Azala / Portada » Iriondoren matematikak

Ion Gaztañaga

Azken hauteskundeei buruz ezker iraultzaileak izan duen irakurketa ezagutzeko, Gara egunkarian Iñaki Iriondok idatzitako «PSOE e izquierda abertzale, condenados a entenderse» artikulua oso esanguratsua da.

Iriondoren ustez, ezker iraultzailea izan da hauteskunde hauetako irabazle nagusienetako bat. Nola ez. Inoiz galdu al du ezker iraultzaileak Iriondoren ustez? «Komunikabideek muntatutako» kanpainari aurre eginez 180.000 botutik gora omen ditu legez kanpoko ezker erradikalak. Abstentzio osoa berarentzat hartzen dueneko matematika zorrotzaren maitale da beraz Iriondo. Eta matematika hori ikusita argi daukagu Iriondo ez dutela bere elkarte afarietako ordain-dirua biltzeko hautatuko. Gainera, alderdi abertzaleetan «desmobilizazioa» egon dela ere irakurtzen badiogu, nola kalkulatu ote ditu 180.000 botu horiek?

Xehetasun teknikoak alboratzen baditugu, ezker iraultzailearen gai eztitsuena ere jorratzen du: EAJ-ren porrota. Eta harrigarria badirudi ere, porrot honek Ibarretxe lehendakariaren proposamenean eraginik izango ez duela dakusa gure aztertzaileak. Arrazoia? Gipuzkoan eta Bizkaian, bietan, egon delako jaitsiera. Iriondoren ustez, kontsultak eraginik izan balu, Ibarretxe lehendakariaren proposamenak lurralde gidaritzetan (hots, Gipuzkoan batez ere) eduki beharko luke eragina. Agian lehen bait lehen Ibarretxe Gipuzkoako ahaldun nagusia ez dela abisatu beharko genioke Iriondori.

Iriondok ez du uste PSOE eta EA-EAJ-ren arteko akordiorik egon daitekeenik «1977ko estatutu erreformaren antzeko» zerbaiten inguruan. Erreforma honek «ez baitu ezker abertzalea garaituko» (azken finean, ohiko propagandaren arabera badakigu ezker erradikala garaiezina dela), eta «errepresioaren tenkatzeak ez bailuke Euskal Herriak Espainiari eragiten dion arazo estrukturala konponduko». Noski baietz! Aspaldidanik genekien herri honen zaindari eta defendatzaileak diren Arnaldo-Barrena bikote gartsuarentzat EA eta EAJ guztiz baztergarriak direla eta ezker abertzalea dela gako bakarra!

Ezker iraultzailearen logika hau dela eta irakurlea oraindik zorabiatu ez bada, presta dadila Iriondok galdera honi emandako erantzunerako. Zer egin behar du PSOEk orduan? «Gatazkaren konponketa» bultzatu. Zergatik? Orain 4 urteko «lasaitasuna» duelako hauteskundeen ondoren. Eta nik are gehiago esango nuke: hildakoa iada lurpean daukalako.

Iriondoren ustez «guztiz derrigorrezkoa da aurreko prozesua utzi zen tokitik berreskuratzea». Azken finean hildako bat gehiago edo gutxiago, zer axola dio. Ezta?

Errepaso txiki bat egin dezagun. Bake-prozesuaren ostean ETAk Barajas-eko atentatua egin eta PSOE-k ezker iraultzailea legez kanporatzen du berriro. ETAk Isaias Carrasco erahiltzen du eta PSOEk aise irabazten ditu hauteskundeak. Iriondoren (hau da ezker erradikalaren prentsa bozeramaile bezala dagoena, mahai nazionala gartzelan baitauka) ondorioa PSOEk prozesua berreskuratu behar duela da. Hori bai logika aparta. Bost puxtarri Iriondo jauna!

ETAk euskal eta espainiar politikan duena eragina nabarmena da. Hein batean, besteok eragin hori onartu eta eragin horri aurre egiten ez diogulako. Honako diskurtso baten aurrean, abertzaletasun demokratikoak atera beharreko ondorioa bestelakoa izan behar dela deritzot. Aska gaitezen ezker iraultzailearen kate ideologikootatik, konplexuotatik, eta berreskura dezagun lidergoa.

Ezker sasi-abertzale honen ibilbidea argi dakusagu. Indarkeriaren bidez gure burujabetzarako bidea zapuztea, euskal pluraltasuna mesprezatzea, herritar askok (ezker erradikalekoak barne) bizi duten egoera eta gatazka mantentzea eta horri etekin politikoak ateratzen jarraitzea. Ulertuko al dugu noizbait?

Partekatu sare sozalietan / Comparte en redes sociales

Gai honetako beste sarrerak / Otras entradas relacionadas

3 comentarios en «Iriondoren matematikak»

  1. Ezker abertzalekoez gain, askok ere esan dute PSOEren garaipena bermatzeko ETAk Isaias Carrasco hil zuela.

    Eragin hau duela ikusita, zer egingo du ETAk hemendik aurrera, hauteskunde orokor bakoitzeko bezperan pertsona bat tirokatu?

    Zer izango da hurrengoa, 1978an zerrendan ordezko aurkeztutako tipo baten lehengusuaren semearen laguna hil? Aska gaitezen putre hauetatik.

    Gaizkileek egurra besterik ez dute ulertzen.

  2. Negoziazioa hasten ez bada, seguruaski beste bat hilko dute. Hain dira elkarrizketaren zale!

  3. igomendi,

    ETAk ikusi du duen eragina. Eta eragin hori behin eta berriro erabiliko du, dudarik gabe. Hori gertatzen den bitartean, guk zer egin behar dugun galdetu behar diogu geure buruari.

    ETAren aurka Ertzaintza erabiltzeaz gain beste bide batzuk ere jorratu behar ditugu, arlo politikoan ETAren kutsua hartu duten hainbat gune euskaldun berreskuratzeko.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *