Imanol Lizarralde
Ohiko komeria izaten da egunkarietan irakurtzea MLNVko lider historikoren baten adierazpenak PNV eta EAri kartilla irakurriz, berak abertzale puruaren piurak entseiatzen dituen bitartean. Oraingoan Itziar Aizpuruari tokatu zaio paper xelebre hori betetzea (Ezin dugu iruzurrik onartu, Gara 11.-5, Berria, 13-5, ).
Jakin badakigu MLNVko liderrek dialektika marxista darabiltela adierazpenak egitean. Itziar Aizpuruaren lantxo hau argi horren azpian irakurtzea oso interesgarria gertatzen da. Baieztapen biribil batek irekitzen du bere gogoeta: “Hitzak beren esanahia galtzen joan dira (…) Abertzale hitzak batengan edo bestearengan zein balio desberdina duen jakiteko, ikusi besterik ez dago EAJko buruzagiek hitz egiten dutenean edo Ezker Abertzalekoek hitz egiten dutenean ageri den aldea”. Dialektika marxistari jarraituz, Itziarrek bitan banatzen digu “abertzale” hitzaren esanahia, PNV-EAkoek, batetik, eta MLNVkoek, bestetik, diotenaren arabera.
Eta hauxe ere dio: “Orain (…) mendiko jendearen hitza, abarkak kendu ezindakoen arteko hitza, XIX gizaldiko hitza balitz bezala, baztertu egin nahi dute beren burua modernotzat jo eta naxionalismo baskoa defendatzen dutenek, eroso baino hobeto bizi ahal izateko patria espainiarrean”. Nik ez dut inondik inora ikusten PNV eta EAkoek “abertzale” hitza baztertu nahi dutenik, baina bai, ordea, Itziarrek “naxionalismo” hitza mesprezioz aipatzen duela (eta ETA berak ere, bere burua “nazionalista”tzat sekula jo ez baitu).
Hara hemen beste banaketa. Nola liteke, bada, “nazionalismo” eta “abertzale” hitzen arteko banaketa hori? Banaketa, zatiketa, marxismoaren teknika diskurtsibo-teorikoa da, borroka irabaztearen helburuarekin egina. PNVkoak eta EAkoak “nazionalistak” dira “nazioa” dutelako helburu eta ideia bakarra (baina, bestalde, partido “burgesak” ala sistema-barrukoak dira, eta, beraz, legearen aldekoak, gauzak legearen bidetik egitearen aldekoak); “abertzale” hitzak, ordea, Itziarrentzat eta MLNVkoentzat nazionalismo modu berri bat adierazten du, “sozialismo” hitzarekin ezkondua dagerrena. ETAk bere Vgarren batzarrean gauzatutako “nazionalismo iraultzailea” (gerora “nazionalismo” hitza, dakusagunez, baztertua izango da) izango da idei honen erroa.
Horrengatik dio Jokin Apalategik ezker erradikaleko teorikoak eta kasik Itziar Aizpuruaren militante garaikideak: “no está de más recordar que el MVLN, es así como se autodenomina el nacionalismo vasco de nuevo cuño, prefiere el término abertzale o abertzalismo en sustitución del término nacionalismo, dado que este último desde finales del siglo XIX llegó a entenderse como doctrina que considera la nación el hecho fundamental y la finalidad suprema”. (Jokin Apalategi: Sociología de una nación en movimiento, San Sebastián, Instituto sobre nacionalismos comparados, 1993, 175 orr.). Beraz, MLNVren helburu nagusia “nazioa” ez bada, sozialismoa izango da. Nahiz eta “nazio” itxuraz mozorrotatako “sozialismoa” izan.
Denok dakigu “abertzale” hitza Sabino Aranak inbentatu zuela eta, beraz, historikoki eta politikoki, Itziar Aizpuruaren adierazpenek (eta MLNVk hitzaz egiten duen apropiazioa) ez dute ez buru ez belarririk; zeintzuk dira gaurregun Sabino Aranaren ondorengoak? Euskal Instituzioak eraiki eta euskal burujabetzaren pausuak ematen ari direnak, JEL lemaren filosofiari jarraituz? Ala gerrilari marxista-leninistak, “abertzaletasuna” klase borrokaren filosofiaren azpian ulertzen dutenak?
Itziar Aizpuruak, noski, erradikal eta moderatuen arteko zatiketaren espejismoa darabil, patata bere lapikora urbildu nahiez. Baina hemen arazoa ez da gradazioarena, zein “abertzale” ala “nazionalista”go izan. Itziar Aizpuruak mamizko banaketa bat adierazi nahi baitu ustez esanahi bereko hitzak desberdinki erabiliaz. Eta dialektikaren ezkutapenaren legeari jarraituz, ez digu behin ere artikuluan “sozialismo” hitzik aipatzen, nahiz eta berak aplikatutako teknika, indar politikoak banatzeko moduan, marxista izan. Ez da engainatzeko modu makala: desberdintasuna aipatzea eta desberdintasunaren benetako arrazoia ezkutatzea.
(Jarraituko du…)