, orduan ez du ezertarako balio. EAk oso garbi izan dezake bere helburua, baina hautatu duen bideak desgerpenera darama.

    Beraz, bi aukera daude, bidea aldatzea eta EAren proiektua berpiztea edo bidean jarraitzea EA proiektua deseginez eta beste proiektu batzuetan bukatuz (Aralar edo EAJ, adibidez).

    EAJk nire ustez ez du errejionalismoa eta independentziaren arteko gatazkarik (edo badago, ez da gehiengoaren arazoa), baizik eta burujabetzarako bidea zein den hautatzea. Niri iritzia hemen EAren kasuan dagoen berbera da: inkesten arabera independentistak %30a dira, beraz, zentralitatea ezin da independentismoan oinarritu, baizik eta hiritarren %70 bilduko duen proiektu batean. Proiektu hori zein den asmatzea da gakoa.

  6. Aupa Ion!!!

    Burujabetasuna esaten dozunean, zer esan nahi dozu soberania? Independentzia? Autogobernu gehiago?

    Uste dot EAJ/PNV-ek ez duela guzti hori argitzen, batzuk diote independentistak direla beste batzuek diote Euskadik lekua duela konstituzioan. Igandean Sabin Etxean «Independentzia» ohikutu zenuten, baina EAJ-ko buruzagiek ez dute hitz hori sekula aipatzen.

    Badakit EAJ/PNV bezalako alderdi handi eta boteretsu batek ezin duela hainka sartu eta asko daukala jokoan eta nahiago duela diskrutsoa malgutu edo gauzak beste erabatera esan.

    Baina ezin da ahastu EAJ Euzkadiren independentzia lortzeko sortua zela eta militante askok alderdia autonomismorantz eraman nahi dute. Imaz, Azkuna, Jose Luis Bilbao…Euskal estatua nahi dute? (beti ere gehiengoak nahi badu).

    Eskerrik asko!!! ;)

  7. EAJren lehen hauteskunde programan zioena ez zen independentzia, baizik eta Foru Berreskurapen Osoa. Hori izan zen alderdi barruko sentsibilitateak batzen zuen lema, batzuentzat independentziarako aukera ematen zuena zen (azken finean forua akordioa zen eta beste aldeak betetzen ez bazuen euskaldunak libre ziren independienteak izateko), eta besteentzat euskaldunen burujabetza hobeki mantentzen zuen akordioa zen, ez zegoelako inongo subiranotasunik euskaldunen gainetik (pase forala zegoen gustatzen ez zitzaizkigun legeak ez betetzeko).

    Sabino Aranak independentziaren alde egin zuen espainiak akordioa bete ez zuela konturatu zelako, baina EAJ alderdi marjinala izan zen jende moderatuagoa alderdian sartu zuen arte. Adibidez, Luis Aranak ez zuen guda zibilan parte hartu nahi, hori espainolen gerra zelako. Horrela jokatu izan bagenu, ez genuke ez estatutu ez erakunderik mantentzerik izan.

    Beraz EAJren lehen unean Sabino independentzia aldarrikatu zuen baina alderdia alderdi indartsu izateko, zentralitatean jarri behar izan zuen bere burua, eta konpromezu hori Foruen Berreskurapenean finkatu zen independentzia alde batera utziz, ahalik eta euskaldun gehien biltzeko asmoz.

    Eta berriro diot, 1906-7 tik aurrera EAJren helburu programatikoa ez da independentzia izan, baizik eta euskaldunen nahiaren gainetik inor ez egotea. Euskaldunek autonomia nahi badute, autonomia, independentzia nahi badute independentzia.

    Urkulluren hitzetan EAJren helburua euskaldunen gehiengoak nahi duen autogobernu mailarik handiena lortzea da. Eta oraingoz, nahi hori ez da independentzia baina bai autogobernu maila erabakitzeko eskubidea.

  8. Nire ustez EAJk orain ez luke inongo frontetan erori behar, Patxi Zabaletak luzatu nahi digun tranpan, alegia.

    Baina hemen komentatu den moduan, EAJk libre egongo litzateke nahi duena PPrekin negoziatzeko. Adibidez, kutxen bategitea. Edota aurrekontuak bai EAEn bai Espainian. Beste gai batzuetan PSOErekin batera bozkatu nahi badu, hori egin dezake, baina beti EAJ zentralitatean egonda eta herriarentzat ona dena bozkatuz.

    Patxi Lopezek benetan gaizki pasa dezake PPrekin legealdi akordiorik edota gobernu-akordiorik egiten ez badu.

  9. Zoritxarrez gaurregun independentzia terminua oso kutsatua dago momentuko politikarengatik ze gauza bat den euskal estatu independiente bat nahi izatea eta politikoki hori lortu nahi izatea eta bestea da aldarrikapen horrek duen balioa unean uneko politikan.

    MLNVkoak ari dira independentziaz beti hitzegiten beraientzat independentzia nolahalako haustura delako, haustura zainu bat da, balio duena gure gaurko boterea, estatutua kasu, deus ez dela esateko eta, beraz, beren kontrako dinamika eramateko.

    Horrengatik estatutua hila dela esatea eta independentista dela aldarrikatzea kontraesana biribila da abertzale ikuspegitik. Biharko aldarrikapenak ezin baitu gaurko lorpena zapuztu. Bestela biharko aldarrikapen hori zapuzten dugulako era berean.

    MLNVri noski pito axola dio benetako independentzia. Baina balizko independentziaren aldarrikapena eraginkorra suertatu zaio erradikalismoaren uretatik hainbat jende muturretik eramateko. Manipulazio modu horretarako ari dira etengabe independentzia aizatzen. Baina independentzia ez da beraientzat euskal estatu bat, haustura baizik, oraingoarekin haustura, lortu dugunarekin haustura.

  10. Arratsalde on denoi.

    Urtebete da Mikel Aizpuruk post hau idatzi zuela. Hauteskundeak izandakoan. Irakurri izan nion beste artikulu bat Goiz Argi-n hauteskundeen aurrekoa eta hauteskundeak izan baino lehen irakurrita ere, berriro ere irakurri nuen hauteskundeak izandakoan.

    Erabat txundituta geratu nintzen, hasiera batean oso buruargia zela iritzi banion, gertatutakoa gertatuta, hitzez hitz hark esan bezala izan zelako eta orduan nik ez dakit San Feminen antzera oroikuslea ez ote den Mikel Aizpuru jauna.

    Benetan gustatuko litzaidake, blog honen jabeei edo kudeatzaileei eskatzea balute, Mikel Aizpuru jaunari udal eta foru-hauteskundeetara hurbiltzen ari garela eta Legebiltzarrerako hauteskundeak izan zirela, Patxi Lopezen gobernua abian jada, EAJ oposizio-lanetan, aldaketa traumatikoa izan ote den eta hainbat eta hainbat alderdiri buruz bere iritzia agertzeko, artikulu bat idazteko eskatuko baliote.

    Benetan estimatu nituen iazkoak eta hementxe nago Mikel Aizpururen iritzia noiz argitaratuko zain.

    Ia baten batek kontuan hartzen duen nire proposamena.

    Izan ongi, jaun-andreak.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *