Azala / Portada » Aberririk gabeko independentzia kañi-sobietarra

Aberririk gabeko independentzia kañi-sobietarra

Imanol Lizarralde

IAmBasqueImanol Galfarosoro eta Unai Apaolaza Lapiko Kritikoan independentziaz eta bere esanahiaz mintzo dira. Biek bat egiten dute gauza berdinean: independentziaren ideiak independentismo partikularretik independentismo unibertsalera eman behar duela jauzia. Abertzale arruntak pentsatu lezake: ze ideia arraroa da hori. Independentzia ez al da herri partikular baten independentzia? Ez horixe, bi filosofo hauen pentsaeran sakontzen badugu behintzat. Eta ez daude bakarrik, ezta ez dute ezer berririk asmatzen ere.

Imanol Galfarsororen hausnarketa («Zorigabe izateko eskubideaz (edo nola Jon Juaristik independentzia posible dela onartzen duen), Lapiko Kritikoa) Jon Juaristiren azken kondaira liburuaren zenbait zatiei buruzko gogoetan oinarritua dago. Lehen lehenik esan dezagun orokorki Galfarsorok bat egiten duela Juaristiren iritzi nagusiekin: Euskal Herria historiarik gabeko herri bat da, beraz naziorik gabea, beraz etorkizunean du bere aberri izateko aukera bakarra. Horregatik zera dio:

“Kontua da Juaristiri ez zaiola arrazoirik falta euskal nazionalistak independentziaren mamua modu erretoriko eta patetikoan aireatzen dutela azpimarratzen duenean. Izan ere, independentziaren aldarrikapena zenbait klase-pribilegio mantentzeko erabiliz, Espainian barruan. Izan ere, Europako historiarik gabeko herri zaharrenean-edo, berezikeriaren subordinazioan zoriontsu irauteko”.

Kontua da Galfarsorok eta Juaristi ETAkide eta iraultzaile-komunista ohiak ere bat egiten dutela esplizituki etsai berdinean: Eusko Alderdi Jeltzalean, hain zuzen. Ez da kasualitatea hainbeste kointzidentzia. Enbor bereko arbolatik datorren ikuspegi berdin batek gidatzen baititu eta nik horrela bataiatuko dut “Espainiako Historiaren ikuspegi PCroaren” izenez. Orain Espainiako PC oso bestelako egoeran izan arren, garai batean hedatuagoa zegoen eta Estatuko nazionalitateetan hainbat kondairagile trebatu zituen Espainiako iraultzaren mesedetan lan egin zezaten asmoz.

Antonio Elorza baskongadetan, María Cruz Mina Nafarroan, Jordi Solé Tura Katalunian, historiagile hauek guztiek lelo berdina errepikatu zuten: eskualde horietako abertzaletasunak burgesia erregionalista batek asmatutako mitologia zirela bertako herri klaseak lotuak izateko eta beren interes ekonomikoak defendatzeko helburuaz. Juaristi (nahiz orain muturreko eskuinean egon) eta Galfarsoro eskola horren azken adierazle gertatzen zaizkigu. Eusko Alderdi Jeltzaleak, autonomia defendatzean edota independentzia balizko bat aipatzean “zenbait klase-pribilegio” gorde nahi omen ditu. Sobra ere euskal autonomiak ekarritako euskal hezkuntza, osakidetza, polizia eta kontzertu ekonomikoak “klase pribilegioak” omen dira Juaristi eta Galfarsororentzat… Eskuin muturreko espainolistak eta ezker iraultzaileko filosofoak bat egin dute aldarrikapen horretan.

Galfarsorok ETAtik datorren ENAMen independentziari buruzko ohiko ikuspegia gaurkoratzen du, bere buruari gertatutako teofania mistikoa izango balitz bezala irudikatzen duela:

“Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borroka konkretu, partikular eta lokalizatu batek (independentzia) nola hartzen du ganorazko zentzua azken 50 urteko historian? Eta ahots oihartzundun jainkotiar moduko batek zera erantzun zidan: bere kontingentzia historiko erro-errotikoan, motel, bere kontingentzia historiko erro-errotikoan! Are justizia soziala, berdintasuna eta elkartasunaren narratiba unibertsalarekin lotuta egon den, dagoen eta egongo den neurrian…”

Izan ere, Euskal Herriko “kontigentzia historikoak” balioa du “narratiba unibertsalarekin lotuta dagoen eta egongo den neurrian”. Badugu hemen Galfarsorofren ikuspegiaren zertzelada nagusia: Euskal Herria izaki historiko gisa “kontingentea” da (beraz probisionala da). Benetan beharrezkoa “narratiba unibertsala” da. Zein da, bada, narratiba unibertsal delako horixe? Euskal ezker iraultzaileak aspaldidanik gurtu duen mundu iraultzaren jainko-mamua da hori, Galfarsorori hain eztiki belarrira xuxurla egin dion txoritxoa. Historiarik gabeko herri bat garenez, eta historiarik gabeko herriak, ikuspegi iraultzailetik –Engels-ek zioen bezala- “zabor herriak” garenez gero, gure izaera atzerakoia erredimitzeko bide bakarra “narratiba unibertsal” hain maite horretan txertatzea izango litzateke. Hau da ENAMen ikus molde ohikoa, Galfarsorok egunera ekarri diguna.

Hein horretan, Unai Apaolazak aipatu egingo du (“I Am Basque”, Gara-Naiz) Urkulluk eta Ortuzarrek azken Alderdi Egunean adierazitako eta era berean errefusatutako independentzia “kañi” eta “sobietikoa”, berarekin eta beretarrekin identifikatuz: “independentismoa «kañi» eta «sobietiko» horiei esker indartuko da”, esango du harro harro. Espainolistak baino areago, independentzia “kañi-sobietiko” horren etsai nagusiena, Apaolazarentzat Eusko Alderdi Jeltzalea da: “Independentismoa indargabetzea da helburu nagusia alderdi jeltzalearentzat”. Hemen ere 1936 gerra aurretik Euskadin txertatutako Espainiako PCren teoriak berriro atera ditu bere kimuak, gerora ezker iraultzailea ETA eta ENAMen jarraipen izan dutenak: Alderdi Jeltzalea “burgesia erregionalista” omen da hauen esanetan eta beraiek, ordea, iraultzaren zerura eramango gaituen subjektu berria. Baina subjektu hori ez da jadanik Euskal Herritarra eta ez da Euskal Herrira mugatzen. Halaxe dio Apaolazak:

“Euskal herritarren gehiengoa independentismora gerturatu nahi badugu, independentismo partikularzaletik unibertsalzalera egin behar dugu jauzia. Independentziak, partikular batzuen aldeko borroka izatetik, askatasuna, demokrazia eta justiziaren, hau da unibertsalen aldeko borroka sinbolizatzera pasatu behar du. Euskal Estatua unibertsalak gauzatzeko garantia dela sentitu behar du euskal jendartearen gehiengoak. Hori litzateke independentismoak hegemonia lortzea; hegemonia hori baita, helburu politiko partikular batek (Euskal Estatuak) unibertsalak sinbolizatzea jendartearen gehiengoaren begietara. Eta honen guztiaren onura zein da? Klasea, nazioa… eta jendartea sailkatzen duen beste edozein klasifikazioren gainetik jendea independentismora gerturatzea”.

Ohartu gaitezen Apaolazaren hizkera politikoak paragrafo honetan jasaten duen antzaldaketaz: aldarrikatzen dituen “unibertsalak” “askatasuna, demokrazia eta justizia” dira, alegia, kontzeptu aski arruntak, herri nortasunaren mugaz gainetik azaltzen dituena. Baina unibertsal horiek faktore subjektiboak dira, “Euskal Estatua unibertsalak gauzatzeko” senti arazteko balio dutenak. Horrek esan nahi du tabula rasa baten aurrean gaudela, leninismo arruntenaren ildotik, batetik estatua deuseztatu (dagoena, Euskal eta Nafar autonomiak gure kasuan) eta “estatu” berri bat eraiki behar delako eta bestetik, horretarako, hegemonia lortu behar delako, hau da, Euskal Herriko indar nagusia, Eusko Alderdi Jeltzalea, menderatu behar du ezker iraultzaileak, unibertsalen faktore subjektiboen metaketa dela bide. Leninen gisa iraultzaren mailatako bat, lehena, gerra zibila da edota “burgesia erregionalista”ri egin beharreko gatazka maila anitzetakoa.

Apaolazak modu ezin hobean ber moldatu egin du ezker iraultzaileak aberri arazoan ezarri ohi duen azal eta edukiaren arteko harremana: gure aberri borroka, unibertsalen borrokaren isla bilakatu behar da horrela. Euskal Herriko estatu berriaren eraikuntzaren borroka nazio sentipen eta klase desberdinetako jende anitzen bil lekua izan behar da. Uler ditzagun asmo hauek dugun errealitatearekin konparatuaz: gure aberri borrokak eta eraikuntzak, gure nortasunak, desbideratu behar dira independentzia kañi-sobietikoari mesede egite arren. Euskal Estatu delako horren ideia-mamuaren atzean jarri behar ditugu aleginak, unibertsal pinpirinak loditu ditzagun.

Ikusten denez, Galfarsorok eta Apaolazak ez digute ekarpen berririk egiten, ezker iraultzailearen ohiko eskema horixe baita. Hizkera berri eta aseptikoago batez janzten dituzte betiko kontzeptuak, nahiz eta bidean ere “hegemonia”ren kontzeptu iraultzailea bere belarritxoa astindu. Honek adierazten digu benetan zein izango den egitasmo honen “askatasuna, demokrazia eta justizia”, beraien modu xelebrean ulertuak praktikan askatasun, demokrazia eta justizia eza direnak, ezker iraultzailearen praktikak berak erakutsi duen bezala. Hegemoniak suposatzen baitu hil ala bizizko gatazka Euskal Herriaren baitan, Euskal Herriaren bi kontzepzio uztarezinen artean. Hori bai, “unibertsal” oso politen izenean eramango den gatazka izango da. Halaxe dio Galfarosorok: “Historian sartzeko ordaindu beharreko prezioa, hain zuzen ere, zorigabea da!”. Era berean, zoriontasun eza eskaintzen digute independentzia klase honetako profetek. Ez dago halakorik iragarri beharrik, zoriontasun eza –zorigaitza- baita ezker iraultzailearen eraginkortasunaren marka.

Eta galdetzen diot nire buruari: Euskal filosofo hauen filosofiak badu euskal usainik? Ez horixe. Beraien eskema, arrotza izaki, eta gizatar kontraesan globalen ikuspegikoa, hemen eta Uzbekistanen aplikatu daiteke. Beren filosofiak ez du gure aberri nortasunean (gure historian, gure erakundeetan, gure izatean…) inongo errorik, erroak erauzi nahi direlako, euskal filosofo hauek, ezker iraultzailearen antzera, haustura unibertsal bat dutelako buruan eta bihotzetan. Ezker iraultzailea sortu aurreko Euskal Herria dute gorroto; ordurarte “historiarik gabeko” herri xalo apaizkoia ginelako, nahiz eta horrela izaten gure herriak iraun izan duen orain arte. Baina Euskal herritarra eta nortasunaren irauteak ez du hauentzako zipitzik balio, baldin eta unibertsal orokor baten fetitxearen suetara botatzen ez baldin badira. Eta noski unibertsala, aro guztietako euskaldun apalek jakin izan dute hori, Espainia izan da, kasu honetan iraultza espainola eta espainolista/kañi-sobietikoa dena, lehen helburutzat Euskal alderdi bat eta euskal egiturak deuseztatzea duena.

Partekatu sare sozalietan / Comparte en redes sociales

Gai honetako beste sarrerak / Otras entradas relacionadas

17 comentarios en «Aberririk gabeko independentzia kañi-sobietarra»

  1. Tantaz tanta vamos acabando con el problema. Gota a gota los cerebros de ETA van siendo detenidos y juzgados. Tantaz tanta vamos escribiendo la historia del terror en Euskadi y poniendo a la izquierda abertzale en su lugar. Tantaz tanta los ciudadanos demócratas vascos nos vamos reconfortando de 40 años de violencia genocida y nos alegramos profundamente de las últimas acciones policiales contra el frente de Makos.

    tantaz tanta, gota a gota vamos a eliminar durante los próximos 40 años toda apología a la violencia terrorista.

  2. Oso berezko du Euskal izaerak berenez berea ez diren auziei setati lotzea. Garaian karlismoa zela, foruzaletasuna zela, katolizismoa zela, gero nazionalismoa…eta orain bost hamarkada direla, eta egungo egundaino igitaia eta mailuaren erlijioa dugu aldezgai. Izan ere, zer edo zer badu Euskal izaerak zeraxe da hain justu: oso izaera modernokoa izatea. Eta izaera modernoko izate hori ahotan hartzen dudalarik, zera nahi dut adierazi, Modernia ideologia oro-azaltzaileen aroa izan dugu eta bertan emaniko jende-espirituak beroietariko baten bati sutsu eta tematuki lotzea zekarren; Euskal Herriaren zerizana alde horretatik oso modernoa dugu; ez soil-soil igaro duelako historia-mailako modernitatea (beste edotariko herrik antzo), baina, areago ere, herri-izaeraz oso-oso berezko duelako errelato handiei sutsu-sutsuki lotzearena. Esan moduan, desberdinak dira oso beretu dituen ideiak (karlismotik hasi eta marxismoan buka), betiere ondo beretu ere, eta
    herri-izaerazko bailituen ere egokitu ere. XIX. mendean kasurako euskaldunen fede eredugarria aipatzen zen erroman, sarritsutan nahastuki eta bereizgabeki espainakoari buruz ondo aritzeko.
    Hau esanik, egungo egunean zera dugu begiaurrean paradogikoki: euskal naziotasunaren orodez (berenez soil-soil euskal auzi bakarra geneukakeen hori, alegia, naziogintzan xede bakar-bakarra beharko lukeen horren ordez), zeratan ibiltzea energia xahutzen euskal herritar asko, marxismoa bezalako proiektu iraultzailean alegia. Nahi bezala ituxratuta, nazio-askapen prozesu baten harian ere, dudarik ez, baina edozein kasutan ere, askoz haragoko horizonte bati beha. Ez gintuzke harritu beharko batere. Lehengo berean dugu eta kontua, orain mende eta erdi katoliko edertzat, nonbait, erroman, oain, baina, Europako esker mutureko sarean eredu eta inbidia. Izan ere, Euskal Herrian, gauzak berandu sartu eta beraundu irten, baina, edezinetara, erdiko biderik ez hemen. Zoritxarrean bada ere, oro har (eta sutsutasuna neurbide) euskal etniatasunaren temak aldezpen nazionalistetik kanpo beste iraultza kamuflatu honetara aldatu du bere objektua. Bestetik ere, beste
    horrenbeste esan beharko genuke Nafarroari dagokionez: egun eruenean ematen ari den eskuindar muturreko espainar adlezpena, UPNren eskutik, bere defentsa ezinago temosoan, euskal izaera da azalarazten. Izan ere, askotan esan ere esan izan da, ez dago espainoltasuna era fatxago eta muturrekoenean defendatzeko moduan, naparbidea baina bide hobea.
    Orain galdera edozeni datorkio burura: eta zer gertatuko kanpo mamu horiek gure euskal herrietatik aixatatutakoan, gure izaerazkoari jarraiki, zeri atxikiko?

  3. Arront akort aurrez errainikakoarekin. Eskual izairazkoaz den bezanbatean, egiazki ezin aipatu hori uka: ezen bethi ere bere herri-izaitean herri-izairaz aparteko bertze deus ere baliatu ukan du bere historian Eskual Herria. Desir handia nuke nik kontu hau ignora ez zedin. Ezen, sobera tronpatuak gira noiz eta euskal izaerakin soil-soil nazionalismoa baitakoarekilan lotzen baitugu. Ezen, erran ukan den gisan, oso izairazko du eskualdunak maiz bere nazio-defentsa soilarekin deusik ere duen bertzelako kontuak baliatzea. Defendatu kausa bainoago, hala defensa-formak nola atxikimendu sutsuak dute zinezko inportantzia beren eskual izaiteko gisa ikhuste alderat. Hortakoz, egun MLNVren kausak, independentzia nahikhundean goiti-beheiti ere, ez du nazionalismoa bere soilean xede. Hauena ez dugu nehondik nehorat nahikunde nazionala, nahiz, itxurra ororen aruzn nazionalistetan nazionalistenak lirudiketen ere.
    Hau erranik, ene kezka bertzelako hau da: Non da bada euskal nazionalismoaren defensa modernoa (hau da, eskual sutsutasunaz defendaturikako nazionalismo huraxe), edota bertzelarik erran: eskual bultzagai gisa, goiti beiti desagerturik al da dagoenekoz nacionalismo klasiko? Edota ere, nahiz eta euskal pertsun bakan eta guttiren batzuk baithan izan, nazionalistarik bada oraino?

  4. Agerian da espainolak baino espainolagoak direla ezker abertzaleko hauek.

    Gure euskal egiek mitoak besterik ez direla espainolek diotenean, hauek mitoak direla berresten duten bakarrak dira.

    ¿Zein etorkizuna egon daiteke hórrela?

    ¿Noiz ikusi duzu ERCko bati CIU aldarrikatzen duen kataluniar historiografía kontraesanean jartzen espaonolek erabiltzen dituzten argudio berdinekin?

    Ezker Abertzalea izan da eta jarraitzen du izaten herri honek indepedentziaren bidean duen oztoprik nabarrmenena

  5. Egia esaten duzu, Patxitron laguna, ezker erpineko hauek espainolak baino espainolagoak eta zikoitzagoak gainera. Zertarako balio du independentziak gure izakera espainola bada, edo edonondikakoa?

    Arazo politikoa bide bat bezala ikusten dute eta ez konpondu beharreko gauza bezala, nahiz eta konponketaz etengabe ari diren pelmada ematen.

    Ni harrituta baino eskandalizatua gelditzen naiz ikustean eta nire bizitza osoan horrela izan da hauek Euzko Alderdi Jeltzalea dutela etsaia eta izorratu nahi dute eta hori egiteko euskal kausa astintzen dute gainera.

    Gure herri izakera ez al da indartu behar? Ez laguna hauek euskaldunen arteko gerra nahi dute, gure herriaren askapen nazionalaren izenean. Eta Jauristi beraien akolitoa izan delako nabari zaio ezker erpineko hauen dejea.

    Euskalerria aldatua baino desitxuratua ikusi nahi dute, espainoldua, hori bai independentziaz arituko zaizkizu goizetik gauera baina independentzi horrek ez du xentimorik balio, beraien hitzak balio ez duen bezala.

  6. Artikulu bikaina, hauxe.

    Nik gauzatxo bat bakarrik erantsiko nuke. Izan ere, kañi-sobietar hauen jarioan nahastu egiten nauen kontraesan garrantzitsu bat nabaritzen dut. Kontraesan honek ez ditu seguraski kañi-sobietarrak nahasiko, eurek idatzi bait dituzte, hau da, euren nahasmenaren ondorio dira. Baina uste dut beste edonor -zentzuzko edonor- nahasteko modukoa dela.

    Alde batetik, independentzia bera «partikular»tzat jotzen dute. Honek zera esan nahi du, eurentzat independentismoak edota Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borrokak ez duela berezko baliorik. Hortaz, diotenaren arabera, borroka horrek «unibertsaltasuna»ren baitan kokatuz gero bakarrik izan dezake zentzurik eta izan-beharrik. Honen arabera, garrantzia duena «narratiba unibertsala» da, hau da, askatasuna, demokrazia eta justiziaren aldeko borroka da. Horrela begiratuta, independentziaren aldeko borroka askatasuna, demokrazia eta justizia «unibertsala»ren aldeko borrokaren baitan zorrotu behar da.

    Baina, bestetik, unibertsaltasuna «narratiba» gisa definitzen dute. Honela, askatasunak, justiziak eta demokraziak berezko izanik duenik zalantzan jartzen da. «Ipuin» baldin badira, ba al dute, edo izango al dute errealitaterik inoiz? Idazten duten eran, zilegi zait susmatzea, irakurle lez, eurentzat «unibertsaltasuna» eta askatasuna, justizia eta demokrazia borroka bat akuilatzen duten «ipuinak» besterik ez direla. Azken finean eurak dira defendatzen duten unibertsaltasuna «narratiba» gisa definitzen dutenak.

    Baten-batek agian nire interpretazioa urrunegi daramadala esan lezake. Baina begira orduan, zer dioten ondoren:

    «Hori litzateke independentismoak hegemonia lortzea; hegemonia hori baita, helburu politiko partikular batek (Euskal Estatuak) unibertsalak sinbolizatzea jendartearen gehiengoaren begietara.

    Eta honen guztiaren onura zein da? Klasea, nazioa… eta jendartea sailkatzen duen beste edozein klasifikazioren gainetik jendea independentismora gerturatzea»

    Hasiera batean, hortaz, independentismoak berezko izaterik ez duela diote. Baina gero, narratiba unibertsalaren rollo guzti honen onura «jendea independentismora gerturatzea» dela diote. Baina, zein da jendea berezko izaterik ez duen zerbaiterantza gerturatzearen onura?

    Ez dezagun ahaztu, bestalde, apur bat lehenago independentismoak unibertsalak «sinbolizatu» behar dituela esaten dutela. Independentismoaren eta unibertsalen arteko lotura, beraz, «sinbolikoa» da.

    Nik bi galdera egingo nizkieke artikulu honen egileei:

    – Zergatik hainbesteko esfortzua jendea berezko izaterik ez duen zerbaitera gerturatzeko?
    – Zein harreman dago, alde batetik, independentismoaren eta «unibertsaltasunaren «simbolo»en, eta, bestetik, benetako independentzia, askatasuna, justizia eta demokraziaren artean? Sinboloekin jokatzea eta simbolizatutakoa lortzea gauza bera al dira? Ez al litzateke zentzudunagoa «sinboloak» alde batera utzi, eta sinbolizatutakoak lortu eta bermatzearen aldeko eguneroko lana egitea?

  7. Eskerrik asko Marmeladov laguna egindako hausnarketarengatik.

    Ondo laburbildu duzu Galfarsoro eta Apaolazatarren gogoetaren ari nagusia, akaso nik artikuluan baino hobeto gainera.

    Egia da, diozun bezala, independentzia partikularrak ez du berezko baliorik, narratiba orokor batean txertatua egon behar da horretarako; eta narratiba honek, egia ere da, jendea gerturatzea du helburu, izan ere, indar metaketa hain famatu hori, zeinak eta klase eta aberri mugak gainditu behar dituen estatu eraikuntza/deseginketa prozesu bikoitz horren kariaz jende desberdina biltzeko.

    Horrek ez du esan nahi narratiba ipuin hutsa denik; badu, noski, ipuin ikuttu bat, birtualitate alderdia dei genezaiokena, defizit demokratikoaren ildotik doan demokrazia/justizia/askatasuna perfektuen lortzearen borrokaren narratiba epiko-heroikoa.Birtualitate horri «prozesu demokratikoa» deitzen dio gaur egun ezker iraultzaileak. Hau da borrokaren alderdi taktikoa.

    Baina narratiba birtual horren azpitik bada benetako narratiba ala teleologia bat, mundu iraultzaren ipuin ez hain polita, baina mesiasik gabeko mesianismo marxista-iraultzaileak eskatzen duena: Euskal Herriaren subjektu iraultzailea beste herrietako subjektu iraultzaileekin batera (Espainiako herri iraultzailea barne lehen lenenik) praktikan daramaten egitura demokratiko-ordezkatuen kontrako borroka bateratua.

    Beraz zuk egindako galderei erantzuna ematen saiatuko naiz, hau guztia kontuan harturik:

    – berezko izaterik ez izan arren demokrazia/askatasuna/justiziaren aldeko unibertsalen borroka, ideologia demokratikoaren baitan dagoen potentzialitate bat adierazten du non eta jendeak ez duen puskatu behar bere ohiko ideologiarekin, nahiz eta jadanik praktikan borroka iraultzaile baten barruan gertatu, borroka horren subjektu gidatzailea ezker iraultzaile bera delako.
    – beraz sinboloekin, imaginario ideologikoekin jokatzea, azken batean gure gizarte honetako jendearen berezko konbikzioekin jokatzea da, hauek borroka iraultzaile baten mesedetan jarri daitezen, nahiz eta ohartuki ez halako intentziorik eduki.

    Unibertsalak bitan banatzen baitira, lehen esan bezala, batetik demokrazia/askatasuna/justiziaren ideal perfekto lortu ezina eta bestetik narratiba iraultzaile globalak benetan lortu nahi dituen demokrazia/askatasuna/justizia, gauza erabat konkretua, estatuaren eraikuntza/deseginketarekin zehazki lotua dagoena.

    Estatua hautsi eta estatua eraiki behar da. Estatu berri horrek gauzatuko ditu benetakoak diren demokrazia/askatasuna/justizia horiek, nahiz eta noski (esperientzia historikoak eta egungo ezker iraultzailearen praktikak erakusten duten bezala) demokrazia/askatasuna/justizia perfektoekin inongo zerikusirik ez eduki. Hegemonia, hau da, klase/subjektu baten diktadura ezarzea baita estatu berriaren eginkizuna.

    Eskerrik asko berriz ere eta ondo izan

  8. Egia esanda, berdin zaizkit Imanol Lizarraldek Euskal Herriko ezkerraz trufatzeko erabiltzen dituen etiketak. Konturatzen naiz, gainera, grazia handikoak direla berak hor nonbait “intelektualki” ordezkatzen dituen lerro petty-nazionalistetan. Baina beste arazo (serioago) batek bultzatzen nau hemen erantzutera

    Noski, beste lanen aipamenekin aritzeko orduan malgoa izatea onuragarria da blogetan-eta. Halere, gauza bat da bakoitzat bere parrokiarentzat idazterakoan kritika burutzeko orduan iturriak gaizki erabiltzea/nahastea; eta beste bat, nahikoa zalantzagarria, iturri horien sorburua apropos eta premeditazioz ez aipatzea argudiorako komenigarria ez delako! Iruditzen zait norberaren propagandari egiantzekotasun akademikoa-edo emate aldera ere, badagoela, dena den, esan gabe doan agindu etiko oinarri-oinarrikoa: interpretatu nahi duzun beste, bai noski, baina, modu berdinean, saiatu beste pentsalari/idazleen aipamenen funtsa errespetatzen! Denak ez du balio!

    Orduan gauza bat da Lizarraldek bere iritziak borobiltzeko ezker-muturreko deabruak eten gabe astintzea eta beste bat, kontuak ateratzen ez zaizkionean, detaile zeharo inportanteak ez aipatzea.

    Har dezagun “Historian sartzeko ordaindu beharreko prezioa zorigabea da!” esaldia, Lizarraldek artikuluan erabiltzen/instrumentalizatzen duena zer eta adierazteko “zoriontasun eza –zorigaitza- [dela] ezker iraultzailearen eraginkortasunaren marka”. Kontua, baina, da esaldi horren atzean ez dagoela inolako komunista begioker buztangorririk. hala euskaldun kañi-sobietar nola txinatar maozalerik edo zernahi aizu! Esaldi horren atzean nor eta Hannah Arendt intelektual judu-alemandarra dago; Hannah Arendt, besteak beste, eta suposatzen dut Lizarralderen gustorako, komunismoak eta nazismoak osatzen omen zituzten muturren artean zehatz-mehatz kokatu zena mendebaleko demokrazia liberalaren bertuteak defendatuz. Eta iruditzen zait Lizarraldek, bere argudio (orohar mehe)aren testuinguruan hori zehazki ez aipatzea ez dela deskuido edo kasualitatea.

    Badakigu unibertsaltasunaren kontrako berezitasunaren defendatzaileek segituan esango digutela juduen eta euskaldunen (h)istori(o)ak ez bakarrik bakan eta partikular are inkonmensurableak direla. Zalantzarik gabe dakort! Hala ere, Hannah Arendt-ek baditu esaldi eta ideia giltzarri batzuk mundu guziarentzat unibertsalizatzeko bainoago oso egokiak direnak euskal kasu partikularraren gabeziak argitzeko, nazio arazoari begira batik-bat.

    Gai honetaz gehiago irakurriz gain Lizarralderen tranpatxo desonestoez jabetu nahi duenak jotzea besterik ez du “Askatasuna garestia da maite!” (http://basque.criticalstew.org/?p=10464) nire idazlantxoaren bigarren erdira.

    Laburtuz bertan Arendtek dio askatasuna (hau da, independentzia eta estatua) garestia(k) d(ir)ela; eta iruditzen zait Lizarralde moduko Euzkadiko nazionalistek prezio hori ez dutela ordaindu nahi. Izan ere, berezikeriaren subordinazioa gozatzen gehiago disfrutatzen dute: I am Basque, Europako herri/hizkuntza zaharrenekoa eta abar eta abar.

    No problem!

  9. Galfarsoro:

    NIre iturria zu zara, ez Hanna Arendt, eta zuk Hanna Arendt-en aipamenaz egindako egokipenaz ari naiz. Zuk nahi bezala erabiltzen duzu Hanna Arendt. Har dezagun, lehenik, zure artikuluan komentatzen duzun zita:

    «Juduek ez-izatea jasan zuten sakabanatuta zeudelako baina pariak diren jende guziekin bezala, berotasun berezia sortzen zen taldekidetasunetik… Hori guzia Israelgo estatua sortu zenean bukatu zen… Aberririk gabeko juduen humanitatea gauza oso polita zen… xarmagarria zen zeharo. Askatasuna ordaindu egin behar da. Badakit prezio bat ordaindu behar dela askatasunagatik… Ezin dut esan ordaindu behar hori atsegin zaidanik… Baina askatasunagatik merezi du garesti ordaintzea».

    Beraz bi gauza aipatuko nituzke:

    – Arendt-en zita kontestu batean kokatua dago (juduen kontestua, «sakabanatua zeudelako… pariak ziren). Eta Israel-go estatu sionistaz ari da eta berarengatik ordaindu beharreko prezioaz.

    – Zuk beste kontestu batetara eramaten duzu zita, Euskal Herrira. Hemen bai Komunitate Autonomoa eta bai Nafar Komunifatea diren instituzio ordezkatuak ditugu, non eta hauteskundeen bitartez aukeratuak diren beren ordezkaritza politikoak. Iparraldeak ez du esparru propiorik, baina hauteskundez hauteskunde alderdi frantziarrak dira nagusi, jakina denez.

    Kontestuak desberdinak direnez Arendt-en adierazpenei atera nahi diozun balio unibertsalak ez du balio gu euskaldunok beste egoera batean garelako, ez gaudelako sakabanatuak juduen antzera eta ez garelako pariak.

    Euskal estatua ez da lortu behar den helburu bat, euskal estatua badago euskaldun gehienei dagokionez, eta hori Eusko Jaurlaritza da. Beraz zuk aipatzen duzunean Euskal estatua lortzea Arendt-ek aipatutako zorigabe delako hori merezi duela, euskal estatu existentearen gordina ez duzu aipatzen. Baina gainera zuk argi eta garbi esaten duzu, Juaristiren haritik, euskaldunok balizko estatu hori ez dugulako historiarik ez dugula:

    «Historian sartzeko ordaindu beharreko prezioa, hain zuzen ere, zorigabea da!».

    Hein horretan, artikuluan esan dudan bezala, Engels-ekin bat egiten duzu euskaldunak «zabor herriak» garela adierazten zuenean, historiarik ez dugulako. Kondizio horretatik libratzeko baldintza narratiba unibertsal bati atxekitzea litzateke eta horren ondoriozko estatu bat lortzea. Baina zer estatu klase? Zitatuko zaitut:

    «Kontua da Juaristiri ez zaiola arrazoirik falta euskal nazionalistak independentziaren mamua modu erretoriko eta patetikoan aireatzen dutela azpimarratzen duenean. Izan ere, independentziaren aldarrikapena zenbait klase-pribilegio mantentzeko erabiliz, Espainian barruan».

    Guztiok dakigu EAJz mintzo zarela eta nik horrela bataiatutako eskola PCeroaren teoriaren errepikapena besterik ez duzula egiten, hau da, EAJk klase-pribilegioak mantentzeko erabiltzen duela independentziaren aldarrikapena. Teoria hori Espainiako PCk sortu zuen Euskadin 36ko gerra aurretik, ETAren enborretik sortu zen ezker iraultzaileak eman zion jarraipena eta zuk orain hemen errepikatu egin duzu.

    Beraz zuk aldarrikatutako Euskal Estatua ez da «klase-pribilegio» horien ordezkapen izan behar, alderantziz baizik, narratiba unibertsal pinpirin horren haritik doazen balio eta berezitasun ez-klasisten araberakoa. Eta Euskal Herrian euskal estatu bat dagoenez, eta ustezko klase-pribilegio delako horien alderdiak eraiki duenez, ordezkatu egin behar da Euskal Estatu inexistente baina zoragarri horrengatik, narratiba unibertsalean atxekia egonda Euskal izaera historiarik gabekoari duintasun erredimitzailea emango liokena.

    Hemen tranpa hauxe da, euskal arazoaz instrumentalizazioa egitea tabula rasa baten araberako egitasmo inexistentea gauzatze arren, EAJ eta eguneko euskal estatua garbitu beharreko oztopo direlarik. Eta guzti honi ez diozu inongo erantzunik eman, Galfarsoro, erantzunik ez duelako, egi hutsa baita, zure hitzek adierazten duten bezala.

    Dena den eskerrik asko honera etortzeagatik eta gustora irakurriko dut zuk jarritako linka, ea argigarririk ematen duen dugun arazo hau argitzen jarraitzeko.

  10. Ez naiz ni Imanol, Imanolentzakoei erantzunka ibiltzeko ni. Alabaina Galfarsorenak hadi-erne irakurrita, zera egin dut azkar batean, bere artikulua irakurri.
    Ederrak gero, nire irudikoz, Galfarsororen honen amarruak, Arendt-en erranaren harirat (askatasuna, alegia, estatu-lopenaregatik ordaindu beharreko prezioaren harirat).

    Badirudi, nonbait, horren gira-bueltan datzala kontu guztia. Galfarsoro jaunak ordaindu prest dagoelakoan, antza, eta Imanoli, (eta hedapenez ere soil-soil euskal nazio-duntzat geure buru geneukaken bestetzuontzat ere), aldiz prezio hori neholaz ordaintzeko nahikunderik ez izatea leporaturik (hartaz askatasuna ez aldeztea egotzirik)….Ederra gure Galfarsoren tronpaketa; ederki askoan eman dio bada buelta taloari! Izan ere, noski baino noskiago oraindu behar dela prezio bat eta ez zernahikoa “askatasuna” lortze alderat.

    Noski, horraino, horraino bere hitz-hitzezkotasunean ni bat. Baina amarru hemen digu sartzen Galfarsoro animatu honek: Zeinahi naziok nazio-estatu izateko ordaindu beharreko prezioak eta beretarrek (nazionalistak ez direlarik, Estatu-irrikan dauden internazionalistak baizik) ordainarazi nahi liguketen prezioak deus gutti dute komunean.
    Prest asko nengoke ni bada Arendt-ek aipatu prezioa pagatzeko, ez baina, nehondik zuk buruan (argitu gabean) duzun prezioa!

  11. Galfarsoro jauna, zure hitzok gaizki interpretatuak izan ez daitezen, zerengatik ez duzu argiago hitz egiten? Oso polit geratzen zaizu Arendt-en aiapena, areago, berorrek buruan zuen prezio-mota eta zurea zipitzik ere ez dutenean amankomunean…
    Ez naiz luztatuko honekin, baina zinez barregarria gero, ikustea nolatan agertzen zatzaizkigun minberatuarena egiten, nonbait, zure mezua desitxuratua izan delakoan…
    Mesedez, arren, ez tontotzat hartu inor! Hemen kontua zeraxe dugu: zure omisioak ez direla inondik ez Imanolen ez gutariko inoren mamuak. Zure artikuluan interpreta dezakegun gauza zenbait ez dagoela, ados…baina ez egin idazle tergibersatuarena, mesedez! Ez gara atzo goizean jaioak. Zure omisioak, badakizu zer-nola argi/desestali daitezkeen? Bada, aldezten duzun mugimenduare zerizanari erreparatua. Zure omisioak oso ondo kalkulatuak daude, ondo baitakizue estaltzen erroko xedea.
    Prezioez hitz egiten? Behar da gero, kopeta.Portzierto, ederra gero euskaldunoi derrigor pasarazi diguzuen 50 urteko odol-prezioa! Ederra eta nazio eraikitzetik zipitzik ere ez! Orain, nonbait, demokrazian, naziogintzan,…urdanga lekaime-nagusi izan nahian…behar da gero!…konbertituak itxaron ilaran, mesedez!

  12. Beti pentsatu izan dut Imanol Lizarralderen artikuluen komentario gehienak berak eginak direla beste izen batzuenpean. Pertsonalitate anitza.

  13. Ikusten da ez duzula pertsonalitate anitzaren susmoaren gaineko beste komentariorik. Ezker abertzaleko filosofo hauek gezurkerietan txapeldun!

  14. Halako batean zer ikusi eta animatu batek neure burua ukatua. MLNVko hauena ikustekoa da gero, zer eta jendea deuseztatu. Beno, oraingoan zure internetiko eginahal tronpatua…pena errealitatean zin-zinetan 800 bat lagun desagertarazi duzuela! Orain, aldiz, bakezaleetan maisu eta maistru! Hori bai pertsonalitate anitza!

  15. Oso interesgarria bi Imanol hauen arteko eztabaida! Gustatuko litzaidake, Galfarosorok Lizarralderen azkenengoari erantzutea. Oso guay dago Intereconomiakoek egiten duten bezala, aurren areriorik izan gabe norberaren rolloa kontatzea egia errebelatua balitz bezala, beraz asko eskertzen ditut nik holako eztabaidak.

    Dakizuen bezala, bestalde, Marmeladov Dostoievski-ren «krimena eta zigorra» nobelako pertsonaia bat da, nobelan zehar hil egiten den gizagaixo bat. Pertsonaia hilda dagoenez, egokiagoa iruditzen zait orain «Marmeladov-en mamua» moduan erantzutea.

    Esan nahi dut, hemen dazkagun espia fin eta paregabeekin (jum, testu guzti hauek tipo berak idatzi ditu, eta abar), beharrezkoa iruditu zaidala ñabardura hau egitea. Ez beza inork pentsatu benetako Marmeladov naizenik!

  16. Bide batez, Galfarsorori galdetu nahi nioke ea asmorik baduen nire galderetakoren bati erantzuteko.

    «- Zergatik hainbesteko esfortzua jendea berezko izaterik ez duen zerbaitera gerturatzeko?
    – Zein harreman dago, alde batetik, independentismoaren eta “unibertsaltasunaren “simbolo”en, eta, bestetik, benetako independentzia, askatasuna, justizia eta demokraziaren artean? Sinboloekin jokatzea eta simbolizatutakoa lortzea gauza bera al dira? Ez al litzateke zentzudunagoa “sinboloak” alde batera utzi, eta sinbolizatutakoak lortu eta bermatzearen aldeko eguneroko lana egitea?»

    Imanol Lizarralde manipulatzaile bat izango da agian, baina horrek ez du justifikatzen, nire iritziz, Galfarsorok defendatzen duen ezerezaren aldeko borrokak.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *