Azala / Portada » Euskara batua eta euskara sinplifikatua

Euskara batua eta euskara sinplifikatua

Iñigo Lizari

Zein izan beharko litzateke Euskararen eboluzioa? Hizkuntza guztiek izan dute eboluzio prozesu bat, eta hizkuntza guzti horietan eboluzioa bizirik dirau. Gure Euskara ez da salbuespena izan.


Aditu batzuek antzinako protoeuskeran aditzak subjektuaren ondoren segidan omen zeudela diote. Gaur egun ordea, aditza atzeraino eraman behar dugu gure euskal gramatikak hala eskatzen duelako, desagertu zen latinak egiten zuen modura. Haserako protoeuskera honek izen trinkoak erabiltzen zituen soilik, alegia konposatuak ez zirenak eta esanahi bakarrekoak, gaur egun soilik Vietnameran egiten den moduan bezala. Ordea bilakaera honetan euskarak esanahia eta hitzak elkartzeko hizkuntza paregabe bat dela erakutsi du.

Ordea, beste batzuen ustez eboluzio honek edo akaso eboluzio honen geldiuneak, zenbait bertutez gain zenbait defizit ere mahai gainean ageri egin dituela diote, beste inguruko hizkuntzen parean aritzeko. Defizit hauen aurrean, aurreko mendean euskaltzale batzuei esker Euskara Batua garatu egin zen, eta euskal alfabetizazioaren sustraitze prozesu sakon bat. Beste zenbait euskaltzaleei esker euskera alor zientifiko eta teknikoetara zabaldu egin zen, fisika nuklearra euskeraz tratatu zitekeela ukatzen zutenei erabat arrazoirik gabe utziz.

Garapen hau emanda era erderaz aritzeko joera mantentzen dugu euskal hiztun askok. Erdera errezagoa egiten zaigu, eta gauza ez da euskal hizkuntzaren hiztegia menderatzen ez dugulako, baizik eta euskal sintaxiarekin esaldien joskeran nahiz euskal aditzarekin traba egiteko beldurra dugulako.

Euskal hizkuntzaren ezaguerak aurrera egin du, baina erabilerak atzera. Artzek esan zuen hizkuntza bat ez dela galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik. Hau dela eta, erabilera eza honen arrazoia euskal gramatikaren zailtasunari egoztea ez litzateke bidezkoa izango gure inguruko komunikabideengandik euskera erabat baztertua dagoelako eta neurri batetan  errua ere hauei leporatu daitekelako. Baina ez ote da akaso zailtasun hau faktore bat izango?

Euskara, niri iritzi xumean, esaldi konplexuetan galdu egiten da. Eta galdu egiten gara euskaldun gehienak esaldi konplexu bat euskeraz egin nahi dugunean. Egia da, bai edozein hizkuntzan esaldi motzak egiten baditugu esaldien ulermena erabat errazten dugula, eta honek edonola irakurketaren arintasuna bermatu egiten duela. Egia da ere idei konplexuak esaldi konplexuen bitartez adierazten direla. Errealitate honen aurrean gauza da Euskerararen gramatika errazteko zerbait egin beharko litzateke edo dagoen bezala utzi beharko litzateke?. Ez ote du euskerak perpaus txertaketaren aurrean beste hizkuntzen aurrean airoso aritzeko bere baliabide propioak garatzeko aukerarik?

Ni ez naiz  filologoa, euskal hiztun soil bat baizik. Ordea euskaldun peto petoa den  filologo bati entzun egin nioen behin noizbait euskera sinplifikatu  beharra zegoela eta horretarako lan zientifiko sakon bat egin beharra zegoela beste hizkuntzek garatu zituzten baliabideak bereganatzeko balioko zuena gure baliabide propioei hel eginez. Bere hitzetan, Leizarraga berak, orain dela ia bost mende, hauetako baliabide batzuk latinetik itzultzerakoan garatu egin zitueen. Ezagunak dira geroztik «non eta», «zeren eta», «zeina» preposizio funtzioak egiten dutenak, eta  esaldi bukaeraraino egon behar gabe, perpaus esplikatzaile baten aurrean gaudela adierazten digutenak .

Zein izango den euskerararen eboluzioa epe luzara? Auskalo. Epe motzera ordea euskeraren etorkizunak beste premiazkoa den erronka bat du: etorkinena. Gauza da, euskaldun desberdinen artean elkar ulertzeko eta hizketan aritzeko Euskera Batua garatu bagenuen, etorkinen aurrean euskeraz elkar ulertu eta hizketan aritzeko ez litztaeke eskergarria Euskera Simplifikatua garatzea?

Partekatu sare sozalietan / Comparte en redes sociales

Gai honetako beste sarrerak / Otras entradas relacionadas

4 comentarios en «Euskara batua eta euskara sinplifikatua»

  1. Ideia oso kontrajarriak piztu dizkit goiko artikuluak. Egia da: euskara konplexua da oso, jariotasunez erabiltzeko trebaketa handia eskatzen du eta, askotan, boluntarismoak eutsi du teknifikazioak uxatzen zuena. Historikoki honek bere arrazoiak izan ditu, baina etorkizunera begira, ez da mundu globalizatuan aurrera egiteko panoramarik onena.

    Teknifikaziorako (eta konplexutasunerako) joera horretan, Euskaltzaindiak ere izan du, nire iritziz, bere erantzunkizuna. Ez dut esango «geroz eta zailagoa, orduan eta hobe» pentsatu izan dutenik (hori ez baita ez egia ez bidezkoa) baina bai etengabeko gainbegiradek, hobespenek eta arauen gaineko arauek, alde batetik, hizkeraren konplexutasuna neurriz kanpo indartu dutela, eta bestetik, arauak «ezegonkor» bilakatu dituztela: hainbeste aldaketen poderioz, azken finean, eguneratutako euskara batua erabil dezaketen bakarrak euskalgintzan murgilduta daudenak dira (irakasleak, kazetariak, kultur eragileak… nolabait euskara lanbide dutenak). Beste askok galdu diogu euskarari gaurkotasunaren aztarna, edota galtzeko arriskua dugu.

    Dena den, euskarak azken hamarkadatan jauzi paregabea egin du: koofizialtasunak eragindako behar linguistiko berriei txukun egokitu zaie. Orain hurrengo erronka datorkigu: etorkizunak dakarren mundu horretan aurrera egitea. Akaso, sinplifikazio nabarien bidez; ni aldekoa nintzateke. Baina lan horretan denok dugu gure erantzunkizuna (hizkuntza erabiltzekoa eta bere garapena erraztekoa, akaso lokalismo zekenek oztoprik sortu gabe), eta Euskaltzaindiak, eta begirune osoz diot, erantzunkizun kualifikatua.

  2. Iñigo, oso planteamendu ausartu egin duzu. Ez dakit «sinplifikazio» hori positiboa den edo ez, baina horrelako gauzak planteatzea ausarta da. Askotan, euskaraz ikasi dugunok ere, eta euskara batuan mintzatzen garenok ere, zailtasunak ditugu ongi idatzi eta hitz egiteko. Eta atariko frogetako sinonimoak gainditzeko gure izerdiak bota ditugu.

    Egia da euskaraz ordena ezberdina dela baina ingelesaren eta gaztelaniaren artean ere inbertsio kontuak daude eta ez dago arazorik. Izan ditugu gure tirabirak «h»-aren kontuarekin eta beste hainbat gauzekin, baina batez ere egonkortasuna eskatuko nieke hizkuntza normatzen dutenei. Nik ikasi nuenetik bait gara baikara idatzi behar da (ahoskatzeaz gain) eta hainbat aldaketa izan dira. Hain urte gutxi dituen euskara batuarentzat gehiegi, nire ustez.

  3. Euskaltzaindia bilakatu da erakunde erregulatzaile-jakobinoa, Real Academia Española baina areago, eta hori ez da errexa. Hemen ikusten dugu gure erakunde linguistikoaren españolizazio nabaria, españolizazioa esan nahi dut filosofiaren aldetik, etengabe ari baita goitik hizkuntza egokitu nahirik.

    Gaztañagak exenplu xume bat jarri digu, bait gara/baikara bikotearekin. Eta hara zer sorpresa liburudenden apaletan ikustea Bilbiaren edizio euskaldun berri bat «euskaltzaindiaren azken egokitzapenekin». Horrek esan nahi du nik zenbait urte erositako Bibliak jadanik ez duela hizkuntz molde normalizatua. Hori aberrazio galanta da.

    Hemen badakigu kriston burokrazia linguistikoa dagoela eta, bestetik, euskaldunok jarraitzen dugu españoldunen aldean desabantailean; ze azken hauek ez dute hizkuntz-frogarik pasa behar, suposatzen baita beren gaia menperatzen dutela gazteleraren bitartez. Eta euskaldunok, ordea, kriston azterketak egin behar ditugu postu ofizial batetara iristeko.

    Nire ustez aski izan beharko litzateke demostrazea gauza zarela euskaraz idatzi eta hitzegiteko dagokizun arloan. Eta kitto. EGAren loteria rusoa pasa beharrik gabe (aspaldi atera nuen, beraz ni ez naiz agrabiatuen taldekoa).

  4. Erabat ados Pampoxekin.

    Ikasketa guztiak euskeraz egin dugunoi, karrera bera euskeraz egin ere dugunoi ziurtagirrik ez ematea automatikoki, eta hizkintz azterketetara aurkeztu behar izatea 4 edo 3 perfila ateratzeko, humilazio bat iruditzen zait.

    Ea noiz normalizatzen duen Eusko Admnistrazioak gure hizkuntzaren ezagueraren aitorpena edo aintzestea. Gaur egungo bideak ez dio euskerari mesederik egiten.

    Batxillerra euskeraz egin duenari zuzenean 3 perfila eman behar zaio. Unibertsitatea euskeraz egin duenari 4 perfila.

    Hori litzateke bidea, hori litzateke normalizazioa.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *