Azala / Portada » Etika, politika eta borroka armatua

Imanol Lizarralde

Benetan interesgarriak Andoni Olariaga  filosofoak Garan idazten dituen etika eta politikaren arteko harremanaz diharduten artikulu mamitsuak. Aurreko astean idatziakoari helduko diogu («Helburuak bitartekoak justifikatzen ditu?» Gara, 2012-VI-10) ez baita berea idei hausnarketa hutsa, errealitate politiko konkretu bati buruzko gogoeta ere bada. Horrela dio gaiaren kokatze gisa:

“Borroka armatuaren garaipen/porrotaren edo zilegitasunaren gai honen azpian aurresuposatzen diren galderak, etikaren eta politikaren arteko loturarenak, biolentziaren zilegitasunari buruzkoak, bitartekoen eta helburuei dagozkienak, eta abar, beharrezkoak dira gure dogmen azpian dauden suposizioak azaleratu eta galdera zaharrak kuestionatzeko”.

Ez dabil tentuz ala erdipurdika, berak esan bezala gaiaren gordintasunean murgilduta baizik. Estimatzekoa da horrelako jarrera, eztabaida honi ateak irekitzea komenigarria baita. ETAk ez du 30 urtez jardun borroka armatuan funtsezko arrazoirik gabe. Olariaga ez da batere kamutsa arazoa planteatzeko orduan:

“Biolentzia zilegi ote da? Bi aukera ditugu: 1) printzipio moraletatik ebatziko dugu galdera; edo, 2) arrakasta eta efikaziaren terrenotik (politikoa). Euskal Herrian lehen erantzuna demokratiko eta etikotzat kontsideratzen da, bigarrena inmorala eta biolentziaren apologia: kultura katoliko batean bizi garen seinale. Lehenak irizpide absolutu bat jartzen du ekinbide politiko bat zilegi den edo ez erabakitzeko: legea, giza eskubideak, demokrazia..”

“Kultura katolikoa”ren baitan kokatzen ditu Olariagak “demokrazia” eta “etika”. Baina mendebaldea deitzen zaionari buruz hitzegiten ari denez gero eta “legea, giza eskubideak, demokrazia” kultura horrekin identifikatzen dituenez gero, akaso aproposagoa da “kultura kristau” batean bizi garela esatea, orokorrean ikuspegi kristauak eraiki baitu giza eskubideen inguruko gizakiaren kontzepzioa. Bigarren aukera, gogorkeriaren arrakasta politikoaren ingurukoa, garatuko du ondoren:

“Esaterako, edozein biolentziaren zilegitasuna herriaren nahian oinarritzen da: herriak nahi badu, zilegi da; eta alderantziz. Baina zenbat gerra egin dira gutxiengo baten interesengatik? Nola adierazten du “libreki” gehiengoak zer nahi duen? Nola adierazten da biolentziaren inguruan herriak nahi duena? Iraultza guztiak gutxiengo batenak izan baitira, gutxi batzuek pentsatu eta abiaraziak. Aldiz, bigarren erantzunak, edozein ekinbide politikoren arrakasta edo porrot politikoa hark lortu nahi zuen helburuaren emaitzari erreparatuz neurtzen du. Eta helburuak lortu ezean, hura lortzeko baldintzak lortu ote diren ere begiratzen du. Bi irizpideak bata bestearen kontrakoak dira, hortaz”.

Paragrafo honetan zenbait pisuzko adierazpen ikusten ditugu; 1) “Biolentziaren zilegitasuna herriaren nahian oinarritzen da”; 2) munduan gerrak gertatu dira “gutxiengo baten interesagatik”; 3) Nola jakin gehiengoak-herriak benetan zer nahi duen eta zer iritzi duen biolentziari buruz?; 4) Iraultza guztiak gutxi batzuk pentsatu eta abiarazi dituzte; 5) ekinbide politiko baten garaipena bi gauzetan oinarritu daiteke: bere helburuak lortu dituelako; ala helburu horiek lortzeko baldintzak jarri dituelako. Lau lehen adierazpenen esanahi elkartua hau litzateke: biolentzia politikan beti aplikatu ohi da herriaren izenean herria askatzeko, herria ez baita bere buruaren jabe, sistemaren bitartekoek morroitua eta alienatua baitago; beraz gutxiengo batek bultzatu beharko du gogorkeriaren bidea, jakinda botereak ere gerrak bultzatzen dituela gutxiengo baten interesagatik. Botereak-sistemak hala egiten du, iraultzaileek gauza bera egiten dute, gogorkeriaren erabilerak suposatzen duen ekibalentzia morala azpimarratuz. Boskarren adierazpena gure egoera konkretuari zuzenago dagokio.

Iraultzaren ikuspegi klasikoa da hau: herria gehienetan botere nagusiengatik alienatua dago eta horren ondorioz beharrezkoa da gutxiengo baten argia herria behar den bidetik eramateko. Dostoyeskyren Inkisidore Handiak horrela pentsatzen zuen: munduan munduz gaineko gain baliorik ez dagoenez, eta gizakia engainurako bizi denez, gutxiengo ilustratu batek eraman behar du giza artaldea arrazoi mundutarraren bidetik… Ezker eta eskubiko tiranoek hala pentsatu dute: Alienazioa, gutxiengoak bultzatutako iraultza, herriaren ordezkapena… Pentsaera maila hauek ohiko ideologia marxistaren gakoak dira artikuluak berretsi egiten ditu ETAren gogorkeriaren kasurako:

“Hortaz, helburuek bitartekoak zuritzen ez dituztela, bakarrik moral bat aurresuposatuz esan daiteke. Morala politikaren aurretik jartzen denean (eta ez edozein moral, katolikoa baizik!), noski, gizakiaren kontzeptu bat ere suposatu egiten da, katolikoa bera. Beraz, afera honetan gertatzen dena da, edozein ekinbide politikoren zilegitasuna aldez aurretik batzuek erabaki duten gizakiaren kontzepzio eta moral batekin erabakitzen dela. Baina non dago gizakiaren kontzepzio hori? Non dago balio absolutu hori?”.

Moralaren mozorropeko politika gisa ikusten ditu mendebaldeko balio komunak. Baina etikak, mendebaldeko kultura ekoizpena izanda, bere baitako logika du: etikak politika juzkatu behar du, etika politika ez delako, balio unibertsal batzuen aurresuposapena baizik. Non dago gizakiaren balio absolutua? Gizakiaren ibilera hutsegitez betea egoteagatik, beharrezkoa da bere balio absolutuaren araua. Zergatik? Balio hori ukatzen dutenek, joan den mendeko totalitarismoak kasu, gizakia baliogabetzean, gizakia masiboki suntsitzeko aitzakia bihurtu zutelako. ETAren kasuan, zergatik egiten zion erakunde armatuak muzin etikari, zergatik jarri  ideologia partikular baten pare? Giza heriotzak ekoizteko bere bidean traba gertatzen zelako. Beraz, gizaki konkretua garbitu aurretik, traba hori garbitu behar zen. Horregatik esaten zuen Miren Alcedo Moneo soziologoak elkarrizketatutako ETAkide izandako batek: “Sartrek zioen gogoratzen ez naizen obra batean, burges txiki batek erahil baino lehenago hil nahiago duela”. Kristau-humanista usaineko etika burutik kendu behar izan zuten ETAkideek hiltzen hasi baino lehenago eta horregatik esaten zuen Troskyk, Errusiar Iraultza garaian, gainetik kendu behar genuela  “gizakiaren bizitzaren saindutasunari buruzko fartsa kuakero-papista”. Olariaga sentimendu moralen eremuan sartzen da ondoren:

“Batzuek bitartekoen zilegitasunaren muga biolentzia espresio baten aurrean barruan guztiok sentitzen omen dugun kommozioan jartzen dute. Baina sentimendu bat bada, ezin da morala izan. Are gehiago, ekintza baten aurrean denok berdina sentitzen ez dugunez (esaterako, Asturiaseko meatzarien eta guardia zibilen arteko enfrentamenduetan denok ez dugu berdin sentitzen zauritua guardia zibila izan edo meatzaria izan), ez digu baliozko irizpide bezala balio edozein biolentzia bidezko ekinbidea den edo ez deliberatzeko. Batzuen soluzioa honen aurrean hau izaten da: denok berdin sentitu behar dugu! Eta hala sentitzen ez badugu, ez daukagula gizatasunik, oraindik ibilbide demokratikoa egiteke daukagula, eta abar, esango digute. Gizatasuna moral katoliko-apostolikoaren onarpenak bakarrik emango balu bezala!”.

Gizakia konkretua da beti eta beti dago baldintzatua duen joera ala kokapenarengatik. Politikak gizaki konkretuaren interesak ditu abiapuntu eta horren moldera eginak dira alderdiak eta elkarteak. Baina gure sentimendu eta identifikazioen gainetik kapazak gara ikusteko bestelako gizakia gizaki dela, gizalegearen arrazoiez antzeman dezakegula gizaki batek beste baten adina balio duela, halakoa ala bestelakoa izan. Olariagaren molde politikoak, ordea, gizakien desberdintasun ontologikoa aldarrikatzen du, eta zatiketa politikoaren arabera juzkatzen ditu, Mao zaharraren “iraultzailearen heriotzak mendi baten pisua du, baina atzerakoiaren heriotzak luma bat baino gutxiago pisatzen du”. Kasu honetan, sentimenduak ideologiak sortutakoak dira, arazoa ez baita ama ala semearen heriotza gehiago sentitzen dugula ezezagunen baten heriotza baino, arazoa da bi ezezagunen artean bata bestearen gainetik jartzen dugula, ideologiak marra bat ezartzen duelako bien artean. Noski, ikuspegi hori ez da, ezin liteke, etikoa izan, etika unibertsala baita eta balio berdina ematen baitie gizaki guztiei. Sentimenduak desberdinak izan daitezke bata ala bestearekiko, baina epaiketa etikoak dio batak ala besteak balio berdina dutela. Gizatasuna gizalegearen ondorioa da, gizakia gizaki den heinean juzkatzea, ez polizia ala ETAkidea den heinean, azken hau egitea epaiketa politiko ez-etikoa egitea litzatekeelako.

Filosofoak galdera existentzial garrantzitsua egiten du gaiaren harira: “Izan ere, giza bizitza edo duintasuna non dira absolutuak? Paperean izango da segur aski, errealitatean ez baitira inon ikusten!”. Eta iraultza non da absolutua? Helburu horrek milioika gizaki bultzatu ditu bizia ematera eta beste gizakiak hiltzera. Horretan dago idealen koxka: modu absolutuaz ezin daitezke gorpuztu, baina modu absolutuan desiratzen dira. Giza bizitza eta duintasuna gure eguneroko bizitzaren alderdia dira, ez baikara ari etengabe giza bizitza eta duintasuna suntsitzen, alderantziz baizik, bestela gizon-emakumeak ez bailirateke maiteminduko, ez genituzke gure umetxoak maiteko, kaletik ibiltzean elkarri erasoka ibiliko ginateke, indartsuak etengabe ariko lirateke ahula menperatzen, aita-ama baino indartsuagoak diren seme-alabek aita-amak garbituko lituzkete. Baina Olariagaren adierazpenak badu egi erdi bat, eta hori da bizi dugun mundua, gizartea eta pertsonen arteko harremana ez dagoela beti giza duintasunaren parean. Hori hala izateagatik, errealitate erdi horrekin identifikatu behar al gara? Giza inperfekzio ala hutsekin bategin behar al dugu? Ez al da ikuspegi hau aitzakia nahi dugun tenorean giza eskubideen urraketa zuritzeko?

Azkenik, filosofoak dio bai helburuak eta bai bitartekoak erlatiboak direla. Dialektikaren joko hutsa da hau, zenbateraino erlatiboak diren jakiteko egoera konkretuari begiratu behar diogulako. Gure egoeran zertan dira erlatiboak ENAMen helburuak eta bere bitartekoak? Borroka armatuak helburuak lortzeko baldintzak jarri al ditu, 30 urtez jardun eta gero? Eta helburua –klase independentzia, “lege, giza eskubide eta demokrazia” molde honetatik deskonektaturik legokeen independentzia hori? Helburu “erlatiboa” al da? Eremu honetan ez du erantzunik ematen, bere erantzuna argi gelditu arren. Horrela bukatzen du:

“Printzipio etiko edo balio absolutuak ezin dira izan giza eskubide guztien aitortza edo justizia eraikitzeko printzipio moral eztabaidaezinak: aitzitik, haiekin batera lortu behar diren helburu (edo bitarteko, kasuan kasu) politikoak baizik”.

Olariagak ez du argitzen zertan datzan “giza eskubide guztien aitortza eta justizia”,  ez du “moral katolikoa” ukatzen, etika-humanista osoa baizik. Gizaki kolektiboan, subjektu kolektiboan du bere fedea. Eta honen politikak bere araberako etika bat behar du, etikaren subjektu bera, gizabanakoa, ukatzen duen etika, anti-etika bat, beraz. Euskal usadioko filosofian, gizabanakoa askea zen, baina etxerako ere zen: gizaki partikularraren askatasunak helburu kolektibo baten aukera suposatzen zuen. Askatasuna hori baita: gure mugak aukeratzea, beste gizakiekin bategiteko aukera pertsonala eta partikularra izateko gaitasuna edukitzea. Argi dago askatasun hau ukatua zaiola ENAMeko partaideari, mugimendua utziko balu “traidorea” eta hortaz hilgarria izango litzatekeelako. Hemen ez dago gizalegerik ez etikarik, alde bakarreko politika baizik, politika absolutua, momentuan momentuko helburu erlatiboekin mozorrotzen dena.

Partekatu sare sozalietan / Comparte en redes sociales

Gai honetako beste sarrerak / Otras entradas relacionadas

11 comentarios en «Etika, politika eta borroka armatua»

  1. Azkenaldi honetan interes asko ikusten dut ENAMeko medioetan «etika» eta «politika»ri buruzko eztabaidan. Eztabaida honek «gauzatu den mina aitortzeko» operazioarekin du zerikusia.

    Batetik, horrelako «aitortzarekin» ez da orain arte egindako bidea gaitzesten, bere egungo praktikotasuna ikusirik beste garai batzuetarako uztea baizik.

    Baina taktika hau jende normalak honetaz ulertzen ez duenez, «aitortza» hori benetako barkamen eske edo damuarekin konfundituz, egun ENAMeko presoek duten egoera hobetu nahi dute, ahal bada amnistiaruntz, beti ere damurik gabe, bere etika iraultzaileari jarraiki.

    Horregatik gaitzesten dute Nanclareseko bidearen antzeko aukera oro, barkamen eskea eta justiziarekiko kolaborazioa ekarri dezaketelako.

  2. Sumatu dut Andoni Olariagaren lan hontan gauza bat, Ahopean esaten duenarekin lotuta, eta pena da artikullugilleak ez duela luzeago tratatu, ea ETAren borroka armatuak beharrezko kondizioak lortu dituen ezker iraultzailearentzat.

    Ez dut inongo dudarik egiten, ezker iraultzailekoek baiezkoa pentsatzen dutela, ETAk egindako hilaldia dela bere oraingo une positiboaren kausa. Niretzat gauza grabeagoa da etorkizunari begira ezker iraultzaileko intelektual hauek egiten ari diren kontzientziazio ereinketa. Ez delako txorikaka inolaz ere esatea, beno, gizartea aldatu behar dugu, bertako egitura politikoak, politika eramateko modua, jendearen arteko harremanak, baloreak, eta abar, eta abar, eta abar.

    Gogorkeria etenalditxo kuluxkazalea egiten ari dela dirudi horrela, garai hobeen itxaropenean. Bitartean makiñari sua bota behar zaio.

  3. Andoni Olariagaren artikulua «Zer da nazioa» Lapiko Kritikoaren blogan zita hau ageri da:

    «nazioa ez da izate bat, egite bat baizik. Ez dago aldez aurretik determinatua. Politika egitea, etxea eraikitzea bezala, gogoa eta jarduna da. Eraikitzen ez den artean ez dago ezer, zentzu politikoan behintzat. Euskal nazioa ez da eginda dagoen zerbait, egiteko dago» (J. Sarrionandia. «Moroak gara behelaino artean». Pamiela, 511.orria).

    Niri alderantziz gertatzen zait, goizero jeikitzean Euskadin nagoela iruditzen zait.

    Eskola hontakoentzat dena dago egiteke: generoa (ez zara emakume ala gizona sortzen, emakume eta gizona egiten zaitu potereak), etika (baloreak eraiki behar dira), nazioa (nazioa ez dago egina, karajo! Gu oraindik ez gara jaio!).

    Hori da etorkizun etengabearen espejismoa. Horregatik Bildu poterean dagoelarik, oraindik ez du programarik, expertoak bildu beharko ditu txoko-zulo batean erabakitzeko zein izan behar den etorkizuna, eta etorkizun polit horren kontra dagoena, ba errealitate magiko ezin atzeman hori saboteatzen ari da eta horri kaña!

    Besteek egiten dutena bai hori oso kontuan hartu behar da, Bildukoak eta ezker iraultzailekoak bere ametsengatik ikusi behar ditugu, ez egiten dutenarengatik, gaizki egiten baldin badute autokritika piska bat eta kitto! Etorkizuna moldatzera berriz ere nahiz eta mundua komune zulotik behera joan!

  4. Izugarria da Olariagaren artikulu hau, irakurri nuenean benetan sekulako mala letxea sartu zitzaidan. Eskertzen da horrelako kritika zorrotz bat, baita Olariagari ere, behintzat disimulu gabe onartzen dituelako ezker abertzaleko askoren buruan dauden astakeriak.

    Batez ere, azpimarratu nahiko nukeena da egiten duen «etika, giza eskubideak» eta moral katolikoaren arteko erlazio interesatu eta ustela. Giza eskubideak, ez dira moral edo erlijio jakin batenak, gizakiarenak eta gizaki ororentzat dira. Hori esatera ausartzea ere! beste gauza bat da giza eskubide hauen sorreran balore kristauek jokatu duten papela, garrantzitsua dela. Baina hori beste kontu bat da.

    Ez dakit Olariaga konturatzen den bere pentsakerak aplikatzeak ekarriko lituzkeen ondorioak. Hau da, gizartea «humanista» izateari utziko bagenio…zer dator gero? Has gaitezen ezker abertzaleko errebindikazioekin: Nola argudiatu kartzela politika malguago bat? Nola eskatu torturak desagertzea? Nola eskatu erabakitzeko eskubidea? Zein argudioren gain eraiki daitezke eskaera hauek, baldin eta ez badira giza eskubideetan?

  5. Interesgarria oso Zanpatzar, borroka armatuak ezker iraultzailearentzat. beharrezko baldintzak lortu dituen ala ez. Zerbait aurreratu dute masa-borrokan, Sortu alderdia legeztatu berri dute eta, EA eta Aralar irentsi eta baita Ezker Batua dinamitatu ere. Ez da hasiera txarra.

  6. No se si este comentario mío trata sobre ética política, bueno yo creo que sí. Y quiero hablaros del Ayto de Agurain-Salvatierra. No se si sabeis que el municipio ha sido intervenido por la Dipiutación de Araba, pues no paga a sus proveedores. Agurain, paradigma de la buena gestión jeltzale hasta las últimas elecciones con una población inferior a los 5.000 su ex Alcalde-Iñaki Beraza- (H1!, el resto de concejales casii todos del PNV) costaba al municipio “sólo” 62.000€ brutos anuales.

    Eso sí, la nueva corporación de Bildu, todavía anda buscando un crédito de 3.800.000 euros para poder pagar deudas atrasadas y empezar a arreglar los baches de las calles. El ex Alcalde en cuestión se ha ido de rositas y con su proverbial verborrea va diciendo que son invenciones de Bildu, a cuya alcaldesa, por cierto, cuando se rebajó sustancialmente su sueldo le dijo en una Comisión que “no fuera tonta, que para lo que se lo iban a agradecer”

    Y no es el único caso, porque el alcalde de Barkaldo, del PSE-EE gana mas que la vicepresidenta del Gobierno e Iñaki Azkuna idem de idem. ¿Es esto ética política?

  7. Oye, Pastizal, no has leído el artículo, ¿a qué no? Vete a hablarle de ética a Ignacio de Juana y a Jone Goirizelaia, que dejan a los presos poder optar por beneficios penitenciarios, sinvergüenzas!

  8. Ez dakit Olariaga jauna zer-nolako asmo edo pretentsioekin dabilen, baina, nago ez ote den ari berritzaile agertu nahian bere itxurazko filosofía-gaitasunetik. Gazte dugu Olariaga, baina zaharrak antzo adoktrinatua, eta Azurmendiren kume zaunkalari zahar betidaniko horiek modu berean trebaturik. Gazte baina zahar, forma aldetik ahalegin ahalegintsu bakan batzuk kendurik…
    Esan bezala, zaharrak berri Olariagaren ahotan. Totalitarismo mota guztietan, mundu-zabaleko edozienetango diskurtsoan antzeratsuko tranpak antzemango ditugu, bai eta MLNVri dagokionez ere, oraingoan Olariagaren ahotik; Anna Harendt-ek ezin hobeki zehaztu zuen delako tranpa ideologikoa: diskurtso totalitarioak sen oso onekoa izan daiteke, logika erabatekoa bere garapenean baina, aurrez, egiten du tranpa, abiaburu hartzen duen errealitateaen analisia berau da (logika handiko argudiaketak baitira baina jaio direneko errealitateri bizkar eman diote argudiaketaren hasieratik beretik). Haustura da beharrezko, segi-segituantxe ahaztu behar den haustura eta ia ezkutuan pasa behar dena; hartakoz, totalitarismo aldezpenetik kanpokoek, konturatzerako, ez dira jada konturatzen edo akordatzen diskurtso hauen errealitate-oin ezaz, eta ordurako bagaude tranpatuki beraien eremu dialektikora eramanak. Hauek esanik, darraigun eta ikustagun zeinen argi eta klar azaltzen zaizkigun Olariagaren iruzur intelektualak.
    1) Lehenengo eta bat, bere analisia errealitate artifizialki eraiki batetik dago aldeztua, dualismo errealitate faltsu batetik: berak dio: “Biolentzia zilegi ote da? Bi aukera ditugu: 1) printzipio moraletatik ebatziko dugu galdera; edo, 2) arrakasta eta efikaziaren terrenotik (politikoa)”…hau da, bere esan tranpatietan, estrategia bat balioeste-aldera zera hartu dezakegu oin, edo moral bat ekina balioetsiko lukeena edota lorturiko helburuen arabera balioztatuko lukeen bat…hemen ezan bezala artfiziozko eraikuntza bat berak postulatzen diguna, ezen:
    a) Berak gaitzesten dituen gizarte mendabaldarra tamlez ez da lehenengo irizpidearekin, hau bere soilean, mugitzen. Kristaua edo ez kristaua (hau geroko utziko dut), morala bera ez da aparteko irizpide bakandu soil gisa ikusi behar, baizik eta gizarteak berenez beure buruari agintzen dizkion beste helbuetako bat; agian berau ez diskurtsoz bezain ongi kontuan izanik, agian berau beste xede ekonomikak tarteko, ez behar bezalako lehentasunez kontuan izanik baina betiere, morala berau xede bat dutelarik edota moralak berak beste xedeak laguntzen ditu xede lagun gisa…
    b) Hau esanik, segi-segituantxe, hau esan behar da: politika guztiak are estrategia ideologiko guztiak ere, beren helburuaren lorpen-mailaren arabera dira balioetsiak.
    c) Hau esanik, berehalakoan besteau esan behar da; idelogia totalitarioak oso konponente moral dute (nahi aina aldrebestu, esan bezala, nahi aina errealitate-jauzi behartu batetik erneturik…). Helburuak, MLNVrenak kasu (independentzia, sozialismoa, edota instituzio-mezprezuaren bultzapena…), oso bigarren plano batean geratzen direlarik; MLNVk, lehenik eta behin, eta aipatu helburuetatik deus gutxi lortu duelarik, zerbaitek ezaugarriturik izan bada, giroratu duen morala anti-humanista delakoa izan da.
    2) Beste ideia batera paso eginez, Olariagaren beste ideia tranpati honokoau dugu: nolabait, ekinbide politikoaren on/gaizkiaren kristau girotik letorkeen ikuspegi moralizante batetik letorkigu:
    a. Ederki asko kendu du gainetik mendebaldeko 2.500 urteko historia luzetxoa: ez al du berau, aren anti-kristautasunaren itxurapean ere, horren lekukoduna. Ezen are bere ideologia kiratsua ere, bere ernegatze forman ere, kristau tradizioa (berau forma fosildu gisa harturik) erauzi nahi duen mendebadar tradiziopeko dugu eta hortaz are kristautasuna goitik behera gaitzesteko bada ere, tradizio beretik datozkion profetismo eta salbamen konbikzio oinoderkotu bereetatik dago eraikia (bere kriterio moralak ideologiazkoak badira ere…
    b. Honen haritik, zera esan behar da; MLNVk helburuak lortu, lortu-ez edota erdilortu baina zer edo zer egin badu da etengabe eta atergabe moral oso konkretu batekin girotu beren herriak: berau nahi adina anti-humanista delarik, 60ko hamarkandako marxismoaren aldaera den aldetik.
    c. Hasieran aipaturiko artifiziozko errealite eraiki behartu horren adibide dugu argiro hemen: zer dio kristautasunarekiko erdeinuzko mezprezu hori tarteko (finean eta buruan mendebaldar kultur osoarekikoa dena)? Non konkatzen da berau? Bi dira aukerak? Fikziozko filme bateko ez-lekuan, edota, antzera diharduena, ezein ideologia totalitariok etena/hausturatik eraiki behar duen artifiziozko errealitate batean; Harendt-ek ederki askoan deskribaturikoa, totalitarismoak ez du loturarik aurrekoarekin, ez aurrekariarik, ez esplikazioa eman diezaioekeen aurre-estadiorik, etena du sorburu, eta historiaren tradizio-ildoarekiko zeharoko jauzi du ezaugarri.
    3) Azkenik eta buka-beharrez, zera esan: tranpa-tranpatia dela helburu/bitartekari planteaturiko dualismoa; berau ez da berez eta hala ematen; berau ematen da behin, gu, atzera edo aurrera begiratuki, denboratasun haria zatikatzen dugularik, behin gu arrazionalki ekinbidearen gaineko zatiketa interesatu bat egiten dugularik, baina, berenez, bideak berak, bitartekoak berak du bere baitan eta bere agerikotasun osogabean helburutasuna. Bitartekariak, bideak, baliabideak, helburuak ere badira, eta helburuez dihardute betiere…bestela, nork uka MLNVk, bere ekinmoldea tarteko, beren helburuak giroratu dizkigunik…zer esan dezakete, egin dutenak baino balio handiagorik izan dezakeenik?

  9. Lan honen egileari interesatuko zaio Jexus Mari Intxauspe Arregik Lapiko Kritikoan idatzi zuen komentarioa, «ENAMen balioak» testuari buruz:

    Etika eta politika: Arraultza ala oiloa? Olariagaren eta Lizarralderen artikuluak irakurrita, puntu hauek iruditu zaizkit nabarmentzekoak:

    1)Etika utilitarista da?

    Olariagak bere artikuluan “ideologia humanista” salatzen du. Ulertu diodanez, ideologia horrek predikatzen duenaren aurkakoa ahalbideratzen du eta horrela politika jakin bat babesten du. Lizarraldek politikari azpiratutako etikaren erabilera horixe bera saiatu nahi izatea leporatzen dio Olariagari. Etika eta politika bananduta daude? Zein dago lehenago?

    Eztabaida teorikoa, lehenik, gizakia/gizartea harremanean datzala dirudi. Niri ez zait iruditzen horrek luzerako ematen duenik. Lizarralde gizabanakoa goretsi eta bere “eskubide naturalak” justifikatu nahiko ditu. Baina horiek edota Jainkoak ezartzen ditu (error) edota gizartek eraikitzen ditu, nahiz eta diskurtso apain batek lagunduta izan: eskubide naturalak, giza duintasuna etc. Hori ulertu ondoren nahi dituen taxonomiak egin ditzake Lizarraldek demokrazia eta giza harremanen inguruan. Etika eta politika, badirudi, garai klasikoan bezala, nahikoa lotuta daudela.

    Interesanteagoa dirudi hegemoniari buruzko eztabaidak. Bere ezartze prozesuari eta, batez ere, ezartzen den horri kasu egitea eskatzen baitu. Hau da, etika “balioekin” bete behar duenez (kontzeptu hutsak betetzea), nolabait balio horiek juzgatu beharko dira.

    2) Etika “onak” eta “txarrak” daude?

    Nolabait esatearren, Olariagak ideologia humanistaren balio gorenak hipokresia eta zinismoa direla ematen du aditzera (oso humanoak horiek, portzierto). Horren ordez balio ezberdin batzuk sortu beharra aldarrikatzen du. Balio horiek dira, hain zuzen, Lizarraldek txartzat jotzen dituenak. Kuriosoa da Olariagak balio berri horiek aipatu bai baina zehazten ez dituelarik, nola Lizarraldek berak identifikatzen dituen (ENAMekiko eta marxismoarekiko obsesiotik, ohi duenez).

    3) Hegemonia etikan eta politikan?

    Gramscirengana bueltatuz,ezjakintasunetik galdetzen dut, hegemoniak zenbat “behartzen” du? aukera politiko bat nagusi bihurtzeraino? etika jakin bat on bihurtzeraino?…Ez ote da hegemonia eredu politiko bat nagusitu ondoren eraikitzen? Edo batera doaz, etika eta politika bezala, eta duen baino garrantzi handiagoa ematen zaio?

  10. Eskerrik asko Informaitor komentario hori honera ekartzeagatik.

    Eskerrik asko beste guztiek egindako komentarioengatik.

    Intxausperen komentarioaren harira bi gauza:

    1) Gizakiek, noski, gizarteek eta giza egitura sozialek, ematen diote balioa gizabanakoari. Nik ez dut bestela esaten. Esaten dudana da Olariagarentzat gizabanakoaren balioa bere kokapen soziopolitikoan oinarritzen dela, hau da, gizabanakoaren balioa kokatua dagoen subjektu kolektiboaren araberakoa dela. Batzuen bizitza asko balio du eta beste batzuena ezer. Hori ez da ikuspegi etikoa. Baina gizakiak horrela juzkatzen baditugu (totalitarismoaren historia ikustea besterik ez dago) giza bizitzak, orohar, balioa galtzen du. Giza-eskubideak gizaki guztiei zor zaizkiela da nire iritzia (ez dena batere originala, ohiko mendebaldeko etikarena dena). Olariaga ez dator bat horrekin eta ikusten denez Intxauspe jauna ere ez.

    2) Olariagaren balioak ENAMekin eta marxismoarekin identifikatzea koherentea da Olariagaren ikuspegiarekin. Zergatik esaten du Intxauspek kontrakoa? Gainera gero Intxauspe jaunak hausnarketa egiten du hegemonia kontzeptuari buruz, hegemonia balio-kontzeptu marxista delarik eta Olariagaren artikuluaren funtsa gainera.

    3) Etika eta politika batera doaz, dudarik gabe, baina etika politikaren aurretik dator. Gizabanakoak epaiketa etikoa duelako politika orokorrekiko bere buruaren jabe izateko gaitasuna eta aukera politikoa eta soziala aldatzeko askatasun autonomia ere zor zaiolako. Olariaga eta Intxausperen politikak, antza denez, ez dio gizabanakoari askatasun autonomi hori aitortzen, ENAMek bere partaideei aitortzen ez dien bezala.

  11. Ikus zer dioen Olariagaren blogean, bere testuaren azpian, Hayeken zita batek (1944koa da):

    “The principle that the end justifies the means is in individualist ethics regarded as the denial of all morals. In collectivist ethics it becomes necessarily the supreme rule; there is literally nothing which the consistent collectivist must not be prepared to do if it serves ‘the good of the whole,’ because the ‘good of the whole‘ is to him the only criterion of what ought to be done. …Collectivist ethics… knows no other limit than that set by expediency—the suitability of the particular act for the end in view.” [pps.166-167]

    “The absence of absolute formal rules in collectivist ethics does not, of course, mean that there are not some useful habits of the individuals which a collectivist community will encourage and others which it will discourage.” [p.166]

    «Helburuak bitartekoak justifikatzen dituela etika indibidualistan moral ororen ezeztapena bezala kontsideratzen da. Etika kolektibistan arau nagusian bilakatzen da hori; ez dago ezer kolektibista koherentea egiteko prest ez dagoenik, horrek balio badu «guztiaren onerako», «guztiaren ona» berarentzat jarraitu behar den irizpide bakarra da… Etika kolektibista… ez du efikaziak ezarritako muga baino ezagutzen -ekintza modu partikularraren egokipena helburuari begira».

    «Etika kolektibistan dagoen arau formalen ausentzia ez du, noski, esan nahi, indibiduoek jarraitu behar dituzten hainbat ohitura ez daudenik, komunitate kolektiboak bultzatzatuko dituenak, beste ohitura batzuk ezeztatuko dituen bezala”.

    Hayek-ek gutxienez bertute bat du, berarentzat indibiduoak balio bat dute. Eta gainez 1944an hitz egiten du, nazien eta komunisten kolektiboak indartsu zebiltzan denboran. Ba arrazoi osoa du, nere ustez.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *