Azala / Portada » Xabier Lete Euskadi Saria

Imanol Lizarralde

Xabier Lete saritu dute. Edo hobe esateko, Euskadi Sariak Xabier Lete hartu du sari gisa. Gabriel Aresti haundia hil zenez geroztik, oiartzuarrak heldu dio euskal poesiaren ustaia eta kaperari eta inork ez dio maila horretan gehiegiko itzalik egin azken urteetan. Poeta publikoa izan da ia inor izan ez den bezala: plazarik plaza eta herririk herri bere eta besteen bertsoak kantatuaz.

Frankismo berantiarraren katakunbetan, gerraurreko atso-agure eta gerraosteko gizaldi ia autodidakta osatzen zuen euskal kulturaren munduan, bere nortasun partikularra nabarmendu zen. Garai hartako hikamiketan Lete berritzaileekin dagerkigu. Baina frankismoa bukatuta, politikak beste joera bat hartu zuenean, Letek, konpromezu politikoa ez ukatu arren, Ez Dok Hamairu taldeko besteekin (Benito Lertxundi eta Mikel Laboa ditut gogoan) euskal tradizioaren sakoneran murgildu zen. Benitok Zuberoako kantekin, Laboak bere saioekin eta Letek Txirritaren bertsoak eta beste hainbat abesti herrikoiekin, jatorriaren bideari jarraitu zioten, momentuko arazo publizitarioei kasorik egin gabe. Egoera politikoa gorabehera, egoera berrian, artista hauek ikusi zuten euskal nortasun hauskorra beratzeman beharra zegoela.

Xabier Letek garai batean belaunaldi etena irudikatu arren, azkenean eta hasera beran ere jarraikortasuna azpimarratu nahi izan zuen, euskal tradizioaren beste bide alternatiboekin batera. Txirritaren bertsoekin, Antton Valverderekin batera, egindako diska, abertzale eta jeltzale orok erosi eta taigabe entzun beharreko monumentu bat da, euskal estiloa, zahar eta modernoa, elkar-josirik modu zoragarrian. Eta bere mezu ideologikoak ez du batere gaurkotasunik galdu. Bertan Txirritak mila urtetan iraundu zuten foruak aldarrikatzen baititu eta ere euskal herri xehearen umore eta bizitzeko grazia.

Leteren helburua kanon modernoa eta zaharra era naturalean lotzea izan da. Hein horretan, bere kantek ez dute parerik, bera poeta baita ere, eta poeta publikoa abeslaria izateagatik.

Xabier Letek hirurogeigarrengo hamarkadak pilatu zituen krisialdiak ikusi eta bizitu izan zituen larrutik eta bertan aktore izan zen kantariaz gainera. Horregatik bere kanta eta poesiaren gai nagusia krisi honek sortutako bakardade existentziala da. Eta bakardade hori pertsonala da, eta euskaldun bati dagokiona ere, Xabier Letek bizi izan baizuen azken etorkinen uholdea eta euskal usadiozko munduaren bigarren mailatzea. Garai horretan, euskaldun askok inditar bakanduaren larruaren barruan sentitzen zen. Egoera partikular honi Letek Jainkoarekiko krisialdia, eta gizakiaren bakardade mamizkoa, lotzen ditu. Berea ez da gizaki berriaren mitologi nietzchear eta iraultzailea, galtzailearen mitologia baizik, euskal izate bakartua eta gizakiaren bakartasun kosmikoa txanpon bereko aurki eta infertzua bilakaturik.

Makurka ta poliki
Arrastaka bidean
Bizkar hezurra oker
Zerbitzuko lanean
Bururik altxa gabe
Munduan zehar doa
Giza aberea
Munduan zehar doa
Giza aberea.

Jainkoaren heriotzak ez dakarkio Leteri beste hainbatzuei sortu dien ideologiekiko sublimazioa eta beste jainko homologableagoen gurtzea. Aldiz, Leterentzat Jainkoaren akabera tragedia da. Eta bertso hauetan ondorioztatzen den gizakia ez da tatxarik gabeko militante oropoteretsua, baizik eta “giza aberea”, behar merkeetara makurtutako kriatura. Jainkoaren heriotzak berarekin eraman baidu mundu hontako grazia eta magia. Hala sentitzen du Letek eta bere kantarik zoragarrienek halaxe adierazten dute.

“Izarren hautsa” abestia, izan ere, hustasun horretatik sortu daitekeen irudi baikorraren eraikitze lana da. Giza iraunkortasun eta jarraikortasunari kanta da, mailaz maila eta gizaldiz gizaldi ingurua eta biziarekin gizakiak duen lehia eta ondorengoak hazitzeko indarra aipatzen baiditu. Eta “enbor beretik” sortzen direnak ez dira ETAko militante berriak, (beste kanta batean baitio “Fidel Castro izateko ez bainintzen jaio”), baizik eta lanean eta jakintza bilatzean ari diren gizaki soilak. Letek ez du egingo Bernardo Atxagaren Scardenalliren moduan sua eta urarekin, lurra eta haizearekin zeuzkan harremanak puskatuko, aldiz, “indarrak ongi errotuz, gure sustraiak lurrari lotuz, bertatikan irautea” izango da bere asmo apala, utopia haundimaundietan bizia jarri beharrik gabe. Gizaki letetiarrarentzako, “lege berriak” nohizpait erditzen baitira eta “bide ilunak” nekez aurkitu ere, baina hauek ez dira helmuga. Helmuga da giza katea eta horrekin batera euskal gizakiaren katea luzatzea.

Letek euskal usadioaren lurrarekin lotu ditu bere bertsoak era berean gai modernoak ikututa. Hortik datorkio bere ahozkotasun oparo eta bortitza. Ez Dok Hamairuko partaideei esker, baina batez ere berari esker, (berarengan poeta eta kantaria batu direlako), euskal poesia edozein kantariaren aitzaki-gai bilakatu da eta bide hori ireki zitzaion bai euskal poesiari eta bai kantagintzari. Leteren kasuan, izate intimoaren kezkak zabaldu al izan ditu eta horrengatik, testigu paregabea gertatu delako, tradizioa maitatu eta ikasi duelako, euskal nortasun zaharrak ez du indarrik galdu, agertu baita gu guztiontzako bere ahotsaren ozentasun puskatuan.

Aipatzekoa da, gainera, bere azken liburutan, “Zentzu antzaldatuen poemategia” liburua egin zuenetik, bere kezka existentziala azkenean galdutako fedearen arrimura ailegatu dela. Naturarekin batzen zuen jarraikotasunak aurkitu du horrela biziaren muga eta Lete beraren apustua, gizakiaren hilkortasunaren tragediatik esperanza zeinu bat altxatzea izan da. Badu logikarik: hainbatez Jainkoaren ezaz sinistutakoa Jainkoaren baiaz konturatu egin dela, hain zuzen sofrikario eta heriotzaren momenturik gertuenetan erditutako jakinduriaz.

Eta Jainkoa jatorriaren irudia denez eta gizakiarentzako jatorria aita eta ama baitira eta “kate horretan denok batera gogorki loturik” baikaude, Letek, bere azken liburuan lotu ditu ere Jainko nahia eta arbasoekiko ondra eta aitorpena. “Egunsentiaren esku izoztuak” du izena Euskadi Saria irabazitako liburuak, Pamiela argitaletxeak urte hontan argitaratutakoa. Bukatzeko hemen utziko dut jeltzale eta abertzale orok buruz ikasi beharko luketen poema zoragarri eta benetazkoa:

Ezagutu ditut gerla galduetatik
Solas hain gutxirekin itzulitakoak,
Jokatua zuen bakoitzak bere zortea
Ongi ulertzen ez zituzten lehiaguneetan,
Isilik zeuden beren lan eta etxeetan
Ibiliak zirelako intxortetan eta artxandetan
Mamu erraldoien aurka keinuka
Auzi hartan itxaropenak galduz eta azkenik bizia
Bazekitelarik hasieratik galtzaile izendatu zituela
Jainko urrunekoen halabehar itsuak,
Jakintsuak ziren ez asko ikasiagatik
Garaileen anpukerien ezereza antzemana zutelako baizik
Nehor ez baita garaile galtzailearen onarpenik gabe,
Haiek, irriño batekin iragana epaitzen
Zutenek
Eta oroituz isilekin lagun galduen atsedena gomendatzen
Haiek zuten gizadia erredimitu ankerren erokeriatik
Irtenak zirelako froga hain gogorretatik
Bihotz garbiago batekin, pena errukitsuz  birgizatuak
Ozenkeria, mezu eta argudio handiegirik gabe…
Haien ohore apalean kontsolatzen naiz
Galtzaile ni ere beste gerla batean, ataka berdintsuetan.

Partekatu sare sozalietan / Comparte en redes sociales

Gai honetako beste sarrerak / Otras entradas relacionadas

4 comentarios en «Xabier Lete Euskadi Saria»

  1. Asko gustatu zait Imanol eman diozun ikuspegi poetiko hau. Euskal poesian ezer gutxi dakidala aitortzen dut baina interesa sortu berri didazu. Ondo izan.

  2. Merezi zuen aipamen bat oiartzuar artistak,kantari eta poetak blog honetan.Benetan zorionak Imanol eskaini diguzun lanagaitik,Xabier Lete oiartzuarra askok dugu estimatzen,bere lan sakonengaitik,bere euskalzaletasunagaitik eta bere artista senagaitik.

  3. Imanol, euskaraz idazten duzunean txukunago, dotoreago eta egokiago idazten duzu, ñabardurei eta maitasunari leku gehiago utziz.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *