Imanol Lizarralde
A ze hotsak eta karraskak sorrarazi zituen Herri Batasunaren sorrerak aspaldiko garai haietan. Ezker erradikala egun baino zabalagoa zen eta bere eragina askosaz nabarmenagoa gure herriarengan, PNV eta PSOEren botoemaileen beraien artean ere. Orduan oraindik ezker erradikalak gure herriarekin halako batasun sentimentala gordetzen zuen. Eta Herri Batasuna sentimentu horren gauzapena gertatu zen askorentzat.
Orain, noski, apenas inor konturatzen da sentimentu horietaz. Politika epikatik eguneroko prosara irauli da. Eta Herri Batasunak ezker erradikaleko zuzendariek pasa-arazi dizkioten itxuraldaketa ugariak direla medio ez du garai heroiko horien karismarik apenas gordetzen. Euskal Herritarrok, Batasuna, ANV… izendapen desberdin hauek kamusketa joari baten adierazgarri dira. Baina goazen galdera nagusira: Zer zen Herri Batasuna? Zergatik sortu zituen halako itxaropenak?
Euskal ezker iraultzailearen istorioa gauza konplikatua da eta konplikazio horren barruan koka dezakegu Herri Batasunaren sorrera. Ezker iraultzailearen orduko erakundeak (LAIA, EHAS-HASI, LAB, LAK, ETApm…) KAS koordinadoran bilduta ziren, ETAk V. batzarren adierazitako egitasmoa gauzatzeko asmoz. Hiru erpin berezietako triangelua mamitzea zen helburu; lehenik erakunde armatua (ETA, garai horretan bitan banatua); bigarrenik, alderdi politiko komunista zuzendaria (gerora EIA izango zena, eta gero HASI, eta gero KAS koordinadora osoki); eta azkenik “herrikoi batasuna”, gazteleraz “unidad popular” deritzona.
Zer da “herrikoi batasun” bat? Ba alderdi eta klase sozial anitzez ostatutako kartel elektorala eta ezker nukleoaz kanpoko joera politikoekin joku egiteko eremua. Orduko adierazpen loriotsuetan deitzen zitzaion “euskal herri klaseen arteko batasun historikoa”. Horrek esan nahi zuen iraultza sozialistaren helburura begira (eta kontu izan dezagun Herri Batasuna Gerra Hotza puri purian zegoenean sortu zela), maila sozial desberdinak eta alderdi politiko desberdinak batasun politiko batean mamitu behar zirela. Hau guztia, noski, paradigma jakin batean, ETAk V. batzarrean egindakoan, paradigma marxista-leninista eta prezeskiago maoistan. Maok baitzioen erakunde armatua, alderdi politiko komunista eta herri batasuna zirela iraultza irabazteko hiru arma magikoak.
Hiritar arruntari ez zitzaion hori guztia esplikatu. Eta asko eta askok pentsatu zuten politika egiteko modu freskoagoa eta herrikoiagoa irudikatzen zuela 1979ko Herri Batasunaren hauteskunde kartelak. 1977an porrota jasandako alderdi txikiek, auzo eta herrietan mugitzen ari zen kultur eta sozial arazoetaz kezkaturiko oinarriko jendea, euskal kulturaren militanteak eta abar bildu ziren aukera honen arrimura, askatasun milenioa gertatuko zelakoan.
Ez zen hala izan, oso alderantziz baizik. 1979ko hauteskundeetan emaitza ezinhobeak eduki eta gero, KASek goitik deliberatutako garbiketa gauzatu zen Herri Batasunaren barruan; ESB-ANV alderdien fusioa torpedeatua izan zen infiltratuen mugimenduaren bitartez, AEK eta Euskal Herrian Euskaraz (Txillardegik bere oroipen liburuan izan bezala) “purgatuak” izan ziren… 80garren hamarkadaren erdira HASI bilakatzen da MLNVren “alderdi zuzendaria” (gero KAS koordinadora izango dena) eta aniztasun haizeen itxurapena ezabatzen joango da gero eta gehiago.
Nolabaiteko kapital sinbolikoa mantentzea lortuko du Herri Batasunak 80garrengo hamarkadan, estatuaren errepresioari esker, eta espainiar eta munduko ezkerrak garai horietan izandako itxaropenei esker. Berlingo Harresiaren erorierak garaipenaren zalditik botako ditu komunismoaren aldeko mendebal militanteak, eta Herri Batasuna ez da gutxiago izango. 90. hamarkada eremu desberdinetako krisialdiarekin hasiko da MLNVrentzat; nola lotu iraultzari egoera berri batean? (Ekialdeko herrien laguntza morala eta materialik gabe, “neoliberalismoa”ren garaiotan, estatu espainiarrean “erreforma” erabat mamiturik dagoenean…). Galdera horren erantzuna “sufrimentuaren sozializazioa”ren ideia eta Oldartzen txostenarekin etorriko da.
Gogorkeria zabaldu eta gizarteari adierazi inor ezin daitekeela “gatazkatik” kanpora ibili, hiritargoa inplikatzea gogorkeria berarengatik gertu sentitu-araziz fisikoki eta mezu pertsonalizatuen bidez. Horra ere ditugu objetibo militarren zabaltzea, kale borroka taldeen eraketa sistematikoa… Herri Batasuna izan ohi zen MLNVren aurpegi sinpatikoa. Aurpegi horrek sineskortasun osoa galdu zuen 90ean. Inork ez daki hila dagoenik. Ez, ez dago hila: sortu zela sinistarazi ziguten mago berdinek itxuraldatu dute bere itxura, itxura besterik ez baitzen, zuzendaritza ezkutu eta odoltsu baten txotxongiloa izan zedin.. Eta inork ez du malkorik botatzen espejismo bat gehiago airean desagertu delako.