Azala / Portada » Zer ote da unibertzaletasuna?

Ion Gaztañaga

Oraindik gogoan dut Alderdi gun hura. Napar Buru Batzarraren txosna bisitatu genuen eta bertan Nafarroa Bai-ko zinegotzi zen alderdikide bat zegoen zerbitzatzen. Neska hark kamiseta beltz bat zeraman soinean eta bertan «Unibertzale» hitza besterik ez zen irakurtzen.

Hainbeste gustatu zitzaidan hitza, ideia eta kamiseta, neskari halako kamiseta non eros nezakeen galdetu niola. Zorionez han bertan saltzen zuten eta hantxe bertan erosi nuen neurea. Egun horretatik aurrera, askotan pentsatu izan dut hitz horretan, abertzaletasunean azkenaldian faltan botatzen nuen freskotasun eta berrikuntza eza hausten zuelako.

Zer esan ote nahi du «Unibertzalek»? Aberri unibertsalaren zale? Abertzale eta unibertsalista? Ez dakit asmatu duenak dakien ere, baina agian hori da hitzak duen indarrik handiena, polisemiaren haize leuna. Agian zer den galdetu baino, errazagoa litzateke zer ez den galdetzea.

Argi dut inguruan sufritzen dugun sasi-abertzaletasunak darion internazionalismo erradikala ez dela Unibertzaletasuna, ez-unibertsala, ez-abertzalea delako. Egungo alderdi abertzale demokratikoak unibertzaleak diren galdetu beharko genioke geure buruari, beraz.

Irujoren hitza datozkit burura «batzoki giroan oinarritutako» abertzaletasuna utzi eta abertzaletasun unibertsalago, landuago, eta irekiago bat bilatuz. Hain gutxi aurreratu al dugu bidean? Globalizazioaren mundu honetan, etorkinen mendean, abertzaletasunak duen erronka ez da makala. Iraganean galduko dira Europako mapa hartu eta gune geografikoak mugatuz etniak eta kultura talde iragazgaitzak markatu zitezkeen denborak.

Globalizazioarekin batera, askok uniformetasuna bultzatu nahi dute, bai kulturan, bai hizkuntzetan, bai pentsamoldetan. Kolore bakarreko mundua, ahots bakarreko kantua. Baina gizon-emakumeek, eskubide berdintasunaren unibertsalen zaleek, historian zehar erakutsi den bezala ez dute beren nortasuna mugimendu horrekin batera galdu nahi izango, ez dutelako bere burua, uniformekeria ustel horretan pieza mekaniko arrunt bat bezala ikusi nahi. Orduan hasiko dira beren identitatearen bila, beste herri eta kulturekin partekatu eta garatzeko. Hori izango al da Unibertzale hitzaren esanahia? Auskalo.

Eta hitz honen esanahiaren bilaketa zaila dela baderitzogu, ez gaitezen Nafarroa Bai-ren hurrengo hitz anfibioa ulertzen saiatu, egungo jarrerak ikusita jai daukagulako. Zer ote da «Polietika»?

Partekatu sare sozalietan / Comparte en redes sociales

Gai honetako beste sarrerak / Otras entradas relacionadas

2 comentarios en «Zer ote da unibertzaletasuna?»

  1. Nafarroa Baik asmatu egin du kontzeptu hauek garatzerakoan nire ustez.

    Hala ere, eztabaida asko dago Nafarroa Bairen etorkizuna eta bertan EAJk duen jarrera eta etorkizuna.

    Orokorrean Nafarroako asuntua ez da erraza baina honen inguruan galdera bat egingo nuke irakurleek erantzun dezaten.

  2. NaBai eredu besala hartzen dute askok erkidegoan berdina egiteko. Ni ez nago ados.

    Hala ere, «unibertzale» oso hitz polita da eta guk erkidegoan ere erabili behar genuke.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *