Ion Gaztañaga
Maritxu maitea,
Dirudienez, alderdi popularrean gauzak ez daude oso lasai. Porrotaren ondoren, eta bere etxera zihoala zirudienean, galiziarrak indarra hartu eta orain dela lau urte egin beharreko garbiketa hasi omen du. “Orain nire modura eta ez Aznarren modura”, esan omen dio bere buruari.
Badakit, Maritxu, Euskadin alderdi popularrak beti izan dituela bere pertsonaia ezagunak, Mayor Oreja eta Iturgaiz izanik alderdi popularraren farandularen lorpenik handienak. Lehenengoaren matraka eta oztopoak, bai Donostiako alkatetza eta Jaurlaritzara bidean eta bigarrenaren diskurtsu fresko eta disdiratsua, parlamentuko botoiak sakatzeko abilezia paregabearekin konbinatuta.
Baina maitea, jakin ezazu zu ere farandula horren erakusle nagusienetako bat zarela. Batzuetan, jeniotxo txar erakargarri horrekin eta Mayor Orejaren diskurtsu hunkigarri hori behin eta berriro errepikatuz. Nonbait, sekulako hasarrea hartu omen duzu alderdi popularraren txosten politikoa idaztean. Eta honen inguruan PPko belatzak hasi dira beren alderdikideei ere sendagai garratza ematen. Regina Otaolaren hitzetan: “PPk ez du askatasunaren defentsaren aldeko apustua egiten”. Baina hori ez al zen EAJ eta EAren akats historikoa?
Ikusi denez, Rajoyren mugimenduek PPko sektore puruenak asaldatu ditu eta seguruenik Aznarren itzalpean, Rajoy alderdiaren burutik kendu nahi dute nola edo hala. Aceves, Zaplana eta beste hainbat erditik kentzeak eraginik izango ez zuela pentsatzen al zuen ba galiziar horrek?
Maritxu, eskerrak hor ditugun El Mundo, La Razon eta ABC medio lagunak Rajoyri merezitako egurra emateko. Botellak (sagar eta udareetan adituak) ere Aznarren iritzia transmititu digu, gerlariak akuilatu eta guduaren hasiera markatzeko. Zirko erromatarrean bezala, bata besteari joka, alderdi abertzaleetan bezala, odolhuste prozesuan.
Maritxu gaixoa. Nora zoaz orain? Aznar eta zure maisu Mayor Orejaren gonazpira? Biguntzat jotzen duzun ponentzia berri honetan “Terrorismoaren aurkako borrokan EAJk duen jokaera oztopotzailea da beti. Ezin dugu esan EAJ ETAren terrorismoaren aldekoa denik, baina hura garaitzeko laguntzen ez duela argi esan dezakegu” esaldiak ez al dira nahiko?
Utzidazu pentsatzen… Zer moduz “EAJ ETAren fronte konfesionala da”? “EAJ ETAren alderdi-tranpa da” (Mayorren estilo elegantea)? Edo “EAJ eta terrorismo islamistaren loturak argi gelditu ziren furgoneta horretan aurkitu ziren Fournier mus jokurako kartetan” (Acevesen estilo dotorean)? Agian oraindik badago aukera hauek txostenean sartu eta zu bezalako pertsona aparta berreskuratzeko.
Aitortzen dizut, ene Maritxu, ez zaidala oso eder eta galant iruditu Rajoy gaixoari eman diozun ezezko borobil hori, bibotedun Bartolorekin iturrira joateko. Badakit han ardotxo txuria dagoela, batez ere Europako iturrian zure lagun Jaime eta Carlosekin. Hara joan nahi al duzu nahi duzun guztia edateko? Edo agian Bartoloren lagunek Rajoy iturrira eramango dute eta han ito Espainiaren onerako?
Ai, Maritxu, Maritxu, egon lasai, bota tragoxka bat eztarria leuntzeko eta kantatu nirekin batera: “nire aurrez ez jarri serio, dizudalako zenbait amodio. Gozozkoa egiten baduzu bihotza atseginez betetzen didazu…”